Partekatu edukia
Función Pública
Gaia: Disconformidad con la denegación de la acumulación de vacaciones por coincidir con el permiso de maternidad
Exp: 09/20/F
Nº: 35
Funtzio Publikoa
1. Aurtengo urtarrilaren 19an, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa agertzen zuen 2008ko oporraldiez gozatzeko eskubidea galtzeagatik.
Azaltzen zuen joan den uztailean bere semea jaio zela, behar baino goizago. Umea urrira arte ospitalean egon zen. Hori dela eta, 17 asteko amatasun lizentziaz gozatu zuen, 2008ko uztailaren 10ean hasi eta 2008ko azaroaren 5era arte. Ondoren, baimena luzatu zitzaion 2009ko urtarrilaren 30era arte.
Hala eta guztiz ere, interesdunak 2008ko 18 opor egun hartu gabe utziak zituen, eta, horrenbestez, idazki bat aurkeztu zuen haiek 2009ko urtarrilaren 30etik aurrera hartu ahal izateko, edo, subsidiarioki, egun horiei zegokien diru-kopurua jasotzeko, Emakumeen eta gizonen egiazko berdintasunari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoko 59. artikuluan ezarritakoaren babesean. Urtarrilaren 8ko 1/2009 Ebazpenaren bitartez, Kultura zuzendari nagusiak ezezkoa eman dio egindako eskariari.
Horrenbestez, eskatzen zuen bere eskaria berrikusteko eta “Nafarroako Gobernua premiatzeko familia eta lana uztartzeko politikak erraz ditzan, hain zuzen ere jada Estatuko gainerako lurraldeetan aplikatzen direnak”.
2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, idazki bana igorri nuen Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentura eta Kultura eta Turismo Departamentura, urtarrilaren 29an eta 27an, hurrenez hurren, biek ala biek kexan azaldutako gaiari buruzko informazioa eman ziezadaten.
2009ko otsailaren 10ean, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo kontseilariak izenpetutako idazkia sartu zen. Haren bidez, guztiz berresten zuen arestian aipatutako 1/2009 Ebazpena. Egun berean, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren idazkia sartu zen Arartekoaren bulegoetan. Honakoa zioen, hitzez hitz:
“[?] andreak 2008ko oporraldiez gozatzeko eskubidea galtzeari buruz Nafarroako Arartekoari aurkeztutako kexari (09/20/F espedientea) dagokionez, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak honako gogoetak eman nahi ditu aditzera:
Aurkeztutako kexaren arrazoia da Kultura zuzendari nagusiak –interesduna zuzendaritza nagusi horri atxikitako funtzionarioa da– ezetsi izana interesdunak eginiko eskaria, hain zuzen ere 2008ko urteari zegozkion oporraldietako zati batez 2009ko urtarrilaren 30etik aurrera gozatu ahal izateko, edo, subsidiarioki, egun horiei zegozkien diru kopurua jasotzeko, betiere Emakumeen eta gizonen egiazko berdintasunari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoko 59. artikuluan ezarritakoaren babesean.
Ezezkoaren arrazoia da aukera hori ez dagoela jasota Nafarroako foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioei aplikatzekoa zaien opor, lizentzia eta baimenetarako araubidea arautzen duen urriaren 30eko 348/2000 Foru Dekretuan. Bestalde, martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoko 59. artikulua ezin zaie aplikatu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioei, zeren eta berariaz Estatuko Administrazio Orokorrari buruzkoa den kapitulu baten barruan baitago; gainera, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuan bertan ere ez dago jasota.
Hala eta guztiz ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren borondatea da neurri hori, bere enplegatuen lana eta familia uztartzeari buruzko beste neurri batzuk bezala, bere arauetan sartzea. Horri dagokionez, hain zuzen ere gaurko bilkuran, Nafarroako Gobernuak Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioentzako opor, lizentzia eta baimenei buruzko beste erregelamendu bat onetsi du. Hartan, besteak beste, 6. artikuluan aurreikuspen hori jasotzen da. Neurri horrek, ordea, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean hartuko du indarra.
1. [?] andreak Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuari eskatu zion baimena eman ziezaion erabili ez zituen 2008. urteko oporraldietako 18 egunez gozatu ahal izateko 2009ko urtarrilaren 30etik aurrera. Urtarrilaren 8an, Kultura zuzendari nagusiak jakinarazi zion ezin ziola eskatutakoa eman, zeren eta oporraldiez horrela gozatzea ez baitago aurreikusita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioei aplikatzekoa zaien opor, lizentzia eta baimenei buruzko araubidea ezartzen duen urriaren 30eko 348/2000 Foru Dekretuko 3. artikuluan. Gehitzen du martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoko 59. artikulua ezin dela Nafarroan aplikatu eta soilik aplikatzekoa zaiela zuzenean Estatuko Administrazioaren menpekoak diren funtzionarioei.
Aurrena egin behar den gogoeta da Kultura Zuzendaritza Nagusiak emandako erantzuna, eta era berean Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak emandakoa, zuzenak direla hertsiki termino juridikoei erreparatuz gero, zeren eta [?] andrea Nafarroako Gobernuko funtzionarioa baita. Horrek suposatzen du interesdunak ezin duela bere asmoa juridikoki oinarritu Nafarroako foru Komunitatean aplikatzekoa ez den Estatuko lege batean xedatutakoaren arabera; horrenbestez, interesdunaren eskaria ezestea bat zetorren Zuzenbidearekin, eta, horrenbestez, zorrozki, ez zen urratu funtzio publikoari buruzko antolamendu juridikoak aitorturiko inongo eskubiderik.
2. Emakumeen eta gizonen egiazko berdintasunari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren aitzinsolasean esaten da lege organiko hori Espainiako politika publiko guztietara zabaltzekoa dela, estatu mailakoetara nahiz autonomia eta toki mailakoetara, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren eta norberaren bizitza, familia eta lana uztartzearen arloko kode-legea izateko bokazioarekin sortzen dela. Horretarako, zenbait determinazio jasotzen ditu, emakume langilearen haurdunaldi, amatasun eta edoskitze egoerei ahal den babes handiena ematera zuzendutakoak, hemen interesatzen zaigunaren ikuspuntutik. Lege xedapen horiek positibo bihurtzearen adibideak topa daitezke, bestak beste, 8. artikuluan, non ezartzen baitu sexuaren arrazoiengatiko zuzeneko bazterkeria dela haurdunaldiarekin edo amatasunarekin loturiko kalterako tratu guztiak; 14.7 artikuluan, berriz, amatasuna babestea ezartzen da botere publikoen jarduteko irizpide orokor gisa, arreta berezia eskainiz gizarteak bere gain hartzeari haurdunaldiaren, erditzearen eta edoskitzearen eraginak; eta 51. artikuluan antzeko ekintzak ezartzen ditu funtzio publikoaren arlorako. Lege agindu horiek ezartzen dute botere publikoek ekintza positiboak egin behar dituztela haurdunaldi, amatasun eta edoskitze egoerak errazteko eta babesteko, eta lege organikoaren testuan, 59. artikuluan, amatasuna errazteko berariaz aurreikusten den neurrietako bat da, egiaztatu dugun bezala, oporraldia haurdunaldiarekin, erditzearekin edo edoskitze naturaleko aldiarekin, edo amatasunarengatiko baimenarekin, edo edoskitzearen ondorioetarako hura luzatzearekin, bat egiten duenean, enplegatu publikoak eskubidea izatea oporraldiaz beste une batean gozatzeko, nahiz eta opor horiei dagokien urte naturala bukaturik egon. Eskubide horretaz beraz gozatuko dute aitatasun-baimena duten pertsonek.
Hala eta guztiz ere, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren iritziz, 3/2007 Lege Organikoa, hemen interesatzen zaigunerako, ez da loteslea Nafarroako botere publikoentzat, zeren eta, azken batean, berariaz Estatuko Administrazio Orokorrari buruzko kapituluan kokatuta baitago. Hala eta guztiz ere, 3/2007 Lege Organikoaren xedeari, irismenari, eduki orokorrari eta testuinguruari erreparatuta, ezin gara interpretazio horrekin ados egon.
Nafarroako botere publikoek aipatu lege organikoan xedatutakoak aintzat hartzearen ondorioetarako, azpimarratu beharra dago 8. eta 14.7 artikuluak, zeinek aipatutako lege xedapen edo irizpide orokorrak ezartzen baitituzte, azken xedapenetako lehenengoari jarraituz, oinarrizko baldintza batzuen araupetzea direla, eta haien bidez bermatzen dela espainiar guztiek berdintasuna izanen dutela Konstituzioan jasotako eskubideez baliatzeko eta betebeharrak betetzeko, Espainiako Konstituzioko 149.1.1.a artikuluaren arabera. Horrenbestez, ez dira printzipio programatiko hutsak, baizik eta zuzenean aplikatu beharreko lege-aginduak, espainiar guztien berdintasunaren oinarrizko baldintzak bermatzen dituzten aldetik. Eta Konstituzio Auzitegiaren doktrinak gogorarazten digu Espainiako Konstituzioko 149.1.1.a artikuluak gaikuntza bat jasotzen duela, hain zuzen ere Estatuak, “oinarrizko baldintza uniformeak” ezarriz (adierazpide hori ez da “oinarrizko legedia” edo “oinarriak” terminoen sinonimoa; izan ere, “oinarrizko baldintzak” Estatuaren eskumen osoa eta esklusiboa dira, eta ezin dira garatu oinarri batzuk balira bezala), autonomia erkidegoetako eskumenen baliatzea baldintza dezan, zertarako eta bermatzeko espainiar guztiek Konstituzioko eskubideez baliatzeko berdintasuna izan dezaten (Konstituzio Auzitegiaren 37/2002 epaia).
Azken batean, bi artikuluetan ezarritako premisak –sexuaren arrazoiengatiko zuzeneko bazterkeriatzat jotzea haurdunaldiarekin edo amatasunarekin loturiko kalterako tratu guztiak eta amatasunaren babesa ezartzea botere publikoen jardueraren irizpide orokor gisa, arreta berezia eskainiz gizarteak bere gain hartzeari haurdunaldiaren, erditzearen eta edoskitzearen eraginak– Estatu osorako “oinarrizko baldintza uniformeen” izaera eta irismena duten legezko determinazioak dira, Nafarroan ere guztiz aplikatzekoak direnak eta administrazio publikoentzat lotesleak direnak, Estatuari Espainiako Konstituzioko 149.1.1a artikuluaren bitartez emaniko ahalmen baten adierazpen legitimo bat diren aldetik. Are gehiago, doktrina zientifikoa “oinarrizko baldintza uniforme” horiek konstituzio-eskubideen oinarrizko edukiekin identifikatzen joan da.
Aurrekoa ezarrita, erakunde honek uste du Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo kontseilariak egiten duten interpretazioa ez dela bateragarria antolamendu juridikoa oinarrizko eskubideez –berdintasunaz, besteak beste– baliatzeko eta gozatzeko aldekoena den ikuspuntutik interpretatzeko printzipioarekin (Konstituzio Auzitegiaren 76/1987 epaia). Izan ere, printzipio horrek exijitzen du ezen, balizko interpretazio batzuen artean, eta kasu zehatz bakoitzean biltzen diren inguruabar bereziak aztertuta, ukitutako oinarrizko eskubideari eraginkortasun handiena emanen dion konponbidearen alde eginen dela (Konstituzio Auzitegiaren ekainaren 13ko 133/2001 epaia, urtarrilaren 14ko 5/2002 epaia eta urtarrilaren 30eko 26/2006 epaia, eta Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 5eko 2672003 autoa). Hautatutako interpretazioa okerrena da titularrak eskubideaz baliatu ahal izateari begira, eta aipatu lege-aginduekin bateragarria ez den interpretazioa da. Laburbilduz, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia, azken batean, foru arau indardunetan babesten ari da amatasun bajan dagoen emakume funtzionario bati tratu okerragoa ematea, Nafarroan eta Nafarroatik kanpo eskubide hori aitortua duten beste langile funtzionario eta ez-funtzionario batzuekin aldaratuta, eta ezikusiarena egiten ari zaio legez botere publikoei –Nafarroakoei ere bai– emandako aginduari, hain zuzen ere amatasun egoeran dagoen emakumea babesteko neurri positiboak ezar ditzaten, zehazki hartu gabeko oporraldiez baliatzeari begira.
3. Konstituzio Auzitegiak aukera izan du bere iritzia emateko emakumeak haurdunaldian eta haurdunaldiaren ondoren jaso behar duen babesari buruz. Hauxe esan zuen azaroaren 20ko 324/2006 epaian –RTC 2006/324–: “emakumearen babesa ez da mugatzen haurdunaldian zehar eta haurdunaldiaren ondoren duen baldintza biologikora, ez eta amaren eta seme-alabaren artean haurdunaldiaren eta erditzearen ondoren dagoen harremanetara; izan ere, lan harremanen garapenaren eta gorabeheren esparru zehatzean, enpresaburuaren antolamenduzko eta diziplina alorreko ahalmenak baldintzatzen ditu, saihesteko neurri baztertzaileek emakume langilearen osasunean izan zitzaketen ondorio fisiko eta psikikoak eta finkatzeko, aldi berean, emakumeak, langile gisa, lan arloan dagozkion eskubide guztiak izanen dituela, halako moduan non debekatuta egonen diren emakumearen egoeratik etor daitezkeen kalte guztiak (Konstituzio Auzitegiaren urtarrilaren 30eko 17/2003 epaia [RTC 2003,7], F. ·; urriaren 4ko 161/2004 epaia [RTC 2004, 161], F.·). Horri dagokionez, deklaratu dugu ezen “ emakume langilearen baldintza biologikoaren eta osasunaren babesak bateragarria izan behar duela haren lanbide-eskubideak zaintzearekin, halako moduan non sexuarengatiko zuzeneko bazterkeria baitira haurdunaldiak edo geroko amatasunak sor ditzaketen minusbalioak edo galerak” (Konstituzio Auzitegiaren uztailaren 4ko 182/2005 epaia [RTC 2005, 182], F.4)”.
Epaiak honakoa esaten du, jarraian: “Konstituzioaren ikuspuntutik legitimoa izan zitekeen eskubideen murrizketa batek, indar handiko kausa batetik heldutakoak, esate baterako langilearen gaixotasunak, betoa dauka sexuarekin hain hertsiki dagoen amatasuna bezalako kausa batekin lotuta badago (Konstituzio Auzitegiaren uztailaren 3ko 214/2006 epaia [RTC 2006, 214], F.4). Amatasunarengatiko baja hertsiki lotuta dago langilea emakume izatearekin. Haren arrazoi nagusia ez da familia babestea, amak babestea baizik. 92/85/CEE zuzentarauaren (LCEur 1992, 3598) hamalaugarren kontuan hartuzkoak dioen bezala, erditu den edo edoskitze aldian dagoen emakume langilearen zaurgarritasuna dela eta, beharrezkoa da amatasunarengatiko baimen bat eskuratzeko eskubidea izatea. Hori dela eta, arrazoi horrengatiko lan-bajak ez dira gaixotasunengatiko bajak bezalakoak. Zerbitzu publikoa antolatzeko beharren justifikazioa, zeina baliagarria izan baitaiteke, lagungarri gisa, gaixotasun kasuetan oporraldietarako eskubidea denboran mugatzeko –are hura galtzeko ere–, ezin da erabili Konstituzioak amei bermatzen dien babesaren aurka. Gaixotasuna ustekabeko gorabehera bat da, zeinak inplikazio batzuk dauzkan langilearen eskubideen ikuspuntutik, baina ez da inolaz ere sexu zehatz batek gizartean eta lan munduan duen posizioarekin lotutako balio konstituzional bat, amatasuna den bezala, bai berez duen balioarengatik, bai emakumearen lan aukeren berdintasunerako dakartzan ondorioengatik ere.
Izan ere, Espainiako Konstituzioaren 14. artikuluak (RCL 1978, 2836) amatasunaren edo jaiotzen sustapena finkatzen ez duen arren, bai baztertzen ditu inguruabar horietan oinarrituta lan harremanetan emakumeari eragin dakiokeen bereizkeria edo tratu peioratibo oro (Konstituzio Auzitegiaren uztailaren 4ko 182/2005 epaia [RTC 2005, 182], F. 4). Amatasunaren ondorioz bere lan harremana eteten duen langileak lan arloko bere eskubide guztiak gordeko ditu, eta bere lanpostura berriz sartu ahalko da etete hori bukatzen denean, betiere inongo kalterik pairatu gabe. Zehazki, Europako Erkidegoetako Auzitegiak 2004ko martxoaren 18ko Merino Gómez epaian , C-342/01 gaian, adierazi duen bezala (TJCE 2004, 69), “emakume langile orok aukera izanen du bere urteko oporraldiez gozatzeko amatasun baimenean jasotakoaz bestelako aldi batean”, eta hala izanen da baita baimen horretaz baliatzean oporraldiez gozatzeko muga-eguna iragan denean ere.
Epai horri amaiera emateko, honakoa dio: “errekurtso-egileak urteko oporraldi ordainduez gozatu ahal izateari emandako ezezkoa, haurdunaldiaren eta geroko amatasunaren unean eta inguruabarretan oinarritu zenez, sexuarengatiko zuzeneko bazterkeria kasua izan zen”.
Epai hori udal batean lan-kontratu mugagabea zuen emakume bati buruzkoa zen arren, hau da Langileen Estatutuaren menpekoa den arren, gure ustez arrazoitze juridikoa berdin aplikatzekoa da planteatutako kasuan.
4. Azkenik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren 2009ko otsailaren 9ko txostenak bukatzen du esanez Foru Komunitateko Administrazioaren borondatea dela lan bizitza eta familia uztartzeko neurri hori eta beste neurri batzuk bere arauetan sartzea, eta datako egun horretan bertan Nafarroako administrazio publikoetako langile funtzionarioentzako opor, lizentzia eta baimenei buruzko erregelamendu bat onetsi zuen, non 6. artikuluan neurri hori aurreikusten baita. Eta, aipatzen da, gainera, erregelamendu horrek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean hartuko duela indarra.
Erakunde honen ustez, aipatutakoa argi eta garbi funtzionarioen aldeko arau bat denez, eta suposatzen dugunez foru dekretuak hori berariaz ez duela jasoko, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak atzeraeraginez aplika liezaieke artikulu hori amatasun bajaren ondorioz 2008an oporrak hartu ez zituzten emakume guztiei.
Aurreko guztia dela eta, nire ustez [?] andrearen kasua berraztertu beharrekoa da, eta Estatuko eta Nafarroako politikak gizonen eta emakumeen berdintasunerako eskubidea praktikoki aitortzera bideratuta daudenez, egoeraren irakurketa orokorra egin beharko litzateke, zuzenbidearen arabera onuragarriena eta kasuari doituen dagoena aplikatuz.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
1. Ulertzea azterketa juridikoari buruz ebazpen honetako 1. puntuan adierazitakoaren arabera, ez dela urratu funtzio publikoaren antolamendu juridikoan interesdunari aitorturiko inongo eskubiderik.
2. Jotzea, ebazpen honen 3. azterketako 3. puntuan adierazitakoaren bidetik, interesdunak urteko oporraldiez gozatu ahal izateari ezezkoa ematea sexuarengatiko zuzeneko bazterkeria dela.
3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari gomendatzea baimena eman diezaion interesdunari 2008ko oporraldietako 18 egunez gozatzeko.
4. Bi hilabeteko epea ematea Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gomendio hori onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legean ezarritako moduan.
5. Interesdunari eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia