Partekatu edukia
Ogasuna
Gaia: Queja en relación al destino del porcentaje del IRPF que los contribuyentes señalan a la hora de realizar la declaración
Exp: 08/516/H
Nº: 4
Ogasuna
1. 2008ko urriaren 20an, [...] jaunak kexa bat aurkeztu zuen Nafarroako Pobreziaren kontrako GKE-en Sarea ordezkatuz, zergadunek Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean ?gizarte-intereseko beste xede batzuetarako? hautapena egiten dutenean, diru-zenbateko horri ematen zaion erabilerari buruz.
Kexaren egileak azaltzen zuen 1987tik Estatuko Administrazioko zergadunek pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean aukera dutela zerga horren ehuneko jakin bat Eliza Katolikoaren sostengu ekonomikora nahiz ?gizarte-intereseko beste xede batzuetara? bideratzeko. Nafarroan, halere, zergadunak PFEZaren aitorpeneko dagokion ehunekoa gizarte-intereseko xedeetara bideratzea hautatu nahiz Eliza Katolikoari sostengu ekonomikoa ematea hautatu nahiz biak hautatu, egiaz laukitxoak zuriz uztea bezala da. Interesdunak baieztatzen zuen funts horiek ez direla banatzen premia handiena duten pertsonen kolektiboei zuzendutako programak finantzatzeko, ez eta Eliza Katolikoari sostengua emateko ere: funts horiek guztiak kutxa publikoetara doaz. Kexan gehitzen zuen Estatuaren eta Gotzainen Batzarraren arteko akordioen ondorioz, Eliza Katolikoak ez dituela Nafarroan diru-sarrera gutxiago hartzen, Estatuak bildutako diruaren eta adostutakoaren arteko aldea berdintzen duelako. Halakorik ez da gertatzen, ordea, ?gizarte-intereseko beste xede batzuk? laukitxoaren alde egiten denean.
Halaber, aipatzen zuen Nafarroako GKE-ek ezin dutela parte hartu PFEZaren tributu-asignazioaren kargura Ministerioak ematen dituen dirulaguntzen deialdietan, Nafarroan egoteagatik, Lan eta Gizarte Gaien Ministerioak uste baitu foru erkidegoak behar adina denbora izan duela zergadunek erabakitzen duten tributu-asignazioa erregulatzeko.
2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, idazki bat igorri genuen Ekonomia eta Ogasun Departamentura, kexan planteaturiko gaiari buruz informa zezan.
Aurtengo urtarrilaren 2an, departamentu horren txosten bat sartu zen gure erakundean. Bertan adierazten zuen Espainiako Estatuaren eta Vatikanoaren arteko gai ekonomikoei buruzko 1979ko urtarrilaren 3ko akordioaren bitartez, Eliza Katolikoa finantzatzeko bide gisa ?tributu-asignazioa? izenekoa ezarri zela, eta hura xede hori hautatzen duten zergadunen PFEZren kuota osoaren ehuneko jakin bat izanen zela. Estatuak 1979ko urtarrilaren 3ko akordioaren aplikaziotik urtero eratortzen zen zenbatekoa zehaztu ahal izateko, onetsitako PFEZaren aitorpenaren inprimakietan ?tributu-asignazioa? izeneko aipamena gehitu zuen Nafarroako Ogasunak, zergadunek Eliza Katolikoari finantzazioa emateko borondatea agertu ahal izan zezaten. Baina, nabarmena den bezala, finantzazio hori Estatuari dagokio, ez Foru Komunitateari.
Estatuko Administrazioak asignazioa kalkulatu ahal izateko behar dituen datuak izan ditzan, Foru Komunitateak ziurtagiri bat egiten du, Nafarroan bizitokia dutenen tributu-asignazioaren zenbatekoa zein den adierazteko. Hain zuzen ere, irailaren 25eko 2760/2008 Ministerio Agindua da ziurtagiri hori urtero arautu izan duten ministerio aginduetatik azkena, eta Ekonomia eta Ogasun Ministerioak emana da.
Nafarroan, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legeko 8.2 artikuluan xedatuari eta abenduaren 14ko Tributuei buruzko 113/2000 Foru Lege Orokorreko 4. artikuluari jarraituz, PFEZtik heldu diren baliabideak obligazio publiko guztiak finantzatzeko erabiltzen dira, eta ez diru-bilketaren zati bat; horrenbestez, ez zaio xede zehatz bati edo gehiagori atxikitzen.
Txostenak jarraitzen du esanez gastu zehatz batzuetarako atxikipen hori ez egoteak ez duela esan nahi Foru Komunitateak finantza-baliabiderik erabiltzen ez duenik gizarte-intereseko jardueretarako, eta Nafarroako Gobernuak xede horretara bideratzen dituen zenbatekoak gehitzen ditu. Izan ere, GKE-ek zenbateko horiek eskura ditzakete, funtsean, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak laguntzetarako egiten duen deialdiaren bitartez. Departamentuaren esanetan, Foru Komunitateak gizarte intereseko jarduerak finantzatzeko egiten duen ahaleginak nabarmenki gainditzen du Estatuak PFEZaren asignazioaren diru-bilketaren bitartez jarduera horietarako egiten duena.
Amaitzeko, txostenak dio inolako arau juridikorik ez dagoela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari ezarriko diona PFEZaren diru-bilketaren zati bati erabilera zehatz bat ematea; betebehar hori, kasua bada, Estatuko Administrazioarena izan liteke, ? zeren eta ezin baita ulertu zergatik uzten diren Nafarroako GKEak laguntzetatik kanpo, kexaren idazkian agertzen den bezala, eta ez den gauza bera egiten Eliza Katolikoaren alde egiten den diru-bilketarekin, zeina Estatuak oso-osorik ordaintzen baitu, horretarako Nafarroan bizilekua duten PFEZaren zergadun guztiek emandako datuak".
1. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoaren 45.2 artikuluak ezartzen du ezen "Nafarroak baduela eskumena bere tributu erregimena mantendu, ezarri eta arautzeko, kasuko Hitzarmen Ekonomikoan agintzen dena ezertan galarazi gabe."
Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorreko zioen azalpenean bertan adierazten den bezala, Nafarroako Foru Komunitateak ? tributu desberdinak erregulatzeko botere konkretu batzuk ez ezik, bere tributu erregimena mantendu eta arautzeko eskumena ere badu, eta bai tributuentzako ordenamendu juridiko propioa ere, batasun eta sistema bat izateko moduan, autointegratzeko gaitasuna eta osotasunerako joera duena. Alta, Nafarroako zerga autonomia hori Estatuaren sistemarekin bateratu behar da eta hartarako hain zuzen Hitzarmen Ekonomikoa dago. Hau da, Foru Komunitateko zerga autonomia ez dator hitzarmen Ekonomikotik; bera du erabide.?
Bestalde, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoa onesten duen abenduaren 26ko 28/1990 Legeko 9. artikuluak adierazten du Nafarroako Foru Komunitateari dagokiola Nafarroan ohiko bizilekua duten subjektu pasiboen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga ordainaraztea.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateak araugintza ahalmen osoa dauka Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga arautzeko.
2. Baloratu beharreko kontua da ez Nafarroako Gobernuak gizarte-intereseko jarduerak finantzatzeko erabiltzen dituen kopuruak nahikoa diren ala ez, ez haiek Estatuko kopuruekin alderatzea, ez eta Eliza Katolikoa finantzatzeko tributu-asignazioaren sistema egokia den epaitzea ere. Kontua da erabakitzea ea Nafarroako Gobernuaren jarduna, zergadunek Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean ehuneko jakin bat ?Gizarte-intereseko beste xede batzuetarako? erabil dadin erabakitzen dutenean, zuzena den, zergadunek adierazitakoarekin bat etortzeagatik eta kontsekuentea izateagatik.
3. Izan ere, igorritako txostenean adierazi bezala, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lete Orokorreko 4. artikuluan eta Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legeko 8.2 artikuluan, ezartzen da tributuetatik heldu diren baliabideak Nafarroako Foru Komunitateko gastu orokorretara bideratuko direla, ?salbu eta foru lege batez bestelako atxikipen zehatz bat ezartzen denean?.
Espainiako Estatuaren eta Vatikanoaren arteko gai ekonomikoei buruzko 1979ko urtarrilaren 3ko akordioaren ondorioz, Eliza Katolikoa finantzatzeko bide gisa ?tributu-asignazioa? izenekoa ezarri zen: xede hori hautatzen duten zergadunen PFEZren kuota osoaren ehuneko jakin bat izanen zen. Estatuko Administrazioak asignazioaren kalkulua egiteko datuak izan ditzan, Nafarroako Foru Komunitateak ziurtagiri bat ematen du, Nafarroan bizilekua dutenen asignazioari buruzkoa, Estatuak Eliza Katolikoa finantza dezan.
Horrenbestez, Nafarroako zergadunek adierazten dutenean PFEZaren kuota osoa Eliza Katolikoa finantzatzeko erabil dadila, egiaz xede hori ematen zaio kuotari, betiere Estatuko aurrekontuen bitartez. Ez da berdin gertatzen zergadunek erabakitzen dutenean dirua ?Gizarte-intereseko beste xede batzuetara? bideratzea.
Ekonomia eta Ogasun Departamentuak azaldu du zergadunek adierazitako zenbatekoa erabiltzen ez diren arren, horrek ez duela esan nahi Nafarroako Gobernuak gizarte-intereseko jarduerarik egiten ez duenik. Izan ere, beste bide batzuetatik egiten du hori; esate baterako, Familia, Gazteria Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak urtero egiten duen laguntzen deialdiaren bitartez. Hain zuzen ere, nagusiki GKEak izaten dira laguntza horiek hartzen dituztenak. Gehitzen du PFEZaren azken aitorpeneko datuei jarraituz, zergadunek gizarte-intereseko beste xede batzuetarako adierazitako ehunekoa esleituz gero, amaieran erabiliko litzatekeen diru kopurua askoz txikiagoa izanen litzatekeela benetan erabiltzen dena baino.
4. Erakunde honek ez du inolako zalantzarik Foru Komunitateak gizarte intereseko jarduerak finantzatzeko egiten duen ahalegin handiari buruz. Hala eta guztiz ere, errealitatea da Nafarroako zergadunak, errentaren aitorpena egiterakoan, nahi duen laukitxoa markatzen duela, uste baitu egiaz diru hori horretarako erabiliko dela. Egiaz, ordea, aitorpen horretatik lortzen den dirua Foru Administrazioaren gastu orokorretarako erabiltzen dira. Eta, zehazki, Nafarroako zergadunek ?gizarte-intereseko beste xede batzuk? laukitxoa hautatzetik heldu den diru kopurua xede zehatz horretarako ez erabiltzeaz gainera, Estatuko Administrazioak, Eliza Katolikoarekin jokatzen duenaz bestera, ez ditu finantzatzen Nafarroan egoitza duten gizarte-entitateak laukitxo edo aukera horretatik sortzen den kontusailarekin.
Horrenbestez, esan daiteke alde batetik desadostasun onartezina dagoela herritarrari ematen zaion informazioaren eta geroan Foru Administrazioak egiten duenaren artean. Horri dagokionez, egokia da gogoratzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 3. artikuluaren eta hurrengoen arabera, legezkotasun printzipioa betetzeaz gainera, Administrazioak bere jarduna eta funtzionamendua fede onaren, bidezko konfiantzaren, gardentasunaren eta publizitatearen printzipioen arabera gauzatu behar duela, eta printzipio horiek ez direla errespetatzen aztertu berri ditugun jardueretan.
Eta, bestetik, bazterkeria bat edo egoera okerrago bat sortzen da Nafarroako gizarte-entitateetarako Estatukoekin alderatuz gero, zeren eta ez baitute zuzenean, Foru Administrazioaren bidez nahiz Estatuko Administrazioaren bidez, dirurik lortzen Nafarroako nahiz Estatuko gainerako lurraldeetako zergadunek ?Gizarte intereseko beste xede batzuk? laukitxoa hautatzearen ondorioz.
5. Aurreko guztia dela eta, Nafarroak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga arautzeko ahalmen osoa duenez, erakunde honen iritziz gomendagarria izanen litzateke Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legeko 8. artikuluan jasotako gaikuntzaz baliatuta (foru lege batez atxikipen zehatz ezartzen ez bada, behintzat), behar diren aldaketak egitea ogasunaren arloko legeetan, ahalbidetzeko Nafarroako zergadunak bere aitorpeneko ehuneko 0,7 Eliza Katolikoarentzat edo ?Gizarte-intereseko beste xede batzuetara? bideratu ahal izatea, eta sortzen diren funtsak xede zehatz horietarako erabil daitezela eta Foru Administrazioak gero bana ditzala. Hori guztia, alde batera utzita eta ezertan deuseztatu gabe Foru Komunitateak beste finantza-baliabide batzuk erabil ditzan gizarte-intereseko jardueretarako, oso garrantzitsua da eta goraipatzekoa baita hori, arestian adierazi bezala.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
1. Ulertzea Nafarroan egoitza duten gizarte entitateen halako bazterkeria bat edo tratu okerrago bat dagoela, Estatukoekin alderatuz gero, ?Gizarte-intereseko beste xede batzuetarako? funtsen banaketari dagokionez.
2. Ulertzea, Nafarroako zergadunei dagokienez ez direla errespetatzen ari fede onaren, bidezko konfiantzaren, publizitatearen eta gardentasunaren printzipioak, hain zuzen ere Foru Komunitateko Administrazioak haiekiko harremanetan bete behar dituena.
3. Nafarroako Gobernuari iradokitzea Nafarroako Parlamentuari proposa diezaiola legean behar den aldaketa egin dezan, zertarako eta Nafarroako zergadunak erabaki ahal izan dezan bere errentaren aitorpeneko ehuneko 0,7a Eliza Katolikoarentzat ala ?Gizarte-intereseko beste xede batzuetarako? izatea, eta horretatik sortzen diren funtsak xede zehatz horietarako erabil daitezela eta Foru Administrazioak gero bana ditzala.
4. Bi hilabeteko epea ematea Ekonomia eta Ogasun Departamentuari iradokizun hori onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dugula kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.
5. Interesdunari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia