Partekatu edukia
Gizarte ongizatea
Gaia: Falta de contestación a un escrito
Exp: 09/31/B
Nº: 32
Gizarte ongizatea
1. 2009ko urtarrilaren 15ean, [?] jaunaren idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez kexa bat aurkezten zuen Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuaren aurka 2008ko irailaren 25ean Departamentu horri igorri zion idazkiari (2008/425709) ez erantzuteagatik. Idazki haren bidez azaltzen zuen zein egoera etsigarrian dagoen pairatzen duen ezgaitasunaren ondorioz, hain zuzen ere Administrazioak bere osasun- eta gizarte-premiei behar bezalako erantzunik ematen ez diolako.
Azaltzen zuen iragan den aldian –lau hilabete– ez duela idazkiaren erantzunik jaso, eta bukatzeko eskatzen du Foru Komunitateko Administrazioa benetan inplika dadin bere kasuan.
2. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari txostena eskatu zitzaion, eta 2009ko otsailaren 9an txosten hori sartu zen erakunde honetan. Hartan, laburki, adierazten digute interesdunaren idazkia aztertu ondoren ondorioztatzen dutela ez duela eskura dezakeen edo departamentuaren eskumenekoak diren prestazio-esparruetako inongo prestazio zehatzik eskatzen. Txostenari amaiera emateko, erakunde honi eskatzen dio kexa-egileari jakinaraz diezaion dagokion oinarrizko gizarte-zerbitzura jo dezala, hori baita biderik egokiena interesdunari egoki lekizkiokeen gizarte zerbitzuen zorroko gizarte-prestazioak eskuratu ahal izateko.
1. Alde batera utzita komenigarria den ala ez den kexa-egilea dagokion oinarrizko gizarte zerbitzura joatea gizarte-prestazioen bere eskabidea bideratzeko, komeni da azpimarratzea kexaren arrazoi zehatza zein den –horri buruz eskatu baitzen txostena–, alegia, Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuari 2008ko irailaren 25ean igorritako idazkiaren (2008/425709 erregistro orokorreko zenbakia) erantzunik jaso ez izana.
2. Administrazio prozedura erkidean funtsezkoa da administrazio publiko orok ebazpen espresa eman behar izatea interesdunek eskatutako eskari guztiei (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikulua). Arau horren ondorioz, herritar batek, administrazioari eskabide bat egin badio, eskubidea du kasuko prozedura abiaraz dadin, eta eskabidearen edukiari buruzko erantzun puntuala jasotzeko.
Aipatu arauak benetako betebehar bat ezartzen dio administrazioari, interesdunek aurkezturiko eskabideei ebazteko beharrari dagokionez. Betebehar hori herritarrarekiko gizalegezko tratu bat ez ezik, harentzako egiazko berme bat ere bada. Izan ere, hain da nabarmena hori, non Administrazio eta Prozedura Legeak ez baitu administrazioa salbuesten erantzun espresa ematetik, horretarako epea iragan denean ere (43.2 artikulua). Horrek aukera ematen du bi ondorio garrantzitsu ateratzeko: lehena, administrazio-isiltasuna –kasu honetan sortu dena– ez dela administrazioari ex lege ezarritako betebehar baten ez betetzearen isla besterik; bigarrena, administrazioak aurkezturiko eskaria ebazteko betebeharra edukitzen jarraitzen duela, baita ebazpen espresa emateko finkaturiko epea iragan denean ere.
Kexaren xedea den kasuan, Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuak ez dio interesdunak egindako idazkiari erantzun; ez du, ezta ere, eskabide hori onartzeko modukoa ez denik adierazi, eta, azkenik, ez du eskabidea tramitera onartu, aurrerago hura baiesteko nahiz ezesteko edukiari buruzko ebazpen espresa ematearren, behar diren arrazoiekin.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
1. Kexa eragin duen egitateak urratu duela interesdunak egindako idatziaren berariazko ebazpena jasotzeko duen eskubidea.
2. Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuari gogoraraztea Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 42. artikulua beti bete behar duela.
3. Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
4. Interesdunari eta Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia