Partekatu edukia
Herritarren segurtasuna
Gaia: Falta de control en hogueras de San Juan.
Herritarren segurtasuna
Bakaikuko alkatea
Alkate jaun hori:
2017ko ekainaren 15ean, erakunde honi idazki bat helarazi zion […] andreak, zeinean Bakaikuko Udalaren kontrako kexa aurkezten baitzuen, San Joan suak direla eta.
Idazki hartan, hauxe zioen interesdunak:
Aspalditik, San Joan gauean, su handi bat egiten da bere jabetzakoa den etxebizitza baten aurrean. Gaur egun ez da han bizi.
Etxebizitza San Juan plazan dago, Bakaikun, eta zurezko teilatua du. San Joan gauean oso su handia egiten da, eta arriskua dago txinpartak atera edo sugarrak harrapatuta teilatuak su hartzeko.
Duela zenbait urtetatik egin da horrela, baina ez da herriko tradizio edo ohitura bat San Joan sua plaza horretan egitea, eta ez da, beraz, hala egin dadin justifikatzeko erabil daitekeen arrazoi bat.
Interesdunak gogoan duenez, San Joan suak herriko hainbat lekutan egin izan dira, norberaren etxetik gertu inork ez ditu nahi eta.
Nolako arriskua sortzen den kontuan hartuta, 2011n Nafarroako Larrialdi Agentziarekin harremanetan jarri zen, eta egoeraren berri eman zion. Bestalde, 2011ko ekainaren 9an, idazki bat aurkeztu zuen Bakaikuko Udalean, baina ez zuen erantzunik jaso.
Nafarroako Larrialdi Agentziak Bakaikuko Udalari eskatu zion sua nolabait kontrolatzeko, eta, horren ondorioz, 2011ko urte hartan sua neurrikoa izan zen.
2012an, 2013an eta 2014an ere, San Joan eguna gerturatzen ari zela, berriro ere idazki bat aurkeztu zuen Nafarroako Larrialdi Agentzian, eta Agentziak, atzera ere, antzeko eskaera egin zion Bakaikuko Udalari.
Urte haietan, sua kontrolatu egin zuten, eta interesdunaren jabetzako etxebizitza ez zen arriskuan izan.
2015ean, Bakaikuko Udalak ondo jokatuko zuelako uste osoan, eta aurreko urteetako aurrekariak kontuan hartuta, idazkirik ez zuen aurkeztu Nafarroako Larrialdi Agentzian.
San Joan gaua iritsi zenean, ikusi zuena su handi bat izan zen, etxebizitzatik 10 metrora, gutxi gorabehera (2011 baino lehen egiten zenaren antzekoa).
112 telefono-zenbakira deitu zuen egoeraren berri emateko, baina ez daki polizia bertaratu zen edo ez.
2016an, abokatu-bulego batera jo zuen, aholku eske.
Abokatu-bulegotik idazki bat bidali zioten Bakaikuko Udalari, eta Udalak hauxe erantzun zion, 2016ko ekainaren 20an: (…) une honetan ez dagoenez denbora nahikorik gaur egun San Joan sua egiteko erabiltzen den tokia bezain egokia den beste bat bilatzeko, eta ikusita ez dagoela Bakaikuko hirigunean suak egitea arautzen duen udal-ordenantzarik, Udal honek etorkizunean aintzat hartuko du zure eskakizuna. Bitartean, ordea, aurreratzen dizugu eskuragarri ditugun segurtasun- eta babes-neurri guztiak jarriko ditugula ondasunak zein pertsonak babesteko
.
2017ko ekainaren 9an, 12:00etan, tentsio handiko bilera izan zuen alkatearekin eta Udaleko idazkariarekin. Bilera hartan, adierazi zioten beraiek ez dutela sua pizten eta hitz egingo zutela sua pizten dutenekin; horrez gainera, alkateak esan zion oso oroimen txarra duela eta ez zituela hark aipatutako su handiak gogoratzen. Azkenik, adierazi zioten etxeak berotu bai baina hoztu ere egiten direla eta interesdunari ez ezik beste batzuei ere eragiten diela San Joan gaueko suak.
Interesdunak eskatzen zuen Bakaikuko Udalak benetan kontrolatu dezala San Juan plazan egiten den sua, udalerri horretako bide publikoan egiten diren jardueren erantzule den aldetik.
Eskatzen zuen, halaber, sua bere jabetzatik urrun egin dadila, etxebizitzak zurezko teilatua duenez, su hartzeko arriskua egiazkoa delako.
Kexa jaso ondoren, erakunde honek Bakaikuko Udalera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
2017ko uztailaren 20an jaso zuen Udalaren txostena erakunde honek, eta interesdunari helarazi zion. Txostenak honela dio, amaieran: Udalak berriro berresten du eskura dituen segurtasun-neurri eta baliabide guztiak jartzen jarraituko duela gure herrian jai horietan ondasunak eta pertsonak babesteko; tartean, etxebizitzetarako distantzia, beti izan baita 10 metrokoa baino handiagoa.
Azaldu dugun bezala, San Joan sua azken urteotan interesdunaren jabetzakoa den etxebizitza batetik gertu egiten delako (hamar bat metrora, dioenez) eta etxeak zurezko teilatua duelako aurkeztu zen kexa.
Etxebizitzak su hartzeko kezka adierazten du interesdunak, su handi samarra eta etxebizitzatik gertu egiten delako, eta Udalaren jokabidearekiko desadostasuna agertzen du, hartzen dituen neurriei gutxiegi irizten dielako.
Bakaikuko Udalak lehen aipatutako txostena eman du, zeinean adierazten baitu hartu duela aintzat eta erantzun diola interesdunari, eta segurtasuna bermatzeko baliabideak jartzen jarraituko duela.
Udalari dagokio herri-jarduera tradizionalak antolatu eta arautzea (kexak aipatzen duena, adibidez), bere lurralde-eremuan.
Erakunde honek ikusi duenez, toki-erakunde batzuek udal-bandoak ateratzen dituzte, toki-araubidearen legediak agintzen duena betez, zeinetan mugatu egin baitute sua non egin daitekeen (adibidez, herri inguruko zelaietan), eraikinetatik eta instalazioetatik gutxieneko zer distantziatara egin daitezkeen eta abar, bateragarri gerta daitezen segurtasuna eta herri-ospakizunak.
Horrelako bandoetan, gainera, oinarrizko betebehar batzuk ere ezartzen zaizkie suetan parte hartzen dutenei (ingurua zaintzea, sua itzalita dagoela ziurtatzea, hondakinak jasotzea…), eta ospakizunarekin lotutako beste alderdi batzuk ere jasotzen dira.
Erakunde honen iritziz, interesdunak kexan azaltzen duen arazoa kontuan hartuta, komeni da, hurrengo urteei begira, Bakaikuko Udalak San Joan suak antolatzeko gutxieneko araudi bat ezartzea (lehen aipatutakoen antzeko bando bat atera dezake, adibidez); eta, zehazki, segurtasuna ahalik gehien bermatzeko asmoz, eta Udalak egoki deritzon beste ezein neurri alde batera utzi gabe, aztertu dezake ea zer aukera dauden San Joan suetarako eremu zehatz bat prestatzeko, etxebizitzetatik nahiz segurtasuna kolokan jar dezakeen bestelako elementu orotatik urrun, edo, bestela, ea zer aukera dauden gutxieneko distantzia bat ezartzeko, segurtasuna bermatzeko nahikoa.
Beraz, horretarako iradokizuna egiten dio.
Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak aitortzen dizkion eskumenekin bat etorriz, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoak beharrezkotzat jo du:
Bakaikuko Udalari iradokitzea datozen urteei begira baloratu dezala San Joan suak antolatzeko gutxieneko araudi bat ezartzea. Zehazki, segurtasuna ahalik gehien bermatzeko asmoz, eta Udalak egoki deritzon beste ezein neurri alde batera utzi gabe, Arartekoak iradoki nahi dio aztertu dezala ea zer aukera dauden San Joan suetarako eremu zehatz bat prestatzeko, etxebizitzetatik nahiz segurtasuna kolokan jar dezakeen bestelako elementu orotatik urrun, edo, bestela, ea zer aukera dauden gutxieneko distantzia bat ezartzeko, segurtasuna bermatzeko nahikoa.
Kontuan hartuz 4/2000 Foru Legea, uztailaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoa, eta Lege horren 34.2 artikuluarekin bat etorriz, bidezkoa da Bakaikuko Udalak jakinaraztea, aginduzkoa denez, gehienez ere bi hilabeteko epean, erabaki hau onartu duen eta, hala bada, erabakia betetzeko zer neurri hartu dituen.
Lege-agindu horretan xedatzen denez, ukitutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2017. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.
Zure erantzunaren zain, adeitasunez,
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia