Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Ebazpena. Otsailaren 17ko 33/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 otsaila 17

Energia eta ingurumena

Gaia: Existencia de una escombrera en un paraje natural y denegación de información medioambiental

Exp: 09/35/M

: 33

Ingurumena

AURREKARIAK

1. 2009ko urtarrilaren 22an, [?] jaunak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren aurka aurkeztutako kexa baten idazkia sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa agertzen zuen Arakilgo Etxeberri kontzejuan legez kanpoko hondakindegi bat egoteagatik.

Azaltzen du 2008ko ekainaren 20an, Foruzaingoaren Ekologia Ataleko patruila bat Arakilgo Etxeberri kontzejutik pasa zela, eta hondakindegi bat aurkitu zuela, non baimenik gabe eta paraje natural batean era guztietako hondakinak botatzen ziren. Salaketa [?] enpresaren aurka egin zen, Nafarroako Gobernuak kontrataturiko herriko kale nagusiko ur- eta argi-sareetako saneamendu eta berritze lanez arduratzen ari baitzen. Beren kabuz jardun zuten foruzainek, inork abisatu gabe. Beren lanean, argazki batzuk atera zituzten. Txostena Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentura igorri zen.

Azaltzen du kontzejuan bilera bat egin zela, eta bertan kontzejuko buruak jakinarazi zuen salaketa hori bazegoela eta horri buruzko albisteak espero zituztela. Kontzejuko buru hori izan zen bere garaian enpresa adjudikazio-hartzaileari legez kanpoko isurketa horiek egiteko baimena eman ziona.

Ondoren adierazten du albisterik ez zetorrenez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentura joan zela, informazio bila. Espedienteari buruz galdetu zuen, baina artatu zuen pertsonak ez zuen ordenagailuan ezertxo ere aurkitu, ez kontzejuaren izenean, ez ibarraren izenean, ez enpresaren izenean ere. Orduan, dokumentazioa euskarri fisikoan bilatzen hasi zen, eta Foruzaingoak igorritako dokumentazioa agertu zen. 2 folio eta 4 argazki ziren. Foruzaingoaren salaketan bertan, arkatzez idatzita, honakoa ageri zen: “archivar con fecha 13.08.08”. Artxibatze horri buruz, ordea, ez zen ez azterlanik, ez txostenik, ez justifikaziorik ageri.

2. Erakunde honek esku hartzeko zituen aukerak zehazteko, hura arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeari jarraituz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentura jo genuen, planteaturiko gaiari buruzko informazioa jasotzeko. 2009ko otsailaren 3an, honako testua dakarren txostena jaso genuen erakunde honetan:

2008ko uztailean, Ingurumen eta Ur Zuzendaritza Nagusiko Araubide Juridikoaren Atalean, Foruzaingoaren salaketa bikoitza jaso zen: alde batetik [?] enpresaren aurka, Etxeberriko 4. poligonoko 254. lursaileko hirigintza lanetatik heldu ziren hondakinak botatzeagatik. Eta, bestetik, Etxeberriko Kontzejuaren aurka, [?] enpresari aurreko lerrokadan azaldutako isurketa baimentzeagatik.

Salaketak aztertu ondoren, ondorioztatzen da kontzejuak [?] enpresari isurketa egiteko baimena eman baitzion, enpresa horrek ez duela inolako erantzukizunik, alde batera utzita baimena ongi edo gaizki emana dagoen. Horrenbestez, kontzejuarena da baimenak eman aurretiko legezko baldintzak betetzeko erantzukizuna. Eta, horrenbestez, enpresaren aurkako salaketa artxibatu zen.

Bestalde, kontzejuaren aurka aurkeztutako salaketari dagokionez, jotzen da arlo horretan gaur egun konponbiderik gabeko arazo orokor bat badagoela, eta arazo hori dela obra txikietatik heldu diren hondakinak deuseztatzea (hain zuzen ere, oraingo kasua, isurketaren bolumenari eta haren jatorrizko obrari erreparatuta), hondakinak hondakindegietan uzteari buruz dauden arauen mugak direla eta. Eta salaketan isurketa puntual bat planteatzen bada ere, ez dirudi berez hondakindegi bat sortzeagatik izan zenik. Horrenbestez, jo zen eremua leheneratzeko geroko jarduera baten bidez, lur begetalez estalita, salatutako jarduerak ez zuela ingurumenean zehapen bat ezartzerainoko eraginik izanen. Eta horregatik ez zen kontzejuaren aurkako zehapen espedienterik izapidetu. Azpimarratzekoa da, halaber, desio izatekoa zela herria urbanizatzeko proiektuan bertan aurreikusi izana obretan sor zitezkeen hondakinak zuzen deuseztatzeko neurriak, baina halako proiektuetan departamentuak ez duela ingurumen arloko esku-hartzerik, nahiz eta gehienetan Nafarroako Gobernuaren beraren diru-laguntzekin egiten diren obrak izan.

Departamentu honek kexan azaltzen diren beste alderdiak direla-eta izan zuen jarduerari dagokionez, esan beharra dago inongo informaziorik ez dela ezkutatu eta salaketari buruzko informazioa eskatu zuten herritarrak behar bezala artatu zirela, ikuspuntu guztietatik ere. Egia da ez zitzaiela salaketaren kopiarik eman, formalki eskatu ez zutelako, behar zen eskabidearen bitartez. Oro har, departamentuan ez da salaketei buruzko dokumentazioaren kopiarik ematen, baldin eta dokumentu horietan salatutakoen datu pertsonalak agertzen badira, ez bada salatuek berek berariaz baimena ematen dutenean.

AZTERKETA

1. Lehenbizi, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak salaketak artxibatzeko eta zehapen-espedienterik ez irekitzeko hartu zuen erabakia aztertzen da.

Departamentuak argudiatu du ez zuela zehapen espedientea izapidetu, zeren eta jo baitzuen isurketak, txikia eta konpontzen erraza izaki, ez zekarrela berarekin hondakindegi bat sortzea.

Doktrina zientifikoaren eta jurisprudentziaren zati handi baten arabera Administrazio Publikoaren zehapen ahalmena Administrazioaren beraren ahalmen esklusibo bat da, baina hura gauzatzea ez da aginduzkoa, ahalmenezkoa eta aukerakoa baizik. Eta egia esan, zehapenaren arloan administrazio publiko guztien praktika komuna ikusita, ondorioztatu behar da zehatzeko ahalmen administratiboaz baliatzea Administrazioaren aukeramenekoa dela. Hala eta guztiz ere, Administrazioak aukeramen horretaz zuzen baliatzeko, arbitrariotasunetan ez erotzeko edo harekin ez nahasteko, arrazoizko motibazio bat beharko da hartzen diren erabakiak hartzeko.

Bada, kasu honetan, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak erabilitako arrazoia, erakunde honen irizpidearen arabera, arrazoizkoa da eta behar beste arrazoituta dago. Horrenbestez, ondorioztatu beharra dago zehapen espedientea ez irekitzeko erabakia Zuzenbidearekin bat datorrela.

2. Ondoren aztertzen dugu Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak kexa-egileari Foruzaingoak eginiko salaketei buruzko dokumentazioaren kopia eman ez izatea.

Horri dagokionez, gogorarazi beharra dago Ingurumen gaietan informazioa eskuratzeko, parte-hartze publikorako eta justizia lortzeko eskubideak arautzen dituen uztailaren 16ko 27/2006 Legeko 3. artikuluak, ingurumenaren arloko informazioa eskuratzeari dagokionez, (herritar) guztiei aitortzen diela agintari publikoekiko harremanetan ondoko eskubideez baliatzeko aukera:

a) Agintari publikoen eskuetan, edo haren izenean beste subjektu batzuen eskuetan, dagoen ingurumenaren arloko informazioa eskuratzeko eskubidea, horretarako interes jakin bat deklaratzeko betebeharrik gabe, edozein dela ere interesdunaren nazionaltasuna, helbidea edo bizilekua.
b) Informazioa bilatzen laguntza jasotzeko eskubidea.
c) Eskatzen duten informazioa jasotzeko eskubidea, legearen 10. artikuluan ezarritako gehieneko epeetan (hilabete bat edo bi hilabete, informazioa oso konplexua bada).

Bestalde, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidegoaren azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 37.1 artikuluak honakoa dio: “Herritarrek erregistroetara jotzeko eskubidea dute eta, espedienteren batekoak izanik, administrazioko artxiboetan dauden agirietara irispidea izateko eskubidea, edozein dela ere agirion adierazpidea -idatzia, entzunezkoa nahiz irudizkoa- eta euskarri materiala, espedienteak ikusteko eskaera egiten den egunean espediente horien prozedurak amaituta badaude”.

Administrazio eta Prozedura Legeko 37.3 artikuluak honakoa ezartzen du: titularrez gain, bidezko eta zuzeneko interesa agertzen dutenek ere izan dezakete irispidea zuzenbidea aplikatzeko prozeduretako agiri izendunetara, zehatzeko eta diziplinazko prozeduretakoetara izan ezik, pertsonen bizitza pribatuari buruzko daturik agertzen ez bada, eta, agiri horietako edukien arabera, herritarrak beren eskubideez baliatzeko erabil badaitezke.

Bada, kexa-egileak, zeina interesduna baita, informazioa eskuratzeko –eta eskatzen badu salaketen eta gainerako dokumentazioaren kopia bat izateko– duen eskubidea errespetatzeko, nahikoa da salaketetan egon daitezkeen datu izendunak ezabatzea. Departamentuko zerbitzuek eta langileek eginiko gainerako dokumentu eta oharpenei dagokienez, ez dira dokumentu izendunak eta ez dute, ezta ere, datu pertsonalik biltzen. Hori dela eta, ez dago inongo lege-eragozpenik interesdunak haiek eskuratzeko.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak zehapen espedientea ez irekitzeko hartu zuen erabakiak ez zuela kexa-egilearen inongo eskubiderik urratu.

2. Kexa-egileari departamentuan dagoen espedientea eskuratzeko baimenik ez emateak urratu duela interesdunak ingurumen arloko informazioa eta jada amaituta dagoen espediente bateko dokumentuen kopia eskuratzeko duen eskubidea.

3. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari gogoraraztea Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 35. artikulua eta Ingurumen gaietan informazioa eskuratzeko, parte-hartze publikorako eta justizia lortzeko eskubideak arautzen dituen uztailaren 16ko 27/2006 Legeko 3. artikulua beti betetzeko legezko betebeharra duela, eta, zehazki, kexa-egileari departamentuan kexaren xedeari buruz dagoen informazioa eskuratzeko eta haren kopia bat lortzeko bidea berehala eman behar diola.

4. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

5. Interesdunari eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia