Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Ebazpena (Q17/13), Nafarroako Arartekoarena, Altsasuko Udalari gomendatzen diona mantendu dezala lankidetzako sistema, eta ikusiko balu lur-jabe gehien-gehienek nahi dutela eta badutela nahikoa baliabide ekonomiko eta finantzario Plan Partzialaren eremuko berdinbanatze-, urbanizatze- eta eraikuntza-lanetarako legez izango lituzketen betebeharrei aurre egiteko, orduan alda dezala oraingo jarduketa-sistema eta konpentsaziokoa ezarri, edota besteren bat, publikoa edo eragile urbanizatzailearena, uste izango balitz Udalaren kontrol eta zuzendaritzapean egonda horietako bat egokiagoa dela Plana arinago egikaritzea lortzeko.

2017 otsaila 16

Hirigintza eta Etxebizitza

Gaia: Disconformidad con sustitución del sistema de actuación.

Hirigintza

Altsasuko alkatea

Alkate jaun hori:

  1. 2017ko urtarrilaren 9an, erakunde honi idazki bat helarazi zion […] andreak, Altsasuko Udal Planeko 5. sektorean (Lezalde) lursail batzuk dituzten jabeen ordezkari gisa, zeinean Altsasuko Udalaren kontrako kexa aurkezten baitzuen, duela hamabi urte baino gehiago onartutako Plan Partzialean hirigintza-jarduketarako ezarri zen lankidetzako sistema publikoaren ordez konpentsazioko sistema pribatua jartzearen alde Udalak egin dien proposamenarekin ados ez daudelako.

    Idazki hartan, hauxe zioen:

    1. 2004ko uztailaren 30ean, Udalak Plan Partzial bat behin betiko onartu zuen, eta haren bidez, Planeko 5. sektorearen (Lezalde ere baderitzon eremuaren) antolamendu xehatua eman. Plan Partzial hartan ezarritako jarduketa-sistema, Altsasuko Udalak berak enkargatua eta sustatua, lankidetzakoa izan zen.
    2. Udalak eremu hartarako birpartzelatze- eta urbanizatze-proiektuak onartu zituen, bai eta Plan Partzialaren aldaketa bat ere. Urbanizatze-lanak esleitzera ere iritsi zen, gainera.
    3. Alabaina, unitate horren barruan sartutako lursailen jabe guztiak ez zeuden ados Udalak onartutako antolamendu xehatuarekin, eta, horregatik, errekurtsoa jarri zuten 2004ko Plan Partzialaren beraren kontra, plan hari aldaketa txiki bat egiteko akordioaren kontra, eta birpartzelatze- nahiz urbanizatze-proiektuen kontra.
    4. Auzitegi Gorenak hasierako Plan Partziala jo zuen baliozkotzat; 2004ko uztailaren 30ean onartutakoa. Aldiz, Plan Partzialaren aldaketa, birpartzelatze-proiektua eta urbanizatze-proiektua deuseztatuta geratu ziren, epai irmo bidez edota Udalak amore emanda, eta unitate hura urbanizatzeko lanen kontratua enpresa bati esleitu zitzaion.
    5. Egoera ez da aldatu azken zazpi urteotan. Plan Partziala onartu zenetik hamabi urte baino gehiago igaro diren honetan, birpartzelatze- eta urbanizatze-proiektuak oraindik onartu gabe daude, eta urbanizatze-lanak, berriz, egikaritu gabe. Antolamendu xehatua (Plan Partziala) baizik ez dago eremu horretarako.
    6. Azken sei urte hauetan interesdunek askotan eskatu diete udal-ordezkariei unitatearen garapena berriro hasteko, baina orain arte ez da urratsik egin ildo horretan. Udalak birpartzelatze-proiektu berririk ere ez du aurkeztu urte hauetan.
    7. Azkenik, 2016ko urtarrilaren 29an, udalbatza berriak eskutitz bat igorri zien unitate horren barruan dauden lursailen jabe guztiei, zeinean proposatzen baitzien jarduketa-sistema aldatzea (lankidetzako sistematik konpentsaziokora igarotzea) eta eskatzen baitzien eratu beharreko Konpentsazio Batzordearen estatutuak eta oinarriak aurkezteko.
    8. Lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak dio, 156.1 artikuluan, administrazioari dagokiola (Udalari, kasu honetan) jarduketa-sistema hautatzea. Hasiera batean, Foru Lege horrek berak, 157. artikuluan, konpentsazioko sistema lehenesten du beste sistema batzuekiko (lankidetzakoarekiko, adibidez), eta xedatu ere xedatzen du planean jarduketa-sistemarik ezartzen ez bada konpentsaziokoa hartuko dela hautatutako jarduketa-sistematzat. Testuinguru horretan, eta artikulu horretan bertan, lankidetzako sistema ezartzen da bigarren aukera gisa, bermatu dadin onartutako plangintza aurreikusitako epeetan egikarituko dela, jabeen nahia gorabehera.
    9. Hirigintza herritarren interes handieneko eginkizun publiko bat da. Bizitegien eta industriaren garapena egiteko modua ematen du, eta plangintza egikaritzeak, gainera, balio du udalerriaren eremu bat antolatzeko, ingurumen jasangarrirako eskubidea bermatzeko, elementu natural babestuak zaintzeko, irabazizko erabilerak zentzuz arautzeko (bizitegiena, merkataritzakoa, industriala, etab.), gizarte-kohesioa sustatuz bizikidetza-eremuak sortzeko, ingurumen jasangarri baterako irizpideak finkatzeko, etab. Horregatik, onartutako plangintza egikaritzea ez da jabe batzuei soilik dagokien kontu bat, ezpada interes publikoko kontu bat, udalerriko herritar guztiei dagokien zerbait.
    10. Altsasuko Udalak erabaki zuen, bere borondatez, kexan aipatzen den eremurako lankidetzako jarduketa-sistema hautatzea. Jende askok arrazoi horregatik erosi zituen orubeak unitate horretan, eta ez beste ezergatik: bazekitelako eremu hori garatu egingo zela.
    11. Dauden jarduketa-sistemetako batek, pribatua izanik, ez du bermatzen unitatea garatzea (konpentsazioko sistemak, hain zuzen), eta beste jarduketa-sistema batek, aldiz, Administrazioaren indar betearazlea duenez, bai bermatzen du unitatea garatzea (lankidetzako sistemak, zehazki). Azken hamabi urteotan lankidetzako sistema publikoa egon da ezarrita, eta unitatea ez da garatu, hala ere. Horregatik, kexa aurkeztu duenaren iritziz, konpentsazioko sistemaren bidez ere ez da garatuko, aldaketa iruzur hutsa da, eta babesgabe uzten ditu lursailen jabeak.

      Horregatik guztiagatik, erakunde honi eskatzen zion errekeritu diezaiola Altsasuko Udalari unitatearen hirigintza-garapena berriro hasteko, legez dagokiona betez eta beranduago gabe, eta horretarako, izapidetu eta onar ditzala birpartzelatze-proiektua eta beharrezkoak diren gainerako hirigintza-agiri guztiak.

  2. Kexa jaso ondoren, erakunde honek Altsasuko Udalera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

    2017ko otsailaren 6an, Altsasuko Udalari eskatutako txostena jaso zuen erakunde honek, eta interesdunari kopia bat helarazi zion.

  3. Azaldu dugun bezala, Altsasuko Udal Planeko 5. sektorean (Lezalde deritzon eremuan) lursailak dituzten jabeei Udalak egin dien proposamenarekin du zerikusia kexak. Sektore horretarako erabaki xehatuak garatzen dituen Plan Partzialean aurreikusitako jarduketa-sistema aldatzea proposatzen du Udalak. Zehazki, lankidetzako jarduketa-sistema publikoaren ordez konpentsaziokoa jartzea.

    Kexa aurkeztu duenak, proposamen horrek ukitzen dituen hamar pertsonaren ordezkari gisa, Udalaren proposamenarekiko desadostasuna azaldu du.

    Altsasuko Udalak, berriz, proposamena egiteko arrazoiak azaldu ditu bere txostenean, eta oraindik erabakirik ez dela hartu baieztatu du.

  4. Lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak hauxe xedatzen du 157. artikuluan, jarduketa-sistemaren hautaketari buruz:
    1. “Jarduketa sistema planeamenduan hautatuko da edo, bestela, exekuzio unitatea zehazterakoan. Hautatutako sistema behar bezala justifikatuta aldatzeko tramitazioa eginen da exekuzio unitate bat zehazteko xedatutakoaren arabera.
    2. Planak jarduketa sistemarik ezartzen ez badu, ulertzen ahalko da hautatu dela konpentsazio sistema edo borondatezko birzatiketarena, deusetan ukatu gabe hura aldatzea exekuzio unitateak zehazteko prozeduraren bidez.
    3. Jarduketa pribatuko sistemaren bat ez bada garatzen ari planeamenduan edo exekuzio unitatearen zehaztapenean laga, berdinbanatu eta urbanizatzeko betebeharrak betetzeko ezarritako epeen arabera, administrazioak erabaki beharko du, bere kabuz edo kasuan kasuko sistemaren arabera horretarako eskubidea duten partikularrek eskatuta, jarduketa sistema horren ordez jarduketa pribatuko beste bat, exekuzio unitatearen garapena betetzea bermatuko duena, edo jarduketa sistema publiko bat jartzea, 1. idatz-zatian xedatutakoaren arabera”.
  5. Lege-agindu horretatik hauxe ondoriozta daiteke:
    1. Jarduketa-sistemaren hautaketa, Udalari dagokion egintza izanik ere, arrazoitu egin behar da nahitaez, ahal diskrezional bat baliatuz emandako egintza den heinean (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 35.1.i artikulua).
    2. Unitate jakin baterako jarduketa-sistema bat hautatu ondoren ere, Udalak, behar bezala arrazoituta, haren ordez beste bat hautatzea erabaki dezake.
    3. Sistema baten ordez beste bat jarri nahia behar bezala arrazoitzea funtsezkoa da Udalaren erabaki horretan. Erabakiaren funtsa behar bezala arrazoitu ez izanak sistema-aldaketa deuseztatzea ekar dezake.
    4. Legeak xedatzen duenez, plangintzan jarduketa-sistemarik hautatu ez bada, garapena konpentsazioko sistemaren bidez egingo dela ulertu behar da, eta sistema pribatu bat garatu ezin denean, berriz, sistema publiko bat erabili behar da haren ordez, hirigintza-jarduketa egikarituko dela bermatu dadin.

      Horrek esan nahi du, a contrario sensu, baldin eta gertatuko balitz Administrazioak jada erabaki duela lankidetzako sistemaz baliatzea eta hirigintza-jarduketarik ez dela egikaritu egoera horretan (eta halaxe da kasu honetan), orduan ez egikaritze hori ez litzatekeela arrazoitzat erabili beharko sistema pribatu batera aldatu nahia azaltzeko. Izan ere, esan dugun bezala, hirigintzari buruzko legeak dio jabeek jarduketa-sistema bat garatzeko zailtasunak dituztenean jo daitekeela jarduketa-sistema publiko batera.

    5. Jarduketa-sistema aldatzeko prozeduran (egikaritze-unitate bat mugatzeko prozeduran bezala), nahitaezkoa da aldaketak ukitzen dien lur-jabeei entzunaldia ematea eta, are gehiago, lur-jabeek parte hartzea, erabaki nahi dena jarduketa-sistema pribatu bat hartzea denean.
  6. Erakunde honen iritziz, zentzuzkoa da kexa aurkeztu dutenen zalantza, benetan garatuko ote den jarduketa-sistema pribatu bat, kontuan izanda lehendik (2004an) lankidetzako jarduketa-sistema planteatu zela eta ezinezkoa gertatu dela sektorea garatzeko prozesua egikaritzea.

    Ezin ahantz daiteke konpentsazioko jarduketa-sisteman eta borondatezko birpartzelatzearenean, arrakasta izango badute, ezinbestekoak direla, hurrenez hurren, lur-jabe gehienek edo guztiek hala nahi izatea, bai eta nahikoa baliabide ekonomiko eta finantzario izatea ere, eta aldiz, jarduketa publikoko sistemak nahiz eragile urbanizatzailearena legez horretarako taxutzen direla, hirigintza-lanak egiaz egikaritu daitezen bermatzeko moduan, alegia, Administrazioak zuzenean jardunez eta Administrazioaren baliabideak erabiliz zenbait kasutan, hala nola zenbait arrazoirengatik plangintza egikaritzeko prozesua atzeratzen denean.

    Horregatik, erakunde honen iritziz egokia da Altsasuko Udalari gomendatzea mantendu dezala lankidetzako sistema, eta ikusiko balu –interesdunekin elkarrizketak izan ondoren– lur-jabe gehien-gehienek nahi dutela eta badutela nahikoa baliabide ekonomiko eta finantzario Plan Partzialaren eremuko berdinbanatze-, urbanizatze- eta eraikuntza-lanetarako legez izango lituzketen betebeharrei aurre egiteko, orduan alda dezala oraingo jarduketa-sistema eta konpentsaziokoa ezarri, edota besteren bat, publikoa edo eragile urbanizatzailearena, uste izango balitz Udalaren kontrol eta zuzendaritzapean egonda horietako bat egokiagoa dela Plana arinago egikaritzea lortzeko.

    Administrazioaren jardunak segurtasun juridikoaren printzipioa eta bidezko konfiantzarena izan behar ditu oinarri, eta erakunde honen ustez, gomendio hori da, beste ezein baino gehiago, printzipio horien araberakoa (alegia, Udalak erabakitzea kexa honetan auzi den Plan Partziala egikaritzeko jarduketa-sistemak lankidetzakoa izaten jarrai dezan edota bestelako sistema publiko bat hautatzea), zalantzan jarri ezinezkoa baita lankidetzako sistema garatuko zelako konfiantza sortu izan duela Udalak 2004tik. Bestalde, Udalaren txostenean adierazten denez, Udaleko Hirigintza Planean lankidetzako sistema dago ezarrita arau orokor gisa lurzoru urbanizagarriko sektoreetarako nahiz hiri-lurzoru finkatugabeetako egikaritze-unitate gehienetarako.

  7. Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak aitortzen dizkion eskumenekin bat etorriz, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoak beharrezkotzat jo du:

    Altsasuko Udalari gomendatzea mantendu dezala lankidetzako sistema, eta ikusiko balu lur-jabe gehien-gehienek nahi dutela eta badutela nahikoa baliabide ekonomiko eta finantzario Plan Partzialaren eremuko berdinbanatze-, urbanizatze- eta eraikuntza-lanetarako legez izango lituzketen betebeharrei aurre egiteko, orduan alda dezala oraingo jarduketa-sistema eta konpentsaziokoa ezarri, edota besteren bat, publikoa edo eragile urbanizatzailearena, uste izango balitz Udalaren kontrol eta zuzendaritzapean egonda horietako bat egokiagoa dela Plana arinago egikaritzea lortzeko.

Kontuan hartuz 4/2000 Foru Legea, uztailaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoa, eta Lege horren 34.2 artikuluarekin bat etorriz, bidezkoa da Altsasuko Udalak jakinaraztea, aginduzkoa denez, gehienez ere bi hilabeteko epean, gomendio hau onartu duen eta, hala bada, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, ukitutako administrazio publikoak arartekoaren gomendioa onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2017. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz hura onartzea posible bazen.

Zure erantzunaren zain, adeitasunez,

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia