Partekatu edukia
Función Pública
Gaia: Disconformidad con el inicio del cómputo del permiso por paternidad
Exp: 09/33/F
Nº: 40
Funtzio Publikoa
2009ko urtarrilaren 22an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen seme-alaben jaiotzarengatiko aitatasun baimen ordaindua dela eta.
Interesdunak azaltzen zuen Nafarroako Foru Komunitatearen zerbitzuko funtzionarioa dela. Hezkuntza Departamentuari atxikia dago, eta zeharkako txirulako espezialitateko irakaslea da [?] zentroan. 2009ko urtarrilaren 12an, haren emaztea bi alaba bizkiz erditu zen. Alabei zainketak eman behar izan zizkioten inkubagailuan, ospitalean, urtarrilaren 21ean alta eman baino lehen. Amari urtarrilaren 17an, larunbatez, eman zioten alta.
Urtarrilaren 19an, interesduna Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzura joan zen, aitatasun baimenaren eskaria aurkezteko, zeren eta emazteari 17an, larunbatez, eman baitzioten alta ospitalean. Baimenaz urtarrilaren 17tik gozatzen hasteko aukera eduki ahal izateko, urtarrilaren 14an, 15ean eta 16an lan egin zuen, baimenaren abiapuntua ospitaleko altaren eguna izan zitekeelakoan.
Azaltzen zuen Giza Baliabideen Zerbitzuan bere eskariari buruz esan ziotela urtarrilaren 12an hasi behar zuela baimenaz gozatzen, erditzearen egunean, eta horrenbestez, hiru egun kendu zizkioten baimenaz gozatzeko zeuzkan hamabost egunetatik, urtarrilaren 14tik 16ra lan egin baitzuen.
Interesdunak baieztatzen zuen Giza Baliabideen Zerbitzuan azaldu ziotela Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren jarraibide batzuk bazeudela, eta jarraibide horien arabera aitatasun baimenaren hasierak erditzearen eguna izan behar zuela ezinbestez. Kexa-egileak adierazten zuen “jarraibide” horiek ezezagunak zitzaizkiola, ez baitziren publikoak, eta langileei ez zitzaiela horien berri eman.
[?] jaunak bere asmoaren alde alegatzen zuen, Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioei opor, lizentzia eta baimenetarako aplikatu beharreko araubidea ezarri zuen urriaren 30eko 387/2000 Foru Dekretua aldatzeko abenduaren 18ko 87/2006 Foru Dekretuan aukera bat ezarri zela, hain zuzen zere aitatasun baimenaz gozatu ahal izateko edo jaiotzaren egunetik bertatik edo amari ospitalean alta medikoa ematen dioten egunetik. Aipatzen zuen, halaber, apirilaren 13ko 18/2007 Foru Agindua, zeinak hobekuntza batzuk ezarri baitzituen aitatasun baimenaren iraupenari dagokionez.
Halaber, interesdunak aipatzen zuen 2009. urterako Estatuko Aurrekontuen Legean ezarritakoaren aplikazioa, zeren eta Berdintasunerako Legearen aplikazioaren arabera, 2009ko urtarrilaren 1etik 20 egunera arte luzatzen baitu aitatasun baimena familia ugarien kasuan, eta bi egun gehiago ume bat baino gehiago jaioz gero.
Otsailaren 10ean, [?] jauna erakunde honekin jarri zen harremanetan, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren urtarrilaren 23ko 124/2009 Ebazpena igortzeko. Izan ere, haren bidez, baimen ordaindua ematen zitzaion 2009ko urtarrilaren 12tik otsailaren 2ra bitarte, biak barne, bi alaben jaiotzarengatik.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, idazki bana igorri nuen Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentura eta Hezkuntza Departamentura, 2009ko urtarrilaren 29an, kexan azaldutako gaiari buruzko informazioa eman ziezadaten.
2009ko otsailaren 11n, Hezkuntza kontseilariak sinaturiko txostena sartu zen gure erakundean. Honakoa dio, hitzez hitz:
“Arartekoak txostena eskatu du [?] jaunak aurkeztutako kexari jarraituz. Kexa aitatasun baimenaz amaren ospitaleko altaren egunetik gozatu ahal izateari eman zaion ezezkoagatik aurkeztu zuen. Hori dela eta, hauxe jakinarazten dizut:
Lehena.- [?] jauna funtzionarioa da, Musika eta Arte Eszenikoetako irakasle gisa jarduten baitu Iruñeko [?] zentroan. 2009ko urtarrilaren 19an idazki bat aurkeztu zuen. Haren bidez, eskatzen zuen baimen ordaindua eman zekion bi alaben jaiotzarengatik. Alabak 2009ko urtarrilaren 12an jaio ziren. Interesdunak, halere, baimena urtarrilaren 17tik aurrera eskatu zuen, egun hartan eman baitzioten amari alta ospitalean.
Bi alaba horien jaiotzarekin, interesdunak, gainera, familia ugariaren egoera eskuratzen zuen.
Bigarrena.- Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren apirilaren 13ko 181/2007 Foru Aginduak arautzen du haur baten jaiotza, familia-harrera edo adopzioagatik aitak gozatzen duen baimen ordainduaren iraupena, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioei aplikatzen zaiena. Hartan, izan ere, honakoa ezartzen da:
“2007ko martxoaren 24tik aurrera, haur baten jaiotza, familia-harrera edo adopzioagatik hamabost eguneko baimen ordaindua emanen zaio aitari.”
Araupetze horrekin, eta opor, lizentzia eta baimenak arautzen dituen urriaren 30eko 384/2000 Foru Dekretuko 10. artikuluari jarraituz, uler daiteke aitatasunaren baimena interesdunak aukeratutako moduan erabil daitekeela, edo umea jaiotzen den egunetik, edo amari ospitalean alta ematen dioten egunetik.
Lehendabiziko kasuan, [?] jaunaren aitatasun baimena 2009ko urtarrilaren 12tik urtarrilaren 26ra luzatuko zen, biak barne. Bigarren kasuan, kontuan izanda amari ospitaleko alta urtarrilaren 17an eman ziotela, aitatasun baimena urtarrilaren 17tik urtarrilaren 31ra bitartekoa izanen zen.
Hirugarrena.- [?] jaunaren eskaria aurkeztu zen unean, 2009rako Estatu Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 2/2008 Legea zegoen indarrean. Lege horrek, Emakumeen eta gizonen egiazko berdintasunari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, honakoa ezartzen du seigarren xedapen gehigarrian: “... lan-kontratuaren aitatasunarengatiko etetea hogei egunekoa izanen da, jaiotza, adopzio edo harrera berria familia ugari batean gertatzen denean, jaiotza, adopzio edo harrera berriarekin familiak izaera hori eskuratzen duenean edo familian pertsona ezgaituren bat dagoenean.
Ume bat baino gehiago jaio, adoptatu edo hartzen direnean, edota horietakoren batek ezgaitasunik badu, adierazitako baimenak beste bi egun iraunen du bigarrenetik aurrerako haur bakoitzeko.
Xedapen hau 2009ko urtarrilaren 1etik aurrerako jaiotza, adopzio ed harreretan aplikatuko da.”
Halaber, opor, une horretan Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legeko aurreikuspen hori jasotzen zuen opor, lizentzia edo baimenei buruzko erregelamendu berria izapidetzen ari zen. Erregelamendu hori Nafarroako Gobernuaren 2009ko otsailaren 9ko bilkuran onetsi da, eta berariaz aurreikusten da aitatasunarengatiko baimena “aitak gozatuko duela jaiotzaren egunetik hasita...”
Erregulazio berri horrekin –hain zuzen ere [?] jaunaren eskabidea jaso zenean berehala onestekoa zen–, interesdunaren baimenak 2009ko urtarrilaren 12tik otsailaren 2ra bitartekoa izan behar zuen.
Laugarrena.- Txosten honetako bigarren idatz-zatian aipaturiko Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren apirilaren 13ko 181/2007 Foru Agindua eman zenez bermatzeko aitak seme-alaba baten jaiotza, harrera edo adopzio kasuetan gozatu beharreko baimen ordaindua –urriaren 30eko 348/2000 Foru Dekretuan ezarritakoa– bat datorrela Gizarte Segurantzaren sisteman prestazio gisa jasotako subsidioarekin, eta bermatzeko, halaber, Foru Komunitateko Administrazioaren menpeko langile funtzionario guztiei berdin aplikatuko zaiela –gizarte-aurreikuspeneko zein araubidetan afiliatuta dagoen begiratu gabe–, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuak, Funtzio publikoaren Zuzendaritza Nagusiari kontsulta egin ondoren, bidezkotzat jo zuen interesdunari baimen ordainduko hogeita bi egun ematea, bere bi alaben jaiotzatik kontatzen hasita, erregelamendu berria laster indarrean sartzekoa zelako eta Estatuko erregulazioaren ezaugarriei jarraituz.
Hori dela eta, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren urtarrilaren 23ko 124/2009 Ebazpena onetsi zen. Haren bidez, [?] jaunari baimen ordaindua ematen zaio bere bi alaben jaiotzarengatik. Ebazpenaren kopia txosten honekin batera dago.”
[?] jaunak, 2009ko urtarrilaren 19an, Hezkuntza Departamentuari aitatasun baimena eskatu zion, emazteari ospitalean alta eman zioten egunetik hasita, hain zuzen ere urtarrilaren 17tik hasita.
Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren urtarrilaren 23ko 124/2009 Ebazpenaren bitartez, 22 eguneko baimen ordaindua eman zitzaion, Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 2/2008 Legean ezarritako aplikatuz eta Emakumeen eta gizonen egiazko berdintasunari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko; lege horrek, izan ere, honakoa ezartzen du seigarren xedapen gehigarrian:
“...lan-kontratuaren aitatasunarengatiko etetea hogei egunekoa izanen da, jaiotza, adopzio edo harrera berria familia ugari batean gertatzen denean, jaiotza, adopzio edo harrera berriarekin familiak izaera hori eskuratzen duenean edo familian pertsona ezgaituren bat dagoenean.
Ume bat baino gehiago jaio, adoptatu edo hartzen direnean, edota horietakoren batek ezgaitasunik badu, adierazitako baimenak beste bi egun iraunen du bigarrenetik aurrerako haur bakoitzeko.
Xedapen hau 2009ko urtarrilaren 1etik aurrerako jaiotza, adopzio ed harreretan aplikatuko da.”
Horren bidez, interesdunaren asmoa betetzen da, aitatasun baimenaren egun kopuruari dagokionez, eta aipatutako arauak zuzen aplikatzen dira.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Ulertzea [?] aitatasun baimenaz amari ospitalean alta eman zioten egunetik hasita gozatzeko jaunak zeukan eskubidea kaltetu dela. Eskubide hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren funtzio publikoaren antolamendu juridikoan aitortuta dago.
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari gomendatzea [?] jaunari emandako aitatasun baimena berrikus dezan, hark egindako hautua betez.
Bi hilabeteko epea ematea Hezkuntza Departamentuari gomendio hori onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legean ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia