Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Ebazpena. Ekainaren 18ko 118/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?]-eko lehendakari [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 ekaina 18

Función Pública

Gaia: Denegación del reconocimiento del complemento de destino/especial riesgo

Exp: 09/243/F

: 118

Funtzio publikoa

AURREKARIAK

  1. 2009ko apirilaren 3an, [?]-eko lehendakari [?] jaunaren kexa-idazki bat aurkeztu zen erakunde honetan. Haren bidez azaltzen zuen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langile batzuek, arrisku biologikoak pairatzen dituztenek, eskatua zutela destinoko/arrisku bereziko osagarria jasotzeko eskubidea aitor zekien, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubideari buruzko urriaren 20ko 11/1992 Foru Legeko 9.1 artikuluan ezarritakoaren babesean,.
    Haien eskariei ezezkoa eman zitzaien bide administratiboan, eta beren burua behartuta ikusi zuten administrazioarekiko auzien bidera jotzera. Bide horretan, kasu gehienetan, osagarria jasotzeko eskubidea aitortu zitzaien (besteak beste, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko 3. Epaitegiaren 2006ko irailaren 4ko 237. epaia).
    Gehitzen zuen gaur egun destinoko/arrisku bereziko osagarriak aitortzeko prozedura ugari gauzatzen jarraitzen dela, eta horri buruzko epaiak ugari izanda ere, Administrazioa, bere jardunbidearen gida-lerroa izan beharko lukeen fede onaren printzipioari muzin eginez, amaierako epaiaren zain geratzen dela osagarri hori jasotzeko eskubidea aitortzeko.
    Halaber, adierazten zuen erizaintzako langileei, zeinei otsailaren 23ko 14/2009 Foru Dekretuko 2. artikuluan ezarritakoaren arabera aitortu baitzaie konpentsazio-osagarri bat lehenago destinoko osagarriarengatik jasotzen zutenaren eta arrisku bereziko osagarriarengatik (mailari dagokion soldataren % 10, gehienez) aitortutakoaren arteko aldea –arrisku bereziko osagarri hori Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 24ko 21/2008 Foru Legeko hamazazpigarren xedapen gehigarriaren bitartez sartu zen– berdintzeko dauzkaten itxaropenak zapuztuko zaizkiela, zeren eta konpentsazio-osagarri hori aplikatuko baita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubidea ezarri zuen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legeko 21. artikuluan ezarritako moduan; hau da, osagarria ez da jasoko baldin eta urteko ordainsarien zenbateko osoak aurreko urteko zenbateko osoa gainditzen badu. Inguruabar hori, nolanahi ere, gertatu eginen da erizaintzako lanbide karreraren osagarria indarrean sartzearen ondorioz.
    Bukatzeko eskatzen zuen planteaturiko eskabideak behar den denboran ebatz daitezen, aintzat hartuta gaiari buruz behin eta berriz izan diren epaiak, administrazio zuzenaren printzipioa betez, eta funtzionarioak administrazioarekiko auzien bidera jotzera behartu gabe. Halaber, eskatzen du Administrazioaren arioz eta modu orokorrean arautu dadin zein unitatek jaso behar duten arrisku biologikoekin lan egiteagatiko osagarria.
  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Osasun Departamentuari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
  3. 2009ko ekainaren 9an, Osasun Departamentuko kontseilariaren txostena jaso genuen. Honakoa dio, hitzez hitz:
    “O-NOZaren azken urteetako jokabidea izan da, hain zuzen ere, behar ez diren auziak saihestea eta ahal den kalte gutxiena eragiten duen konponbidea ematea arrisku ionizatzaileak dituzten lanpostuei buruzko deklarazioak ukitutakoei. Izan ere, deklarazio hori epai judizial ugaritan gauzatu da, eta epai horiek arriskua izatea aitortu ez ezik harengatiko ordainsaria ere ezartzen zuten, destinoko osagarriaren adierazle jakin bat finkatzeari erreferentzia eginez.
    Horretarako, Nafarroako Gobernuaren 2008ko otsailaren 18ko erabakiaren bitartez, arrisku erradiologikoak pairatzearengatik lanpostu batzuei aplikatzekoa zaien destinoko osagarriaren indizea finkatu zen. Erabaki horretan jasotako gaikuntzan oinarrituta, O-NOZeko Giza Baliabideen zuzendariaren otsailaren 18ko 166/2008 Ebazpenaren bitartez, arrisku ionizatzaileak dituzten esparru eta lanpostuak finkatu ziren, eta arrisku hori pairatzen duten langileak sailkatu ziren, destinoko osagarriaren ordainsari gehigarria jasotzeko eskubidea aitortzearen ondorioetarako. Ebazpen horretako lanpostuen zerrenda dauden aitorpen judizial guztietan oinarrituta dago; hartara, deklarazio horretatik abiatuta, lanpostu eta esparru horietan lan egiten duten edo lan egin duten langile guztiek Administrazioaren arioz osagarri hori jasoko dute O-NOZen eskutik, hura aurretik eskatu beharrik gabe; eta langileren batek eskatzen badu, bere egoera atzeraeraginez aztertuko da.
    O-NOZen jarduketa hori ikusita, arriskuarengatiko ordainketa aldarrikatzeko beste estrategia masibo bat abiarazi zen, ustez bestelako arriskuak pairatzea alegatuta: arrisku biologikoak, eraso-arriskuak, arrisku zitostatikoak, arrisku minbizi-eragileak, ibilgailuak erabiltzearen ondoriozko arriskuak eta abar. Horren ondorioz, zenbait zigor-epai izan dira arrisku biologikoen kasuan, eta eskatutakoa ezesten duten beste epai batzuk ere izan dira beste arrisku batzuen kasuetan. Arrisku ionizatzaileekin gertatzen zenaz bestera, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko auzien Salak 2000ko urriaren 23an finkatutako irizpidea da, besteak beste, destinoko osagarriaren bitartez ordaintzen dena (orain arrisku berezia, 2009. urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 24ko 21/2008 Legearen bidez eginiko aldaketaren ondorioz) ez dela funtzioen izaera edo funtzionarioa bereziki eskura egotea, baizik eta lanpostuaren baldintza bereziak, arriskuari doakionean. Halere, ez da arrisku orokorra aipatzen, baizik eta lanpostu bakoitzaren berariazko arriskua, zeina desberdina baita kategoria bereko lanpostuen artean, kategoria bereko lanpostuek arrisku orokor batzuk badituzte ere.
    Hala eta guztiz ere, eta eman diren erabaki judizialei dagokienez, eta beste behin aldarrikapen horren ondorioz sortu diren espediente ugariei konponbidea emateko, arestian deskribatutako erabaki-ildo berari jarraitu zaio. Nafarroako Gobernuaren 2008ko martxoaren 31ko Erabakiaren bitartez, arrisku biologikoak pairatzen dituzten O-NOZeko lanpostuei dagokien destinoko osagarriaren adierazlea finkatu zen. Erabakian jasotako gaikuntza oinarri hartuta, O-NOZeko Giza Baliabideen zuzendariaren otsailaren 12ko 386/2009 Ebazpenaren bitartez, O-NOZeko zentro eta zerbitzuetan arrisku biologikoa duten esparruak eta lanpostuak finkatu ziren, ordainsari-osagarriak jasotzeko eskubidearen ondorioetarako. Aipatutako esparru eta lanpostuak dira epai judizialetan aitortu diren guztiak. Ildo horretan, eskabide bat jasotzen denean, aztertu egiten da, adierazitako esparru eta lanpostuetakoa den jakite aldera. Hala ez bada, eta arriskua egiaztatzen ez den bitartean, ezezkoa ematen zaio, hala behar baita; izan ere, gertatzen dena da sindikatuak eskabide masiboak sustatzen ari direla, guztiz orokorrak eta zehaztapenik gabeak lanpostu edo esparruei dagokienez, eta horiek, argi eta garbi, tokirik ez dute eman diren epaien arabera. Puntu horretara iritsita, geure buruari galdetzen diogu ea nor den fede onari muzin egin dionik.
    Azkenean, egoera honek agerian utzi zuen O-NOZen deklaratutako lanbide-arrisku batzuk modu metatuan ordaintzen ari zirela, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuari atxikitako langileekin gertatzen denaz bestera. Izan ere, horren arabera, arriskua orokorrean ordaintzen da maila bakoitzari dagokion hasierako soldataren ehuneko 10 ordainduta, gehienez ere. Bi arau horiek egokitzeko eta sortzen ari zen egoera aldrebesa kontuan hartuta, abenduaren 4ko 21/2008 Foru Legeak 11/1992 Foru Legea aldatu zuen, O-NOZen funtzio publikoaren aipatu estatutuan dagoen erregulazioaren antzekoa jartzeko, hain zuzen ere atzemandako arrisku guztiengatik gehienez ere maila bakoitzeko hasierako soldataren % 10 ordaintzearren. Aplikazio hori aipatutako 11/1992 Foru Legearen terminoetan egiten da, eta, horrenbestez, hartan aurreikusitako absortzio eta konpentsazio irizpideak aplikatuz. Gure ustez, horrela jokatu beharra dago, jardun administratiboa gidatu behar duen legezkotasun printzipioa aplikatuta”.

AZTERKETA

  1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariaren otsailaren 12ko 386/2009 Ebazpenaren bitartez, behin betiko moduan zehaztu nahi da zein diren zerbitzu beraren egoitzetan arrisku biologikoak pairatzen dituzten esparruak eta lanpostuak. Adierazten du zein diren arrisku horiek izan ditzaketenak eta lanpostu horietan lan egiten duten langileei arrisku bereziaren osagarria esleitzen die. Izan ere, osagarri hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubidea ezarri zuen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legeko 9. bis artikuluan zehaztuta dago. Haren zenbatekoak ezin du gainditu kasuko mailaren hasierako soldataren 100eko 10a.
    Aipatutako otsailaren 12ko 386/2009 Ebazpenean, zenbait epai aipatzen da, jada irmoak direnak. Epai horien arabera, izan ere, aitortzen da errekurtso-egileek antzinako destinoko osagarria (arrisku biologikoengatik) jasotzeko eskubidea dutela. Arrisku biologikoak pairatzen dituzten esparruak eta lanpostuak behin betiko finkatzeko aurreko ebazpena –hura ere behin betikoa izatea nahi zen–, prozesu ugariren ondoren, behin eta berriz aldatu behar izan zen organo judizialen erabakien ondorioz. Organo judizialek erabakia hartutako kasu gehienetan aitortzen zen funtzionarioak edo kontratudunak eskubidea zutela arrisku bereziko osagarria jasotzeko, bide administratiboan hura behin eta berriz ukatua izan ondoren.
    Orain, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariaren otsailaren 12ko 386/2009 Ebazpenak ordainsarien osagarria esleitu behar zaien lanpostuen zerrenda berregin besterik ez du egin, hain zuzen ere izan diren epaien ondorioei egokitzeko, baina aldez aurretik lan arriskuen prebentzioaren arloko adituek arrisku hori duten lanpostuei buruzko azterlanik egin gabe. Horrenbestez, ez dago inongo bermerik egoera ez dela errepikatuko segurtatuko duenik; izan ere, litekeena da auzitegiak izatea arrisku bereziko lanpostuak definitzen jarraitzen dutenak, horrek langileentzat eta Administrazioarentzat dakarren kostuarekin.
  2. 2. Gauzak horrela, erakunde honen ustez, arrisku biologiko edo/eta erradiologiko berezia duten lanpostuen zerrenda berariaz eginiko azterlan teknikoaren emaitza izan behar du. Hain zuzen ere, azterlan horretan justifikatu beharko litzateke zein lanpostutan, dauzkaten ezaugarri berezien ondorioz, dauden benetako arrisku biologikoak.
    Lan Osasunaren Institutuak Osasun Departamentuari atxikitako organo bat da, honako xedea duena (haren estatutua onetsi zituen apirilaren 10eko 16/2006 Foru Dekretuko 3.1 artikulua): lan osasunaren gaietan aholku teknikoa ematea, laneko arriskuei aurrea hartzeko eta lan-baldintzetan osasuna babesteko. Horretarako, aurre neurriak hartuko ditu eta aholku teknikoa emanen du. Jarduera horiek langileen osasunari zuzenduta egin behar dira, Osasunaren Foru Legean xedatutakoa betez. Gainera, laneko arriskuei aurrea hartzeko gaietan eskumena duten Nafarroako Administrazio Publikoen jarduketa-planetan laguntza eman behar du. Gainera, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Zerbitzua badauka. Haren eginkizunen artean, lanpostuei buruzko behar diren ebaluazioak egitea dago.
    Horrenbestez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Zerbitzuari eska diezaioke goitik beherako azterlan bat egin eta modu justifikatuan zerrenda dezan Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren menpeko zein lanpostu jo daitezkeen arrisku berezikotzat. Aipatu zerbitzuak balorazio hori egiteko behar diren bitarteko teknikoak ez baditu, gomendagarria litzateke Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak kanpoan kontratatzea azterlan hori egiteko behar den laguntza teknikoa.
    Ondoren, otsailaren 12ko 386/2009 Ebazpenean aipatutako lanpostuak, eta, kasua bada, azterlanaren ondorioz erabakitzen direnak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren plantilla organikoan zehaztu beharko lirateke. Gogoratu beharra dago Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Estatutua arautu zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko 19.c) artikuluak honakoa ezarri zuela: “Nafarroako Administrazio Publikoek beren plantilla organikoak beharko dituzte onetsi eta, haietan, behar bezala sailkatuta aipatuko dituzte lanpostuak, ondoko argibide hauek emanez: 40.3 artikuluan ezarritako lansari osagarriak erregelamendu bidez esleituta dituztenak.”
  3. 3. 2009rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 24ko 21/2008 Foru Legeak, hamazazpigarren xedapen gehigarrian, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileei buruzko urriaren 20ko 11/1992 Foru Legeko 9.1 artikulua aldatzen du, eta haren bidez arrisku bereziko osagarri berri bat ezartzen du, zeinean batera bilduko baitira toxikazio, neke edo arrisku bereziko aurreko egoerak. Horrenbestez, 2009ko urtarrilaren 1etik arrisku biologikoak jada ez dira destinoko osagarrian sartzen, baizik eta arrisku bereziko osagarrian, eta, gainera, muga batekin: langile bakoitzari dagokion mailaren hasierako soldataren % 10a.
    Aipatu aldaketa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Plantilla Organikoa aldatu zuen otsailaren 223ko 14/2009 Foru Dekretuan islatu zen. Izan ere, hartan ezarri zen destinoko osagarriaren barruan kontzeptu horiengatik % 10 baino gehiago jasotzen zuten langileei osagarri bat esleituko zitzaiela, aldea berdinduko zuena, 11/1992 Foru Legeko 21. artikuluan xedatu bezala.
    Kexa-egilearen ustez, aldea berdintzeko osagarri hori automatikoki iraungirik geratzen da osasun arloko langile diplomadun askorentzat, zeren eta 2009ko urtarrilaren 1ean lanbide karrerarengatik kobratzen duten osagarrian igoera bat izan baitzuten, ondoz ondoko hiru urtetan ezartzeko; hau da, aldea berdintzeko osagarria esleitzen zaien erizaintzako langileek, egiaz, ezin izanen duten hura jaso ez 2009an, ez 2010ean, lanbide karreraren sistema pixkanaka ezartzearen ondorioz, zeren eta Foru Dekretuak ezartzen baitu esleipena urriaren 20ko 11/1992 Foru Legeko 21. artikuluan xedatu bezala gauzatuko dela. Izan ere, artikulu horretako laugarren idatz-zatian hauxe ezartzen da: “Osagarri hori irentsi eginen da langileen ordainsari osagarrietan igoera izaten den guztietan.”
    Hala eta guztiz ere, osagarri horri eta bera beste ordainsari batzuen igoerekin irensteari dagokienez, erakunde honek uste du Administrazioak foru legea bere terminoetan aplikatu besterik ez duela egiten, horixe egin behar baitu, noski. Izan ere, aipatutako 21. artikuluak honakoa dio: “Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileek, aplikatzen zitzaien ordainsarien araubideari jarraikiz, aplikatzekoa zaien ordainsarien aurreko araubidearen aplikatuz, urteko kopuru orokorrean, dagokiena baino ordainsari handiagoa jasotzen duten langileek ordainsari horien arteko aldearen pareko konpentsatzioa kobratuko dute, eta hori ez da ez irensgarri ez konpentsagarri izanen, artikulu honetako 4. eta 5. idatz-zatietan ezarritakoa izan ezik” Eta 4. idatz-zatiak honakoa dio: “Osagarri hori (aldea berdintzekoa) irentsi eginen da langileen ordainsari osagarrietan igoera izaten den guztietan, horretatik salbuetsiz Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legeek orokorrean ezartzen dituzten urteko ordainsari igoerak.”
    Eta horixe da, hain zuzen ere, kasua. Hori dela eta, nahitaez aplikatu beharra dago urriaren 20ko 11/1992 Foru Legeko aipatutako 21. artikuluko 4. idatz-zatia.
    Beraz, amaitzeko adierazi behar dugu, gaiari dagokionez, ez dugula atzeman antolamendu juridikoak babesturiko inongo eskubide urratu denik, erakunde honek gomendio bat egitea justifikatzen duenik.

 

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

 

EBATZI DUT:

 

  1. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari gomendatzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko lanpostuen goitik beherako azterlan tekniko bat egin dezan, beren ezaugarriengatik arrisku biologiko edo/eta erradiologikoak izan ditzaketenak atzemateko, eta gero lanpostu horiek zerbitzuko plantilla organikoan jaso ditzan.
  2. Bi hilabeteko epea ematea Osasun Departamentuari gomendio hori onartu duela jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
  3. Kexa-egileari eta Osasun Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

 

Nafarroako Arartekoa

 

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia