Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Ebazpena (Q17/596), Nafarroako Arartekoarena, Esteribarko Udalari gomendatzen diona formaliza dezala lehenbailehen interesdunaren amarekin izenpetutako transakzio-hitzarmenak oinarri zituen lursailei buruzko oinarrizko datuak aldatzeko proposamena, hitzarmen horren ondorioz gertatutako aldaketek katastroan ondorioa izan dezaten.

2017 iraila 29

Administrazio publikoen ondasunak

Gaia: Falta de acceso a documentación sobre delimitación de terrenos.

Gardentasuna

Esteribarko alkatea

Alkate jaun hori:

  1. 2017ko abuztuaren 30ean, erakunde honi idazki bat helarazi zion […] jaunak, zeinean Esteribarko Udalaren kontrako kexa aurkezten baitzuen, bere jabetzakoak diren lursail batzuen mugaketari buruzko dokumentazioa eskatu arren lortu ez duelako.

    Idazki hartan, hauxe zioen:

    1. 2014ko urriaren 4an, Esteribarko Udalak eta interesdunaren amak transakzio-hitzarmen bat sinatu zuten, zeinean lursail batzuen mugaketa berria ezartzen baitzen, Zuriainen egindako mugaketa baten ondorioz. Gaur egun, lursail horiek interesdunaren izenean daude.
    2. Behin baino gehiagotan joan da Esteribarko Udalera lursail horien mugaketa berria erregistratzeko behar dituen dokumentuen eske. Hiru urtean behin baino gehiagotan eskatuagatik, ordea, toki-erakundeak ez dio dokumentazioa eman, ez eta hura lortzeko zer izapide egin behar dituen jakinarazi ere.

      Horregatik, eskatzen zuen Esteribarko Udalak eman diezaiola dokumentazio hori, bestela lursailak erregistratzeko izapideak egin ezin dituelako.

  2. Kexa jaso ondoren, erakunde honek Esteribarko Udalera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

    Jaso genuen txostenak honela dio:

    “Arartekoak bidalitako idazkian b) puntuan dio: ‘Behin baino gehiagotan joan da Esteribarko Udalera lursail horien mugaketa berria erregistratzeko behar dituen dokumentuen eske. Hiru urtean behin baino gehiagotan eskatuagatik, ordea, toki-erakundeak ez dio dokumentazioa eman, ez eta hura lortzeko zer izapide egin behar dituen jakinarazi ere’.

    Udal honetako sarrera-erregistroan ez da ageri Zuriainen egindako mugaketa administratiboarekin zerikusia duen dokumentazio-eskaerarik. Gai horrekin zerikusia duen eskaera bakarra, eta EZ DA UDALAK DOKUMENTAZIOA EMATEKO ESKAERA BAT, […] jaunak e-mail bidez 2017ko urtarrilaren 26an egin zuena da (262. sarrera-zenbakia duena), soberako lursailaren transmisioa formalizatzeko eskaera, zehazki, eta han, hain zuzen, orain Arartekoaren bidez eskatzen digun dokumentazioa erantsi zuen. Eskaera haren kopia ere bidaltzen dizuegu (1. orrialdetik 38.era bitartekoak, biak barne)”.

  3. Azaldu dugun bezala, Esteribarko Udalaren pasibotasunagatik aurkeztu zuen kexa interesdunak, Udalak ez omen duelako behar besteko prestasunik agertu interesdunak bere jabetzako lursail batzuen mugaketa berria behar bezala erregistratu ahal izan dezan (2014ko urriaren 4an Udalarekin sinatutako hitzarmen baten ostean egin zen mugaketa administratiboaren ondoriozkoa da mugaketa berria).

    Interesdunaren esanetan, Udalak eskatu behar du udal-katastroa eguneratu dadin, lursailen mugaketa berria erregistroan erregularizatu ahal izateko.

    Esteribarko Udalak, berriz, lehen aipatutako txostena bidali zion erakunde honi.

  4. 12/2006 Foru Legeak, azaroaren 21ekoak, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta katastroei buruzkoak, 9.2 artikuluan honela dio: Katastroen kontserbazio lana udalei dagokie.

    Bestalde, Lege horrek, 19. artikuluan, udalek katastroen kontserbazio-lana egiteko duten betebeharra dela eta, hauxe dio:

    1. “Udalei dagokie, Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren eta katastroen kontserbazio lanari lotuta, titulu honetako IV. kapituluan aurreikusitako jarduketak oro har garatzea, eta, berariaz, honako hauek:
      1. Ondasun higiezinen gainean interesdunek aitortutako aldaketak jasotzea eta horien zehaztasuna egiaztatzea.
      2. Subjektu behartuek aitortu ez dituzten edo hein batean aitortu dituzten egitateak, egintzak edo negozioak badiren egiaztatu eta kreditatzea.
      3. Oinarrizko datuak aldatzeko proposamenak Nafarroako Zerga Ogasunak ezarritako agiri normalizatuetan formalizatzea eta Lurralde Aberastasunaren Erregistrora igortzea.
      4. Ordenamendu juridikoak Lurralde Aberastasunaren Erregistroa kontserbatzeko esleitutako gainerako jarduketak egitea”.

        Agindu horietatik ondorioztatzen denez, udalak katastroak kontserbatzera behartuta daude legez, eta udalei dagokie oinarrizko datuak aldatzeko proposamenak formalizatzea eta horretarako behar den dokumentazioa Lurralde Aberastasunaren Erregistrora igortzea. Kontserbazio-lan horien helburua da katastroan dauden ondasun higiezinei buruzko datuak zaintzea eta etengabe eguneratuta edukitzea.

  5. Kexa honen kasuan, interesdunaren amak 2014ko urriaren 4an transakzio-hitzarmen bat sinatu zuen Esteribarko Udalarekin, eta haren bidez, katastroko oker bat zuzentzea onartu zuten bi aldeek (7. poligonoko 93. lursailaren forma, kokapen eta neurriarekin zuen zerikusia okerrak), eta lursailaren mugak aldatu ondoren, 92 m2-ko lurzati komunal baten mugaketari ekin zitzaion. Hitzarmen horretan, gainera, bi aldeek konpromisoa hartu zuten katastroan egin beharreko aldaketa egiteko, mugaketa administratiboaren prozesua amaitu bezain laster.

    Horregatik, katastroa kontserbatzeko lanen ardura udalei dagokiela kontuan hartuta, eta kontserbazio-lan horien barruan katastroko ondasun higiezinei buruzko datuak mantentzea eta etengabe eguneratuta edukitzea daudenez, erakunde honen ustez egokia da Esteribarko Udalari gomendatzea formaliza dezala interesdunaren amarekin izenpetutako transakzio-hitzarmenak oinarri zituen lursailei buruzko oinarrizko datuak aldatzeko proposamena, hitzarmen horren ondorioz gertatutako aldaketek katastroan ondorioa izan dezaten. Gainera, transakzio-hitzarmena sinatu zenetik ia hiru urte igaro direla kontuan hartuta, erakunde honek Esteribarko Udalari gomendatzen dio egin ditzala beharrezkoak diren jarduketa guztiak ahalik lasterren.

  6. Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak aitortzen dizkion eskumenekin bat etorriz, Nafarroako Arartekoak beharrezkotzat jo du:

    Esteribarko Udalari gomendatzea formaliza dezala lehenbailehen interesdunaren amarekin izenpetutako transakzio-hitzarmenak oinarri zituen lursailei buruzko oinarrizko datuak aldatzeko proposamena, hitzarmen horren ondorioz gertatutako aldaketek katastroan ondorioa izan dezaten.

Kontuan hartuz 4/2000 Foru Legea, uztailaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoa, eta Lege horren 34.2 artikuluarekin bat etorriz, bidezkoa da Esteribarko Udalak jakinaraztea, aginduzkoa denez, gehienez ere bi hilabeteko epean, erabaki hau onartu duen eta, hala bada, erabakia betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, ukitutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2017. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Zure erantzunaren zain, adeitasunez,

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia