Partekatu edukia
Energia eta ingurumena
Gaia: Petición de barreras insonorizadoras contra el ruido producido por la Autovia del Norte-Antigua N-1
Exp: 9/685/M
Nº: 224
Ingurumena
2009ko urriaren 5ean, antzinako N-1 errepidearen parean kokaturiko “Leku Ona” apartahoteleko jabe den [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren aurka, intsonorizazio-barrerarik ez jartzeagatik.
Azaltzen zuen Iparraldeko autobia eta Etxegarateko portua lotzeko proiektuan aurreikusita zegoen arren bere etxearen ondoan (apartahotela) zarataren aurkako barrera batzuk jartzea, zubia oso hurbil zegoelako, azkenean ez zela halako barrerarik jarri.
Azaltzen zuen 2009an eraikina zaharberritu egin zuela. Lehenago jatetxea eta hotela izandako eraikina zen. Obran, segurtasunerako eta isolamendurako eskatzen diren neurri guztiak bete zituen. Hala eta guztiz ere, nahiz eta pertsianak guztiz beheratuta eduki, autobiako ibilgailuen joan-etorriek sorturiko zaratak enbarazu handia sortzen du. Hori dela eta, bezeroen kexa ugari jaso izan ditu.
Azkenean, Administrazioari eskatzen zion bere garaian jarri behar zituen baina jarri ez zituen intsonorizazio-barrerak jartzeko.
2009ko urriaren 27an, departamentuko kontseilariaren txostena jaso genuen. Honakoa dio, hitzez hitz:
Zaratak edo bibrazioak eragiten dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak ezarri zituen ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuko 21. artikuluak ezarri zuen “autobide, autobia, errepide eta herriguneetan sartzeko bideak berritik egiteko proiektuek edo egun dauden trazadurak birmoldatzeko lanak egiteko proiektuek –foru dekretuak indarra hartu ondoren egiten hasten direnek– zarataren ingurumen-eraginari buruzko azterlan bat edukiko dutela, eta hartan, kasua bada, egin beharreko neurri zuzentzaileak jasoko direla.
Aurrekoa dela eta, “N-1 Autobiako Altsasu-Etxegarate Tartea” eraiki zenean, ez zegoen jasota Leku-Ona izeneko etxean hotel jarduerarik zegoenik. Horrenbestez trafikoak ukitutakorik ez zegoenez eta informazio publikoko aldian alegaziorik aurkeztu ez zenez, proiektuan ez zen aurreikusi zarataren aurkako barrerak jartzea, ingurumen-eraginari buruz egindako ebaluazioari jarraituz.
Gaur egun jabeek etxea zaharberritu eta hura apartahotel eta landa-jatetxe bihurtzeko lizentzia lortu baldin badute, ez da departamentu honen erantzukizuna barrera horiek jartzea, zeren eta, apartahoteleko jabeek kontuan hartu behar baitzuten, instalazio horiek errepideko zaraten zortasuna duen alderdi batean jartzerakoan, trafikoak eragindako enbarazuak sor litezkeela, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean ezarritakoari jarraituz.
Horrenbestez, ez da bidezkoa Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak zarataren aurkako barrerak jartzea aipatutako gunean, eta interesdunaren kontura izanen da behar diren bitartekoak jartzea errepideko ibilgailuen zirkulazioak eragindako zarata arintzeko.
Aurkeztutako auzia hobeki ebazteko, honakoak ohartu behar ditugu:
Lehena.- “Leku-ona” izeneko etxea, gaur egun apartahotela eta jatetxea dena, uneoro, eraiki zenetik, gutxi gorabehera orain dela berrogeita hamar urte, egungo jabearen familiaren etxebizitza izan da.
Bigarrena.- Autobia eraiki aurretik ere, etxe horretan hotel jarduera zegoen.
Hirugarrena.- Autobia eraikitzeko unean, “Leku-ona” etxean ez zegoen hotel jarduerarik, baina eraikina, lehen adierazi dugun bezala, jabearen familiaren bizitokia zen.
Laugarrena.- Altsasuko Udalak baimena eman zuen lurzoru ez-urbanizagarrian dagoen “Leku-ona” etxea zaharberritzeko Altsasuko udal planeko araudi bereziko 63. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Hain zuzen ere, hauxe dio artikulu horrek:
“Udal plan hau behin betiko onesteko egunean (Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2001eko abenduaren 18ko erabakiz onetsi zen; 2002ko azaroaren 18ko 139. NAO) lurzoru ez-urbanizagarrian dauden eraikinak finkatutzat ematen dira. Alde batera utzita zein lurzoru kategoriatan dagoen, haien egungo bolumena finkatutzat ematen da, eta baimena ematen da eraikin horien bizigarritasun eta erabilgarritasun baldintzak hobetzea dakarten jarduerak egiteko. Baimena emanen da, horri dagokionez, erreforma eta zaharberritze lanak egiteko”.
Zaratak edo bibrazioak eragiten dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak ezarri zituen ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuko 21.1. artikuluak ezarri zuen “autobide, autobia, errepide eta herriguneetan sartzeko bideak berritik egiteko proiektuek edo egun dauden trazadurak birmoldatzeko lanak egiteko proiektuek –foru dekretuak indarra hartu ondoren egiten hasten direnek– zarataren ingurumen-eraginari buruzko azterlan bat edukiko dutela, eta hartan, kasua bada, egin beharreko neurri zuzentzaileak jasoko direla. Trafikoak eragindako zarataren baliokideak diren zarata-mailak, aurreikuspenen arabera ezarritakoak, ezin izanen dute egunez 65 dBA-ko maila eta gauez 55 dBA-ko maila gainditu osasun-, irakaskuntza- edo bizitoki-eraikinetan. Aipatutako balioak baino 5 dBA gehiago, gehienez ere, onartu ahalko dira bide-tarte jakin batzuetan, ezaugarri topografikoek nahiz bestelako inguruabar bereziek nahitaez trazadura bat egitea determinatzen badute”.
Autobia egiteko unean “Leku-ona” etxean hotel jarduera zegoen ala ez alde batera utzita, nahiz eta udalean “hotel erabilerako” eraikin gisa jasota zegoen, egiazki “Leku-ona” etxea haren jabeen ohiko bizitokia zen, hau da, bizitoki-erakin bat zen, eta, horrenbestez, ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuko arestian transkribatutako 21.1 artikuluaren arabera, behar ziren neurriak jarri behar ziren zarata-mailak ez izateko egunez 65 dBA-koak (70) eta gauez 55 dBA-koak (60) baino handiagoak.
Aurrekoa zalantzarik gabekoa denez eta nahiz eta ez zen alegaziorik aurkeztu, bidezkoa da, ofizioz, departamentuak behar diren neurri zuzentzaileak ezartzea, zeren eta bere garaian neurri horiek hartu behar baitzituen, “Leku-ona” etxea bizitoki-erakin bat zelako.
Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren 1998ko urriaren 19ko 1158 zenbakiko Foru Aginduak N-1 autobiako proiektuaren ingurumen-eraginaren deklarazioa onetsi zuen, Altsasu Etxegarate tarteari zegokionez (1998ko urriaren 28ko 129. NAO). Bada II. eranskineko 4. atalean honakoa ezarri zuen: Hotsen eragina gutxitzeko, ingurugiroaren gaineko eraginaren azterlanak xehetasun handiz garatuko ditu behar denean eraiki behar diren hots pantailak; guztira 3.202,5 metro karratu egiten dute. N-1 errepideko eguneroko trafikoari buruzko gaurko datuen eta 5 edo 10 urteko epean aurreikusten den gehitzearen arabera, etxebizitzak dauden tokietan hotsak gutxitzeko neurri batzuk beharrezkoak izan litezke. Hala ere, benetako egoera egiaztatu ondoren egin beharko dira”.
Azaldutakoa dela eta, Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari dagokio egungo egoera –hau da, “Leku-ona” etxean bizi direnek pairatzen dituzten afekzio akustikoak– egiaztatzea, eta, azaldutako arauak betez, eragin hori arintzea, etxe horretan bizi diren pertsonen intimitatea, ingurumena eta osasuna ahal den gehien hobetzen lagunduko duten pantailak edo bestelako bitartekoak jarriz.
Aurreko guztia dela eta
Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari gogoraraztea legez zaratak eta bibrazioak eragiten dituzten jarduerek bete behar dituzten baldintza teknikoak ezartzen dituen ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuko 21.1 artikuluan ezarritakoaren arabera jardun behar duela.
Bi hilabeteko epea ematea aipatu departamentuari legezko betebeharren gogorarazpen hauek onartu dituela jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia