Partekatu edukia
Euskara
Gaia: La falta de personal con conocimiento de euskera en la planta de pediatría del Complejo Hospitalario de Navarra.
Euskara
Consejero de Salud
Kontseilari jauna:
2018ko maiatzaren 15ean, instituzio honek idazki bat jaso zuen. […] anderearena, bertan Nafarroako Ospitaleko haurren solairuan euskarazko atentziorik eman ez zelako kexa bat planteatzen zuen.
Idazki hartan, hauxe zioen:
Adingabe elebakar asko dago Nafarroan, eta, hortaz, ospitale publiko bateko haur-eremuan lan egiteko oinarrizko tresna da euskaraz jakitea.
Beraz, Osasun Departamentuak Nafarroako ospitale publikoetan euskaraz dakiten langileak izateko eskatzen zuen, batez ere, gaixoak adingabeak direnean.
Ondoren, erakunde honek Osasun Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
Jaso genuen txostenak honela dio:
“Nafarroako administrazio publikoetan, haren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuaren arabera, ele biko lanpostuak zehaztuko dira, zein departamenturi atxikita dauden, hark egindako proposamenaren bidez eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren aldez aurreko aldeko txostenarekin, plantilla organikoa aldatzeko behar den foru dekretuan sar daitezen
.
Departamentu honek gai horiek aztertuko ditu eta herritarrek eta erakundeek horiei buruz dituzten iradokizunak entzungo ditu, kolokan dauden interes guztiak balioetsiz, baina plaza baten ezaugarriak aldatzeko jarraitu beharreko bidea araudi honetan deskribatutakoa izango da”.
Lehen aipatu bezala, Nafarroako Ospitale Gunea Iruñean dago, eta ospitale horretako pediatria-eremuan euskaraz zekien langilerik ez zegoelako aurkeztu da kexua.
Kexua jarri duen pertsonak azaldu du bere sei urteko semea ospitaleratua egon zen bitartean ezin izan zuela euskaraz harremanetan jarri artatu zuten langileekin, nahiz eta semeak hizkuntza horretan soilik hitz egin.
Osasun Departamentuak, bere aldetik, aldez aurretik transkribatutako txostena igorri du.
Nafarroako Foru Komunitatearen administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen II. tituluak herritarrek administrazioarekiko harremanetan dituzten eskubideak biltzen ditu, eta erantzun egokia hartzeko eskubidea arautzean, haren 6.2 artikuluak honako hau dio: Era berean, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarekiko harremanetan herritar guztiek gaztelania edo euskara erabiltzeko eskubidea dute, euskararen erabilera arautzen duen Nafarroako foru legerian ezarritakoari jarraikiz
.
Honako hauek dira euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak, bere 1. artikuluan, funtsezkotzat
jotzen dituen helburuak, eta, hortaz, Nafarroako botere eta administrazio publiko guztiek bermatu beharrekoak:a) Herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea eta hori betetzeko tresnak zehaztea; eta b) Euskararen berreskurapena eta garapena zaintzea Nafarroan, euskararen erabilera sustatzeko neurriak adieraziz.
Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 17. artikuluak aitortzen du eremu mistoan, hain zuzen ere, Nafarroako Ospitale Gunea kokatuta dagoen eremuan, herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dutela Nafarroako administrazio publikoekin harremanetan jartzeko.Hori horrela, eremu mistoan kokatutako administrazio publikoen zerbitzura lan egiten duten langileei euskaraz zuzentzeko legezko eskubidea dute herritar guztiek.
Nafarroako Ospitale Gunearen kasuan, gainera, Nafarroako biztanle guzti-guztiak artatzen dituen Nafarroako Foru Komunitateko administazioaren zerbitzu bat izanik, administrazioaren zerbitzu zentral bat dela jo behar da [Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuaren 2 b) artikulua].
Aipatutako Foru Dekretu horretako 3. artikuluko bigarren atalak ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren zerbitzu zentralen funtsezko helburu bat dela euskararen erabilera ahalbidetzea herritarrei zerbitzua emateko
.
Funtsezko helburu hori betetzeko, azaroaren 15eko 03/2017 Foru Dekretuaren 20. artikuluaren hirugarren atalak honela dio: Ahozko arretari dagokionez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzu zentralek neurriak bultzatuko dituzte herritarrek euskarazko arreta izan dezaten.Bestelako neurrien artean daude informazioguneak sortzea eta euskaraz dakiten langileekin ele biko zirkuituak sortzea
.
Foru Komunitateko Administrazioak, bere burua antolatzeko duen ahalaz baliatuz, ahalmen handia du herritarrek zerbitzu zentralekin dituzten ahozko harremanetan euskara erabiltzeko duten eskubidea bete dadin zer baliabide osagarri ezarri eta nola ezarri erabakitzeko orduan.Baliabide materialen eta giza baliabideen zuzkidura erabakitzeko eskumena administrazioak du, baina, edozein kasutan, administrazioak beharrezkoak eta egokiak diren baliabideak aukeratu behar ditu herritarrek, euskara erabili nahi badute, eskubide hori gauzatu ahal izan dezatela bermatzeko.
Kasu honetan, kexua aurkeztu duen pertsonak eta haren seme adingabeak euskaraz hitz egin nahi izan zuten Nafarroako Ospitale Guneko pediatria-eremuko langileekin, baina ezin izan zuten hizkuntza horretan komunikatu.Hori horrela, beharrezko legezko betebeharren oroigarria baino ezin du egin erakunde honek.
Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:
Osasun Departamentuari oroitarazten diot herritarrei euskaraz arreta emateko neurriak bultzatzeko legezko betebeharra duela, Nafarroako Ospitale Gunearekin harremanetan jartzeko herritarrek euskara erabiltzeko duten eskubidea gauzatu ahal izan dadin, kontuan hartuta eremu mistoan kokatua dagoen Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren zerbitzu zentral bat dela.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Osasun Departamentuak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.
Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2017. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.
Adeitasunez, zure erantzunaren zain,
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia