Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Ebazpena. Maiatzaren 28ko 100/2009 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [...] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 maiatza 28

Energia eta ingurumena

Gaia: Emisión de ruidos producidos en obras municipales

Exp: 09/285/M

: 100

Ingurumena

AURREKARIAK

2009ko apirilaren 27an, [...] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Burlatako Udalaren aurka, udal lanek sorturiko zaratengatik.

Azaltzen zuen bere etxearen ([?]) azpian, udala lan batzuk egiten ari dela, eta hainbesteko zaratak eta bibrazioak sortzen dituztela, non foru arauetan baimendutako gehienekoak luze eta zabal gainditzen baitituzte.

Gehitzen du zaratak ukitutako higiezina etxebizitza “sozialen” eraikin bat dela. Menpekotasuna duten pertsonak, buru-gaixoak, gizarte bazterketako arriskuan dauden pertsonak eta abar bizi dira etxebizitza horietan.

Idazkiaren amaieran eskatzen du behar diren neurriak har daitezen zaratak eta bibrazioak gutxitzeko edo, bestela, lehenbizi isolamendu lanak egiteko edo, gutxienez ere, lanak goizeko hamarretan hasteko, eta ez zortzietan, egunero gertatzen den bezala.

Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Burlatako Udalari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.

2009ko maiatzaren 18an, Burlatako alkatearen txostena jaso genuen. Honakoa dio, hitzez hitz:

“Udal hau, une hauetan, [?] kaleko [?] zenbakiko eraikineko beheko solairuan dagoen udalaren etxabe bat egokitzeko lanak egiten ari da.

Lanetarako behar den udal baimena badago. Zoruan zeramika eta sabaian fluoreszenteak jartzea da lanaren xedea. Lan horiek tailer-eskolako ikasleak egiten ari dira, eta ekainaren lehendabiziko astean bukatuko dira.

Sortzen ari diren zaratak edo eragozpenak obra guztietan arrazoizkoak direnak dira, eta bizilagunen atsedenaldia babesteko, lanak eguneko ordutegian baizik ez dira egiten ari.

Goizeko zortzietan hasi ordez goizeko hamarretan hasteko iradokizunari dagokionez, egia esateko ez dut uste oso eraginkorra izanen litzatekeenik, zeren eta berarekin ekarriko bailuke obrak, eta horrenbestez eragozpenak, denboran luzatzea”.

Agerrarazi beharra dago udaltzainek 2007ko maiatzaren 4an, 8:42an, kexa-egilearen logelan eginiko sonometriak honako soinu-emaitza eman zuela: 37,4 dBA.

AZTERKETA

1. Konstituzio Auzitegiko jurisprudentziak mugaturik utzi du zein diren pertsonen bizitzaren garapena nahasten duen faktore horrek (zarata edo kutsadura akustikoa) ukitzen dituen konstituzio-eskubideak. Ingurumen egokiaz gozatzeko eskubidea (Espainiako Konstituzioko 45. artikulua) edo osasuna babesteko eskubidea (Espainiako Konstituzioko 46. artikulua) inplikatzeaz gainera, kutsadura akustikoak oinarrizko eskubideak ukitzen ditu edo uki ditzake: esate baterako, osotasun fisiko eta moralerako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 15. artikulua), intimitaterako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 18.1 artikulua) eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 18.2 artikulua).

Paradigmatikoa da Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 23ko 16/2004 epaia, zeinak eskubide horiek erasan direla aitortzen baitu. Bertan honakoa ezartzen da: “Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 24ko 119/2004 epaian ezarritako doktrinatik abiatuta, adierazi behar dugu osotasun fisiko eta moralerako eskubideak, norberaren eta familiaren intimitaterako eskubideak eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubideak dimentsio positibo bat ere hartu dutela, nortasunaren garapen askeari dagokionez. Kontuan hartuta gure Konstituzioaren testuak ez dituela eskubide teoriko edo irudimenezko eskubide hutsak bermatzen, baizik eskubide erreal eta eraginkorrak (Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 17ko 12/1994 epaia), ezinbestekoa da haien babesa bermatzea injerentzia tradizionalen aurrean ez ezik, teknologikoki aurreratuta dagoen gizartetik sortzen diren arriskuen aurrean ere. Errealitate berri horrekiko sentiberatasuna erakutsi da Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean.

Orain arte azaldutakoak balio du baieztatzeko kutsadura akustikoak, zaratak, herritarren oinarrizko eskubideak erasan eta urra ditzakeela, eta urraketa hori gertatuko dela behar den babesa emateko eskumena duten administrazio publikoek jarrera pasiboa erakusten dutenean.

2. Udalari funtsezko zeregina dagokio herritarrak kutsadura akustikoaren aurka babesteko eginkizunean. Horixe ondorioztatzen da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 25.2.f) artikuluan esleitutako eskumenetatik. Lege hori, apirilaren 21eko 11/1999 Legearen bitartez aldatu zen.

Nafarroako Foru Komunitateko araudiari dagokionez, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeko 34.1.b) artikuluak osasun publikoaren arloko eskumenak esleitzen dizkie udalei, horien artean zarataren nahiz bibrazioen osasun-kontrola.

3. Zaratei buruzko estatu mailako arauak, zehazki Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legeko 18. artikuluak, administrazio publikoei agintzen die neurri egokiak har ditzaten kutsadura akustikoaren prebentziorako, bereziki eskura dauden teknika onenen artean eragin akustiko txikiena duten teknologiak aplikatuz.

4. Aztergai dugun kasuan, espedienteari erantsi zaion dokumentazioa ikusita, udala bera gauzatzen ari den eraikuntza-jarduera bat da hau (tailer-eskolako langileak egiten ari dira). 37,4 dBA emaitza eman duen sonometriaren arabera, ezarritako gehieneko balioa gainditu du (gehienekoa 35 dBA da) jarduera horrek etxebizitzaren (logelaren) barruan, Zarata eta bibrazioak eragiten dituzten jarduerek bete behar dituzten baldintza teknikoak ezartzen dituen ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuko 15.2 artikuluari jarraituz. Foru dekretu horrek berak, 26.a) artikuluan, Administrazioa (udala) behartzen du behar diren zuzenketa-neurriak ezartzera egiaztatutako zarata- edo bibrazio-maila gehiegizkoa arintzeko edo deuseztatzeko.

Hala eta guztiz ere, txostena eta espedienteko gainerako datuak ikusita, ondorioztatzen da udalak ez duela inolako ekimenik bultzatu udal obra horretan sortutako gehiegizko zarata arintzeko edo gutxitzeko zuzenketa-neurriren bat ezartzeko.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

1. Burlatako Udalari gogoraraztea kexa-egileak ingurumen egokirako eta legez ezarritakoaren gainetiko kutsadura akustikoa ez pairatzeko duen eskubidea eraginkor bihurtzeko legezko betebeharra duela.

2. Bi hilabeteko epea ematea aipatu udalari legezko betebeharren gogorarazpen hori onartu duela jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.

3. Kexa-egileari eta Burlatako Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia