Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Ebazpena. Ekainaren 16ko 117/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [...] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 ekaina 16

Función Pública

Gaia: Disconformidad con el envío de la nómina únicamente por vía telemática

Exp: 09/320/F

: 117

Funtzio publikoa

AURREKARIAK

  1. 1. 2009ko maiatzaren 8an, [?] jaunak aurkeztutako kexa-idazki bat sartu zen erakunde honetan. Hartan azaltzen zuenaren arabera, jakinarazia zioten hileroko ordainketa zuzenean sartuko ziotela banku-kontuan, papera aurrezteko xedez, eta ordainketa zuzena zen ala ez zen egiaztatzeko, Interneten kontsultatu beharko zuela.
    Gehitzen zuen jubilatu gehienek ez daukatela Internet, eta ez dakitela erabiltzen. Aitzitik, uste du nominak paperean edukitzea aparteko zerbitzu bat dela jubilatuak integratzeko terapia sozial gisa.
  2. 2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
  3. 3. 2009ko maiatzaren 27an, aipatu departamentuko kontseilariaren txostena jaso genuen. Honakoa dio, hitzez hitz:
    1. “Nominaren edo pentsioaren ordainagiria Internet bidez kontsultatzea beste urrats bat da administrazio elektronikoa pixkanaka ezartzen joateko, Nafarroako Administrazio Publikoan admnistrazio elektronikoa ezartzeari buruzko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legeko aurreikuspenen arabera.
      Neurri hori ezartzeko ados jarri dira Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia eta Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritza Nagusia, sinisten baitute jardunean dauden enplegatuei dagokienez eta haien egoera pertsonala alde batera utzita, guztiek aukera dutela beren lanpostuan ordenagailu bat erabiltzeko, gutxienez ere noizean behin, beren nominaren ordainagiria Internet bidez kontsultatu ahal izateko.
    2. Erretirodunen eta pentsiodunei dagokienez, internet bidezko kontsulta hori edozein unetan egin dezaketela alde batera utzita, komunikazio bat igorriko zaie urtero urtarrilean etxera, eta hartan zehaztuko zaie zein izanen den urte horretako pentsioaren zenbatekoa, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean ezarritako igoera aplikatu ondotik.
      Kontuan hartu behar da ezen, kasuan kasuko igoera orokorra aplikatu ondotik, pentsioaren zenbatekoa ez dela urtean zehar aldatzen, eta, hortaz, komunikazio horren bidez jakinen dute zein izanen den urte osoko pentsioa. Horri dagokionez, erretirodunen eta pentsiodunen egoera jardunean dauden langileen egoeraz bestelakoa da. Izan ere, jardunean dauden langileei nomina aldatu ohi zaie beren ordainsari pertsonalengatik, elementu aldagarriengatik eta abarrengatik.
    3. Erretirodunei eta pentsiodunei dagokienez, prozedura hau da –eta hala jakinarazi zitzaien ukitutako guztiei iragan otsaileko pentsioaren ordainagiriarekin igorritako idazkian– Gizarte Segurantzak pentsioa araubide horri jarraikiz jasotzen duten erretirodun eta pentsiodun guztiekin darabilena, eta horrekin ez zaie inolako arazorik sortzen informazioari dagokionez. Ez zaigu, behinik behin, inongo arazoren berri iritsi.
    4. Foru Komunitateko Administrazioko erretirodunek beren hileko diru-sarreretan nabarituko duten aldaketa bakarra osasun laguntzarako erabilera bereziko sistemaz baliatu diren hilabeteetan izanen da, hain zuzen ere aurkeztu dituzten era horretako gastuen ondorioz. Izan ere, erregelamendu bidez ezarritako prozeduraren arabera, ordainketak interesdunaren nominan edo pentsioan gauzatzen baitira.
      Horri dagokionez, eta ordainketa horiek pentsioaren zenbatekoari buruzko informazioa nahas ez dezaten –zenbateko hori ez baita urte osoan aldatzen–, posta arruntaren bidez igorriko da, orain arte bezala, osasun laguntzaren ordainketei buruzko informazioa”.

AZTERKETA

  1. Nafarroako Gobernuak zuzenean kudeatzen dituen erretirodunen eta pentsiodunen pentsioei dagokienez, pentsioaren xehetasunak paperean jasoko dituzte hilero.
    Administrazio elektronikoaren ezarpenak eskatzen du barneko eta kanpoko harremanetan teknika elektroniko, informatiko eta telematikoak pixkanaka sartzen joatea. Ezarpen horrek berarekin ekarri du gobernuak erabaki bat hartzea, alegia, pentsioari buruzko hileko xehetasunak Internet bidez ematea, paper bidezko hileroko komunikazioa alde batera utzita. Idatzizko bitarteko hori, halere, urtean behin erabiltzen jarraituko da, urteko pentsioaren zenbatekoa jakinarazteko.
    Idatzizko jakinarazpenaren bitartekoaren ordez jakinarazpen elektronikoa erabiltzeak eskatzen du, herritarrekiko kanpoko harremanen kasu honetan, Foru Administrazioaren menpekotasun funtzional edo organikorik gabe, interesdun bakoitzak berariazko adierazpen bat edo onarpen bat egitea organo publikoak eginiko proposamenari buruz. Hala adierazita dago Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeari buruzko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legeko 13.1 artikuluan: “Jakinarazpen administratibo elektronikoak egin ahalko dira soilik hartzaileak espresuki hala egiteko esan duenean edo onartzen duenean, kasuan kasuko organoak edo erakunde publikoak proposaturik”.
  2. Adineko pertsonek –izan ere horien artean daude Nafarroako Gobernuko erretirodun eta pentsiodun gehienak– Interneterako duten sarbidea, era askotako arrazoiengatik, oso baxua da estatistikoki, gainerako herritarrekin alderatuz gero. Hori dela eta, beharrezkoa da arreta gehiago jar dadin Administrazioak onartzen dituen prozedura administratibo elektronikoen ondorioz herritarrak bazterturik ez gelditzeko eskubidea eraginkor bihurtzeko (apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legeko 4. artikulua). Administrazioaren aurreko berdintasunari eusteko neurrietako bat da hertsiki betetzea borondatezkotasunari buruzko neurria, izan ere horrek suposatzen baitu, azken batean, herritarrak berariaz onartzea Administrazioak herritarrarekiko harremanak Internet bidez edukitzeko eginiko proposamena.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

 

  1. Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gogoraraztea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeari buruzko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legeko 13.1 artikuluan ezarritakoa betetzeko legezko betebeharra duela.
  2. Bi hilabeteko epea ematea aipatu departamentuari legezko betebeharren gogorarazpen hori onartu duela jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
  3. Ebazpen hau jakinaraztea kexa-egileari eta Nafarroako Gobernuaren Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari, eta adieraztea honen kontra ezin dela errekurtsorik jarri.

 

Nafarroako Arartekoa

 

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia