Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Ebazpena. Abenduaren 27ko 218/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak eta [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 abendua 27

Energia eta ingurumena

Gaia: Ruidos de bar situado junto a su vivienda

Exp: 10/904/M

: 218

Ingurumena

AURREKARIAK

  1. Aurtengo abenduaren 2an, [?] andreak eta eta [?] jaunak kexa bat aurkeztu zuten bere etxebizitzaren ondoko lokal batetik datorren zarata dela eta, Tuterako [?] kaleko [?] zenbakian baitago.

    Azaltzen zutenez, 2005ean, [?] tabernak eragiten zien enbarazua dela-eta sarritan deitu zioten Udaltzaingoari. Zarata bost aldiz neurtu ostean, 2009ko martxoaren 12an, Udalak jardueraren titularrari eskatu zion “ez dezan legedi indardunak baimentzen duena baino zarata handiagorik atera bere lokalean”. Errekerimendu hori gorabehera, kexa-egileek zioten egoerak –eragozpenak, alegia– bere horretan zirauela, eta berriz ere deitu behar izan ziotela Udaltzaingoari, kasuko sonometriak egin zitzaten.

    Adierazten zutenez, neurketa barnealdeko geletan egin zituzten, ez jai ez herriko festa ez ziren egunetan egin ere. Udaltzaingoari haiekin izandako tratua eskertu ondoren, egoera bere osasunean eragiten ari zela zioten, eta tratamendua jaso behar izan zutela depresio eta antsietate nahasteak zirela eta.

    Haien ustez, “herritarren atsedenerako eskubidea beste zernahiren gainetik dago, eta gure osasunaren hobe beharrez, udalari ezinbestean jarraitu behar dugu eskatzen orain arte hartutako neurriez harago joan dadin”, eta hori dela-eta eskatzen zuten “abiaraz dadin, gehiago itxoin gabe, kasuko zehapen espedientea.”

  2. Kexa jasota, Tuterako Udalera jo nuen, planteaturiko gaiari buruzko txosten bat eskatzeko.

2010eko abenduaren 20an, Udalak igorritako txostena sartu zen erakundean, eta bertan, honakoa azaltzen da:

“Arartekoaren 2010eko abenduaren 9ko idazkia ikusita, zeinaren bidez Udal honi helarazten baitio Herrerías kaleko bere etxebizitzaren ondoko lokal batetik datorren gehiegizko zaratari buruz [?] andreak eta [?] jaunak aurkeztuako kexa.

Idazkian adierazten denez, Udaltzaingoak zarataren zenbait neurketa egin du interesdunek eskatuta; neurketa horietako batzuek emaitza positiboa eman dute, eta beste zenbaitek, aldiz, negatiboa; zehazki, ondoko bost neurketa hauek izan dira positiboak:2005eko ekainekoa, 2006ko uztailekoa, 2008ko ekainekoa, 2009ko urrikoa eta 2010eko urrikoa.

Neurketa horien ondorioz, Hiri-antolamenduaren Alorrak ohartarazpen bat igorri zion 2009ko martxoan jardueraren titularrari, ez dezan legedi indardunak baimentzen duena baino zarata handiagorik atera bere lokalean, bestela zehapen espedientea abiaraziko zela ohartaraziz.

Kontuan hartuta eragileak ez diola ohartarazpenari jaramonik egin eta berriz ere urratu duela ingurumen arloko legedia, kasuko zehapen espedientea abiaraziko dela adierazi behar dizut, bai eta arazoa konpontzeko egoki iritzitako neurriak ere (etxean sonometro finko bat paratzea, eta abar). Jarduketa horiei buruzko informazioa emanen dizut uneoro.”

AZTERKETA

  1. Konstituzio Auzitegiko jurisprudentziak mugaturik utzi du zer konstituzio-eskubide ukitzen dituen pertsonen bizitzaren garapena nahasten duen faktore horrek (zarata edo kutsadura akustikoa) . Ingurumen egokiaz gozatzeko eskubidea (Espainiako Konstituzioko 45. artikulua) edo osasuna babesteko eskubidea (Espainiako Konstituzioko 43. artikulua) inplikatzeaz gainera, kutsadura akustikoak oinarrizko eskubideak ukitzen ditu edo uki ditzake: esate baterako, osotasun fisiko eta moralerako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 15. artikulua), intimitaterako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 18.1 artikulua) eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubidea (Espainiako Konstituzioko 18.2 artikulua).

    Besteak beste, Konstituzio Auzitegiaren 16/2004 epaiak onartzen du eskubide horiek urratu urratzen direla. Bertan honakoa ezartzen da: “Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 24ko 119/2001 epaian ezarritako doktrinatik abiatuta, adierazi behar dugu osotasun fisiko eta moralerako eskubideak, norberaren eta familiaren intimitaterako eskubideak eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubideak dimentsio positibo bat ere hartu dutela, nortasunaren garapen askeari dagokionez. Kontuan hartuta gure Konstituzioaren testuak ez dituela eskubide teoriko edo irudimenezko eskubide hutsak bermatzen, baizik eskubide erreal eta eraginkorrak (Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 17ko 12/1994 epaia), ezinbestekoa da haien babesa bermatzea injerentzia tradizionalen aurrean ez ezik, teknologikoki aurreratuta dagoen gizartetik sortzen diren arriskuen aurrean ere. Errealitate berri horrekiko sentiberatasuna erakutsi da Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean.

    Orobat adierazten du “gaur egungo gizartean, zarata faktore psikopatogenoa eta herritarren bizi-kalitatearen nahasketa etengabearen iturri izatera irits daitekeela. Horixe adierazten dute, bederen, Osasunerako Mundu Erakundeak inguruneko zarataren gainean finkatutako zuzentarauek (nabarmendu beharrik ere ez dago OMEk erreferente zientifiko gisa duen balioa). Bertan, luzaroan zarata maila handiaren eraginpean izateak pertsonen osasunean dituen eraginak azaleratzen dira (entzumen urritasuna, ahozko hizkuntza ulertzeko zailtasunak, lo nahasmendua, neurosia, hipertentsioa eta iskemia), baita jokabide sozialean dituenak ere (batik bat, elkartasunezko jarrera murriztea eta joera oldarkorragoa).”

    Oinarri horien gainean, eta oinarrizko eskubideen interpretazioari eta zaintzari buruz Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren doktrinara joaz, Konstituzio Auzitegiak honakoa baieztatzen du: “erabaki beharko dugu zarata maila handiak modu jarraituan pairatu behar izateak pertsonen osasuna arriskuan jartzen duenean, egoera horrek osotasun fisiko eta moralerako eskubidearen (Espainiako Konstituzioaren 15. artikulua) urratzea inplikatu ahalko duela. Izan ere, egia izanik ere osasunerako arrisku edo kalte guztiek ez dutela berekin ekartzen Espainiako Konstituzioaren 15. artikuluaren urratzea, botere publikoen ekintza edo omisio baten ondorioz pertsona batek jasan beharreko saturazio akustikoko mailak osasuna modu larrian eta berehalakoan arriskuan jartzeko atalasea gainditzen duenean, Espainiako Konstituzioko 15. artikuluan bermatutako eskubidea erasanda geratu ahalko da.”

    Auzitegiak honakoa esanez jarraitzen du: “Espainiako Konstituzioko 18. artikuluko eskubideei dagokienez, nabarmendu behar dugu Giza Eskubideen Europako Ituneko 8.1 artikuluak pertsona guztiek beren bizitza pribatua eta familiarra, bere bizilekua eta beren posta errespetatuak izateko eskubidea aitortzen duen bitartean, Espainiako Konstituzioko 18. artikuluak berezko entitate berezitua aitortzen diela norberaren eta familiaren intimitaterako eta bizilekuaren bortxaezintasunerako oinarrizko eskubideei. Eskubide horietako lehenbizikoari dagokionez, nabarmendu behar dugu auzitegi honek zehaztu duela haren xedea pertsonen bizitzaren arlo bati dagokiola, hain zuzen ere besteren ezagutzatik nahiz hirugarrenen esku-sartzeetatik kanpo geratu behar dena, eta arlo horren mugapena nortasunaren garapen librearen arabera gauzatu behar dela. Irizpide horri jarraituz, ondorioztatu behar dugu arlo horietako bat bizilekuarena dela, horixe baita gizabanakoek, gizarteko usadio eta konbentzioetatik aske, bere askatasun intimoena gauzatzeko erabiltzen dutena (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: otsailaren 17ko 22/1984 epaia; urriaren 17ko 137/1985 epaia, eta maiatzaren 31ko 94/1999 epaia). Hori guztia gogoan edukita, honakoa ohartarazi behar dugu, Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 119/2001 epaian adierazitakoari jarraituz: Inor objektiboki saihesgarritzat edo jasangaiztzat jo daitekeen zarata mailaren eraginpean badago luzaroan, norberak eta familiak etxebizitzan intimitatea izateko eskubideari ematen zaion babes berbera eskaini behar zaio, zaratak nortasuna askatasunez garatzea eragotzi edo larri oztopatzen badu, eta kaltea edo galera erakunde publikoen jardunaren edo utzikeriaren ondorioa bada eta, hortaz, gertatutako kaltea eurei egotz badakieke.”

    Orain arte azaldutakoak balio du baieztatzeko kutsadura akustikoak, zaratak, herritarren oinarrizko eskubideak erasan eta urra ditzakeela, eta urraketa hori gertatuko dela behar den babesa emateko eskumena duten administrazio publikoek jarrera pasiboa, omisiozkoa edo are eraginkortasunik gabea ere erakusten dutenean.

  2. Administrazio publiko guztiek, beren eskumenen esparruan dagokien neurrian, herritarren konstituzio-eskubideak babestu beharko dituzte (Espainiako Konstituzioko 53.1 artikulua).

    Aztergai dugun gaian, udalek funtsezko eginkizun bat betetzen dute herritarren oinarrizko eskubideak babestearen arloan. Halaxe ondorioztatzen da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legeak eta Toki Araubideko Oinarrien Legeak esleitutako eskumenetatik.

    Hori dela eta, hemen aztergai dugunaren antzeko kasuetan, udalak jardueraren funtzionamendu-baldintzak zorrotz betearazteaz arduratu behar dira. Eta baldintza horien ez-betetzea gertatuz gero, erreakzionatu eta legezkotasuna berrezartzeko behar diren neurriak ezarri beharko dituzte, haiek, noski, proportzionaltasunaren eta eraginkortasunaren printzipioei egokituta, betiere arau-haustea egitea arau-hauslearentzat onuragarria izatea saihestuz.

    Proportzionaltasunaren printzipioak exijitzen du arau-hausteen larritasunaren araberako neurriak hartzea, betiere intentsitatea edo jokabidea behin eta berriz gertatzea bezalako inguruabarrak kontuan hartuta. Eraginkortasunaren printzipioak arau-hausleari erantzun puntual eta bizkorra ematea exijitzen du, interes orokorra eta ukitutako herritarren eskubideak zaintzeari begira. Horri buruz, Auzitegi Konstituzionalak adierazia du berrezartzeko eskumen batez baliatzean berandu edo pasibotasunez jokatzea printzipio horren arau-hauste larria dela, eta herritarren eskubide eta interes legitimoetan eragina duela (Konstituzio Auzitegiaren irailaren 25eko 136/1995 epaia).

  3. Aztergai dugun kasuan ikusten dugu badela jarduera bat 2005etik aitzina zenbaitetan gainditu duena gaueko ordutegian zarata-maila. Zehazki, kexa-idazkiarekin batera, 2005etik hona egindako zazpi sonometria aurkeztu zituzten interesdunek, baimendutako zarata-mailak aise gainditzen zituztenak.

    Eta urte hauetan guztietan, espedientean jasota ageri denez, udalaren jarduketa bakarra izan da lokalaren jabeari 2009ko martxoan egindako errekerimendu bat, aurreko urteko ekaineko neurketa baten ondoren egina “ez dezan legedi indardunak baimentzen duena baino zarata handiagorik atera bere lokalean”.

    Horri dagokionez adierazi beharra dago bai Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legeak, bai zaraten maila mugatzeari buruzko arauek zenbait zehapen aurreikusten dituztela. Zehazki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeko 77.2 artikuluak arau-hauste larriak egiteagatik –baimendutako soinu-mugak 6 dB-tan gainditzeagatik– ezarri ahalko diren zehapenak aurreikusten ditu. Hona: a) 200.000 eurorainoko isuna; b) instalazioak aldi batez, erabat edo partzialki, ixtea, gehienez bi urtez; c) instalazioak behin betiko ixtea, erabat edo partzialki; d) jarduera garatzeko gaitasuna kentzea, gehienez urte batez.

    Zaratak edo bibrazioak eragiten dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak ezarri zituen ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuko 26. artikuluak ezarri zuenez, berriz, bertan ezarritakoa urratzeak berekin ekarriko du:

    1. Neurri zuzentzaileak nahitaez hartzea, egiaztaturiko zaraten nahiz bibrazioen maila kasu bakoitzean arintzeko edo deuseztatzeko.
    2. Jarduera gauez etetea, arau-hauste larrien kasuan, eta jarduera guztiz etetea, oso arau-hauste larrien kasuan, baldin eta egiaztatutako akatsak zuzentzen ez badira.
    3. Kasuan kasuko zehapenak ezartzea.

      Zehazki, kasu honetan gertatzen diren inguruabarren gisako kasuetan, zeinetan araudia behin eta berriro urratzen den, ez da aski ohartarazpena egite hutsa, eta luze gabe abiarazi behar da arau-hauslearen aurkako kasuko zehapen espedientea, eta araua aldiro urratzen dela ikusita, Udalak jarduera ixteko aukera ere aintzat hartu behar du, aldi baterako bada ere.

      Interes publikoaren eta herritarren eskubideen ikuspuntutik, bizilagunen eskubideak urratzen dituen eta baimendutako soinu-mailak aldiro gainditzen dituen lokal bat zehatu beharra dago, bai eta aldi baterako itxi ere. Horixe exijitzen dute aplikatzekoa den legediaren interpretazio egokiak, gainerakoen eskubideekiko errespetuaren printzipioak, zeina gure bizikidetasunaren oinarria baita.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Tuterako Udalari gogoraraztea legez zaindu behar duela jardueraren funtzionamendu baldintzak betetzen ari direla, bereziki zarata-mailak ez gainditzeari dagokienez, araudiaren balizko ez-betetzeak zehatuz eta, kasua bada, lokalaren ixtea ezarriz, aldi baterako bada ere.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Tuterako Udalari gogorarazpen hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, gomendioa ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian jasotzen den moduan.

  3. [?] andreari, [?] jaunari eta Tuterako Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia