Partekatu edukia
Euskara
Gaia: Paneles en balcones oficiales de Pamplona, cuyo texto en euskera ocupa menor espacio y tamaño que los escritos en castellano e inglés
Exp: 09/611/C
Nº: 221
Elebitasuna
2009ko irailaren 17an, Behatokiko zuzendari [?] jaunaren idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, Iruñeko Udalari buruzko kexa bat aurkezten du.
Azaltzen du Udaletxetik hurbil dagoen eraikin batean, Iruña 2016an Europako Kulturaren Hiria izateko hautagaia izateari buruzko afixa batzuk jarri direla, eta haietan Hemingwayren esaldi bat jasota ageri dela. Bada, euskarazko testuak toki gutxiago hartzen du, eta txikiagoa da ingelesezko eta gaztelaniazko testuak baino.
2009ko urriaren 28an, Toki Ogasun, Merkataritza, Turismo eta Berdintasuneko zinegotzi delegatuak, hirugarren alkateordea denak, eginiko txostena jaso genuen. Honakoa dio, hitzez hitz:
“Horri buruz, esan behar dizut afixa horrek euskararen erabilerari buruzko udal ordenantza betetzen duela, elebitan dagoelako”.
Aztergai dugun kasuan, Administrazioak nolabait ere onartzen du afixako euskarazko testuak (Europako Kultur Hirigurua) toki gutxiago hartzen duela eta txikiagoa dela gaztelaniaz idatzita dagoenak baino (Capital Europea de la Cultura). Halaber, ingelesezko testua (European Capital of Culture) handiagoa da euskaraz idatzitakoa baino.
Udalak uste du testua euskaraz ere inprimatuta dagoenez jada elebiduna dela (euskara-gaztelania) eta, horrenbestez, euskararen erabilerari buruzko udal ordenantza betetzen duela.
Datozen puntuetan garatu dugun azterketan, lehenbizi euskarazko eta gaztelaniazko testuak alderatzen dira eta aurrerago, hirugarren atalean, euskarazko eta ingelesezko testuen arteko erlazioa aztertzen da.
Erakunde honen iritziz, udalak ez du urratu Iruñeko Udalaren esparruan euskara erabiltzeari eta sustatzeari buruzko ordenantzako 9.1 artikuluaren hitzez hitzeko edukia. Hain zuzen ere honakoa ezartzen du bertan: “Afixetako elementu guztiak elebikoak izanen dira”. Ordenantzak ez ditu alderaketarako terminoetan arautzen bi hizkuntzetako bakoitzean idatzitako testuei eman beharreko tokia edo haietan erabili beharreko tamaina.
Halaber, erakunde honek uste du Iruña bezalako udal baten afixak elebitan egotea, eskualde mistoan egonik, ez datorrela bat Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen edo hura garatzen duen foru dekretuaren aginduarekin, baizik eta udal ordezkarien borondatearekin. Izan ere, Euskararen erabilerari eta sustapenari buruzko Ordenantzako zioen azalpenean adierazten den bezala, udal ordezkariek uste dute euskara hiriko bi hizkuntza berezkoetariko bat dela eta, euskararen egungo egoera dela-eta, udalak “konpromisoa hartzen du horren sustapenerako neurriak hartzeko, euskara hizkuntza gutxiagotua eta, zalantzarik gabe, ondare kulturala baita, irauteko eta erabili ahal izateko laguntza berezia behar duena”.
Euskarazko testua txikiagoa baldin bada eta toki gutxiago hartzen baldin badu gaztelaniazko testuak baino, hizkuntza bati garrantzi gehiago eman zaio beste bati baino, alegia, gaztelania nabarmendu da euskararen gainetik. Bada, euskararen gutxiagotze hori ordenantzaren izpirituaren aurkakoa izan daiteke eta, horrenbestez, udal ordenantzaren aginduaren aurkakoa, bi hizkuntzak berezkotzat jo baitzituen, inongo bereizketarik egin gabe. Are gehiago, haien borondatea zen euskara sustatzea, hizkuntza gutxiagotua izateagatik.
Azken batean, erakunde honek uste du Iruñeko Udalaren esparruan euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen Ordenantza bere terminoen eta helburuen arabera interpretatu behar dela eta, horrenbestez, Nafarroak dituen bi hizkuntza berekien arteko berdintasunak erabatekoa izan behar duela. Horrenbestez, euskaraz inprimatutako afixaren tamaina eta tokia gaztelaniaz inprimatutakoaz desberdina izatea ez dator bat izpiritu horrekin, hau da, euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen udal ordenantzaren hermeneutika zuzenarekin. Horrenbestez, egokitzat jotzen dugu udalari iradokitzea azaldutakoaren ildotik interpreta dezan ordenantzaren aplikazio zuzena.
Aurreko guztia dela eta
Iruñeko Udalari iradokitzea Iruñeko Udalaren esparruan euskararen erabilerari eta sustapenari buruzko Ordenantzaren artikuluak interpreta ditzan Euskarari buruzko Foru Legea inspiratu zuten printzipioen arabera. Printzipio horiek, bestalde, Euskararen erabilerari eta sustapenari buruzko ordenantzako zioen azalpenean bertan jasota daude. Zehazki, iradokitzen diogu euskarazko testuari gaztelaniazko testuaren –eta, nolanahi ere ingelesezko testuaren– tamaina bera ematea eta distantzia beretik ikusteko modukoa izatea.
Bi hilabeteko epea ematea aipatu udalari legezko betebeharren gogorarazpen hauek onartu dituela jakinaraz dezan, edo, bestela, haiek ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia