Partekatu edukia
Trafikoa eta bide-segurtasuna
Gaia: Disconformidad con una sanción de tráfico impuesta tras identificar a otra persona como conductor del vehículo
Exp: 09/281/I
Nº: 102
Trafikoa eta Barne arloa
2009ko apirilaren 24an, [...] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Burlatako Udalaren aurka, berraztertzeko errekurtso bat ezesteagatik.
Kexa-egileak, idatziaren fotokopiaren bitartez, egiaztatu zuen 2008ko urriaren 24an Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzan Burlatako Udalari zuzendutako idazki bat aurkeztu zuela. Haren bidez adierazten zuen [...] andrea (NANa eta helbidea adierazten da) zela ibilgailua gidatzen zuena kexa-egileari trafiko arau-hauste batengatik 2008ko uztailaren 30ean ezarri zitzaion isunaren unean.
Azaltzen zuen ibilgailua zeinen eskuetan zegoen adierazita ere, hau da, trafikoko arau-haustearen egilea identifikatu ondoren ere, zehapen-prozedura beraren aurka izapidetu zela.
Bere denboran, zehapenaren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen. Alkatetzaren martxoaren 27ko 184/2009 Ebazpenaren bidez, berriz, ezetsi egin zen 2008ko azaroaren 24ko 888/2008 zehapen-ebazpenaren aurkako berraztertzeko errekurtsoa.
Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Burlatako Udalari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
2009ko maiatzaren 20an, udaleko alkate jaunaren txostena jaso zen. Hartan, [...] jaunaren aurkako zehapen-espedientearen fotokopia konpultsatua jasotzen zen. Espediente hori ireki zitzaion 2008ko uztailaren 30ean eginiko trafikoko arau-hauste batengatik –debekatua zegoen toki batean ibilgailua aparkatzeagatik–. Arau-haustearen unean ezin izan zitzaion jakinarazi bertan ez zegoelako.
Hemen aztergai dugun kasuan interesatzen zaigunari erreparatuta, honakoa azpimarratu behar dugu espedientea dela eta:
Lehena.- Salaketa kexa-egileari jakinarazi zitzaion 2008ko urriaren 13ko 125. Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez eta udaleko ediktuen oholean 2008ko azaroaren 12tik 22ra bitarte jarrita egon zen iragarkiaren bidez.
Bigarrena.- Zehapena kexa-egileari jakinarazi zitzaion 2009ko urtarrilaren 23ko 10. Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez eta udaleko ediktuen oholean 2009ko urtarrilaren 31tik otsailaren 11ra bitarte jarrita egon zen iragarkiaren bidez.
Hirugarrena.- Kexa-egileak berraztertzeko errekurtso bat aurkeztu zuen trafikoko arau-haustearengatiko zehapenaren aurka, hura Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzako leihatilan utzita.
Laugarrena.- Berraztertzeko errekurtsoa alkatetzaren martxoaren 27ko 184/2009 Ebazpenaren bidez ezetsi zen. Ebazpen horretan, honakoak esaten dira, besteak beste: “Arau-haustearen arduraduna identifikatzeari dagokionez –errekurtso-egilearen esanetan 2008ko urriaren 24an egin zuen hori– alde honek ez du inon jasota ikusi identifikazio hori egin zenik, eta une hauetan ere errekurtso-egileak ez du halakorik egiaztatu”.
Jasota utzi behar da kexa-egileak eskuratutako dokumentazioan Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzan aurkeztutako idazki baten fotokopia bat ageri dela. Sarrerako zigiluak 2008ko urriaren 24ko data dauka. Honakoa dio, hitzez hitz: “...e(t)an, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen 30/1992 Legearen 38 artikuluan adierazitakoaren babesean. Ordezkaritza honek zuzenean igorri dio hartzailea den erakundeari”.
Idazkia Burlatako Udalari zuzenduta dago. Azken lerrokadan honakoa dio hitzez hitz: “... bereziki aurtengo uztailaren hogeita hamarrean eginiko salaketarako, zeinean adierazi baitzuen ibilgailua erabili zuen pertsona [?] izan zela, [?] NANa eta [?] letra duena, eta goian adierazitako jakinarazpen bide berak erabiliz”.
1. Trafikoari, motordun ibilgailuen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko Legeko testu artikuluduna onetsi zuen martxoaren 2ko 339/1990 Errege Dekretu Legegileko 72.3 artikuluan ezarritakoaren babesean, kexa-egileak, zeina arau-haustea egin deneko ibilgailuaren titularra baita, arau-haustearen egilea identifikatu zuen.
Behin gidaria identifikatuta –izen-abizenekin, NANarekin eta helbidearekin– 2008ko urriaren 24ko idazkiaren bitartez, hain zuzen ere alkatetzaren dekretuan ezarritako epearen barruan (jakinarazpen ondorioetarako 2008ko urriaren 13ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen), gidariarena da, zuzen-zuzenean eta guztiz, arau-haustearen erantzukizuna.
2. Kontua da Burlatako Udalak ez duela jasota gidariaren identifikazioa egin zenik.
Espedientean aurkeztutako dokumentaziotik ondoriozta daiteke, kexa-egileak, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4.b) artikuluan ezarritakoaren babesean, gidaria identifikatzeko dokumentua aurkeztu zuela administrazio-organo baten –Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzaren– erregistroan. Organo hori Estatuko administrazio orokorraren menpekoa da.
Aipatu artikuluak aukera ematen du herritarrek administrazio publikoetako organoei zuzendutako eskabideak, idazkiak eta komunikazioak aurkezteko bai kasuko komunikazioa zuzenduta dagoen organo administratiboetako erregistroetan, bai Estatuko administrazio orokorrarena den edozein organo administratibotako erregistroetan, bai autonomia erkidegoetako administrazioen erregistroetan eta abarretan ere.
Herritarrek administrazio publikoekiko harremanetan dauzkaten eskubideak errealak eta eraginkorrak dira. Ez da bidezkoa eta ez dator bat arauaren aginduarekin, eskubide horiek urratzea edo haiek gauzatzeko edo aitortzeko salbuespenak ezartzea.
Administrazio publikoek –kasu honetan Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzak eta Burlatako Udalak– lankidetzaren eta elkarlanaren printzipioa izanen dute gidari beren arteko harremanetan (Administrazioari eta Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 3.2 artikulua), eta efizientziaren eta herritarrei zerbitzua ematearen irizpideak beteko dituzte beren jardunean. Administrazioa bera, eta ez hura zerbitzatzen duen herritarra, izanen da printzipio edo irizpide horiek betetzean gertatzen diren gabezien ondoriozko egitateen edo jardueren erantzulea.
Segurtasun juridikoaren printzipioak, Espainiako Konstituzioaren 9.3 artikuluan bermatutakoak, bererekin dakar kexa-egilearen jarduera ondorio guztietarako erabat aitortzea, zehapen-prozeduraren xede den zirkulazioko arau-haustearen erantzulea identifikatu baitu.
Erakunde honen ustez, Burlatako Udalak Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzan egiaztatu behar du kexa-egileak alegatu eta azaldutakoa errealitatearekin bat datorren. Hala baldin bada, komunikazio hori zehapen-espedientean erantsi beharko du, eta horretarako edo Ordezkaritzan jaso beharko du, hark bere garaian bidali ez bazion, edo udal zerbitzuei hura bilatzeko agindu beharko die, galdu bada ere.
Azken batean, kontuan hartuta kexa-egilea ez dela arau-hauste administratiboaren erantzulea, ezin zaio, horrenbestez, zehapenik ezarri aipatu arau-haustea eragin zuen egitatearengatik (Administrazioari eta Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 130.1 artikulua).
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
1. Burlatako Udalari gogoraraztea legez kexa-egileak legezkotasunerako, segurtasun juridikorako eta Administrazioaren efizientziarako duen eskubidea eraginkor bihurtu behar duela.
2. Bi hilabeteko epea ematea aipatu udalari legezko betebeharren gogorarazpen hori onartu duela jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
3. Kexa-egileari eta Burlatako Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia