Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Ebazpena (Q17/606), Nafarroako Arartekoarena, Baztango Udalari iradokitzen diona baloratu dezala ea ez ote den komeni herriko haur-eskolako gehieneko unitate-kopuru baimendua handitu dezaten eskatzea, gaur egungo plaza-eskaintza handitzeko.

2017 urria 05

Hezkuntza eta Irakaskuntza

Gaia: Falta de adjudicación de plaza en Escuela Infantil de Elizondo.

Hezkuntza

Baztango alkatea

Alkate jaun hori:

  1. 2017ko irailaren 5ean, erakunde honi idazki bat helarazi zion […] andreak, zeinean Baztango Udalaren kontrako kexa aurkezten baitzuen, alabari Elizondoko haur-hezkuntzako udal-eskolan plaza eman ez ziotelako.

    Idazki hartan, hauxe zioen:

    1. Elizondon bizi da, eta haur-eskola bakarra dago han: haur-hezkuntzako udal-eskola. Bai interesdunak eta bai haren ezkontideak lan egiten dute, eta seniderik ez dute Nafarroako Foru Komunitatean. Horregatik, haur-eskolaren zerbitzua erabat ezinbestekoa du familiak.
    2. Alaba zaharrenak badu plaza, 2-3 urteko gelan. Alaba gazteena, aldiz, itxarote-zerrendan geratu da, 0-1 urteko gelarako.

      Horregatik guztiagatik, eta udalerrian beste haur-eskolarik ez dagoela kontuan hartuta, eskatzen zuen Baztango Udalak har ditzala neurriak, hala nola langile gehiago hartzea, alaba gazteenak ere plaza izan dezan bermatzeko.

  2. Kexa jaso ondoren, erakunde honek Baztango Udalera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

    Jaso genuen txostenak honela dio:

    “Txosten hau […] andreak aurkeztutako kexa argitzeko helarazten dizuegu. Arartekoaren Q17/606 espedientean jasota dago kexa.

    Baztango Udal Haur Eskola zer araudi-esparrutan dagoen kokatzeko asmoz, jakin ezazue 2009ko apirilaren 6ko Alkatearen Ebazpen bidez lankidetza-hitzarmen bat sinatu zutela Hezkuntza Sailak eta Baztango Udalak, Baztango Udal Haur Eskola ikastetxea sortzeko (dokumentazioaren kopia ere helarazten dizuegu: 1. ERANSKINA).

    Hitzarmen horretan ezarrita dago unitate baimenduen gehieneko kopurua: 6 unitate, gure kasuan.

    Unitate bakoitzeko gehieneko haur-kopurua 28/2007 Foru Dekretuaren 3. ataleko 18. artikuluak zehazten du: 3 ikasgelek (2 unitate ditu bakoitzak) haur bakoitzeko 1.75 metroko proportzioa errespetatu behar dute, dekretu horren 16.a artikuluan agindutakoaren arabera.

    Baztango Haur Eskolaren titulartasuna Udalak du, baina Hezkuntza Sailarekin finantziaziorako hitzarmen bat egiten du urtero, eta tarifen erregimenean eta haurren onarpenean aplikatu beharreko araudia betetzera behartzen du horrek. (2016-2017 ikasturteko hitzarmena ere helarazten dizuegu, adibide modura, ikasturte honetakoa oraindik sinatu gabe baitago: 2. ERANSKINA).

    Urtero, Nafarroako Gobernuak haur-eskoletan haurrak onartzeko prozedura arautzen du.

    2017-2018 ikasturtean bi gai horietan bete beharreko araudia urtarrilaren 30eko 6/2017 Ebazpenean dago jasota; Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, ebazpen horren bidez 2017-2018 ikasturtean haurrak onartzeko prozedura arautu zen, funts publikoak jasotzen dituzten Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan. (Ebazpen horren kopia ere helarazten dizuegu: 3. ERANSKINA).

    Esan beharra dago ikasturte honetarako matrikula-epea joan den ekainaren 2an amaitu zela, eta 6/2017 Ebazpenaren 4.5.7 puntuan jasota dagoela matrikula-epea amaituta ohiko epetik kanpo eskaera berriak onartzeko prozedura.

    Arartekoak Udal honi egin dion informazio-eskaeran ageri denez, […] andreak aurkeztu du kexa; eta Udaleko idazkaritzan ditugun datuen arabera, […] andrearen alaba zaharrena Baztango Haur Eskolan matrikulatuta dago 2017-2018 ikasturtean.

    Bestalde, Udalerri honetako biztanleen erroldan ageri diren datuen arabera, interesdunak bere kexan aipatzen duen alaba 2017ko abuztuaren 11n jaio zen.

    Kontuan hartuta urtarrilaren 30eko 6/2017 Ebazpenak 4.5.7 puntuan haurrak onartzeari dagokionez agintzen duena, interesdunaren alaba gazteena kasu horretan legoke eta, beraz, ezin izango du onartua izateko eskaerarik aurkeztu 16 aste beteak izan arte: 2017ko abenduaren 1a baino lehen, hain zuzen.

    Galdetu dio Udalak haur-hezkuntzako ikastetxearen zuzendaritzari, eta idazkaritza honetan ditugun datuen arabera, […] andreak ez du alaba gazteena onartua izateko eskaerarik inoiz egin, eta beraz, haur-eskolan ez zaio alaba horri plazarik inoiz ukatu.

    Jakinarazi nahi dizuegu, halaber, 2017-2018 ikasturtean haur-eskolako plaza guztiak ohiko matrikula-epean bete direla eta plaza-kopurua handitzeko aukerarik ez dagoela, baimenduak ditugun 6 unitateak beteak ditugulako.

    Orain bertan badira zenbait familia itxarote-zerrendan, plazaren bat hutsik geratuko balitz, haiek betetzeko zain, nahiz eta haur-eskolan onartuak izateko eskaera horretarako baldintzak betez egin zuten (haurrak 16 asteak beteak izatea).

    Jakinarazten dizuegu, beraz, […] andreak, azaldu berri ditugun arrazoi guztiengatik eta nahitaez bete behar dugun araudiak hala agintzen duelako, aurtengo abenduaren 1etik aurrera aurkeztu ahal izango duela alaba eskolan onartua izateko eskaera, eta lehen aipatutako araudiak ezartzen duen protokoloari jarraituko zaiola”.

  3. Azaldu dugun bezala, interesdunaren bigarren alaba Baztango Udalaren haur-eskolan matrikulatzearekin du zerikusia kexak.

    Interesdunak dioenez, alaba zaharrena ikastetxe horretan matrikulatuta dago, 2-3 urteko gelan. Bigarren alaba matrikulatzeko aukeraz galdezka joan zenean, ordea, plazarik ez dagoela esan zioten. Interesdunak dio ezkontideak eta biek lan egiten dutela eta Nafarroako Foru Komunitatean seniderik ez dutela, eta, horrenbestez, haur-eskolaren zerbitzua behar-beharrezkoa dutela.

    Baztango Udalak, berriz, txostenean dio interesdunaren alaba ezin matrikulatu daitekeela 2017ko abenduaren 1a baino lehen, 2017ko abuztuaren 11n jaio zelako eta, kasu honetan aplikatu beharreko araudiak agintzen duenez, 16 aste beteak ez dituen haurrik ezin matrikula daitekeelako. Udalak dio, gainera, beste familia batzuek ere eskatu dutela semea edo alaba matrikulatzea ohiko matrikulazio-epetik kanpo, eta plazak hutsik geratu ahala hartuko direla kontuan eskaera horiek. Azkenik, Baztango Udalak dio ezin handitu dezakeela haur-eskolan gaur egun dauden plazen kopurua, gehieneko unitate-kopurua baimentzea Hezkuntza Sailari dagokiolako.

  4. Nafarroako haur-eskolen kudeaketan administrazio bakoitzak zer eskumen dituen gorabehera (zein dagozkion toki-administrazioari eta zein Foru Komunitateari), kexa honek arazo bat uzten du agerian: Baztango haur-eskolan plaza gutxiegi daudela. Baztango Udalak berak plaza nahikorik ez izate hori onartzen du, txostenean adierazi baitu beste familia batzuek ere aurkeztu dutela haur-eskolan onartuak izateko eskaera, ohiko matrikulazio-epetik kanpo, eta itxarote-zerrendan daudela, plaza baimendu guztiak beteta daudelako.

    Gainera, kexa aurkeztu duenari dagokionez, interesdunak dio alaba zaharrena Baztango haur-eskolan matrikulatuta dagoela eta bigarren alaba onartua izatea behar-beharrezkoa dutela, ezkontideak eta biek lan egiten dutelako eta Nafarroan seniderik ez dutelako. Egoera hori ez da batere ongi uztartzen gurasoek bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egiteko duten eskubidearekin, ezta hezkuntzaren ikuspegitik onena litzatekeen helburuarekin ere: anai-arrebak ikastetxe berean ibiltzea.

  5. 4/2000 Foru Legeak (uztailaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoa) erakunde honi eskumena ematen dio bai zerbitzu publikoen funtzionamenduari buruzko iradokizunak egiteko eta bai partikularren interes bidezkoak eta Administrazio Publikoen jarduna uztartuko dituzten irtenbideak proposatzeko, bitartekotza egiteko ahaleginean, erakunde honi datxekion eginkizun publikoa betez.

    Horregatik guztiagatik, itxura denez Baztango haur-eskolan nahikoa plaza ez dagoela ikusita, erakunde honek Baztango Udalari iradokitzen dio baloratu dezala ea ez ote den komeni herriko haur-eskolako gehieneko unitate-kopuru baimendua handitu dezaten eskatzea, gaur egungo plaza-eskaintza handitzeko.

  6. Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak aitortzen dizkion eskumenekin bat etorriz, Nafarroako Arartekoak beharrezkotzat jo du:

    Baztango Udalari iradokitzea baloratu dezala ea ez ote den komeni herriko haur-eskolako gehieneko unitate-kopuru baimendua handitu dezaten eskatzea, gaur egungo plaza-eskaintza handitzeko.

Kontuan hartuz 4/2000 Foru Legea, uztailaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoa, eta Lege horren 34.2 artikuluarekin bat etorriz, bidezkoa da Baztango Udalak jakinaraztea, aginduzkoa denez, gehienez ere bi hilabeteko epean, erabaki hau onartu duen eta, hala bada, erabakia betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, ukitutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2017. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Zure erantzunaren zain, adeitasunez,

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia