Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Ebazpena (Q18/409) Nafarroako Arartekoarena, dagoen eta egon daitekeen eskaera kontuan hartuz, Antsoaingo Udalari iradokitzea aztertzeko zer neurri har daitezkeen herriko familiek, hala nahi izanez gero, 0-3 urteko zikloa euskaraz egin ahal izateko, horrek halako zerbitzu publiko batek duen kostua baino handiagorik eragin gabe.

2018 ekaina 15

Euskara

Gaia: La inexistencia de plazas en euskera en la escuela infantil municipal de Ansoáin- Antsoain.

Euskara

Antsoaingo Alkatea

Alkate jauna:

  1. 2018ko maiatzaren 21ean, instituzio honek idazki bat jaso zuen. […] anderearena, Behatokiaren ordez,bertan Antsoaingo Udalaren haur eskolan euskarazko plazarik eskaintzen ez delako kexa bat planteatzen zuen.

    Idazki hartan, hauxe zioen:

    1. Antsoaingo Udalak ez du euskarazko plazarik eskaintzen haur-eskolan, eta ondorioz, zenbait familiak hizkuntza-modalitate hori duten Iruñeko haur-eskoletan eskatu behar izan dute plaza.
    2. Iruñeko haur-eskoletako kuotak garestitu egingo direla esan zaie: 82 euro egonaldi osokoak eta 63 euro egonaldi erdikoak. Bi tokiko erakundeek ez dute hitzarmenik sinatuta.
    3. Familiak ez daude ados aparteko kostu horrekin; izan ere, bizi diren herrian euskaraz eskolatzeko aukerarik ez delako bermatzen matrikulatu behar dute Iruñean.

      Horregatik guztiagatik, Antsoaingo Udalari eskatzen zioten eskain ditzala euskarazko plazak bere haur-eskolan, edo bestela, bere gain har dezala Iruñeko haur-eskoletako tarifak garestitzeak eragindako kostua.

  2. Ondoren, erakunde honek Antsoaingo Udaletxera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

    Honako hau jartzen du jaso genuen txostenean:

    “Gaur egun, bederatzi hezitzaile ditu udalaren San Cristobal haur-eskolak, zentroko zuzendaria barne. Plantilla organikoan, bederatzi postu horietatik seik nahitaezko hizkuntza-eskakizunak dituzte, baina eskakizun horietako gehienak langileak kontratatu ostean jarri ziren, eta langileak ez ziren elebidunak.

    Langile horietako batzuek kontratu iraunkorrak dituzte; beste batzuk, berriz, denbora askoan daude behin-behinean, eta haien kontratuak ezin dira aldatu dagokion lan eskaintza egin artean.

    Gaur egun, bederatzitik hiru dira zentroan lan egiten duten hezitzaile elebidunak.

    Honela dago egituratuta eskolaren antolaketa: lau talde ditu, ikasleen adinaren arabera banatuta, eta talde bakoitza hezitzaile bikote batekin aritzen da. Lau talde horietatik hiruk hezitzaile elebidunak dituzte.

    Berrikusi dute eskolaren antolaketa. Antolaketa aldatuta ere, gaur egun ez litzateke posible izango euskarazko hezkuntza-lerro bat eskaintzea, gutxiegi direlako langile elebidunak.

    Udalak aztertu zuen zein diren gaur egungo aukerak, eta lanpostuen eskaintza publiko bat egiteko aukeraren mende dago gehienbat etorkizun nahiko hurbil batean euskarazko hezkuntza-lerro bat ere ezarri ahal izateko aukera.

    Udal honen helburuetako bat da euskararen eta haren hiztunen egoera normalizatzea. Helburu horretatik abiatuta, hezkuntza da lehentasuna duen arloetako bat, eta ondorioz, baita haur-hezkuntza ere.

    Udal honen helburuetako bat da eta izan da 0-3 urteko tartean euskarazko hezkuntza-lerro bat eskaini ahal izatea.

    Eskolaren gaur egungo egoerak, zehatzago esanda, langileen egoerak, ezinezko egiten du lerro hori eskaintzea, orain arte azaldutako guztiagatik. Aurrez aipatu bezala, eskaintza hori egin ahal izateko, lanpostuen eskaintza publikoa egin ahal izan beharko da aurrez.

    Alabaina, Udal honek eskola berriz antolatzeari begira jarraitzen du, euskarazko lerroa azkarrago ezartzeko helburuarekin, oso-osorik ez bada ere, gutxienez, pixkanaka ezartzeko.

    Bestalde, bien bitartean eta behin-behineko neurri moduan, udaleko familiek eskatutako kontu bat aztertu eta proposatu zaie udaleko talde politikoei: laguntza bat onartzea euskarazko eskaintza osoa duten haur-eskoletako matrikulazioetarako, euskarazko hezkuntza jasotzeko beste herri batzuetako zentroetara joan behar duten familiei zuzendua. Proposamen horrek ez du behar adina babes jaso.

    Iruñeko hezkuntza-zentroekin hitzarmenak egiteko formula ere aztertzen ari gara, baina hitzarmen-eredua noiz aurkeztuko dioten zain dago gaur egun udal hau, ondoren udaleko zerbitzu teknikoek aztertu, udalbatzako alderdi politikoei proposatu eta onartzea lortzeko.

    Aldi berean, lege- eta ekonomia-baliabideek aukera ematen duten neurrian, Antsoaingo Udalak euskara ikastea babesten du, eta, ahal duen neurrian, erraztasunak ematen ditu udaleko langileek euskara ikasteko, tartean, eskolako hezitzaileek. Baina hori bereziki zaila da azken horien kasuan, ikastaroen eskaintza ez baita erabat egokia eta ez baitago baliabiderik langile horiek ordezkatzeko. Dena den, udal hau lanean ari da eskaintza propio bat egin ahal izateko bere langileei.

    Azkenik, gaur egun eskaintza hori egitea ez dela posible jabetuta ere, adierazten dut udal-gobernuko talde honek ia udalera iritsi zen une beretik buruan izan duela 0-3 urte tarteko eskaintzaren egoera.

    Eta aurretik azaldutako hori guztia jakinarazi diegu gaiari buruzko informazioa eskatu duten familiei, eta gainera, adierazi diegu beren helburua eta egoerarekiko duten egonezina partekatzen ditugun arren, gaur egun euskarazko hezkuntza-lerro bat ez eskaintzearen arrazoia lege aldetik dagoen aukera falta dela. Era berean, Behatokia hizkuntza-eskubideen behatokiari jakinarazi diogu gertatutakoa”.

  3. Agerian geratu den moduan, Antsoaingo familia batzuek eskolatzeko dituzten zailtasunen ondorioz aurkeztu da kexa, beren seme-alabak erabat euskarazkoa den ereduan matrikulatu nahi baitituzte haur-hezkuntzako lehen zikloan.

    Kexa egin duen emakumeak azaltzen duenez, Antsoainen ez dago haurrak hizkuntza-eredu horretan matrikulatzeko aukerarik; beraz, aukera hori nahi duten familiek Iruñeko haur-eskoletan matrikulatu behar dituzte seme-alabak. Alabaina, ez daudenez han erroldatuta, kuota altuagoa ordaindu behar dute, Antsoaingo eta Iruñeko udalen artean ez baitago familiei gainkostu hori saihesteko jatorriko udalak helmugako udalari matrikularen kostuan dagoen diferentzia ordainduko diola esaten duen hitzarmenik.

    Antsoaingo Udalak, berriz, herriko haur-eskolan euskarazko hizkuntza-eredua jartzeko borondatea duela dio bere txostenean, nahiz eta eredu hori epe motzean ezartzeko dauden zailtasunak aipatzen dituen. Era berean, Antsoaingo Udalak jakinarazi du Iruñeko Udalarekin egin beharreko hitzarmenaren formula aztertzen ari direla, eta, une hauetan, sinatu beharreko hitzarmen-eredu hori noiz aurkeztuko dioten zain dagoela, onartu ahal izateko.

  4. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak, 1.2 artikuluan, funtsezko helburu hauek ezartzen ditu: euskararen berreskurapena eta garapena babestea Nafarroan, euskararen erabilera sustatzeko neurriak adieraziz,eta, zehatzago esanda, kasu honi dagokionez, euskararen erabilera eta irakaskuntza bermatzea, borondatezkotasun-, mailakatze- eta errespetu-irizpideei jarraiki, Nafarroako errealitate soziolinguistikoaren arabera(1.2 artikulua).

    Gainera, Foru Lege horrek euskara Nafarroako berezko hizkuntzatzat hartzen du, eta, horren ondorioz, herritar guztiek dute eskubideahizkuntza hori jakiteko, ikasteko eta erabiltzeko (2.1 artikulua).
    Horrez gain, botere publikoei beharrezko neurriak hartzeko betebeharra ezartzen die, hizkuntza dela-eta herritarrak diskriminatu ez daitezen (3.1 artikulua).

    Euskararen irakaskuntzari dagokionez, honako hau aitortzen du 19. artikuluak:herritar guztiek dute irakaskuntza euskaraz izateko eskubidea (...) hezkuntza-maila desberdinetan, ondoko kapituluetan ezarritako eran; horren ondorioz, administrazio publikoek beharrezkoak diren baliabide pertsonalak, teknikoak eta materialak eman behar dituzte, eskubide hori betetzeko (22. artikulua).

    Zehazki, Nafarroako eremu mistoan, Antsoain dagoen eremuan, Foru Legeak bi aurreikuspen ezartzen ditu administrazio publikoetarako, aplikatu beharrekoak: euskara irakaskuntzan pixkanaka, mailaz maila eta behar adina sartzea, ikastetxeetan euskarazko irakaskuntza duten lerroak sartuz, hala eskatzen dutenetan, eta hezkuntza-maila ez-unibertsitarioetan euskara irakatsiz hala nahi duten ikasleei(25. artikulua).

  5. Erakunde honen iritziz, kexak planteatzen duen egoera zehatzean, aipatu den lege-marko aplikagarria ikusita eta dagoen eta egon daitekeen eskaera kontuan hartuta, egokia da hala nahi duten familiei 0-3 zikloko irakaskuntza euskaraz egiteko aukera eman ahal izateko zer aukera dauden aztertzeko eskatzea Antsoaingo Udalari, mota horretako zerbitzu publiko batek duen kostua baino handiagorik eragin gabe familiei.

    Horrez gain, erakunde honek adierazten du kontu honen azpian dagoen arazoa –euskarazko hizkuntza-eredua ezartzeko zailtasunak udalaren eskola bateko haur-hezkuntzako lehen zikloan, eta ondorioz, seme-alabak eredu horretan matrikulatu nahi dituztenek beste herri batera joan behar izatea eta kuota garestiagoak ordaindu behar izatea herri horretan erroldatuta ez egoteagatik-, administrazioen arteko harremanen esparruan konpontzea komeni dela, hau da, zerbitzu publiko hau finantzatzen duten erakunde publikoen (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta udalak) arteko harremanen bidez, herritarrek, zerbitzuaren erabiltzaile edo balizko erabiltzaile diren heinean, eraginik ez jasateko aukeratutako irakaskuntza-eredurako sarbidean edo haren kostu ekonomikoan.

  6. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

    Dagoen eta egon daitekeen eskaera kontuan hartuz, Antsoaingo Udalari iradokitzea aztertzeko zer neurri har daitezkeen herriko familiek, hala nahi izanez gero, 0-3 urteko zikloa euskaraz egin ahal izateko, horrek halako zerbitzu publiko batek duen kostua baino handiagorik eragin gabe.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Antsoaingo Udalak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2017. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia