Partekatu edukia
Nekazaritza, Merkataritza, Industria eta Turismoa
Gaia: Discrepancia con un proyecto de reparcelación
Exp: 09/547/A
Nº: 223
Nekazaritza
2009ko abuztuaren 17an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat azaltzen zuen Uitzi herriko (Larraun) birzatitze proiektu batekin.
Azaltzen zuen Uitziko lursailen berrantolamendurako proiektu bat badagoela, orain dela 15 urtetik, baina gerarazita dagoela. Horrek babesgabetasun egoera bat eragiten dio, ez baitaki bere lursailetako bat proiektu hori exekutatu eta ondoren nola geratuko den. Gehitzen du ezin izan dituela finken eskriturak egin titularra aldatzeko, ez eta abeltzaintza-proiektuei nahiz bestelako inongo aprobetxamenduei buruz pentsatu ere. Zenbait aldiz galdetu du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan lursailen berrantolamenduko proiektuari buruz, baina ez diote erantzun noiz eginen den.
2009ko irailaren 25ean, berriz, eskatutako idazkia sartu zen erakunde honetan. Bertan, honakoa esaten da:
Behin betiko erabakia 1992ko urriaren 19ko Ebazpenaren bidez onetsi zen, eta 1993ko martxoaren 12ko 31. NAOn argitaratu zen. Jendaurreko aldian, 13 gora jotzeko errekurtso aurkeztu ziren; horietatik 5 ebatzi ziren.
Data haietan, aldaketa bat izan zen Uitziko Kontzejuko gobernuan, eta hartan, onetsitako lursailen berrantolamendurako akordioaren aurkako pertsonak sartu ziren. Halaber, erabaki judizial baten ondorioz, jabe askoren artean esnearen arlorako sortutako ENSa desegin zen. Baterako ustiategi bat zenez, hura osatzen zuten jabeen atribuzioak batzuk besteen ondokoak ziren. Era berean, zenbait aldiz auzokideen eskutitzak zabaldu dira herrian, batzuk prozesuarekin jarraitzearen alde eta beste batzuk aurka. Horren guztiaren azpian agerian geratzen da herriko bi alderdi oso berezituen artean dagoen gatazka. Eta batzuk lursailen berrantolamenduaren alde jarri dira eta besteak aurka.
Gatazka sozialeko giro horren erdian, Nekazaritza Azpiegituren zerbitzuburuak erabaki zuen ez ekitea une hartan finka berrietan mugarriak jartzeari eta jabetzak behin-behinekoz hartzeari, zeren eta fisikoki ere nahiko zaila izanen baitzen horiek egitea, indar publikoaren laguntzarekin ez bazen.
Geroztik, zerbitzuak zenbait ahalegin egin ditu egoera penagarri horri konponbidea emateko. Garrantzitsuena 1999-2000 urteetan egindakoa izan zen. Orduan, izan ere, zenbait jaberekin akordioa aldatzeko akordio partzialak lortu ziren. Une hartan, ordea, berriz ere aurkako sinadurak aurkeztu ziren, eta berriz gerarazi zen prozesua.
Bestalde, departamentuak ez du baimenik eman akordioan titular gisa agertzen den inoren lursailak saltzeko. Ebazpen bidez, titularitateko bi aldaketa orokor baimendu ziren. Haietan, izan ere, saltzailearen finka guztiak eroslearenak izatera pasatu ziren, horrek eraginik ez zuelako berrantolamendu-prozesuan, zeren eta praktikan jabearen izena baizik ez baitzen aldatzen.
Azkenik, 2008ko otsailaren 21ean, bilera bat egin zen Uitziko Kontzejuko alkatearekin eta zinegotziekin. Hartan, jakinarazi zitzaien prozesuarekin jarraitzeko asmoa zegoela, baldin eta kontzejuak bake sozialerako gutxieneko baldintza batzuk bermatzen bazituen. Alkateak gaia aztertzeko batzarre baterako deialdia egiteko konpromisoa hartu zuen. Gaurkoz, ez dago batzarre horren emaitzaren komunikazio ofizialik. Dirudienez, berriki egin da. Departamentua batzarre horren emaitzak jakinarazi zain dago, horren arabera jokatzeko eta gerarazitako eta blokeatutako prozesua berrabiatzeko, denbora gehiegi iraun baitu. Une hauetan, prozesuarekin jarraitzea da aukera nagusia, gehiago geroratu gabe; edo, bestela, prozesu guztia deuseztatu eta behin betiko uztea.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak igorritako txostena arretaz irakurri eta gero, ondorioztatu beharra dago departamentu horrek ez dituela lursailen berrantolamenduari buruzko arauak urratu bere jardun administratiboan. Prozesua geraraztea ezin zaie egotzi departamentuko arduradunen pasibotasunari edo utzikeriari, baizik eta inplikaturiko jabeen arteko desadostasunei.
Halere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak Administrazioaren eta herritarren arteko harremanen buru-buruan egon behar duten hiru printzipio aipatzen dira (3.2 artikulua). Printzipio horietako batzuk aplikatzekoak dira aztergai dugun kasuan, eta haiek direla eta legeak Administrazioari ezartzen dio bere jardunean, behar diren neurrien bitartez, eraginkortasunez jokatzeko betebeharra duela. Printzipio horiek, oro har, “jardunbide administratibo egokia” garatzea dute helburu. Horrela, aipa daiteke fede ona eta konfiantza legitimoa babesteari dagokiona, herritarrei arreta egokia emateko eskubidea eta prozeduren ikuspuntutik administrazio egokia edukitzeko eskubidea. Eskubide horien korrelatiboak dira organo administratibo arduradunen betebeharrak; izan ere, organo horiek ofizioz jardun behar dute komeni denean, beren kargu dituzten espedienteak eta prozedurak behar bezala amaitzeko.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamenturi gomendatzea ezen, batzarrearen emaitza ezagutzeko behar diren ikerketak egin ondoren, lursailen berrantolamenduko prozesuari jarraipena eman diezaion ahal den bezain laster, edo, bestela, prozesua behin betiko deusezta dezan.
Bi hilabeteko epea ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari iradokizun eta gomendio honen onarpenari eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informatzeko, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legeko 34. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia