Partekatu edukia
Beste ikasgai batzuk
Gaia: Irregularidades en la gestión municipal
Exp: 09/21/V
Nº: 36
Askotarikoak
1. 2009ko urtarrilaren 19an [?] andrearen idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen du Etaioko Udalaren aurka botere-abusuarengatik, arbitrariotasunarengatik eta alkateak bere karguan egin dituen bestelako irregulartasun batzuengatik.
Kexa-egileak azaltzen zuen alkate jaunak, orain dela urte batzuetatik jakinda ere [?] Eraldaketarako Nekazaritza Sozietatea “txita aurrerakoen hazkuntzan” jarduten duela, ustiategiko titularrei behar diren datuak eskatu dizkie tributu-kuota kalkulatzeko, hori jarduera ekonomikoen gaineko zergatik salbuetsita dagoen jarduera izan arren –txitak zero egunekin iristen baitira instalazioetara eta bertatik lau hilabete izan baino lehenago eramaten baitituzte–.
Adierazten zuen, gainera, eskaera horrek etsaitasuna eragin duela alkatetzaren eta ENSeko bazkideen artean, alkatea izateaz baliatu baita Etaioko Udaleko Batzarrean aurkari dituenak kaltetzeko; bitartean, alkate jaunak, bizilagunek eskatuta ere, ez du alta eman nahi izan egiten dituen jardueretan.
Gehitzen zuen Batzarreko kide gisa parte hartzea eragozten diola alkateak, eta ukatu egiten diola kontzejukide gisa eskatzen duen dokumentazioa. Kontatzen zuen, gainera, alkateak osoko bilkuretan irain egiten diola, “berankor” deitzen baitio.
2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Etaioko Udalari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
3. Joan den otsailaren 16an, Etaioko Udalaren txostena jaso genuen. Bertan, honakoa azaltzen da:
“Alkate honek Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Zehapen eta Errekerimenduen Atalera igorri zuen eskabide batetik heldu da [?] ENSa granjaren kasuan udalak egin duen jarduera, ENS horrek bere jarduerarengatik jarduera ekonomikoen gaineko zerga ez ordaintzeari buruzkoa, jakin nahi baitzuen jarduera horrengatik jarduera ekonomikoen gaineko zerga ordaindu behar zen ala ez zen ordaindu behar.
Atal horrek 2008ko maiatzaren 27an emandako txostenak zehazten du “txiten hazkundean diharduen ustiategi batek, haiei gero hirugarrenei saltzeko, jarduera ekonomikoen gaineko zerga ,ordaindu behar duela”. Aipaturiko bi dokumentuen kopia erantsi dugu.
Hori dela eta, aurrerago eskatu zitzaion jarduera horri jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emateko behar ziren datuak; baina ez ditu datu horiek eman, eta horregatik alkatetza honek alta bere kabuz emateko izapideak hasi ditu.
Idazkian agertzen diren gainerako kontuak kexa-egilearen iritzi pertsonalak dira. Hori dela eta, alkatetza honek ez du haiek direla-eta polemiketan hasi nahi”.
4. Auzia hobeki ulertzeko, honako zehaztapenak egin behar dira: Lehena.- Kexa-egileak 2008ko apirilaren 23ko 11:16an eskabide bat aurkeztu zuen Etaioko Udalean –45. zenbakiarekin erregistratu zen–. Haren bidez, besteak beste, honakoa azaltzen zuen: “Jarduera ekonomikoen gaineko zergaren tarifak arautzen dituen legearen arabera –maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legea– Ugaltzeko arrautzatarakoengatik (041.1), lau hilabete egiten dituzten arte, ez da zerga ordaindu behar.
Udal honetan jakina den bezala, [?] ENSak txita aurrerakoen hazkuntzan jarduten du, eta txita horiek ez dira granjan egoten, sekula, lau hilabete baino gehiago, bestela negozioa ez bailitzateke errentagarria izanen. Granja, ikuskapen soil batean ikusiko litzatekeen bezala, ez dago prestatuta txitek arrautzak erruteko, eta kaioletan ez lirateke lau hilabeteko txitak kabituko”.
Bigarrena.- Etaioko Udalak, 2008ko apirilaren 24an, Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Lizarran duen erregistroan, eskabide bat aurkeztu zuen (19. zenbakiko irteera-zenbakiarekin eta udalean 2008-04-23ko 12:24an erregistratua), aipatu departamentuko Zehapen eta Errekerimenduen Atalera zuzendua (2008/194532 sarrera-zenbakia). Honakoa zioen hartan, hitzez hitz: “Honen bidez, txosten juridiko bat egin dadin eskatzen dugu, jakiteko ea hirugarrenei saltzen zaizkien txiten hazkuntzan diharduen ustiategi batek jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda egon behar duen. Eta hala bada, zein kuota ordaindu behar duen, zein kasutan, aurreko urteetan ordaindu gabeko kuoten balizko atzeraeragina eta abar”.
Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren Zehapen eta Errekerimenduen Atalak, 2008ko maiatzaren 27an igorritako idazkian, honakoa zioen: “dauzkagun datuen arabera, kontsultaren xedea den jarduerak –hirugarrenei saltzen zaizkien txitak hazteko ustiategia– zerga ordaindu behar duela, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legeko 146. artikuluan ezarritakoaren arabera: “1... zergagaia Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean enpresa-jarduerak egite soila izanen da...”
Hirugarrena.- Kexa-egileak, 2008ko maiatzaren 9an, idazki bat aurkeztu zuen Etaioko Udalean, non jarduera ekonomikoen gaineko zergaren tarifei eta jarraibideari buruzko aurreko idazkia gogoratuz, honakoa azaltzen zuen: “Hegazti-hazkuntzaren taldean, arautzen dira arrautzatarako hegazti-hazkuntza (041) eta lau hilabetetik gorako erruleak (arrautzen salmentan diharduten granjak) (041.2), baina ez da ezer esaten txita aurrerakoen hazkuntzari buruz, horixe izaki [?] ENSaren jarduera.” Legeak jasotzen ez duena ezin du alkate jaunak jasoarazi”.
Laugarrena.- 1994ko uztailaren 17an, Etaioko alkatetzak, [?] ENSari irekitzeko lizentzia eman zion “txita aurrerakoen hazkuntza” izeneko jarduera sailkatuan hasteko. Jarduera horrengatik, enpresak 1995eko eta 1996ko lizentzia fiskalari zegozkion kuotak ordaindu zituen (1995-1999 legegintzaldia, zeinean egungo alkatea udalbatzako alkateordea baitzen). Kuota horiei, bestalde, % 95eko hobaria aplikatu zitzaien, Kooperatiben Zerga Araubidearen indarrez (ekainaren 21eko 9/1994 Foru Legea). Aipatu lege horrek ezarritakoaren indarrez, halaber, hobari horrek udalari ekarri zion diru-sarreren gutxitzearen kalte-ordaina eman zitzaion udalari (379.194 pezeta), hain zuzen ere Toki Administrazioko zuzendari nagusiaren martxoaren 24ko 153/1997 Ebazpenaren bitartez, betiere udalak horri zegokion eskabidea egin ondoren.
1997an, lizentzia fiskalaren ordez, jarduera ekonomikoen gaineko zerga ezarri zen (maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legea, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Tarifei eta Jarraibideari buruzkoa). Zergaren araupetze berritik, [?] ENSari udalak ez zion inongo diru-kopururik ordainarazi jarduera ekonomikoen gaineko zerga dela eta, zeren eta ustiategian ukuiluratzen zuen azienda ez baitzen zenbatesten.
1. Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Tarifei eta Jarraibideari buruzko maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legeko II. Eranskineko 15.1 arauak honakoa ezartzen du: “Tarifak ezartzetik zero kuota ateratzen baldin bada, subjektu pasiboek ez dute ezer ordainduko Zerga dela eta. Alta aitorpena eta egokitzen diren gainerakoak egin beharko dituzte, hala ere”. Arauaren edukitik bertatik ondorioztatzen da Etaioko alkate jaunak 2008ko apirilaren 24an entregatu zuen eskabidearen zati bat, non Ekonomia eta Ogasun Departamentuari galdetzen baitzion “ea derrigorrezkoa zen jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda egotea”, bidezkoa dela, zeren eta Gobernuaren erantzuna ezagupen handiagoa emanen baitio bera karguari dagozkion eginkizunak hobeki garatzeko.
Hala eta guztiz ere, erakunde honek ezin du bidezkotzat jo eskabidearen gainerakoa (ordaindu beharreko kuotak, kuoten atzeraeragina). Izan ere, Nafarroako Gobernuari María Idoia Villegas andreak 2008ko apirilaren 23ko idazkian –sarrerako 45. zenbakia zuen hartan– emandako datuak ez emateak, alegia, “Jarduera ekonomikoen gaineko zergaren tarifak arautzen dituen legearen arabera –maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legea– Ugaltzeko arrautzatarakoengatik (041.1), lau hilabete egiten dituzten arte, ez dela zerga ordaindu behar” ez esateak, inplikatzen du jarduera partzial bat izan zela, kontuan izanda alkate jaunak ezagutzen zuela ustiategiaren ezaugarri hori, “aurrekariak”·ataleko 4. puntuko laugarren idatz-zatiaren edukitik ondorioztatzen den bezala.
Nafarroako Gobernuaren erantzuna, logikoa den bezala, galderarekin bat dator, baina orokorra da, galdera orokorra den bezala. Ezin da erantzun hori banakako egoeretan eragina duten geroko erabakietarako oinarri edo argudio gisa erabili, arau orokorra baita kontuan hartzen dena: “zergagaia Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean enpresa-jarduerak egite soila izanen da”. Baina ez arauaren salbuespenak: “Lau hilabete bitarteko arrautzatarako oilandak ez dira konputatuko”.
2. Irailaren 3ko 14!2008 Ebazpenaren bitartez, [?] ENSari eskatu zitzaion “behar ziren datu edo informazio guztiak udalari emateko txitak hazteko aipatu jarduerari jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emateko... eta tributu kuotaren kalkulua egin ahal izateko (azken lau urteetako txiten kopurua eman beharko da)”.
Ebazpen horren aurka, [?] ENSaren ordezkariak 2008ko urriaren 31n, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu zuen, honakoa alegatuz: “Gai honetan Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren edo Lizentzia Fiskalaren Tarifei eta Jarraibideari buruzko maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legea aplikatu behar da: 04 Taldea, Hegazti-hazkuntza, 041:1.a taldeari buruzko oharrak”. Lau hilabete bitarteko arrautzatarako oilandak ez dira konputatuko”.
Alkatetzaren azaroaren 25eko 20/2008 Ebazpenaren bitartez, ezetsi egin zen Alkatetzaren irailaren 3ko 14/2008 Ebazpenaren aurka aurkeztutako berraztertzeko errekurtsoa.
3. Erakunde honetan zabaldutako espedienteari zenbait dokumentu erantsi zaizkio; esate baterako, ITG Ganaderoko teknikaria den albaitari baten 2009ko urtarrilaren 7ko ziurtagiri bat, non ziurtatzen baitu “[?] ENSra egun bateko txitak iristen direla eta bertan 16 aste betetzen dituzten arte egoten direla. Denbora hori dutenean, ustiategitik ateratzen dira, oilo erruleen ustiategietara eramateko”. Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzuko Lizarrako abeltzaintza-bulegoko albaitari baten 2008ko maiatzaren 8ko ziurtagiri bat ere badago, non hauxe adierazten baita: “[?] ENSa abeltzaintzako zentsuan dago Etaioko ustiategi bateko titular gisa, honako zentsuarekin: Espeziea: Oiloak. Abere mota: Arrautzatarako oiloen hazkuntza. Zentsuaren data: 2008/02/14.
4. Erakunde honen ustez ez da errespetatu kexa-egileak tributuen arloan legezkotasuna bete dadin duen eskubidea. Berraztertzeko errekurtsoaren ebazpena, zeinak inolako daturik ez baitu ematen ustiategiaren ezaugarriei buruz, errekurtso-egileak emandako datuen aurka egiteko, 1994tik udalak izan duen irizpidetik aldentzen da (“aurrekariak” ataleko 4. puntua, laugarren idatz-zatia), eta ez ditu aipatu jarduerak bete beharreko araudia aplikatzen, hain zuzen ere Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Tarifei eta Jarraibideei buruzko maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legeko I. Eranskineko 041 multzoari buruzko (“Arrautzatarako hegazti-hazkuntza”) 1. oharra: “Lau hilabete bitarteko arrautzatarako oilandak ez dira konputatuko”.
5. Kexa-egileak aipatzen ditu, halaber, Sanz de Acedo jaunari egotz dakizkiokeen beste alderdi batzuk badaudela; esate baterako alkate izaeraz baliatzea egiten dituen jardueretan alta ez emateko; edo interesdunari eragoztea kontzejuko kide gisa jardun dezan, eskatzen duen dokumentazioa ukatuz; edo kexa-egileari Osoko Bilkuretan egiten dizkion irainak. Erakunde honek uste du ez dela horrelako gaiak baloratzera sartu behar, zeren eta horiek, zeharka, ukatu egin baitira udalaren txostenean: “...iritzi pertsonalak dira. Hori dela eta, alkatetza honek ez du haiek direla-eta polemiketan hasi nahi”. Horrelako egitateak kexan adierazitako moduan gertatu izanari buruzko konstatazio egiazkorik eta zalantza gaberik ez daukagunez, ezin dugu inolako azterketarik egin gure ikuskapen-eginkizunean eduki behar dugun zuhurtasunarekin eta objektibotasunarekin.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
1. Etaioko Udaleko alkatetzari gogoraraztea Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Tarifei eta Jarraibideei buruzko maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legeko 1. eranskineko 041 multzoko 1. oharra eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeko 146. artikulutik 158. artikulura bitartekoak legez betetzeko betebeharra duela. Horien bidez, ez dira konputatu behar lau hilabete bitarteko arrautzatarako oilandak.
2. Etaioko Udalari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko aurreko puntuan jasotakoak onartzen dituen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
3. Erabaki hau Etaioko Udaleko alkateari eta kexa-egileari jakinaraztea, eta haiei jakitera ematea erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 35.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez dela zilegi ebazpen honen kontrako errekurtsorik jartzea.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia