Ebazpena. Ekainaren 15eko 116/2009 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.
2009 ekaina 15
Hirigintza eta Etxebizitza
Gaia: Falta de publicidad de información de carácter público y disconformidad con la exigencia de tasas para acceder a determinada documentación
Exp: 09/269A/U
Nº: 116
Hirigintza eta etxebizitza
AURREKARIAK
- 1. 2009ko apirilaren 20an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen udalaren iragarkien oholean publizitaterik ez jartzeagatik Mankomunitateak egiten dituen osoko bilkurei buruz, bai eta dokumentazio jakin bat eskuratzeko tasa batzuk ordaindu behar izateari buruz ere.
Interesdunak azaltzen zuen joan den urtarrilaren 14an, 16:00etan, udalaren iragarkien oholean ez zegoela inongo iragarkirik. Hala eta guztiz ere, gero jakin zuen hilaren 15eko 10:00etan Osoko Bilkura izana zela, eta dirudienez, presako arrazoiak direla medio, ez zela hari buruzko publizitaterik egin. Urtarrilaren 16an, berriz ere joan zen iragarkien oholera, non Osoko Bilkuraren iragarkia ageri baitzen, eta zerrendako gai bakar gisa zegoen interesdunak aurkeztutako gora jotzeko errekurtso baten alegazioak onestea. Bere iritziz, erabaki hori, presako bidetik hartutakoa, behar bezala justifikatu gabe dago, zeren eta udalak denbora nahikoa eta sobra izan baitzuen alegazio horiek onesteko, eta Osoko Bilkurari berariaz ez zitzaion eman behar zen publizitatea.
Bestalde, kexa-egileak dio joan den abuztuaren 7an dokumentazio jakin bat eskatu ziola Beireko eta Pitillasko Mankomunitateari, eta ezezkoa eman zitzaiola. Geroan, urte bereko abenduaren 27an, dokumentuak emateari buruzko ordenantzak hartu zuen indarra. Nafarroak Administrazio Auzitegian interesdunak jarritako gora jotzeko errekurtso bat onetsi ondoren, Mankomunitateak dokumentu horiek eskuratu zizkion, behin kasuko tasak ordaindu ondoren. Kexa-egilearen ustez, ordenantza ezin zaie aplikatu hura aldarrikatu aurretiko eskabideei, eta, horrenbestez, ez da bidezkoa tasak kobratzea. - 2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, idazki bat igorri nion Beireko eta Pitallasko Mankomunitateari, 2009ko apirilaren 27an, kexan azaldutako gaiei buruzko informazioa eman ziezadan.
- 3. 2009ko maiatzaren 21ean, Beireko eta Pitillasko Udalen Elkarren Sostengu Pertsonalerako Borondatezko Mankomunitatearen idazkia sartu zen gure erakundean. Bertan, honakoa zioen:
“Espedientean aipatzen den lehenbiziko kexari dagokionez, Mankomunitateko idazkariak informatutakoaren eta fede emandakoaren arabera, Osoko Bilkurarako deialdia behar bezala argitaratu eta iragarri zen Mankomunitateko iragarkien oholean.
Saioaren presako izaera Nafarroako Administrazio Auzitegiak emandako epeari zegokion, hain zuzen ere errekurtsoaren aurkako alegazioen txostena aurkezteko epeari –behin onetsi ondoren–. Hori guztia behar bezala justifikatu zen espedientean eta biltzarreko kideek onetsi zuten.
Dokumentuak emateagatiko tasak kobratzeari dagokionez, Nafarroako Administrazio Auzitegiak kopiak emateko agindua emateko unean indarra zuen ordenantza aplikatzen da. Une horretan, izan ere, sortzen baita tasa, ordenantzaren beraren arabera.
Adierazitakoaz gainera, [?] jaunak gora jotzeko errekurtso bat aurkeztu du Nafarroako Administrazio Auzitegian (09-0817), non kexan aipatzen diren tasak kobratzearen aurka egiten duen. Errekurtso hori ebazteko dago. “
AZTERKETA
- Bi dira kexa-egileak planteaturiko gaiak. Lehenbizikoa da Beire-Pitillas Mankomunitateak egiten dituen osoko bilkurak udalaren irarki oholean ez argitaratzea. Bigarrena, berriz, dokumentazio jakin bat eskuratzeko tasa batzuk ordaindu behar izatea da.
- Lehenbiziko gaiari dagokionez, Osoko Bilkuraren deialdia dela-eta Mankomunitateak, bere idazkian, jakinarazten du deialdia behar bezala argitaratu eta iragarri zela iragarkien oholean, eta Mankomunitateko idazkariak horren fedea ematen du.
Kontuan izanda materialki ezin dela egiaztatu salatutako egitatea zehazki nola gertatu zen, erakunde honek ezin du egiaztatutzat eman interesdunaren eskubidea urratu zenik. Jasotako txostenean, Mankomunitateko idazkariak deialdia iragarkien oholean behar bezala argitaratu izanaren fede ematen du. Funtzionario publiko batek fede emateak gertatutakoaren egiazkotasuna baieztatzen edo segurtatzen du, eta legezko balioa ematen dio egitateari. - Interesdunak azaldutako bigarren gaia Mankomunitateari eskatutako dokumentu batzuengatik tasa batzuk ordaindu behar izateari buruzkoa da. Dokumentu horiek, hasiera batean, 2008ko abuztuaren 7an eskatu ziren, baina Mankomunitateak, modu bidegabean, ukatu egin zituen. Geroan, 2008ko abenduaren 27an, indarra hartu zuen Beireko eta Pitillasko Mankomunitateko agiriak luzatu eta tramitatzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalak.
Interesdunak Nafarroako Administrazio Auzitegian jarritako gora jotzeko errekurtsoa 2009ko urtarrilaren 21ean baietsi ondoren, Mankomunitateak eskatutako dokumentuak eskuratu zizkion interesdunari, behin kasuko tasak ordaindu ondoren.
Lehenbizi, herritarrek informazioa izateko eta administrazio publikoetako artxiboetan dauden dokumentuen kopiak eskuratzeko daukaten eskubidea aipatu behar da. Eskubide hori, izan ere, orokorrean aitortuta dago Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 237. artikuluan. Gainera, eskubide hori berariaz aitortuta dago Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 95.2 artikuluan.
Aztergai dugun kasuari dagokionez, Nafarroako Administrazio Auzitegiak kexa-egileak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa baietsi zuen. Errekurtsoa Beire-Pitillas Mankomunitateak errekurtso-egileak eskatutako dokumentazioa ukatu izatearen aurka aurkeztua zen. Horrenbestez, argi dago Mankomunitateak baiezkoa eman behar ziola interesdunak eskatutako dokumentazioa emateari, eta dokumentuak eskaria aurkeztu zen egunean eskuratu behar zizkiola, zeren eta kexa-egilea, herritar gisa, bere eskubideaz baliatzen ari baitzen, hain zuzen ere bere intereseko ekintzei buruzko informazioa eta kopiak eskuratzeko eskubideaz. - Aipatutako agiriak luzatzeagatiko tasak kobratzeari dagokionez, Mankomunitateak adierazi du kopiak emateko agindua emateko unean indarra zuen ordenantza aplikatu zuela. Une horretan, izan ere, sortzen baita tasa, ordenantzaren beraren arabera.
Erantzun hori ikuspuntu juridikotik onartezina da, zeren eta interesdunak dokumentuak eskatu baitzituen agiriak luzatzeko eta tramitatzeko tasak arautu zituen ordenantza fiskalak indarra hartu aurretik.
Dokumentu horiek ez zitzaizkion interesdunari eskatu zituen unean eskuratu. Interesdunak Nafarroako Administrazio Auzitegiaren 2009ko urtarrilaren 21eko Ebazpenera arte itxaron behar izan zuen dokumentuak eskuratzeko, zeren eta Mankomunitateak, modu bidegabeak, haiek ukatu baitzizkion.
Horrenbestez, aplikatzekoa den arau juridikoa dokumentuen eskariaren unean indarra zuena da, hau da, 2008ko abuztuaren 7an indarra zuen araua. Izan ere, une hartantxe eskuratu behar zizkion Mankomunitateak interesdunari, baina une hartan, ez zegoen ordenantza fiskalik, 2008ko abenduaren 26ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen.
Legeen atzeraeraginik eza gure antolamenduaren printzipio orokor bat da. Espainiako Konstituzioak, 9.3 artikuluan, arau orokor gisa ezartzen du legeek ez dutela atzeraeraginik, kontrakorik berariaz ezartzen ez bada edo legearen zentzuan edo xedean argi ageri ez bada horixe dela, atzeraeragina alegia, legegilearen asmoa. Aztergai dugun kasuan, Mankomunitateak aipatzen duen ordenantza fiskalak ez du inolako atzeraeraginik ezartzen, eta izaera hori, gainera, ezin da interpretazioaren bidetik ondorioztatu. Hura ezartzea, gainera, legearen aurkakoa izan zitekeen.
Laburbilduz, gure antolamendu positiboaren oinarrietako bat atzeraeragin eza da, eta horren ondorioz harreman juridiko bakoitza bera sortzen den unean dauden arauen araberakoa izanen da. Printzipio horren arrazoia dira antolamendu juridikoari egonkortasuna emateko beharra eta administratuari segurtasun juridikoa emateko beharra.
Bestalde, eta udalak emandako txostenean adierazitakoaz bestera –alegia, tasa kopiak emateko unean sortzen dela–, ordenantzak berak dio, 3. artikuluan, tasa ordaintzeko betebeharra sortzen dela “norberaren intereserako, administrazio emaileak bere eskumenekoa den edo izan behar duen edozein agiri luzatzeko eskatze hutsarekin” eta 6.1 artikuluan, berriz, honakoa dio: “Tasa sortutzat hartuko da agiria Mankomunitatearen Erregistro Orokorrean aurkezten denean".
Horrenbestez, kexaren xedeari gagozkiola, argi dago interesdunak agiriak eskatu zituenean ordenantza fiskalak ez zuela indarrik, eta agiri horiek ordenantzak indarra hartu ondoren eman baziren, geroratze hori Mankomunitatearen ardura izan zen. Horrenbestez, ez da bidezkoa ordenantza fiskala aplikatzea eta kexa-egileari tasak kobratzea.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
EBATZI DUT:
- Beireko eta Pitillasko Mankomunitateari gomendatzea kexa-egileari agirien kopiak emateagatik modu bidegabean eskatutako tasen zenbatekoa itzultzeko.
- Bi hilabeteko epea ematea Beireko eta Pitillasko Mankomunitateari gomendio hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.
- Beireko eta Pitillasko Mankomunitateari eta [?] jaunari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea