Partekatu edukia
Hirigintza eta Etxebizitza
Gaia: Queja por la aprobación definitiva de los Estatutos de la Junta de Compensación de una Unidad de Ejecución, desestimando lo alegado sobre la superficie atribuida a la unidad de ejecución
Exp: 08/642/U
Nº: 34
Hirigintza
1. 2008ko abenduaren 19an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Lizarrako Udaleko Gobernu Batzarraren 2008ko azaroaren 6ko erabakiaren aurka. Izan ere, erabaki haren bidez behin betiko onespena eman zitzaien Lizarrako BBBPBko UE-6.1.d) Exekuzio Unitateko konpentsazio batzarraren estatutuei, kexa-egileak alegatutakoa ezetsi ondoren.
Interesdunak azaltzen du hasiera batean 749,00 metro koadro esleitu zitzaizkiola exekuzio unitateari, baina unitatearen kartografia topografiko orokorra egin ondoren –konpentsazio batzarreko sustatzaileak egin zuen hori– azalera erreala 706,417 metro koadrokoa dela. Horrenbestez, 42,583 metro koadroko aldea dago.
Gehitzen zuen unitatea osatzen duten lursailen banakako neurketa egin ordez, konpentsazio batzarreko sustatzaileak erabaki zuela guztiak proportzionalki murriztea. Horren ondorioz, kexa-egilearen [?] 94,00 metroko lursailak –udal katastroaren arabera, Jabetzaren Erregistroaren arabera eta notarioaren eskrituren arabera– 88,659 metro koadro baizik ez dauzkala konpentsazio batzarreko estatutuetako eranskinean.
Alegatzen zuen bere finkaren neurketari buruzko datuek –banakako kalkulurik egin gabe, mugaketarik egin gabe eta bera presente egon gabe lortutakoek– etorkizuneko lursailen berrantolamenduko proiektuaren ondorioetarako legitimitate-itxura bat badaukatela esleitutako azalerari dagokionez; gainera zuzenbideko itxura administratibo bat sortu da 201. lursaileko azalera 88,659 metro koadrokoa izan dadin etorkizuneko berrantolamenduan, tituluetan, erregistroko idazpenean eta katastroko informazioan kreditatutako 94,00 (93,96) metroko azalera izan ordez.
2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Lizarrako Udalari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
3. Joan den otsailaren 13an, Lizarrako Udalaren txostena jaso genuen. Bertan, honakoa azaltzen da:
1.- Espedientean sustatzaileak aurkeztutako kartografia topografiko bat ageri da. Handik ondorioztatzen da exekuzio unitatearen azalera erreala (706,417 m2) eta, horrenbestez, interesdunaren lursailaren azalera, 88,659 m2.
2.- Aipatutako udal espedienteak udaleko zerbitzu juridikoek emandako txosten bat biltzen duela, 2008ko azaroaren 4koa. Txosten horretan, honakoa esaten da: “... Hirigintza Kudeaketari buruzko Erregelamenduko 103. artikuluak honakoa ezartzen du: “finken tituluen eta errealitate fisikoaren artean desadostasunik egonez gero, errealitate fisiko hori nagusituko da lursailak berrantolatzeko espedientean”. Horrenbestez, aintzat hartu beharreko lursailaren azalera –tituluen eta errealitate fisikoaren artean desadostasunik izanez gero– kartografia topografikoaren ondoriozkoa izan beharko da, aztergai dugun kasuan bezala.
4. Auzia hobeki ulertzeko, honako zehaztapenak egin behar dira: Lehena.- Honakoak dira exekuzio unitatea osatzen duten lursailetako titularrak: [?], % 85,949ko portzentajearekin (617,76 m2); eta kexa-egilea, % 14,051ko portzentajearekin (88,659 m2), konpentsazio batzarraren behin betiko estatutuen eranskinaren arabera.
Bigarrena.- Kexa-egilearen alegazioei erantzuteko, Lizarrako BBBPBko 6.1.d) exekuzio unitateko estatutuetako proiektua egin zuen taldeak honakoa jakinarazi behar du: “Interesduna jabe den finkarako ([?] jaunaren finka) estatutuen eranskinean zehaztu den azalerari dagokionez, adierazi beharra dago unitate osoaren kartografia topografikoa egin dela, eta hartan katastroko lursailen azaleraren baturan agertzen dena baino azalera txikiagoa islatzen dela. Horrenbestez, unitatearen guztizko azalera erreala katastrokoa baino txikiagoa da.
Unitatean sarturiko finken azalera egokitzeko eta azalera erreal hori (finkoa eta gaindiezina) kontuan hartuta, unitateko lursailen gutxitze proportzionala egin da.
Hirugarrena.- Konpentsazio sistemaren aplikazioak dakarren azaleraren portzentajea finkatzearen ondorioetarako udal katastroan jasotako azalera kontuan hartu izan balitz, kexa-egileak % 12,55eko portzentajea (94 m2) edukiko luke; eta [?] jabeak, berriz, % 87,45eko portzentajea (655 m2).
1. Lizarrako Udaleko Gobernu Batzarraren 2008ko azaroaren 6ko erabakiaren bidez, ezetsi egin zen kexa-egilearen alegazioa, unitatera ekarritako lursailaren azalerari buruzkoa. Izan ere, Lizarrako 6.1.d) exekuzio unitateko konpentsazio batzarraren estatutuetako eranskinean 88,659 metro koadrorekin ageri da, erregistroan eta udal katastroan 94.00 metro koadroko azalera duen arren.
“Aurrekarien” 4. idatz-zatian azaldu dugun bezala, konpentsazio batzarraren estatutuetako eranskinean unitateko lursail bakoitzari esleitutako azalera katastroan ageri den azalera proportzionalki jaistearen ondoriozkoa da, harik eta exekuzio unitatearen azalera errealera iritsi arte. Azalera erreal hori unitateko jabe handienak eginiko kartografiaren bidez lortu zen.
Lizarrako Udaleko zerbitzu juridikoek 2008ko azaroaren 4an eginiko txostenak, Gobernu Batzarrak bere egindakoak, finken azaleraren gutxitze proportzionalaren eragiketa baliozkotzen du, Hirigintza Kudeaketari buruzko Erregelamenduko 103.3 artikuluan ezarritakoan oinarrituta. Hartan, izan ere, honakoa azaltzen da: “finken tituluen eta errealitate fisikoaren artean desadostasunik egonez gero, errealitate fisiko hori nagusituko da lursailak berrantolatzeko espedientean”.
Erakunde hau ez dago ados Lizarrako Udaleko zerbitzu juridikoen irizpidearekin, eta, horrenbestez, ez du uste Gobernu Batzarrak hartutako erabakia, kexa-egilearen alegazioa ezestekoa, zuzenbidearekin bat datorrenik. Udalaren erabakiaren arau-erreferentzia ez da zuzen interpretatu. Erakunde honen ustez, haren irakurketa eginda ondorioztatzen da Hirigintza Kudeaketari buruzko Erregelamenduko 103.3 artikulua unitatea osatzen duten lursailen tituluaren eta errealitate fisikoaren arteko desadostasunari buruzkoa dela, hau da, soilik aplikatu behar zaiola kexa-egilearen lursailaren tituluaren (94 m2) eta errealitate fisikoaren arteko dibergentziari, betiere mugaketa bat egin ondoren. Inoiz ere ez du aipatzen jabetza-titulua eta unitatearen errealitate fisikoa bat ez etortzea, zeren eta exekuzio unitateak titulurik ez baitu, hirigintza-planeamenduak sortutako figura bat delako.
Horrenbestez, konpentsazio batzarraren estatutuetako eranskinean kexa-egilearen lursailak eduki behar du udal katastroan eta jabetzaren erregistroan duen azalera bera: 94 metro koadro.
2. Aurrekoa ezarrita, nabarmendu beharra dago, halaber, kexa-egileak unitateko % 14,051 eta beste jabeak % 85,949 dutenez, ez duela ez baten ez bestearen interesetarako inolako garrantzirik konpentsazio batzarra eratzeko prozesuak normal aurrera egiteak, harik eta lursailak berrantolatzeko proiektua formulatzen den arte. Une horretan, izan ere, Hirigintza Kudeaketako Erregelamenduko 103.3 artikulua aplikatu beharko da eta, kasua bada, [?] jaunaren finkaren mugaketa eta neurketa fisikoa egin beharko dira, lursailak berrantolatzeko espedientean sartzeko.
Argudioaren ildo beretik eta azaldutakoaren ondorioz, erakunde honek uste du efizientziaren eta proportzionaltasunaren printzipioei erreparatuta, oinarrizko arauak eta printzipioak funtsean ez baitira hautsi, udalak ez dela zertan bere jarduerak atzera eraman konpentsazio batzarraren estatutuen behin betiko onespena berriz ematera arte, kexa-egilearen alegazioa baietsiz gero. Nahikoa litzateke konpromisoa hartzea konpentsazio batzarraren gaineko tutoretza efektiboki betetzearekin, Hirigintza Kudeaketari buruzko Erregelamenduko 26.1 artikuluak ezarri bezala. Hartara, konpentsazio batzarrak, lursailen berrantolamenduaren proiektua egiteko unean, Hirigintza Kudeaketarako Erregelamenduko 103.3 artikuluan ezarritakoa beteko du, arestian azaldutakoaren bidetik. Alderdi hori, gainera, udalak kontrolatu beharrekoa izanen da lursailak berrantolatzeko proiektua onesteko garaian.
Konpentsazio Batzarraren gaineko tutoretzak eta, horren ondorioz, Hirigintza Kudeaketako Erregelamenduko 103.3 artikuluan ezarritakoa betetzeak berarekin ekarriko dute Administrazioak legezkotasuna kontrolatzea (“a posteriori”), Hirigintza Kudeaketari buruzko Erregelamenduko 162.3 artikuluan ezarri bezala. Izan ere, kontrolatu beharrekoa izanen da nola eman zitzaien behin betiko onespena Lizarrako 6.1.d) exekuzio unitateko konpentsazio batzarraren estatutuei.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
1. Kexa eragin duen egitateak kaltetu duela interesdunak hirigintza antolamenduko eta exekuzioko edozein tresna lantzerakoan eta onesterakoan parte-hartze efektiboa izateko duen eskubidea; hain zuzen ere, eskubide hori alegazioak aurkeztuz eta Administrazioaren aldetik erantzun arrazoitua jasoz gauzatzen da, betiere administrazio horren araubide juridikoa arautzen duten legeei eta kasuan kasuko prozedurari jarraituz, Lurzoruari buruzko maiatzaren 28ko 8/2007 Legeko 4.d) artikuluan ezarritakoaren arabera.
2. Lizarrako Udalari gogoraraztea legez beti bete behar dituela Lurzoruaren Araubideari eta Hirigintza Antolamenduari buruzko Legea garatzeko eta aplikatzeko Hirigintza Kudeaketako Erregelamendua onetsi zuen abuztuaren 25eko 3288/1978 Errege Dekretuko 103.3 eta 162.3 artikuluak.
3. Lizarrako Udalari iradokitzea kexa-egilearekin konpromisoa har dezan, Administrazioak konpentsazio batzarraren gainean egin behar duen tutoretzaz baliatuta hari exijitzeko lursailak berrantolatzeko proiektua lantzeko garaian [?] jaunaren lursailaren azalera berriz muga dezan, hain zuzen ere Hirigintza Kudeaketari buruzko Erregelamenduko 103.3 artikuluan ezarritako moduan.
4. Lizarrako Udalari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala hori, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
5. Erabaki hau Lizarrako Udaleko alkateari eta kexa-egileari jakinaraztea, eta haiei jakitera ematea erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 35.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez dela zilegi ebazpen honen kontrako errekurtsorik jartzea.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia