Partekatu edukia
Herri Lanak eta Zerbitzuak
Gaia: Falta de contestación a instancia presentada
Zerbitzu publikoak
Uharte Arakilgo alkatea
Alkate andre hori:
2016ko azaroaren 28an, erakunde honi idazki bat helarazi zion […] andreak, zeinean Uharte Arakilgo Udalaren kontrako kexa aurkezten baitzuen, udalerriko hilerriaren funtzionamenduari buruz eskabide bat aurkeztu eta erantzunik jaso ez duelako
Idazki hartan, hauxe zioen:
Udalaren erabakia inolako jakinarazpenik egin gabe onartu zen.
Horregatik guztiagatik, Uharte Arakilgo Udalak eskabideari erantzun diezaiola eskatzen zuen, eta azal ditzala hilerrira sartu ahal izateko giltza eskatu beharraren arrazoiak.
Kexa jaso ondoren, erakunde honek Uharte Arakilgo Udalera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
Jaso genuen txostenak honela dio:
Uharte Arakilgo hilerriaren kudeaketa Udalaren eskumenekoa da, eta herrian gertatu diren eraso bandalikoak direla-eta, beharrezkotzat jo dugu giltzapean itxita edukitzea. Giltza hori (eskatua dugu eta sarrailagileak noiz jarriko zain gaude) eskura izango dute Uharte Arakilgo bizilagunek, Udalean bertan, bulego-ordutegian, eta arratsaldeetan nahiz asteburuan, berriz, Uharte Arakilgo […] tabernan eta […] kafetegian.
Badakigu aurreko legealdietan Uharte Arakilgo bizilagunek udal-hilerriko giltza zeukatela etxean, baina gure iritziz hori bateraezina da udal-hilerria egoki kudeatzearekin, ahaztu gabe azken urteotan hilerrian izandako arazoak: zikinkeria, sarrailak haustea… Gure iritziz, hilerrira sartzeko kontrol handiagoa jarrita Udalak (giltza eskatu egin beharko baita, behar denean erabiltzeko balio behar baitu, eta gero itzuli), askoz modu eraginkorrago eta efizienteagoan kudeatuko dugu udal-hilerriaren zerbitzua.
Jokabidea aldatu egingo dela jakitera emateko ohartarazpena hilerriko atean kartel bat jarriz eta Udalaren iragarpen-taulan bandoa ipiniz egingo dugu, Uharte Arakilgo bizilagun guztiek jakin dezaten.
Azaldu dugun bezala, interesdunak aurkeztutako eskabide bati Uharte Arakilgo Udalak erantzun ez izanarekin du zerikusia kexak, eta eskabide hartan Udalari eskatzen zion jakinaraz ziezaiola zein ebazpen edo arautan oinarrituta erabaki zuen Udalak hilerrira sartzeko giltza Udalean eskatu beharra.
Uharte Arakilgo Udalak, berriz, txostenean dio bizilagunek hilerriko giltza zeukatela lehen, baina zenbait ekintza bandaliko gertatu ostean, hilerrira sartzeko sarraila aldatzea erabaki zuela, eta bizilagunek, orain, Udalean bertan izango dutela giltza, bulego-ordutegian, eta arratsaldeetan nahiz asteburuan, berriz, Uharte Arakilgo […] tabernan eta […] kafetegian.
Administrazio Publiko orok interesdunek aurkeztatutako eskaera guztiei espresuki erantzun bat eman beharra legez ezarrita dago, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena). Lege-agindu horretan xedatzen denez, herritarrak, Administrazio bati eskaera bat egiten dionean, eskubidea du Administrazioak eskaera horri dagokion prozedura has dezan eta eskaeraren edukiari buruzko erantzun zehatz bat eman diezaion, eta Administrazioak gehienez ere hiru hilabeteko epea du erantzuteko, baldin eta epe zehatzago bat ezarrita ez badago.
Toki mailan, eskubide hori aintzat hartzen du 318. artikuluan 6/1990 Foru Legeak, uztailaren 2koak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoak, eta dio: toki entitateak behartuak direla beren eskumeneko gaietan egiten zaizkien eskari guztiak ebatzi eta jakinaraztera, eta oro har hiru hilabeteko epea izango dutela horretarako, baldin eta epe zehatzago bat ezarrita ez badago.
Lege-agindu horien arabera, herritarrek aurkezten dituzten eskaerei espresuki ebazpen bat ematea ez da Administrazio Publikoarentzat ahalmen bat, baizik eta legezko betebehar bat eta herritarren eskubide bat, administrazio-prozedura ororen funtsezko arau ez ezik. Administrazio-prozedura erkidea arautzen duen Legeak berak ezarritakoaren arabera, gainera, Administrazioa ez dago betebehar horretaz salbuetsita ebazpen espresua emateko epea amaituta dagoenetan ere (urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24.2 artikulua).
Bi ondorio garrantzitsu atera daitezke hortik: bata, administrazio-isiltasuna (kasu honetan gertatu dena, hain zuzen) Administrazioari ex lege ezarritako betebehar bat bete ez izanaren erakusgarri baizik ez dela; eta bestea, Administrazioak eskaera hori ebatzi beharra izaten jarraitzen duela, baita ebazpen espresua emateko epea amaituta badago ere.
Kasu honetan, kexa aurkeztu zuenak 2016ko abuztuaren 12an egindako eskabideari bost hilabeteren buruan erantzun zion Uharte Arakilgo Udalak, eta gehienez ere hiru hilabeteren buruan erantzutera behartuta dago legez. Beraz, Uharte Arakilgo Udalak alde batera utzi du kexa aurkeztu duenari legez ezarritako gehienezko epean erantzuteko betebeharra. Horregatik, erakunde honen ustez egoki da Udalari gai horretan legez dituen betebeharrak gogoraraztea, espresuki erantzun diezaien herritarrek egiten dizkioten eskaera guztiei, garaiz eta behar bezala, eta legeek agintzen duten epeen barruan.
Uharte Arakilgo Udalak txostenaren azken zatian dioenez, jokabidea aldatu egingo dela jakitera emateko ohartarazpena hilerriko atean kartel bat jarriz eta Udalaren iragarpen-taulan bandoa ipiniz egingo dute, Uharte Arakilgo bizilagun guztiek jakin dezaten.
Aintzat hartuta interesdunak aurkeztutako kexa eta hura baino lehen aurkeztutako eskabidea (2016ko abuztuaren 12an), bistakoa da hilerrian sartzeko modua aldatzeko erabakia lehenagokoa dela.
Erakunde honen ustez, erabakia orduan argitaratu behar zen, irizpide-aldaketa erabaki zenean (administrazio-egintza herritarrei agertzea betekizun da kasu honetan). Hala egin izan bazen, ez zatekeen kexan azaldutako egoera bezalakorik gertatuko, erabakiaren berri zeharka jakin baitzuen interesdunak, kexan dioenez.
Horregatik, erakunde honen ustez egoki da Udalari gai horretan legez dituen betebeharrak gogoraraztea.
Kontuan hartuz 4/2000 Foru Legea, uztailaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoa, eta Lege horren 34.2 artikuluarekin bat etorriz, bidezkoa da Uharte Arakilgo Udalak jakinaraztea, aginduzkoa denez, gehienez ere bi hilabeteko epean, legezko betebeharrei buruzko gogorarazpen hauek onartu dituen eta, hala bada, haiek betetzeko zer neurri hartu dituen.
Lege-agindu horretan xedatzen denez, ukitutako administrazio publikoak legezko betebeharren gogorarazpenak onartzen ez baditu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2016. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz haiek onartzea posible bazen.
Zure erantzunaren zain, adeitasunez,
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia