Partekatu edukia
Hezkuntza eta Irakaskuntza
Gaia: Discrepancia con el sistema de financiación de los libros de texto para la enseñanza básica
Exp: 08/656/E
Nº: 38
Hezkuntza
1. 2008ko abenduaren 31n, [?] andreak izenpetutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen oinarrizko hezkuntzarako testuliburuak finantzatzeko sistemari buruz.
Interesdunak azaltzen du –lehen hezkuntzako laugarren maila ikasten ari den semea dauka– ikasturte honetan zehar diru-zenbateko batzuk ordaindu behar izan dituztela (ezin berrerabil daitekeen materialarengatik, irakurketa-liburu batengatik eta testuliburu batengatik; azken kasu horretan gurasoei azaldu zaie Nafarroako Gobernuak emandako dirua ez zela nahikoa hura ordaintzeko).
2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari.
2009ko otsailaren 3an, eskatutako txostena jaso genuen. Bertan, honakoa jaso zen:
“Oinarrizko hezkuntzarako testuliburuak finantzatzeko martxoaren 25eko 6/2008 Foru Legeko 3. artikuluaren arabera, “Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legeak aurrekontu-ekitaldi bakoitzean bilduko ditu testuliburuak finantzatzeko behar diren kontusailak, Erregelamenduz zehaztuko diren formulen arabera.”
Oinarrizko hezkuntzarako testuliburuak finantzatzeari buruzko martxoaren 25eko 6/2008 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen abuztuaren 11ko 89/2008 Foru Dekretuko 4. artikuluaren arabera, Hezkuntza Administrazioak ezarriko du urtero zein izanen den programarako eginen duen gehieneko ekarpena: “Onuraduna den ikasle bakoitzeko modulu bat ezarriko du, eta horren balioa ezartzeko kontuan hartuko dira programa aplikatuko deneko irakaskuntza maila eta gehien erabiltzen diren liburuek benetan duten kostua”. Hezkuntza kontseilariaren irailaren 26ko 158/2008 Foru Aginduaren bidez, Administrazioak testuliburuen doakotasun programa finantzatzeko eginen duen ekarpenaren gehieneko zenbatekoa zehaztu zen: 133 euro Lehen Hezkuntzako ikasleentzat eta 232 euro Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat.
Gehien erabiltzen diren liburuen merkatuko prezioei egokitutako zenbateko horiekin –beste autonomia erkidego batzuetan ezarritakoen antzekoak–, jotzen da Administrazioak doakotasun programa ordaintzen ari dela, halako moduan non, oro har, liburuak doakoak direla jo ahal baita.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoko laugarren xedapen gehigarriak, testuliburuei buruz ari dela, adierazten du ikastetxe publikoetako koordinazio didaktikoko organoei dagokiela, autonomia pedagogikoaz baliatuta, irakaskuntza desberdinak garatzeko erabili behar diren testuliburuak eta gainerako materialak ezartzea. Esan beharrik ez dago ikastetxe pribatu itunduetan, testuliburuak hautatzeko askatasun bera dagoela.
Hezkuntza Departamentuak ezin du mugatu eta ez du mugatu nahi ikasleek erabili behar dituzten testuliburuak hautatzeko ikastetxeek duten autonomia; baina, bestalde, testuliburuak merkatuko arauen menpean daude. Horrenbestez, alde nabarmenak daude prezioetan argitaletxeen arabera, eta argi eta garbi dago programaren finantziazioa ezin dela iritsi, mugarik gabe, ikastetxeek egiten duten edozein hautapena ordaintzera, edozein dela ere prezioa–.
Horri dagokionez, programaren doakotasuna ez da absolutua; izan ere, “gehien erabiltzen diren liburuek benetan izaten duten kostuari” dagokio (89/2008 Foru Dekretuko 4. artikulua). Logikoa da hori, bestalde, zeren eta programa aurrekontuan dagoen diruaren arabera egokitu behar baita.
Egoerari konponbidea emateko, eta ikastetxeak hautatutako liburuen prezioak Administrazioak ezarritako ekarpena gainditzen duen kasuetarako, abuztuaren 11ko 89/2008 Foru Dekretuko 14. artikuluan aurreikuspen bat jaso zen, ulertuta Administrazioak ematen duen ekarpenarekin testuliburuak doakotzat jotzen direla, 4. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Azkenik, Erregelamenduko 17. artikuluan aurreikusten da ikastetxe bakoitzean batzorde bat izatea, Eskola Kontseiluaren barruan, liburuak doan jasotzeko programa kudeatzeko edo ikuskatzeko. Batzorde horretan, hezkuntza erkidegoko sektore guztiak egonen dira ordezkatuta, eta hartan, ikasleen gurasoek beren desadostasuna agertu ahalko dute programa ikastetxean aplikatzeko moduari buruz, beren ordezkarien bitartez”.
1. Abiapuntutzat hartu behar dugu, ezinbestez, Oinarrizko Hezkuntzarako Testuliburuen Finantziazioari buruzko martxoaren 25eko 6/2008 Foru Legean ezarritakoaren azterketa.
2. artikuluko lehen idatz-zatian, doakotasunerako eskubidea aitortzen du, honakoa ezartzen baitu: “Diru publikoekin ordaindutako ikastetxeetako testu liburuak, alegia, ikastetxe bakoitzak oinarrizko hezkuntzan irakasteko legez aukeratu dituen haiek, dohainik izanen dira aipatu irakaskuntzan ari diren ikasle guztientzat”.
Agindu horri dagokionez, lege-arauaren 1. artikuluak definitzen du testuliburua zer den (material iraunkorra eta buruaskia, ikasleek erabiltzeko eginikoa eta Nafarroako Gobernuak hezkuntza-etapetan curriculumak garatzeko onetsi duen araudian ezarritako edukiak garatzen dituena).
Bestalde, hemen interesatzen zaigunari begira, foru legeak beste arau batzuetara bidaltzen du, zertarako eta behar diren baliabideak ezartzeko eskubidea benetakoa izan dadin, eta behar diren prozedura-bideak presta daitezen. Horri buruz, 2. artikuluak Erregelamendurako uzten du ikastetxeek eta gurasoek testuliburuak jasotzeko jarraitu beharreko prozedurak; eta 3. artikuluak Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legera bidaltzen du hartan sar daitezen liburu horien doakotasuna finantzatzeko behar diren kontusailak, erregelamenduz zehazten diren formulei jarraituz.
Azkenik, foru legeak ezartzen du doakotasunaren ezarpena pixkanaka eginen dela. Horri dagokionez, zioen azalpenean honakoa jaso zen: funts publikoekin ordaindutako ikastetxeetan testu liburuak finantzatzeko programa da Nafarroako Gobernuak aurrera eramanen duen jarduera, hezkuntza zerbitzu publikoaren doakotasuna errealitate bihurtzeko. Iragarritako gradualtasunaren printzipioari buruz ari garela, arauaren 5. artikuluak ezartzen du programa ondoz ondoko ikasturteetan ezarriko dela harik eta oinarrizko hezkuntzako maila guztiak hartu arte, eta 2008-2009 ikasturtean hasiko dela. 2011-2012 ikasturterako, berriz, guztiz ezarrita egonen da.
2. Aurreko lege-aurreikuspenei erreparatuta, honakoa ondorioztatu behar dugu:
a) Foru erkidegokok legegileak aitortua du testuliburuen doakotasunerako eskubidea.
b) Liburu horien doakotasunerako eskubidea ez da berehalako moduan aitortzen, zeren eta aurreikusten baita programa ondoz ondo ezartzen joanen dela, eta 2011-2012 ikasturtean amaituko dela.
c) Testuliburu gisa ez dira hartzen ikasten jarduteko behar diren material guztiak, baizik eta legeko 1. artikuluan ezarritakoak. Hori dela eta, gure ustez ez da legea urratzen ari gurasoek beste material jakin batzuen kostua (ez iraunkorrak edo ezin daitezkeenak berrerabili) ordaindu behar izateagatik.
d) Legegileak ez du aurretik ezarri nolako formula erabili behar den finantziaziorako, ez eta liburuak erosteko zein prozedura jarraitu behar diren. Alderdi horiek, izan ere, erregelamendu bidez ezarriko dira. Hori bai, legearen zehaztapen falta hori eta xehetasunak erregelamendu bidez ezartzeko arrazoizko dei horrek doakotasunerako eskubidearen aurkako emaitzak ekar ditzake. Administrazioak finantzatzeko formula desberdinen artean bat hautatu ahalko du, edo erosteko zenbait prozedura aurreikusi ahalko ditu, baina nolanahi ere 2011-2012 ikasturterako testuliburuek doakoak izan behar dute oinarrizko hezkuntzan ikasten ari diren ikasle guztientzat, hala ezarri baita legez.
e) Doakotasunari buruzko programa, zeinak, adierazi dugun bezala, guztiz ezarrita egon behar baitu 2011-2012 ikasturterako, ez da bateragarria ordainketan parte-hartzea dakarren finantzaketa sistema batekin, azken horrek berarekin ekar baitezake bukaeran gurasoek zenbateko batzuk ordaindu behar izatea, handiak ez badira ere, ikastetxe bakoitzak legez hautatutako testuliburuak erosteko.
3. Erakunde hau herritarren eskubideak zaintzeko sortu zen, hain zuzen ere Konstituzioak aitorturiko eta legeek erregulatutako eskubideak, eta Administrazio Publikoaren balizko abusu eta akatsen aurrean erreakzionatu beharra dauka.
Egia izanda ere kexa-egileak eskolako materialarengatik, testuliburuak barne direla, diru-kopuru batzuk ordaindu behar izan dituela, ezin dugu ondorioztatu, aipaturiko legezko araupetzea ikusita –eta, zehazki, doakotasunerako programaren ezarpenaren gradualtasuna– Administrazioak urratu izan dituenik Konstituzioak edo Nafarroako legegileek aitorturiko eskubideak.
Hala eta guztiz ere, egokitzat jotzen dugu Hezkuntza Departamentuari iradokitzea behar diren neurriak har ditzan doakotasuna ahal den bezain laster ezartzeko, eta, nolanahi ere, foru legean aurreikusitako epean bururaino eraman dezan. Aldi berean, adierazi behar dugu doakotasun hori ez dela bateragarria ikasleen gurasoek ordainketan parte-hartzea ekar dezakeen sistema batekin.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
1. Kexa eragin duen egitateak ez dituela kaltetu legegileak interesdunari aitorturiko eskubideak.
2. Jotzea funts publikoekin mantendutako ikastetxeek legez hautaturiko testuliburuen doakotasuna bateraezina dela gurasoek testuliburu horien kostuaren zati bat finantzatu behar izatea dakarren finantzaketa-sistema batekin.
3. Hezkuntza Departamentuari iradokitzea behar diren neurriak har ditzan ahal den bezain laster eta nolanahi ere 6/2008 Foru Legean aurreikusitako epean, bermatuta egon dadin funts publikoekin mantendutako ikastetxeek legez hautatzen dituzten testuliburuen doakotasunerako eskubidea.
4. Bi hilabeteko epea ematea Hezkuntza Departamentuari ebazpen hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz diezaion erakunde honi, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.
5. Interesdunari eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia