Partekatu edukia
Nekazaritza, Merkataritza, Industria eta Turismoa
Gaia: Falta de contestación a los recursos interpuestos en proceso de concentración parcelaria
Exp: 08/652/A
Nº: 37
Nekazaritza
1. 2008ko abenduaren 26an, [?] andreak, [?] jaunak, [?] jaunak eta [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuten Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren aurka.
Azaltzen dute departamentu horrek ez duela bete Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 42. artikuluan ezarritakoa, ez baititu ebatzi Ablitasen egiten ari den lursailen berrantolamenduko prozesua dela-eta interesdunek aspaldian aurkeztutako errekurtsoak.
Zehazki, honako idatziak aipatzen dituzte:
a) [?] andreak 2007ko uztailaren 23an aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa.
b) Aurrekoak eta kexa izenpetzen duten gainerakoek 2008ko ekainaren 23an aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa.
Adierazten dute lursailen berrantolamenduko prozedura bukatzekotan dagoela, eta Foru Komunitateko Administrazioak oraindik ere ez dituela ebatzi bere garaian aurkeztutako errekurtsoak. Horrekin, izan ere, ez da betetzen ari legez duen betebeharra, eta kaltea eragiten ari zaizkie.
2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.
2009ko urtarrilaren 28an, eskatutako txostena jaso genuen. Bertan, honakoa jaso zen:
“Ablitasko lursailen berrantolamenduko prozesutik heldu diren jardueren aurka aurkeztutako gora jotzeko bi errekurtsori erantzunik ez emateagatik [?] andreak, [?] jaunak, [?] jaunak eta [?] jaunak aurkeztutako kexari dagokionez, honakoa jakinarazi behar dizut:
2006ko azaroaren 3an, pertsona horiek gora jotzeko errekurtso bat aurkeztu zuten Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren irailaren 22ko 1108/2006 Ebazpenaren aurka. Izan ere, ebazpen horren bidez, Ablitasko lursailen berrantolamendurako oinarriak onetsi ziren. 2006ko urriaren 11ko 122. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.
Gora jotzeko errekurtsoa Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariaren maiatzaren 21eko 159/2007 Foru Aginduaren bitartez ezetsi zen. Foru agindu hori 2007ko ekainaren 4an jakinarazi zen.
2007ko uztailaren 23an, errekurtsogileek idazki bat aurkeztu zuten –2007ko abuztuaren 1ean erregistratu zen–. “Babes eskaria” izenburua eman zioten. Bertan, beren egoera pertsonala azaldu eta eskatzen dute errekurtsoa ezetsi zuen foru agindua alda dadin. Idazki hori ezin da gora jotzeko errekurtsotzat hartu, zeren eta lehenbizikoa ezetsi ondoren, foru aginduaren aurka administrazioarekiko auzien bidetik baizik ezin baitzen jo, berariaz adierazi zitzaien bezala.
Horrenbestez, ez gaude gora jotzeko errekurtso bati ebazpenik eman ez zaion kasu baten aurrean.
2007ko azaroaren 28an, Nafarroako Aldizkari Ofizialean Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 9ko 1724/2007 Ebazpena argitaratu zen. Haren bidez, Ablitasko lursailen berrantolamenduari buruzko erabakia onetsi zen. Ebazpen horren aurka, 2008ko ekainaren 23an, [?] andreak, [?] jaunak, [?] jaunak eta [?] jaunak ([?] zenbakiko jabeak) gora jotzeko errekurtso bat aurkeztu zuten Ablitasko Udalean –udalak ez du Nafarroako Gobernuarekin hitzarmenik sinatu erregistro laguntzailea izateko–. Gora jotzeko errekurtso hori 2008ko ekainaren 27an sartu zen Nafarroako Gobernuko Erregistroan.
Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikuluak ezartzen du beranduenez hiru hilabeteko epean erantzun behar zaizkiela herritarren idazkiei, baina gaur den egunean gora jotzeko errekurtso hori ebatzi gabe dago. Neurri batean hori zor zaio errekurtso-egileekin elkarrizketak eduki izanari, hain zuzen ere beren asmoak asetzeko eta arazoa ebaluatzeko. Behin gaia baloratuta, jakinarazten dizut 10 eguneko epean gora jotzeko errekurtsoari erantzunen zaiola”.
1. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak Nafarroako administrazio publikoei aurkeztutako eskari eta helegiteak behar diren denboran eta moduan berariaz ebatz daitezen zaintzeko eginkizuna aitortzen dio Arartekoari.
Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42.1 artikuluak honakoa ezartzen die administrazio guztiei: administrazioek esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar dute prozedura guztietan, prozedura horiek hasteko modua edozein dela ere. Betebehar horretarako gehieneko epe bat dago, eta epe hori, gora jotzeko helegiteen kasuetan, hiru hilekoa da (42.2 artikulua, 30/1992 Legeko 115.2 artikuluarekin lotuta dagoena).
Ezarritako epean berariaz ebazteko eta jakinarazteko betebehar hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean berretsi zen. Izan ere, 7. artikuluan aitortzen da herritarrek administrazio egokia izateko eskubidea, horren barne dela administrazioak espresuki emandako ebazpena legez ezarritako epean lortzeko eskubidea.
Agindu horiek herritar guztien oinarrizko eskubidearen islatzea baizik ez dira: aurkeztutako eskabide, eskari, errekurtso edo erreklamazioen erantzuna jasotzea, eta hura arrazoizko denbora batean eman dadin.
2. Orain planteaturiko kasuan, ikusten dugu ukitutako herritarrek Landa Garapenerako eta Ingurumeneko Departamentuari zuzendutako bi idazki aurkeztu zituztela, nekazaritza azpiegituren arloan Ablitasen izandako jardueraren prozedurari buruz.
Lehendabizikoa 2007ko uztailaren 23an aurkeztu zen, eta interesdunak “babes eskaria” deitu zion. Haren bidez, Administrazioak dioenaren arabera, eskatzen zuen aurretik aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ebatzi zuen foru agindua aldatzeko. Egitate hori bide administratiboan irmoa zela ulertuta, eta bide judiziala baizik ez zela geratzen, Landa Garapeneko Departamentuak, espedientetik ondorioztatzen den bezala, ez zion eskariari berariaz erantzun.
Bide administratiboan jada irmoa zen egitatea izanda ere, eta eskaria ezetsi behar bazen ere, Administrazioak behar zen erantzuna emateko betebeharra zeukan. Herritarrek idazki bat aurkeztu zuten, eta egitate administratibo jakin bat eskatu zuten, aurreko beste erabaki bat aldatzekoa. Idazki horren aurrean, eta hari ematen zaion kalifikazio formala alde batera utzita, hura tramitera ez onartzea baldin bazen bidezko erantzuna, horixe behar zuen izan, hain zuzen ere, herritarrei eman beharreko erantzuna. Baina ezin litekeena da inongo erantzunik ez ematea, zeren eta legezko betebeharra beti bete beharrekoa baita, are Administrazioak kasuan kasuko eskaria, errekurtsoa edo herritarren beste edozein eske-egintza ezetsi behar dela uste duenean ere.
Bigarren idazkiak, 2008ko ekainaren 23koak, lursailen berrantolamenduaren aurkako gora jotzeko errekurtso bat biltzen du. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak aitortua du hura ez zela ebatzi legez ezarritako epean.
Hori guztia dela eta, ondorioztatu beharra dago Foru Komunitateko Administrazioak ez duela bere legezko betebeharra behar den epea bete, herritarren asmoei erantzun ez dielako, eta, horrenbestez urratu ahal izan duela herritarrek administrazio egokia izateko duten eskubidea, hain zuzen ere abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 7. artikuluan aldarrikatutakoa.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari gogoraraztea herritarrek eskatutakoak berariaz eta behar den epean ebazteko legezko betebeharra duela, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 42. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legeko 7. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta, zehazki, kexa-egileen eskariei buruzko ebazpena eman behar duela.
2. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
3. Interesdunari eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia