Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Ebazpena. Otsailaren 17ko 31/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 otsaila 17

Gizarte ongizatea

Gaia: Falta de respuesta del Ayuntamiento a los problemas de accesibilidad que sufre por su condición de minusválido

Exp: 08/635/B

: 31

Gizarte ongizatea

AURREKARIAK

1. 2008ko abenduaren 17an, [?] jaunaren idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa agertzen zuen Fiteroko Udalak erantzunik ez ziolako ematen minusbaliatua izateagatik pairatzen dituen irisgarritasun arazoei.

Azaltzen zuen 80 urte dituela, minusbaliatua dela (minusbaliotasunaren ziurtagiria eransten du) eta bere koinatuarekin eta 90 urteko arrebarekin bizi dela (biek ere mugikortasun arazoak dituzte) [?] kaleko [?] zenbakian. Kale hori oso estua da eta ez du espaloirik. Ibilgailuak atariei oso itsatsita aparkatuta egoten dira, eta etxerako sarbidea eragozten diete. Udalera ahoz behin baino gehiagotan zuzendu zaizkio, eta azkenean, idatziz ere bai (idazkiaren kopia eransten dute), baina ez dute Udalaren inolako erantzunik jaso.

2. Fiteroko Udalari txostena eskatu zitzaion, eta 2009ko urtarrilaren 14an, haren txostena sartu zen gure erakundean. Laburbilduz, honakoa dio:

a) Interesdunen bizilekuak posta-helbidea eta sarrera [?] kaletik duela eta ez [?] kaletik, baina etxebizitzak bide horretatik baduela sarrera.

b) [?] kaleak espaloirik ez duela, gune historikoko kale bat delako eta galtzada-harriz egina dagoelako, baina espaloia beste kolore batekin seinalatuta dagoela.

c) Aparkatzeko debekua dagoenez, udalak zehapenak ezartzen dizkiela espaloia hartu eta [?] kaleko eraikinetarako sarbide librea eragotziz aparkatzen dutenei.

AZTERKETA

1. Kexa-egileek diotenaren arabera, [?] kaletik beren etxera sartzeko dauzkaten irisgarritasun arazoei dagokienez, esan beharra dago, udalak jakinarazi duenari jarraituz, ez dagoela udal zerbitzuen aldetik inongo utzikeriarik edo kontrol faltarik. Kalea behar bezala seinalatuta dago, eta espaloietan aparkatzeko debekua dago. Udalak adierazten du, halaber, zehapenak ezartzen dizkiela aparkatzeko debekua betetzen ez dutenei. Gainera, ez dugu ahaztu behar kexa-egileek beste sarrera eta irteera bat daukatela beren etxebizitzarako [?] kaletik.

Hori guztia dela eta, ez dugu atzematen Udalak kexa-egileen irisgarritasuna dela-eta –ezgaituak baitira– inongo eskubiderik urratu duenik.

2. Aurrekoa ezertan kendu gabe, adierazi beharra dago, halaber, kexa-egileak idazki bat aurkeztu zuela udalean, eta ez diotela inolako erantzunik eman. Horretaz ere kexu da interesduna.

Administrazio prozedura erkidean funtsezkoa da administrazio publiko orok ebazpen espresa eman behar izatea interesdunek eskatutako eskari guztiei (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikulua). Arau horren ondorioz, herritar batek, administrazioari eskabide bat egin badio, eskubidea du kasuko prozedura abiaraz dadin, eta eskabidearen edukiari buruzko erantzun puntuala jasotzeko.

Aipatu arauak benetako betebehar bat ezartzen dio administrazioari, interesdunek aurkezturiko eskabideei ebazteko beharrari dagokionez. Betebehar hori herritarrarekiko gizalegezko tratu bat ez ezik, harentzako egiazko berme bat ere bada. Izan ere, hain da nabarmena hori, non Administrazio eta Prozedura Legeak ez baitu administrazioa salbuesten erantzun espresa ematetik, horretarako epea iragan denean ere (43.2 artikulua). Horrek aukera ematen du bi ondorio garrantzitsu ateratzeko: lehena, administrazio-isiltasuna –kasu honetan sortu dena– ez dela administrazioari ex lege ezarritako betebehar baten ez betetzearen isla besterik; bigarrena, administrazioak aurkezturiko eskaria ebazteko betebeharra edukitzen jarraitzen duela, baita ebazpen espresa emateko finkaturiko epea iragan denean ere.

Kexaren xedea den kasuan, Fiteroko Udalak ez dio interesdunak egindako idazkiari erantzun; ez du, ezta ere, eskabide hori onartzeko modukoa ez denik adierazi, eta, azkenik, ez du eskabidea tramitera onartu, aurrerago hura baiesteko nahiz ezesteko edukiari buruzko ebazpen espresa ematearren, behar diren arrazoiekin.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

1. Kexa eragin duen egitateak urratu duela interesdunak egindako idatziaren berariazko ebazpena jasotzeko duen eskubidea.

2. Fiteroko Udalari gogoraraztea Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 42. artikulua beti bete behar duela.

3. Fiteroko Udalari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

4. Interesdunari eta Fiteroko Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia