Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Ebazpena. Maiatzaren 29ko 104/2009 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, Axular Ikastolako gurasoen elkarteko ordezkari [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 maiatza 29

Hezkuntza eta Irakaskuntza

Gaia: Disconformidad con el derribo de un centro escolar público y traslado de los alumnos a otro centro contiguo

Exp: 09/306/E

: 104

Hezkuntza

AURREKARIAK

1. 2009ko apirilaren 29an, Axular Ikastolako gurasoen elkarteko ordezkari [...] jaunaren idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Hezkuntza Departamentuaren aurka, ikastola horren erakina berehala eraisteko hartu duen erabakia dela eta. Izan ere, horren ondorioz, ikasleak beste ikastetxe batera aldatu beharko dira.

Adierazitakoaren arabera, gaiaren jatorria da Hezkuntza Departamentuak Arturo Kanpion eta Axular ikastetxeak batzeko duen asmoa da. Asmo hori jada 2007an jakinarazi zitzaien Axular ikastolako ikasleen gurasoei, baina haiek hura errefusatu zuten, uste izan baitzuten beren seme-alabentzat komenigarriagoa zela egungo hezkuntza ereduari eustea. Errefusa horren aurrean, departamentutik adierazi zitzaien ez zutela egoera behartuko.

Nolanahi ere, bi ikastetxeak batzeko proiektuarekin aurrera jarraitzekotan, Axular ikastolako gurasoek eskatzen dute beren erakinean bertan jarraitu ahal izatea ikastetxe berria eraikitzen ez den bitartean, seme-alabak inora eraman behar izan gabe. Aipatu nahi hori bere egin omen zuen Hezkuntza Departamentuak, zeren eta gurasoei adierazi baitzien ikastolako eraikinean jarraituko zutela, erakinean irteteko premia erakusten zuen arazorik atzematen ez zen bitartean.

Hala eta guztiz ere, 2009ko apirilean, jakinarazi zaie Arturo Kanpion ikastetxea eta Axular ikastola batu eginen direla, bi erakinak berehala eraitsiko direla (datorren ekainean), eta haurrak, jada heldu den ikasturterako, Buztintxuriko ikastetxera eramanen direla.

Adierazitakoaren arabera, Arturo Kanpion ikastetxeko eraikineko egiturazko akatsak inork zalantzan jartzen ez baditu ere –hain zuzen ere hura eraistea eta ikasleak lekuz aldatzea determinatzen dutenak–, ez da berdin gertatzen Axular ikastolako kasuan. Hori, izan ere, agerian jarri da departamentuak berak enkargatutako txosten tekniko batean, non ondorioztatzen baita konponbidea eman beharreko arazoren bat dagoen arren, egoerak ez duela exijitzen eraikina presaz hustea.

Gauzak horrela, bi ikastetxeak batzeko aukera onartuta ere (nahiz eta erabaki horrekin ados ez egon), ikastolako gurasoen ustez eraikin berria eraikitzen ez den bitartean –dirudienez gaur egun Arturo Kanpion ikastetxea dagoen toki berean eraikiko da–, seme-alabak ikastolako eraikinean geratu beharko lirateke.

Adierazten dute ikastolako gurasoen ustez aukera horrekin saihestuko litzatekeela seme-alabek ez pairatu behar izatea Buztintxurira joateak eraginen lukeen nahastea, kontuan izanda, gainera, ikastola berehala husteko beharra determinatzen duen faktorerik ez dagoela, egiaztatu den bezala.

2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari azaldutako gaiei buruz (bi ikastetxeak batzea eta, bereziki, Axular ikastola eraistea eta ikasleak beste leku batera eramatea).

2009ko maiatzaren 14an, eskatutako txostena sartu zen gure erakundean, eta bertan honakoa adierazten da:

“2008ko lehen hiruhilekoan, ARTURO KANPION ikastetxe publikoko eraikineko hegal batean atzemandako egoeraren aurrean, Iruñeko Udalak balizko konponketari buruzko balorazio bat egin zuen, egiturazko arazo larri bat zela kontuan izanda. Aurrekontua oso handia zenez, erabaki zen ukitutako hegala hustea. Horretarako, zenbait egokitzapen egin eta aurrefabrikatutako modulu bat ezarri zen, ikasleak ikastetxean segurtasunezko baldintzetan eduki ahal izateko, betiere une hartan eraikitzen ari zen beste ikastetxe batera eramateko aukerarik ez zegoen bitartean.

2008ko abuztuan, ikasturteari hasiera emateko behar ziren egokitzapenak bukatu ziren, ARTURO KANPION ikastetxeko ikasleak gehienez ere 2009ko ekainera arte bertan egonen zirelakoan. Izan ere, erakina eraitsi eta beste ikastetxe bat eraiki behar zen (2010eko irailean jardunean hasiko zen).

2008ko azken hiruhilekoan, AXULAR ikastolako gurasoen elkarteak –ikastola hori ARTURO KANPION ikastetxearen mugakidea da– txosten tekniko bat eskatu zion Hezkuntza Departamentuari AXULAR ikastolaren erakinaren egituraren egoerari buruz, guraso batzuen kezkaren ondorioz. Izan ere, Arturo Kanpion ikastetxearen antzinatasun bera eta ezaugarri berak dituen erakina da AXULAR ikastolarena.

2009ko lehen hiruhilekoan, txosten tekniko bat enkargatu zitzaion kanpoko enpresa bati. Enpresa horrek, Iruñeko Udaleko hirigintza arloko teknikariekin koordinatuta, Iruñeko Udala baita eraikineko titularra, eraikinaren egoera ikertu zuen.

Martxoaren 26an, ikastetxera bisitaldi ugari egin ondoren, Nafarroako Arkitekto Teknikoen eta Aparejadoreen Elkargo Ofizialak bisatutako txostena entregatu zen. Bertan, honako atalak jasotzen dira:

  • a. Pitzadura ugari atzeman ziren paramentu bertikaletan, eraikinaren barneko tabikeetan, hain zuzen zamarako horma gisa lan egiten dutenetan. Halaber, egiaztatu da gabezia horiek kanpoko fatxada osatzen duten elementuetan islatzen direla.
  • b. 1993an teilatuan izan zen erorketa baten ondorioz, hura zaharberritzeari ekin zion, eta egitura bera ere metalezko hagekin indartu zen. Metalezko haga horiek paramentu bertikaletan bermatuta daude, eta ez dago egitura indartzeko metalezko zutoinik.
  • c. Atzeman da forjatuak flexionatu egin direla puntu jakin batzuetan, eta okertu egin direla. Horren ondorioz, paramentu bertikalek modu behartuan egiten dute lan.
  • d. Txostenean alde batera uzten da “FISURAZIO PROGRESIBOAREN” AUKERA, erakinaren zahartasunaren arrazoi gisa, bai eta kontrakzio-aldeek sorrarazitako fenomenoen ondoriozko “PITZATZEA”. Ontzat ematen da erakinean dauden pitzadurak “EGITURAZKOAK” direla, zenbait arrazoi direla medio.
  • e. Txostenak erakineko alde desberdinetako fisuren mapa bat erakusten du, eta fisura horien argazkiak ere eransten ditu. Fisura horiek neurtu egin dira, eta 0,50 eta 1,15 mm bitarteko emaitzak agertu dira barneko aldean, eta 1,50 mm eta 3 mm bitartekoak kanpoko fatxadan.
  • f. Halaber, fisura larriak atzeman dira kanpoko portikoetako zutoinetan, barreneko aldetik eta norabide bertikalean. Horrek adierazten du zutoina konpresioaren eraginez huts egiten ari dela. Larritzat jotzen da haien egoera.
  • g. Hori guztia dela eta, txostenak presaz jardutea gomendatzen du, epe laburreko prebentzio-neurri gisa. Besteak beste, honako neurriak nabarmentzen dira: portikoko zutoinak presa oso handiz presillekin lotzea eta, gutxienez ere, 30 lekuko jartzea, erakinaren mugimendua kontrolatzeko.

Udalak portikoak puntalatzeari ekin dio, eta lekukoak ere jarri ditu. Lekuko horiek ia egunero begiratu behar dira.

Txostenean, AXULAR ikastolako gurasoen elkartearen azalpenean islatu bezala, honakoa esaten da hitzez hitz: “ondorioztatzen da konpondu beharreko arazoren bat dagoen arren, egoerak ez duela ikastetxea berehala hustea eskatzen”. Esaldi hori testuingurutik atera da, zeren eta lehenengo instantzian eta teknikariek emandako informazioen arabera, ikastetxea 2009ko Aste Santuko oporretan hustu eta ikasleak Buztintxuriko ikastetxe publiko berrira eraman behar izatea ere planteatu baitzen. Esaldi horrek adierazten du ikasleak ikasturtearen bukaerara arte gera daitezkeela, baina aipatutako prebentzio-neurriak ezarrita.

Halaber, Obra eta Mantentze Lanen Zerbitzuak Ikuskapen eta Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusiari eta kontseilari honi jakinarazi die AXULAR ikastolaren erakinaren egungo egoeran, gomendagarria dela hura hustea, are gehiago erakin berria eraikitzea planifikatu denean, 2009ko irailetik aurrera, behar den eraisketa egin ondoren.

Zerbitzu horrek jakinarazi du, halaber, ARTURO KANPION ikastetxe publikoa eraiste hutsak, bitartean AXULAR ikastetxeari eutsiz, premiarik gabeko arriskuan jartzen dituela bertan egon daitezkeen pertsonak. Norabide guztietako fisuren egoera, forjatuen flexioa, fatxadako arrakalak eta abar asko larriagotuko lirateke ondoko lursaileko lur-mugimenduekin eta bibrazioekin.

Hezkuntza Departamentuak ikastetxeetako ikasleen segurtasuna zaindu behar du, eta arrisku-susmorik txikienaren aurrean ere, jardun beharra dauka. Izan ere, horrelako kasu baten aurrean gaude, horixe adierazten dute-eta txosten teknikoek”.

AZTERKETA

1. Aurrekarietatik ondorioztatzen den bezala, Axular Ikastolako gurasoen elkarteak zalantzan jartzen du Hezkuntza Departamentuak gaur egun eskolak ematen diren eraikina berehala eraisteko beharra dela-eta hartu duen erabakia, eta haren ustez ez dago horretarako premiarik eta beharrik gabeko nahaste bat eragiten zaie gurasoei eta ikasleei. Bestalde, aurrekoa izan bazen ere kexa aurkeztea nagusiki eragin zuen gaia, beste gai bat ere aipatzen zen, alegia, Axular ikastola mugakide duen Arturo Kanpion ikastetxe publikoarekin batzeko aukera. Izan ere, ikastolako gurasoak horren aurka ere badaude.

Erakunde honek ezin du ahaztu auzitan jarritako erabakiek hezkuntzaren arloko plangintzaren ahalmenaz baliatzea suposatzen dutela; izan ere, horren indarrez, eta hezkuntzarako konstituzio-eskubidearen zerbitzuan, Administrazio Publikoak bere baliabideak interes orokorrerako komenigarriena den moduan antolatu beharko ditu.

Ahalmen horri gagozkiola, legeak zuhurtziarakotasuneko tarte zabala eskaintzen dio Administrazio Publikoari. Horrek esan nahi du ahalmenez baliatze horretatik ikuspuntu juridikotik eta konstituzio-eskubideekiko errespetuaren ikuspuntutik berdin baliagarriak izan daitezkeen konponbideak erator daitezkeela. Hori dela eta, jurisprudentziak behin eta berriz ezarri duen moduan, jatorri horretako ahalmen batez baliatuta hartutako erabakiak zentzugabeak, arrazoigabeak, arbitrarioak edo nabarmenki funtsik gabeak ez diren bitartean, nekez jarri ahalko ditugu zalantzan beste neurri batzuk aldezteko.

Hemen planteaturiko kasuan, igorritako txostenetik ondorioztatzen den bezala, Hezkuntza Departamentuak uste du Axular ikastolaren eraikinaren egoerak berak, eta ondo-ondoan dagoen Arturo Kanpion ikastetxe publikoa eraitsi behar izateak eta ikastetxe berria eraiki behar izateak gomendagarri egiten dutela ikastola ikasturtearen bukaeran hustea eta ikasleak lekuz aldatzea. Izan ere, horretarako arrazoiak azaltzen ditu.

Kexa ederki ulertzen dugun arren, gurasoengan eta ikasleengan eragiten duen nahastearengatik –argi dago hori–, ez dugu jotzen Administrazioaren jarduerarekin, kasu honetan, Konstituzioan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoan babesturiko eskubideak urratu direnik, horiexek izaki erakunde honek zaindu behar dituen eskubideak. Izan ere, Administrazioak baliabide publikoak antolatzeko duen ahalmenaz baliatzeko duen zuhurtziarakotasun tartea suposatuta, ezin dugu onetsitzat eman hartutako erabakiek arbitrariotasuna edo zentzugabetasuna dutenik, eta ezin dugu ulertu, ezta ere, administrazioaren erabakia determinatzen duten egitateak, haren funtsa direnak, egiaz gertatzen ez direnik.

2. Igorritako txostena ikusita, atzematen dugu ez dela ezer ere esaten bi ikastetxe horien –Arturo Kanpion ikastetxe publikoa eta Axular ikastola– batzeari buruz. Kexan, alderdi hori ere aipatzen zen eta hari buruz, espedientea izapidetzerakoan, kexa-egileak adierazi zuen halako kezka eta ziurgabetasun bat bazegoela ikasleen gurasoen artean.

Horri dagokionez, egokia iruditzen zaigu Hezkuntza Departamentuari iradokitzea gurasoei bidezkoa den informazio guztia eman diezaien, ikasleak lekuz aldatu ondoren ikastetxeek izanen duten egoera argitze aldera. Informazioa emateko betebehar hori lotuta dago abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 14. artikuluan aitortutako eskubidearekin; izan ere, haren arabera, herritarrei beren legezko interesetan eta eginbeharretan eragina izan dezaketen jarduera administratiboei buruzko informazioa eman behar zaie, baita ondasun eta zerbitzu publikoen erabilerari buruzko informazioa ere.

Nabarmena da leku-aldatze horrek eta ikastetxe berriaren eraikuntzak, justifikatuta egon daitezkeen arren, nahaste bat eta ziurgabetasuneko egoera bat eragiten diela gurasoei eta ikasleei. Testuinguru horretan, dirudienaren arabera Arturo Kanpion ikastetxe publikoa eta Axular ikastola batzekoak badira, gure ustez Hezkuntza Departamentuak behar diren neurri guztiak ezarri beharko ditu eragindako nahastea ahal den txikiena izan dadin, eta informazioa eman beharko die interesdunei egungo ikastetxeek izanen duten egoerari buruz. Halaber, bide eman beharko die hezkuntza ereduan eta, kasua bada, ikastetxe berriaren ezaugarrietan eragina duten erabakietan parte hartzeko.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

1. Ulertzea Hezkuntza Departamentuak Axular ikastolaren erakina eraisteari buruz eta ikasleak lekuz aldatzeari buruz hartu duen erabakia ez dela herritarren konstituzio-eskubideen urraketa bat.

2. Halere, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari iradokitzea gurasoei informazio zehatza emateko Axular ikastolak eta Arturo Kanpion ikastetxeak etorkizunean izanen duten egoerari buruz. Halaber, sustatu beharko luke gurasoek parte hartzea hezkuntza ereduari buruzko eta, kasua bada, egituratzen den ikastetxe berriaren ezaugarriei buruzko erabakietan.

3. Bi hilabeteko epea ematea Hezkuntza Departamentuari iradokizun hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.

4. Kexa-egileari eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia