Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Ebazpena. Urtarrilaren 13ko 3/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [...] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 urtarrila 13

Gizarte ongizatea

Gaia: Funcionamiento deficiente de los servicios de transporte adaptados para discapacitados

Exp: 08/574/B

: 3

Gizarte ongizatea

AURREKARIAK

1. 2008ko azaroaren 13an, erakunde honetan [...] jaunaren idazki bat sartu zen. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen ezgaituentzat egokitutako garraiobide zerbitzuen funtzionamendu txarrarengatik.

Azaltzen zuen Mendillorriko garraiobide zerbitzuaren erabiltzailea dela, 12, 3T eta 3R autobusetakoa, eta 2005etik arazoak izan dituela autobusetara igotzeko eta haietatik jaisteko, batzuetan arrapalarik ez edukitzeagatik, beste batzuetan matxuratuta dagoelako edo autobusa behar beste inklinatzen ez delako, eta beste batzuetan, autobusak egokituta egoteko ikurrak eraman bai baina benetan egokituta daudelako. Azpimarratzen zuen, halaber, gidariek profesionaltasun eta sentiberatasun oso txikiak erakusten dituztela ezgaituen premiak direla eta. Bukatzeko, Mankomunitateari eskatzen zion garraiobide egokituaren zerbitzua zuzen emateko, eta behar diren prebentzio eta zuzentze kontrolak egiteko eta, beharrezkoa bada, prozedura aldatzeko.

2. Erakunde honek esku hartzeko zituen aukerak zehazteko, hura arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeari jarraituz, Iruñerriko Mankomunitatera jo genuen, planteaturiko gaiari buruzko informazioa jasotzeko. 2008ko abenduaren 29an idazki bat sartu zen erakunde honetan, eta harekin batera ondoko ondorioekin bukatzen duen txosten bat zekarren:

a) Iruñerriko Hiri Garraioko autobus guztiak ez daude egokituta mugikortasuna murriztuta daukaten pertsonak eramateko. Dena den, helburu hori 2006-2009 eperako Iruñerriko Hiri Garraioaren II. Planaren bukaeran lortu nahi da, hain zuzen ere 2010. urtean. Zehazki, 2005ean, autobusen bi heren baizik ez zeuden egokituta eta, aipatutako II. planean aurreikusitako neurri baten ondorioz, 12,3 milioi euro gehi BEZa inbertituta, ehuneko hori pixkanaka hobetzen joan da azken urteetan. Gaur egun, autobus guztien ehuneko 88 daude egokituta. Auziak eragina du, bereziki, errefortzuko autobusetan, eta matxuraren batengatik edo mantentze lanak nahiz ikuskatzeko lanak egiteko zerbitzutik autobusen bat erretiratzen denean jartzen diren ordezko autobusetan.

b) Iruñerriko Mankomunitateak ikuskapenak egiten ditu emakida duen enpresak zerbitzua zuzen ematen duela egiaztatzeko. Aztergai dugun auziari dagokionez, ikuskapen horiek honela egiten dira: aldizkako kontrolak eta ausazko kontrolak autobusen zenbait elementutan, besteak beste arrapaletan, bai eta arrapalen funtzionamenduari buruzko aldizkako eta ausazko ikuskapen berariazkoak ere.

Aurtengo urritik abendura 52 ibilgailuren arrapalak ikuskatu dira, eta atzeman da ikuskatutakoen % 90,38k ongi funtzionatzen zuela.

Bestalde, azken urteetan egindako kontroletan, arazoak atzeman ziren berriki erositako autobus modelo bateko arrapaletan. Horrenbestez, emakida duen enpresarekin akatsak aztertu dira eta arrapalen bat ordeztera ere iritsi da.

c) Enpresa emakida-hartzaileak egiten dituen mantentze prozedurei dagokienez, hilero autobusak ikuskatzen ditu, eta aurreko atalean aipatu dugun akatsa atzeman den autobus modeloetako arrapala dela-eta mantentze-lan zehatz bat egiten da.

Bestalde, kontuan izan behar dira elementu horien funtzionamenduan eragiten duten baldintzak. Izan ere, lan egiten duten ingurunea dela-eta sentsibilitate handikoak dira, errepidetik oso hurbil dagoen elementu bat baitira (kolpeek eragin handia dute haietan, errepidean zuloak edo oztopoak baldin badaude ?esate baterako, oinezkoentzako iraganbide goratuak, behar bezala diseinatuta ez daudenak?, bai eta zikinkeriak edo zenbait girotako gehiegizko urak ere). Halaber, egun egokituta dauden autobusen kopuruak ere muga batzuk ezartzen ditu.

Beste ikuspuntu batetik, adierazi beharra dago autobus bat zerbitzuan egoera guztiz egokian hasi baina gorabeheraren bat gertatzen bada, egokitu gabeko beste autobus bat jarri behar izaten dela, zeren eta gaur egun autobus guztiak ez baitaude egokituta, eta horrek erabiltzaile ezgaituetan izanen du eragina, denbora laburrez bada ere, aurrerago egokitutako autobusa jarriko baita berriz ere. Esate baterako, kexan aipatzen diren lineetan (12, 3T eta 3R lineak), autobus batetik bestera 10 minutuko tartea dago lanegunetan. Horrenbestez, emendiozko itxaronaldia txikia gertatuko litzateke.

d) Azkenik, ibilgailu batzuk behar adina ez direla inklinatzen aipatzen da, eta gidariek profesionaltasun eta sentsibilitate txikia dutela. Gogoeta horiek emakida duen enpresari helaraziko zaizkie, eta gogoratuko zaie zerbitzua behar bezala emateko betebeharra duela.

AZTERKETA

1. Ezinduen aukera berdintasunari, diskriminazio ezari eta erabilerraztasun unibertsalari buruzko abenduaren 2ko 51/2003 Legea oinarrizko arau bat da, gaur egun garraio publikoak ezgaituentzat erabilerrazak izateko arauak ematen dituena. 3. artikuluak dio legearen aplikazio esparruak garraioak hartzen dituela, eta 10. artikuluak, berriz, garraioak erabilerrazak izateko eta bazterketarik ez gertatzeko oinarrizko baldintzak ezartzen ditu. Bestalde, azken xedapenetatik zortzigarrenak garraiobideetara iristeko bidea izateko eta erabili ahal izateko erabilerraztasuneko eta ez bazterketarako oinarrizko baldintzak ezartzen ditu. Arau hori azaroaren 23ko 1544/2007 Errege Dekretuak garatu zuen; izan ere, errege dekretu horretan, ezgaituei dagokienez, garraiobideen irisgarritasunean eta erabilpenean erabilerraztasuneko eta ez bazterketarako oinarrizko baldintzak ezartzen ditu. Hartatik, hain zuzen ere, interesatzen zaizkigun arauak transkribatu ditugu hemen:

?6. artikulua. Hiriko eta hiri inguruko garraioa autobusean.

1. Autobusezko hiriko eta hiri inguruko zerbitzuetan dauden geltokiak V. eranskinean ezarritako erabilerraztasuneko oinarrizko baldintzei buruzko xedapenetara egokituko dira bi urteko epea baino lehen, errege dekretu honek indarra hartzen duen unetik kontatzen hasita, geltokia linea batek baino gehiagok erabiltzen badu; eta gehienez ere lau urteko epean gainerako kasuetan.

2. Geltoki berri guztiak erabilerrazak izanen dira, eta V. eranskina beteko dute, errege dekretu honek indarra hartu eta urtebeteko epean.

3. Ukituriko material mugikor berria, I. eta II. klasetakoa, erabilerraza izanen da, eta V. eranskina beteko du, errege dekretu honek indarra hartu eta urtebeteko epean.
(?.)

Bigarren xedapen gehigarria. Bidaiarien garraioan, itsasoko garraioan, trenbide garraioan, trenbide garraio metropolitarrean eta hiriko eta hiri inguruko autobusezko garraioan dagoen material mugikorraren egokitzea.

Zerbitzuan dagoen material mugikorrean, aire bidezkoan izan ezik, errege dekretu honek indarra hartzen duenetik, edo errege dekretuak indarra hartzen duen unetik hamabi hilabete iragan baino lehen erositako material mugikorrean, hasierako kostuaren gehi metatutako amortizazioaren ehuneko 30 baino gehiagoko kostua duten aldaketak egiten badira, behar diren konponketak eginen dira erabilerraztasuneko eta ez bazterketako oinarrizko baldintzak emateko, betiere honako lehentasunei jarraituz:

a) Erabilerraztasuneko bitartekoak jarri gurpil aulkiak erabiltzen dituzten ezgaituentzat; izan ere, arrapalak, jasogailuak edo antzeko mekanismoak ezarriko dira, geltoki komertzialetako edozein andenetatik erabilerrazak izan daitezen.

b) Bidaiarientzako espazioak egokitzea, ezgaituei erabilerraztasuna eta barneko komunikazioa bermatzeko, dagokion eranskinean jasotako preskripzioei jarraituz.
Azken xedapenetan bederatzigarrena. Indar-hartzea. Errege dekretu honek ?Estatuko Aldizkari Ofizialean? argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.
(?)

V. ERANSKINA.

Hiriko eta hiri inguruko garraioaren erabilerraztasuneko oinarrizko baldintzak

2. Material mugikorra

2.1. Hirik autobusak

2.1.1. Aplikazio eremua.

Erabilerraztasuneko oinarrizko baldintza hauek errepidean erabiltzekoak diren ibilgailu guztietan eta hiriko autobus kolektiboetan aplikatuko dira, baldin eta, bederatzi plaza baino gehiago badituzte, gidaria barne.

Ibilgailu horientzat, I. klaseko eta A klaseko hiriko autobusentzat, ezinbestekoa izanen da ekainaren 25ekko 1612/2002 CTE Agindua betetzea; izan ere, haren bidez Europar Batasuneko zuzentarau batzuk aplikatzeko arauei buruzko ekainaren 6ko 2028/1986 Errege Dekretuko I. eta II: eranskinak gaurkotu ziren. Zuzentarau horiek honako ibilgailu moten eta haien osagarri eta piezen homologazioari buruzkoak dira: automobilak, atoiak, erdiatoiak, motozikletak, ziklomotoreak eta nekazaritzarako ibilgailuak.

I. klasea: Bidaiariak zutik ibiltzeko esparruak dituzten ibilgailuak, bidaiariak maiz batetik bestera joateko aukera ematen dutenak. 22 bidaiari baino gehiago.

A klasea: Bidaiariak zutik garraiatzeko diseinaturiko ibilgailua; klase horretako ibilgailuek eserlekuak izaten dituzte eta bidaiariak zutik joateko prestaturik egon beharko dute. 22 bidaiari baino gutxiago.

2.1.2. Zoru beheratua duten hiri autobusak eta I. klasekoak.

Bidaiariak zutik joateko azaleraren % 35, gutxienez (edo aurreko aldea, ibilgailu artikulatuen kasuan, edo beheko pisua, bi pisutako ibilgailuetan) mailarik gabeko azalera laua denean, eta gutxienez ere zerbitzuko ate baterako sarbidea dutenean.

a) Galtzadatik autobuseko zorurako altuera, gutxienez ere zerbitzuko ateetako batetik, ez da 250 milimetro baino altuagoa izanen. Altuera hori inklinazio sistema (Kneeling) aktibaturik dagoenean neurtu ahalko da.

b) Gutxienez ere gurpil aulkian doan bidaiari bat hartzeko eserlekurik gabeko tarte bat egon beharko da; tarte horrek osatzen duen laukizuzenaren alde luzeena ibilgailuaren luzetarako ardatzaren paraleloan egonen da. Tarte horretan ezin izanen da ez mailarik, ez bestelako trabarik egon.

Gurpil aulki bat jartzeko tarteak gutxienez ere honako dimentsioak edukiko ditu:

Luzera: 1.300 milimetro.

Zabalera: 750 milimetro.

c) Gurpil aulkian doan bidaiaria gurpil aulkia atzera begira dagoela jarriko da aipatu tartean.

d) Gurpil aulkian bidaiatzen doan pertsonak bizkarra eta burua kuxinezko bizkar edo manpara batean bermaturik eduki beharko du.

Honako hauek manpararen dimentsioetarako orientabide batzuk dira: gutxieneko altuera 1.300 milimetrokoa izanen da (bizkarra eta burua bermatzeko) eta zabalera 300 milimetrokoa (aulkia atzeko gurpilen artetik hurbildu ahal izateko).

e) Gurpil aulkian bidaiatzen doazen bidaiarientzako gordetako espazioan, ibilgailuaren albo batean barra horizontal bat jarriko da, bidaiariak erraz heldu ahal izateko.

f) Gurpil aulkian doazen bidaiarientzako sarbide-atetik gordetako tartera doan ibilbidea bidaiari horiek ibiltzeko modukoa izanen da. Ibilbide horretan, ezin izanen da ez mailarik, ez bestelako trabarik egon.

g) Gelditzeko eskaria. Ibilgailuaren barreneko aldean, eta gurpil-aulkian doazen bidaiarientzat gordetako tartean, geldialdia eskatzeko sakagailu bat jarriko da, eta haren bidez gidariari adieraziko zaio baldintza horiek dituen bidaiari batek autobusetik atera nahi duela.

Ibilgailuaren kanpoko aldean, gurpil aulkian doazen bidaiarientzako sarbide-ateko eskuinaldean nahiz ezkerraldean, sakagailu bat jarriko da.

Sakagailu horiek erabilerraztasunaren nazioarteko sinboloarekin seinalatuko dira (SIA). Barneko piktograma gordetako tartea seinalatzeko ere erabili ahalko da.

h) Gurpil aulkian doazen bidaiarientzako sarbide atearen zabalera librea gutxienez ere 900 milimetrokoa izanen da. Horretan, erdiko barra bat baldin badago, gutxienez ere bi aldeetako batean 800 milimetroko tarte librea egon beharko da.

i) Ezinbestekoa izanen da ibilgailuari arrapala motorduna edo jasogailua jartzea, bai eta inklinazio sistema bat ere (?Kneeling?), mugigarritasun txikia duten pertsonei sarbidea errazteko.

Arrapalatik ibilgailuaren barreneko alderako bidean ez da pendiz aldaketarik egonen, eta arrapala eta ibilgailuaren zorua bat egiten duten tokian ez da irtengunerik egonen.

Albo baterako inklinazio sisteman, segurtasuneko gailu bat jarriko da, jaisten denean ibilgailuak pertsonaren baten gorputz-atal batean min egitea saihesteko.

j) Barrak eta heldulekuak. Barren eta heldulekuen trama oso bat egonen da, eta ez da egonen inon ere heltzeko zailtasunak dauden tarterik.

Barneko progresioan, barren, heldulekuen eta eusteko eta laguntzeko zutoinen azalera material ez labaingarri batez eginak izanen dira, eta ingurunean kontrastea egiten duen kolore batekoak izanen dira.

Zerbitzuko ateetako bi aldeetan, barrak edo/eta heldulekuak jarriko dira.

k) Gordetako eserlekuak. Gutxienez ere sarbideko atetik hurbil dauden lau eserleku mugigarritasuna murriztua duten pertsonentzat ?gurpil aulkiak erabiltzen ez dituztenak? gordeko dira, eta araututako piktograma batez seinalatuko dira.

Eserleku horiek ezin izanen dira egon autobuseko gurpilen gainean, gehiegizko altuera dela eta.

Hurbileko tokietan heldulekuak jarriko dira, esertzeko/altxatzeko eta eusteko eragiketetan laguntza emateko. Geldialdia eskatzeko sakagailu bat ere edukiko dute.
Sakagailua eskuz erraz iristeko tokian jarriko da.

Beso-euskarria, halakorik badago, erraz kendu ahalko da.

l) Bidaiari guztiek erraz ikusteko moduko tokian jarritako piktograma batez adieraziko da itsuek beren zakurrarekin batera bidaiatu ahalko dutela, eta bestelako ezgaitasuna duten pertsonek beren laguntzako zakurrarekin.

m) Ibilgailuko zorua distirarik egiten ez duen material batez egina izanen da, eta ez da labaingarria izanen, ez lehor dagoenean, ez bustita dagoenean.

Autobusa artikulatua baldin bada, artikulazio-guneko zoruak kontraste handia izanen du, ehunduran eta kolorean, inguruko zoruen aldean.

n) Ezgaitasun sentsoriala duten bidaiarientzako informazioa.

Kanpoko informazioa. Sarrerako zerbitzu-atearen inguruetan entzutezko eta argizko ohartarazle bat egonen da, hura erraz aurkitu ahal izateko.

Entzutezko ohartarazleak, grabatutako ahots batez nahiz bestelako teknikaren batez, autobusaren zenbakia edo/eta linea adieraziko du.

Barneko informazioa. Ikusizko eta entzutezko gailu bat egonen da, eskatutako geldialdiari buruzko eta hurrengo geldialdiaren izenari buruzko informazioa emanen duena.

Ibilgailu gutxi dituzten udalentzat, eta horrenbestez Ustiapena Laguntzeko Sistema (SAE deitutakoa) ez dutenentzat, n) letra gomendagarria da.

o) Kanpoko aldeko egokitzea. Aipaturiko SIA autobuseko aurreko aldeko eskuinaldean jarriko da.

Gurpil aulkiak erabiltzen dituzten pertsonentzako sarbideko gailuak dituen atearen kanpoko eta barneko aldean erabilerraztasunaren aipatu logotipoa jarriko da.

Autobusak, kanpoko aldean, hiru letrero edukiko ditu, eta haietan hura identifikatzen duen zenbakia eta dagokion linea adieraziko da. Bata aurreko aldean egonen da, bestea atzeko aldean eta hirugarrena eskuineko alboan, martxaren norabidearen arabera.

p) Barneko aldean, sarbideko zoruko ertzaren lerroa bere luzera osoan seinalatuko da, 3tik 5 zentimetrora bitarteko zabalera duen zerrenda batekin; zoruaren gainerakoarekin kontraste handia egiten duen kolorea izanen du zerrenda horrek.

q) Barneko aldeko argi-paneletako informazioak karaktere grafikoak edukiko ditu, arauaren araberako tamainarekin.

2.2. Hirien arteko eta hiri inguruko autobusak.

2.2.1. Aplikazio eremua.

Erabilerraztasuneko oinarrizko baldintza hauek errepidean erabiltzeko ibilgailu guztietan eta hirien arteko eta hiri inguruko garraiorako ibilgailuetan aplikatuko dira, baldin eta, bederatzi plaza baino gehiago baditu, gidaria barne.

Ibilgailu horientzat, II klaseko hirien arteko eta hiri inguruko autobusentzat, ezinbestekoa izanen da ekainaren 25ekko 1612/2002 CTE Agindua betetzea; izan ere, haren bidez Europar Batasuneko zuzentarau batzuk aplikatzeko arauei buruzko ekainaren 6ko 2028/1986 Errege Dekretuko I. eta II. eranskinak gaurkotu ziren.

Zuzentarau horiek honako ibilgailu moten eta haien osagarri eta piezen homologazioari buruzkoak dira: automobilak, atoiak, erdiatoiak, motozikletak, ziklomotoreak eta nekazaritzarako ibilgailuak.

II. klasea: Nagusiki eserita doazen bidaiariak garraiatzeko ibilgailuak, bidaiariak zutik garraiatu ahal izateko ere diseinatuta daudenak, baina soilik korridorean nahiz bi eserleku bikoitzerako aurreikusitako tartea gainditzen ez duen gune batean. 22 bidaiari baino gehiago.

2.2.2. Hirien arteko eta hiri inguruko autobusak, zoru beheratua dutenak.

Autobus horien oinarrizko baldintzak zoru beheratuko hiriko autobusetarako ezarritako berak dira; hau da, aurreko 2.1.2.1.a), b), c), d) e), f), g), h), i), j), k), l), m), n), o), p) eta q) idatz-zati eta letretan jasotakoak.

2.2.3. Hirien arteko eta hiri inguruko autobusak, mailekin.

Dena delako arrazoiengatik (ibilbideak nahiz 9 metro baino luzera txikiagoa) zoru beheratukoak ezin izan daitezkeen autobusek, zoru beheratua duten autobusentzat aurretik ezarritako baldintza berak bete beharko dituzte, i) letrakoa izan ezik; izan ere, horrelakoetan, beste neurri bat ezartzen da, autobus horietan arrapala motorduna beharrean, plataforma jasotzailea exijitzen baita.

S) letrako xedapena ere gehitzen da.

Xedapen horiek, mailak dituzten autobusetan desberdinak izanen direnak, honela geratuko dira:

r) Ezinbestekoa izanen da ibilgailuan plataforma jasotzailea jartzea, mugikortasun murriztuko pertsonek erabiltzeko erraza izan dadin.

s) Mailak. Lehenbiziko mailaren altuerak ?estriboa deitzen zaionarenak?, lurretik zerbitzuko ateetako batera neurtuta, ez du gaindituko Europako zuzentarauak ezarritako altuera. Altuera hori maila ezkutagarri batez nahiz beste sistemaren batez lortu ahalko da.

Gainerako mailek ere, kasua bada, altuera murriztua izanen dute.

Lehenengo eta azken mailetako trenka banda fotoluminiszenteen bidez seinalatuko da, haien azalerarekin kontrastea egiten duen kolore batez.

Mailagainak material ez labaingarri batez eginen dira, lehorrean nahiz bustian ez labaintzeko modukoa. Sakonera minimoa izanen dute, arauaren araberakoa, eta ez dira trenkaren gainetik irtenda egonen. Mailagaina bakoitzaren kanpoko ertza banda fotoluminiszenteekin seinalatuko da, azalerarekin kontrastea egiten duen kolore batez eta ehundura desberdin batez.

Errege dekretu hori 2007ko abenduaren 4ko EAOn argitaratu zen. Horrenbestez, V. eranskinean ezarritako guztiek operatibo egon behar dute material mugikor berrirako 2008ko abenduaren 5ean; eta zerbitzuko material mugikorrerako errege dekretuak indarra hartu zuen unean, edo errege dekretuak indarra hartzen duen unetik hamabi hilabete iragan baino lehen erositako material mugikorrean, hasierako kostuaren gehi metatutako amortizazioaren ehuneko 30 baino gehiagoko kostua duten aldaketak egiten badira.

2. Transkribaturiko arauei eta Iruñerriko Mankomunitateak bere txostenean emandako datuei jarraituz, egiaztatu beharra dago entitate hori ahalegin handiak egiten ari dela arauetan ezarritako epeetan lortzeko eskualdeko hiri garraioko autobus guztiak ezgaituek erabili ahal izateko moduan egokitzea.

Hala eta guztiz ere, autobus guztiak egokitzeaz gainera ?helburu gisa Iruñerriko Mankomunitateak jarria du 2010erako hori lortzea?, ezgaituentzako egokitutako garraio-zerbitzua zuzen eta modu jarraituan emateko beste alderdi bat da hura integratzen duten elementu guztiek (alboetako belaunka, sarbideko arrapala eta abar) behar den bezala funtzionatzea. Horri guztiari gehitu behar zaio zerbitzu publikoaren emakida duen enpresa eta, zehazki, gidariak, behar bezala kontzientziatuta egotea mugikortasun murriztua duten pertsonen arazo bereziari buruz. Horri dagokionez, erakunde honen iritziz, gomendagarria da, beharrezkoa bada, prestakuntza programaren bat egitea zerbitzuko profesional guztiek sentsibilitate berezia izan dezaten mugikortasun murriztua izan eta beren joan-etorrietan garraio publikoak gero eta gehiago erabili behar izaten dituzten erabiltzaileak direla eta.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

1. Iruñerriko Mankomunitateak jarraitutako egokitze prozesua, oro har, aplikatzekoak diren arauen araberakoa denez, erakunde honek ez du atzeman kexa aurkeztu duenak hiriko garraio publikoa, mugikortasun murriztuarekin ere, erabiltzeko dauzkan eskubideak zehazki urratu izana.

2. Hala eta guztiz ere, Iruñerriko Mankomunitateari gomendatzen diogu bere ahalmen teknikoek eta aurrekontukoek horretarako bidea ematen duten neurrian, ahaleginak areagotu ditzan ahal den epe laburrenean lor dadin autobus guztiak ezgaituentzat egokituta egotea; instalazioen mantentze teknikoa egokia egin dezan, beti eta modu egokian funtziona dezaten; eta gidariek erabiltzaile ezgaituei ahal den arreta onena ematea susta dezan.

3. Iruñerriko Mankomunitateari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

4. Interesdunari eta Iruñerriko Mankomunitateari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia