Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Ebazpena. Ekainaren 19ko 119/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [...] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 ekaina 19

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Falta de contestación a un recurso de alzada

Exp: 09/332/D

: 119

Eskubideen Sustapena

AURREKARIAK

  1. 1. 2009ko maiatzaren 14an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Hezkuntza Departamentuaren aurka, gora jotzeko errekurtso bati erantzunik ez emateagatik.
    Azaltzen zuen 2008ko abuztuan, gora jotzeko errekurtso bat aurkeztu zuela “matematika euskaraz” espezialitateko oposizio aldiko behin betiko puntuazioen aktaren aurka. Oposizio horren deialdia Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 28ko 2752/2007 Ebazpenaren bidez onetsi zen. Bederatzi hilabete baino gehiago iragan direnean, ez zaio inongo ebazpenik jakinarazi.
    Agertzen zuen ez duela aukerarik izan egin zuen idatzizko azterketa egiteko, zeren eta Administrazioak esan baitio galdu egin dela.
    Eta gehitzen zuen, akats larrien kontzeptua azal ziezaioten epaimahaiko kideak agertzeko eskaria egin ondoren, horixe esan baitzioten azterketako bati buruz, eta B1 ahozko probaren balorazioa azaltzeko eskatu ondoren, erantzun ziotela epaimahaiak ez zuela zertan azaldu ariketak baloratzeko erabili zituen irizpide berariazkoak.
  2. 2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
  3. 3. 2009ko ekainaren 4an, aipatu departamentuko kontseilariaren txostena jaso genuen. Honakoa dio, hitzez hitz:
    “Errekurtsoa aurkeztu zenetik bederatzi hilabete baino gehiago ebazpenaren inongo jakinarazpenik jaso gabe iragan izateari dagokionez, horixe adierazi baita, azalpen bat baizik ezin da eman: bigarren hezkuntzako irakasleen lanpostuetarako deialdian gora jotzeko errekurtso asko eta asko aurkeztu zirenez, haiek ebazteko lehentasunezko sistema bat ezarri behar izan zen, gai berari buruzko aurreko beste txosten batzuetan adierazi dugun bezala. Horren ondorioz, Departamentuak –herritarren eskabide guztiak prozedura bakoitzerako finkatutako gehieneko epean ebazten saiatu behar duela onartzen duen arren, nahitaez hala egin behar baitu– geroratu egin behar izan zuen bere ustez ezestekoak zirenen ebazpena, ahal bezain laster ebatzi ahal izateko baietsi beharrekoak, kontuan izanda errekurtso-egileentzat eta hautapen prozesuetako gainerako izangaientzat baietsitako eta ezetsitako ebazpenek dauzkaten eraginak, kasu batean eta bestean, oso desberdinak direla, eta gure antolamenduan tresnak badaudela herritarrek bide judizialera jo ahal izateko benetan uste badute beren asmoa bide jurisdikzionalean baietsi beharrekoa dela.
    Hori guztia gorabehera, aztergai dugun kasu zehatzean, errekurtso-egileak errekurtsoa esleituta duen legelariarekin hiru bilera izan zituen espedientea aztertzeko eta hari buruzko izapidetze administratiboa aztertzeko. Horrenbestez, kasu honetan, ez da gertatu administrazioaren jarduerarik eza, kexa-egilea interesdun nagusia deneko prozesuari dagokionez.
    Azterketa galtzeari edo ez aurkitzeari dagokionez, Idazkaritza Tekniko Nagusiak ofizio bat igorri zion Giza Baliabideen Zerbitzuari, oposizio-lehiaketako agiriak gordetzeaz eta zaintzeaz arduratzen baitzen, probaren A ataleko azterketa eskatzeko, errekurtsogileak hala eskatua baitzuen. Aipatu zerbitzuak proba hori galduta zegoela jakinarazi zion. Inguruabar horren aurrean, nabarmendu beharra dago galtzea gertatu dela epaimahaiak bere balorazioak aktan azaldu ondoren, eta akta horixe da, izan ere, emaitzen fede publikoa ematen duena. Horrenbestez, ez dago kalifikazioari buruzko zalantzarik.
    Azkenik, epaimahaiko kideen aurrean agertzeko eskariari dagokionez, eta haiek ariketak baloratzeko berariazko irizpideak azaltzeari ezezkoa emateari dagokionez, honakoa adierazi beharra daukagu:
    • - Baloraziorako irizpide orokorrak deialdian jasota daude.
    • - Epaimahai koordinatzaile bat izendatu zen epaimahai guztien irizpideak eta prozedurak batzeko.
    • - Espezialitateetako epaimahai berariazkoek zuhurtziarakotasun teknikorako tarte bat badaukate, baloraziorako berariazko irizpideak aplikatzeko garaian.

Horrenbestez, epaimahaiek adierazi badute ez dela beharrezkoa esleitutako puntuazioaren oinarria izan diren baloraziorako irizpideak zehaztea, eta aktetan berariaz jasota dagoela jarritako emaitza, ondorioztatu behar da horixe adierazten dela aipatutako irizpideak hautapen-probara aurkezten diren profesional guztiek ezagutzen dituztelako”.

AZTERKETA

  1. Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42.1 artikuluak honakoa ezartzen die administrazio guztiei: administrazio publikoek esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar dute prozedura guztietan, prozedura horiek hasteko modua edozein dela ere. Betebehar hori legez edo erregelamenduz ezarritako gehieneko epean bete behar da. Gora jotzeko errekurtsoak ebazteko epea hiru hilekoa da (42.2 artikulua, aipatutako 30/1992 legeko 115.2 artikuluarekin lotura duena).
    Ezarritako epean berariaz ebazteko eta jakinarazteko betebehar hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean berretsi zen. Izan ere, 7. artikuluan aitortzen da herritarrek administrazio egokia izateko eskubidea, horren barne dela administrazioak espresuki emandako ebazpena legez ezarritako epean lortzeko eskubidea.
  2. Hemen planteaturiko kasuan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak nabarmenki ez du bete behar den epean ebazteko eta jakinarazteko zuen legezko betebeharra. Horrenbestez, interesdunak administrazio zuzenerako duen eskubidea ere kaltetu da, hain zuzen ere abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 7. artikuluaren indarrez badaukana.
    Hezkuntza Departamentuak erabilitako argudioak, aurkeztutako errekurtsoak ebazteko behar adina giza baliabide ez izateari buruzkoak, ez du justifikatzen eta ez du salbuesten aurkeztutako errekurtso administratiboei berariazko ebazpena emateko eta ebazpen hori behar den epean emateko eskubidea, ez eta administrazio zuzen baterako eskubidea ere. Eskubide horiek eraginkor egiteko, horixe baita administrazio publiko ororen ezin saihestuzko betebeharra, Hezkuntza Departamentuak behar diren bitarteko guztiak jarri beharko ditu, hain zuzen ere administrazioaren jardueran gertaturiko gabeziak gainditzeko –egiturazko nahiz abaguneko gabeziak izan–, kontuan izanda herritarrari zerbitzua ematea dela Administrazioaren eginkizun nagusia.
    Adierazi den bezala, interesdunaren kexa guztiz oinarrituta dago; hori dela eta, eragin prozesal hutsetarako gora jotzeko errekurtsoa ezetsi dela ulertzeko aukera egon daitekeela alde batera utzita, gogorarazi beharra dago gora jotzeko errekurtso hori berariaz ebazteko legezko betebeharra badagoela.
  3. Alabaina, txostenean adierazten zaigu Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuak kexa-egilearen idatzizko azterketa galdu duela, hain zuzen ere probako A atala garatzen zuen azterketa; A atal horren xedea zen, hain zuzen ere, izangaiak erakustea irakaslanean jarduteko behar diren berariazko ezagupenak bazituela. Gai bat idatziz garatzean zetzan, eta oposizioaren amaierako kalifikazioaren % 40 balio zuen.
    Galera horrek suposatzen du gora jotzeko errekurtsoa ebazteko eskuduna den organoak ezin duela idatzizko azterketa hori berrikusi, zuhurtziarakotasunezko jardueraren mugak errespetatu izateari buruzko beharrezko kontrola egin ahal izateko. Horri dagokionez, behin eta berriz eman den jurisprudentzia gogoratu behar dugu; izan ere, horren arabera, oposizio eta lehiaketetako organo kalifikatzaileek zuhurtziarakotasun tekniko zabala dute beren egitekoan, dauzkaten ezagupen espezializatu zehatzetatik heldu diren irizpideak sustatzen eta aplikatzen baitituzte. Eta Auzitegi Gorenaren 2000ko urriaren 10eko –RJ 8992–, 2001eko ekainaren 19ko –RJ 9544– eta 2002ko otsailaren 22ko –RJ 7243– epaietan adierazi den bezala, zuhurtziarakotasun tekniko horrek gutxitu egiten ditu organo jurisdikzionalek epaimahai kalifikatzaileek ebaluazio jardueraren gaineko kontrola egin ahal izatea, araututako elementuak ez betetzeari dagokionez –halakorik dagoenean–, akats argi eta nabarmenei dagokionez eta botere-desbideratzearen arbitrariotasunari dagokionez; jurisprudentzia horrek, izan ere, Bigarren Hezkuntzako Irakasleen kidegora sartzeko prozesua arautzen duen deialdiko 8.1.1.4 oinarriaren edukia bera indartzen du, behin betiko puntuazioari buruz honakoa ezartzen baitu: ”interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari zuzendua, eta horren gaineko ebazpena ematerakoan kontuan hartuko da epaimahaiaren jarduketan ageriko akatsik, arbitrariotasunik edo agintearen desbiderapenik izan den”.
    Epaileek eta auzitegiek benetan babesa emateko eskubideak, Konstituzioaren 24.1 artikuluan bermatutakoak, funtsezko osagai gisa ezartzen du defentsa-gabeziarik ezin gertatzea. Horrek esan nahi du aldeen kontradikzio-defentsarako eskubidea bermatu beharra dagoela, hain zuzen ere haiei aukera emanez beren eskubideak eta interesak behar diren inpugnazioen bitartez eta egokitzat eta beharrezkotzat jotzen dituzten frogabideak erabiliz baliarazteko.
    Aztergai dugun kasuan, gora jotzeko errekurtsoaren ebazpenak eskatzen du idatzizko azterketa berrikusi ahal izatea, zertarako eta kontrola adierazitako terminoetan gauzatu ahal izateko; baina jarduketa hori materialki ezinezko gerta daiteke. Horrenbestez, azterketa galdu izana interesdunari ezin egotz dakiokeenez, eta bai, ordea, hura gordetzeaz eta zaintzeaz ardura zuen Administrazioari, interesdunaren defentsa-gabezia –Espainiako Konstituzioko 24. artikuluan proskribatutakoa– ez gertatzeko konponbide bakarra da galdutako azterketari dagokion puntuazioa deuseztatzea, ezin baita hura gora jotzeko bidean berrikusi; horrenbestez, agindu beharko litzateke jarduerak proba egin zen unera atzera eramatea, interesdunak berriz ere proba hori egin dezan, baldintzei eta exijentzia akademikoari dagokionez aurrekoaren antzeko ezaugarriak dituen azterketa bat jarriz.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari gomendatzea, epaimahai kalifikatzaileak galdutako ariketari emandako puntuazioa deuseztatu ondoren, agindua eman dezan prozedura proba egin aurreko unera eramateko, kexa-egileak A ataleko beste azterketa bat egin ahal izan dezan.
  2. Hezkuntza Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hura onartzen ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
  3. Kexa-egileari eta Hezkuntza Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia