Partekatu edukia
Herri Lanak eta Zerbitzuak
Gaia: Cambio de criterio en el abastecimiento de agua de la población de Eugi.
Zerbitzu publikoak
Eugiko kontzejuburua
Kontzejuburu andre hori:
2016ko azaroaren 11n, erakunde honi idazki bat helarazi zion […] jaunak, zeinean kexa aurkezten baitzuen, Eugin urez hornitzeko sisteman irizpideak aldatu direlako.
Idazki hartan, hauxe zioen:
Behin baino gehiagotan saiatu dira, alferrik, ordea, Esteribarko Udalarekin elkartzen. Elkartu izan dira Mankomunitatearen ordezkariekin, baina haiek ez daude ura iturburuetatik biltzeko ezein irtenbideren alde.
Horregatik, eskatzen zuen Udala elkar dadila Eugiko bizilagunekin eta errespetatu dezala aurreko proposamena edo, hori ezinezkoa balitz, bilatu dezala beste irtenbide bat, bizilagun gehienen nahiaren araberakoa.
Kexa jaso ondoren, erakunde honek Esteribarko Udalera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
2016ko azaroaren 26an jaso zuen eskatutako txostena erakunde honek, eta interesdunari kopia bat helarazi zion.
2017ko urtarrilaren 20an, erakunde honek kexa aurkeztu zuenaren idazkia helarazi zien Esteribarko Udalari, Eugiko Kontzejuari eta Iruñerriko Mankomunitateari, eta eskatu zien, bidez batez, idazki hartan aipatzen ziren gaiei buruzko txosten bat egin zezatela.
2017ko otsailaren 3an eta 8an eta martxoaren 14an jaso zituen eskatutako txostenak erakunde honek, eta interesdunari kopia bana helarazi zion.
Azaldu dugun bezala, Eugi urez hornitzeko moduarekin du zerikusia kexak. Aurkeztu duenak azaldutakoaren arabera, hornitzeko moduari buruzko irizpidea aldatu du Esteribarko Udalak.
Hasieran, Esteribarko Udalak gaur egungo sistema hobetzea eta berritzea erabaki zuen (Gatzarrietako eta Urkiloko iturburuetatik lortzen du gaur egun Eugik ur-hornidura), jarduketa horietarako proiektua onartuta zegoen jada, eta toki-administrazioko gaietan eskumena duen sailaren diru-laguntza ere bazeukan. 2016an, ordea, erabaki hori aldatzea erabaki zuen Udalak, eta Eugi Iruñerriko Mankomunitatearen uraren ziklo integralean sartzea. Mankomunitate horrek Eugi urez hornitzeko aukeratu duen sistema erabiltzera, Urtasungo edateko uren araztegitik ponpatuko litzateke ura Eugira.
Konstituzioan herritarrek babestuak dituzten eskubide eta libertateak defendatzeko eta hobeki babesteko hautatzen du Nafarroako Parlamentuak Arartekoa, eta herritarrak Administrazio Publikoaren balizko abusu eta akatsen aurrean babestea du eginkizun nagusi erakunde honek (uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 1. artikulua). Begiratu egin behar du, beraz, Konstituzioan herritarrek babestuak dituzten eskubideak bete daitezen, eta eragotzi, eskubide horiek arriskuan jar ez daitezen zuzenbidearen kontrako administrazio-jarduketen ondorioz edota, are, indarrean dagoen araudia zorrotz interpretatzearen edo aplikatzearen ondorioz, baldin eta interpretazio edo aplikazio horiek herritarren eskubideei ondorio bidegabe edo kaltegarriak badakarzkie.
Bestalde, Foru Lege horrek Nafarroako Arartekoari eskumena ematen dio bai zerbitzu publikoen funtzionamenduari buruzko iradokizunak egiteko eta bai partikularren interes bidezkoak eta Administrazio Publikoen jarduna uztartuko dituzten irtenbideak proposatzeko, bitartekotza egiteko ahaleginean, erakunde honi datxekion eginkizun publikoa betez.
Kexak aipatzen duen kasuan, Esteribarko Udalak, Eugiko Kontzejuak eta Iruñerriko Mankomunitateak helarazitako txostenak aztertuta, erakunde honek ezin ondoriozta dezake administrazio-jarduna bidegabea izan denik lege- edo arau-aginduren bat urratu delako, zeren eta onargarria baita, ur-horniketako udal-zerbitzu bat antolatu behar denean, zerbitzu hori erakunde mankomunatu baten bidez ematea. Bestalde, erakunde honen iritziz, horniketa nola bermatu erabakitzea horretarako eskumena bere gain hartzen duen erakundeari dagokio, betiere ezarrita dituen irizpideen arabera eta behar bezala arrazoituta jokatzen badu.
Alde horretatik, apirilaren 2ko 7/1985 Legearen arabera (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena), udalerrien eskumenekoa da, besteak beste, ur-horniketa (25.2.l artikulua), eta beren eskumeneko obrak eta zerbitzuak betetzeko asmoz, udalerriek aukera dute beren artean elkartzeko (Lege horren 44. artikulua, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 47. artikulua).
Horregatik, erakunde honi ez zaio iruditzen Eugiri ura Urtasungo araztegitik hornitzeko erabakia bidegabea denik edo erabaki horrek herritarren ezein eskubide urratzen duenik, eta ez zaio iruditzen, halaber, kexa idatzi duenak defendatzen duen aukera (Eugi urez hornitzeko bertako iturburuez baliatzea, alegia) legez kontrakoa denik, baldin eta horniketarako behar den ur-kantitatea eta uraren kalitatea bermatzen badira.
Edonola ere, gogoan izatekoa da Eugi urez hornitzeko dauden aukerak Kontuen Ganberak aztertuko dituela kudeaketa ekonomikoaren eta finantzarioaren ikuspegitik, edota gastu publikoaren eraginkortasunaren ikuspuntutik, Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzordeak 2017ko urtarrilaren 23an eskatu zioten fiskalizazio-txostenean.
Herriak urez hornitzeko zerbitzu publikoa besteak ez bezala hartzen du legeak, zeren eta, alde batetik, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legeak baitio, 25. artikuluan, udalerriek nahitaez bete beharreko gutxieneko zerbitzuetako bat dela, eta, bestetik, Lege horren beraren 86.3 artikuluak toki-erakundeen alde gordetzen baitu ur-horniketaren zerbitzua. Legeetan aurreikuspen horiek egitearen helburua garbia da: ura oinarrizkoa eta funtsezkoa izanik, herritar guztiek ondasun horretarako duten eskubidea egiaz betetzen dela ziurtatzea.
Herriak urez hornitzeko zerbitzu publikoa besteak ez bezala hartu dela kontuan izanda, erakunde honen iritziz egokia da gogora ekartzea, Nafarroako Arartekoari legeak aitortzen dion bitartekotza-jardunaren esparruan, zer dioen uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoak, 39. artikuluaren 2. zenbakian: Kontzejuko komunitatearen interesekoak baino ez diren lanen exekuzioa eta zerbitzuen eskaintza kontzejuak berak eramaten ahalko ditu aurrera, haren eta ez beste inoren kargura, udalak ez baditu burutzen edo eskaintzen. Eta 39. artikuluak berak 3. zenbakian, berriz, honela dio: Halaber, erabiltzen ahalko dituzte udalak edo Nafarroako Gobernuak haien esku utzitakoak.
Horrenbestez, 39. artikulu horrek Eugiko Kontzejuari gaitasuna ematen dio, baldin eta aurretiaz erakunde eskudunak horretarako baimena ematen badio, herria urez hornitzearen ardura bere gain hartzeko, eta, Eugiko bizilagunek hala erabakitzen badute, Eugin dauden iturburuetatik ura biltzeko sistema hobetzeko obrak egiteko, eta sistema mantentzeko lanak bere gain hartzeko.
Ildo horretan, Nafarroako Administrazio Auzitegiak hauxe adierazi zuen apirilaren 27ko 3274/2010 Ebazpenean, zeinean baietsi egin baitzen Eugiko Kontzejuak gora jotzeko jarritako errekurtsoa Esteribarko Udalaren administrazio-isiltasunagatik eskaera bat ezestearen kontra, 2009ko ekainaren 24an egina, udalak bere gain har zitzan Eugiko ur-horniketaren eta saneamenduaren zerbitzua emateko eskumenak:
Eugiko Kontzejua 1991ko urtarrilaren 1etik uren bilketaz, horniketaz eta saneamenduaz arduratzekotan, Esteribarko Udalak horretarako eskumena haren esku laga behar izango zuen, 6/1990 Foru Legeak 39. artikuluan agintzen duen moduan (uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa). Foru Lege horren 30.1 artikuluan xedatzen denez, udalak kontzejuen gainean uzten ahalko ditu, horiek delegazio hori onartzen badute, obrak edo haren eskumenekoak diren zerbitzuak, kontzeju horien berariazko interesak ukitzen dituztenean, horrela kudeaketa publikoaren eraginkortasuna hobetu eta herritarren partaidetza handiagoa lortuko bada. Inoiz ere ez dira kontzejuen eskuetan uztekoak izanen hirigintza eskumenak.
Eta Foru Lege horren 30.4 artikuluak, gainera, honela dio: Delegazioen eraentza juridikoa, legeria orokorrak udalentzat ezarritako berbera izango da
. Alegia, 6/1990 Foru Legeak Toki Araubidearen Oinarriak arautzeko Legera jotzen du Nafarroan toki mailan eskumenen eskuordetzak (delegazioak) zer lege-esparru izango duen xedatzean.
Ulertu behar da Oinarriak arautzeko Legearen 27. artikuluaz ari dela, eta honela dio:
“1. Estatuko Administrazioak, autonomia-erkidegoetakoak eta beste toki-erakunde batzuetakoak, udalerriei eman diezaiekete beren interesei ukitzen dieten gaietan eskumena gauzatzeko eskuordetza, baldin eta horrekin herri-kudeaketaren eraginkortasuna hobetzen bada eta herritarrek gehiago parte hartzen badute. Eskuordetza emateko xedapenak edo erabakiak zehaztu egin behar ditu eskuordetzaren irismena, edukia, baldintzak eta iraupena, baita eskuordetza ematen duen administrazioak beretzat gordetako kontrola, eta berak eskualdatutako giza baliabideak eta baliabide materialak eta ekonomikoak ere. (...)
3. Eskuordetza eraginkorra izateko udalerri interesdunak onartu egin beharko du, eta, hala badagokio, autonomia-erkidegoaren aurretiko aholkua eta txostena beharko dira, lege bidez nahitaez ezartzen ez bada behintzat; kasu horretan ezinbestekoa izango da eskuordetza gauzatzeko baliabide ekonomikoak zuzkitzea edo gehitzea”.
Hori guztia kontuan izanda, erakunde honen iritziz egoki da Eugiko Kontzejuari iradokitzea ezen, ikusten badu Eugiko bizilagun gehienek urez bertako iturburuetatik hornitu nahi dutela, eska dezala bere kontzeju-mugarterako uren bilketaz eta horniketaz arduratzeko eskumenaren eskuordetza.
Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak aitortzen dizkion eskumenekin bat etorriz, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoak beharrezkotzat jo du, bitartekotza egiteko asmoz:
Eugiko Kontzejuari iradokitzea ezen, ikusten badu Eugiko bizilagun gehienek urez bertako iturburuetatik hornitu nahi dutela, eska dezala uren bilketaz eta horniketaz arduratzeko eskumenen eskuordetza, behar diren obrak egin ahal izan ditzan eta, hala badagokio, mantentze-lanak bere gain har ditzan.
Kontuan hartuz 4/2000 Foru Legea, uztailaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzkoa, eta Lege horren 34.2 artikuluarekin bat etorriz, bidezkoa da Eugiko Kontzejuak jakinaraztea, aginduzkoa denez, gehienez ere bi hilabeteko epean, iradokizun hau onartu duen eta, hala bada, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.
Lege-agindu horretan xedatzen denez, ukitutako administrazio publikoak arartekoaren iradokizuna onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2016. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz hura onartzea posible bazen.
Zure erantzunaren zain, adeitasunez,
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia