Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Azaroaren 9ko 220/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [...] jaunak, [...] elkartearen izenean eta hura ordezkatuz, aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 azaroa 16

Beste ikasgai batzuk

Gaia: Irregularidades en el empadronamiento

Exp: 09/555/V

: 220

Askotarikoak

AURREKARIAK

  1. 2009ko abuztuaren 20an, [?] jaunak, [?]-en izenean eta hura ordezkatuz, aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Ziritzako Udalaren aurka, elkarte horrek Ziritza herrian daukan zentroan bizi diren pertsonak erroldatzerakoan izandako irregulartasunengatik.

    Azaltzen du 2009ko ekainaren 3an, Ziritzako alkatetzak ezezkoa eman diela udal erroldan alta emateko aurkeztutako lau eskariri. Lau eskari horiek elkartearen zentroan bizi diren lau pertsonari zegozkion. Ezezkoaren arrazoia, berriz, hauxe izan da: eskarian ez da berariaz adierazten zein den lortu nahi den erroldatzearen kausa edo arrazoia, ez eta zenbat denborarako eskatzen den ere; gainera, eskatzaileetako batek 16 urte dauzka, eta haren guraso edo tutoreen baimena falta da.

    Kexa-egilearen ustez, ezezkoa eman den kasuetako bakarrak du oinarria –adingabe baten erroldatze-eskaria, gurasoen edo legezko ordezkarien baimena falta duena–, baina horretan ere, ezezkoa jaso aurretik, bidezkoa zen aurkeztutako dokumentazioa zuzentzeko errekerimendua egitea, eta ez zuzenean Ziritzako Udaleko alkatetzeak erabakitako ezezko borobila.

    Gehitzen du gainerako eskariak pertsona adindunenak zirela eta horiei ezezkoa eman zitzaiela inongo arrazoi edo legezko oinarri baliodunik gabe. Horrek agerian uzten du Ziritzako Udalak arrazoi guztiz arbitrarioak eta baztertzaileak dituela modu horretara jokatzeko, eta elkarteak zentroan garatzen duen jardueraren aurkako jokabide erasokorra erakusten duela.

    Halaber, nabarmentzen du Ziritzako Udalak hiru hilabete behar izan dituela aipatutako erroldatze-eskariak ebazteko. Epe horretan, ukitutako pertsonek, esate baterako, ez dute osasun laguntza eskuratzerik izan dagokien barrutiko osasun etxean. Gaur egun ere, horretarako eskubiderik ez dute, aipatutako ezezko erabakiaren ondorioz.

    Kexa-idazkiarekin batera, Ziritzako Udalaren 2009ko ekainaren 3ko Ebazpena aurkeztu da, non [?] zentroan bizi diren pertsonei udal erroldan alta emateko eskariak ezesten baitira.

    Halaber, Orkoiengo oinarrizko osasun eskualdeko sendagilearen idazkia gehitu da. Hartan nabarmentzen ditu nolako zailtasunak dauzkaten elkartearen zentroan bizi diren gaixo batzuei laguntza emateko, erroldatuta ez egotearen ondorioz.

    Kexa-egileak uste du Ziritzako Udalaren jokabideak lege-oinarrien falta argia izateaz gainera, zentroak garatzen duen jardueraren aurkako jarrera nabarmenki erasokorra erakusten duela. Izan ere, ez da lehendabiziko aldia udalak modu irregularrean jokatzen duena [?] elkarte kristauaren aurka.

  2. Kexa aztertuta, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, 2009ko irailaren 3an, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zitzaion Ziritzako Udalari. Emandako epea iragan zenez udalak eskatutako txostena igorri gabe, 2009ko urriaren 27an, berriz eskatu zitzaion txostena igortzeko.

    2009ko azaroaren 4an, Ziritzako Udaleko idazkariak emandako ziurtagiri bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, ziurtatzen da udalak, 2009ko urriaren 14an, honako erabakia hartu zuela:

    “[?] jaunak, [?] Baztertuen Errehabilitaziorako Elkarte Kristauaren izenean eta hura ordezkatuz, Nafarroako Arartekoan idazki bat aurkeztu duela jakin dugu. Haren bidez, kexa bat aurkezten du Ziritzako Udalaren aurka herrian pertsona batzuk erroldatzerakoan izandako irregulartasun batzuengatik. Bada, hori dela eta, udaleko Osoko Bilkurak, aho batez, ERABAKI DU Nafarroako Arartekoari honakoaren berri ematea: 1.- Kontsulta bat eginen du Nafarroako Estatistikako Institutu Nazionalean legez egin beharrekoaren arabera jokatzeko; 2.- Txosten juridikoa eskatzea, betiere horretarako kontusailik badago.

AZTERKETA

  1. Espainiako Konstituzioko 19,1. artikuluaren arabera, “espainiarrek bizitokia libreki aukeratzeko eta lurralde nazionaletik zehar ibiltzeko eskubidea dute”. Konstituzioaren agindu horretatik nabarmendu beharra dago bizitokia norberaren borondatez aukeratu ahal dela. Izan ere, Konstituzio Auzitegiaren doktrina da (Konstituzio Auzitegiaren apirilaren 4ko 72/2005 epaia, besteak beste) bizitokia libreki hautatu ahal izateak berekin dakarrela eskubide subjektibo eta pertsonal bat, norberak libreki erabakitzekoa zein tokitan (batean edo gehiagotan) bizi nahi duen aldi baterako edo modu iraunkorrean; halaber, ezartzen du bizitokia finkatzeko eskubideak, autonomiarako edo askatasunerako eskubide gisa, ez duela ez muga zehatzik, ez murriztapenik eskatzen botere publikoen aldetik (ATC 276/1983, ekainaren 8koa).

    Pertsona fisikoen bizitokia, Kode Zibilaren 40. artikuluaren arabera, pertsonen ohiko bizitokia da eta legezko egoitza da, beren eskubideez baliatzearen eraginetarako eta beren betebeharrak betetzeari dagokionez. Horrenbestez, bizitokiak, iraunkorrak nahiz aldi baterakoak, garrantzi juridiko handia dauka kasu ugaritan; esate baterako, arlo prozesalean, lurraldearen arabera eskuduna den epailea zehazteari begira; eta arlo fiskalean, osasunaren arloan, hauteskundeen arloan eta, oro har, arlo administratiboan.

    Udal errolda erregistro administratibo bat da, non udal bateko bizilagunak jasota baitaude. Bertan inskribatu behar dira udal batean bizi diren pertsonak, eta ezinbesteko datu gisa jaso behar du izen emandakoaren ohiko bizitokia zein den. Erroldan izen emanda egotearekin bertako auzokidea izatearen baldintza aitortzen da. Erroldako izen ematea, beraz, egiazki udalerri batean bizi diren pertsona guztien eskubidea eta betebeharra da.

  2. Udalek beren udalerrian bizitokia, modu iraunkorrean edo aldi baterako, duten pertsonak erroldatzeko betebeharrari dagokionez, adierazi beharra dago, lehenbizi, Toki Araubideko Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 15. artikuluaren arabera, Espainian bizi diren pertsona guztiek ohiko bizitokia duten udalerriko erroldan izena emateko betebeharra dutela. Konstituzio Auzitegiaren azaroaren 21eko 308/1994 epaiak zehazten du ohiko bizitokiaren legezko kontzeptu zehaztu gabeak erreferentzia egiten diola herrian modu iraunkorrean egoteari, bai denboraren ikuspuntutik, bai errealitatearen eta efektibotasunaren ikuspuntutik.

    15. artikulua Toki entitateen populazioari nahiz lurralde mugaketari buruzko Erregelamenduak garatu zuen. Erregelamendu hori, izan ere, uztailaren 11ko 1690/1986 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen. Errege dekretu hori abenduaren 20ko 2612/1996 Errege Dekretuaz aldatu zen. Haren 53. artikuluak ezartzen du udal errolda dela udal bateko bizilagunak jasotzen dituen administrazio erregistroa. Erroldako datuak dira udalean bizitzearen eta bertan ohiko bizilekua izatearen froga. Bere aldetik, erregelamendu horren 54. artikuluak Espainian bizi diren pertsona guztiak behartzen ditu bizi ohi den udalerriko erroldan izena emanda egotera. Udalerri batean baino gehiagotan bizi denak, berriz, urtean denbora gehien ematen duen udalerrian eman beharko du izena. 3. atalak gehitzen du udalerrian bizi baina bertan bizitokirik ez duten pertsonei udal erroldan izena ematea soilik gauzatu ahalko dela pertsona hori bizi den esparru geografikoko gizarte zerbitzu eskudunei hori jakinarazi eta ondoren. Erregelamenduko 55. artikuluak bizilagun gisa definitzen ditu udalerri batean bizi ohi diren eta udal erroldan izena emanda dauden pertsonak.

    Horrenbestez, udal erroldan izena emateak nazioko lurraldeko egoitza ez ezik, udal jakin bateko egoitza ere suposatzen du, zeren eta izen emate horrek herritarrari bertako bizilaguna izatearen baldintza ematen baitio; baldintza hori eskuratzen da erroldan izena ematen den une beretik, eta une horretatik aurrera izena emandakoak udal administrazioarekiko eskubideen subjektu titular bilakatzen da, izena emanda dagoen udalerriari dagokionez, eta hautesle eta hautagaia izan daiteke hauteskundeei buruzko legedian ezarritako terminoetan, eta udal kudeaketan har dezake parte, legeetan ezarritakoaren arabera; halaber, udal zerbitzu publikoez balia daiteke, haien izaeraren arabera, eta herri-aprobetxamenduak ere eskura ditzake, aplikatzekoak diren arauei jarraituz. Azkenik, behartuta dago legez ezarritako prestazio ekonomiko eta pertsonalen bitartez bere ekarpena egitera udal eskumenak gauza daitezen. Era berean, eskubidea du informazioa jasotzeko, eta, eskari arrazoitua egin ondoren; eskabideak zuzentzeko udal administrazioari udalaren espedienteak eta dokumentazioa direla-eta, Espainiako Konstituzioko 105. artikuluan ezarritakoari jarraituz; herri kontsultak eskatzeko legean ezarritako terminoetan; eta, kasua bada, kasuko zerbitzu publikoaren prestazioa eta ezarpena eskatzeko, eta zerbitzu publiko horiek exijitzeko ere, nahitaezko izaera duen udal eskumen bati badagozkio.

    Aipatu araudiari jarraituz, ez da eskatzen aurretik kasuko bizitokian bizitzen aldi bat ematea udalerri bateko bizilaguna izateko. Hori dela eta, inguruabar bereziak ematen ez diren bitartean –esate baterako, etxebizitza oraindik ere eraikitzen egotea eta abar–, ontzat eman behar dira erroldan izen emateko eskari guztiak, baldin eta behar bezala beteta badaude. Izan ere, Auzitegi Gorenaren 1986ko irailaren 24ko epaiak dio ez dela beharrezkoa aurretik bizitokian aldi bat ematea, baizik eta nahikoa dela administratuak egoiliarraren baldintza eskuratzeko borondatea adieraztea.

  3. Oro har, herritar batek udal bateko erroldan alta eskatzen duen guztietan, horretarako Estatistikako Institutu Nazionaleko lehendakariak eta Lurralde Lankidetzako zuzenari nagusiak batera emandako 1997ko uztailaren 4ko Ebazpenean aipatzen diren dokumentuak aurkeztuz, –hain zuzen ere ebazpen horren bitartez, udalei jarraibide teknikoak ematen zaizkie udal errolda gaurkotzeari buruz–, udalak, geroratzerik gabe, erroldako inskripzioa gauzatu beharra dauka. Ebazpen honek hitzez hitz dio udalari Toki entitateen populazioari nahiz lurralde mugaketari buruzko Erregelamenduko 59.2 artikuluan esleitutako ahalmenak, agiriak aurkezteko exijitzeari dagokionak, xede bakarra duela emandako datuen egiazkotasuna egiaztatzea, eta behin datu horiek egiaztatu ondoren, udalak eskatzaileak erroldatzeari ekin behar diola, gerora beste baldintzarik eskatu gabe.

    Bestalde, udal bateko erroldako inskripzioa, herritar batek jakinarazitako bizileku-aldaketa baten ondorioz, alde batek eskatu eta gero hasitako espediente administratibo bat izapidetu ondoren egiten da. Espediente hori izapidetzeko prozedura erregulatzen duten arauetan (1997ko apirilaren 1eko Ebazpena eta 1997ko uztailaren 4ko Ebazpena, bai eta uztailaren 11ko 1690/1986 Errege Dekretuaz onetsitako Toki entitateen populazioari nahiz lurralde mugaketari buruzko Erregelamendua ere, betiere abenduaren 20ko 2612/1996 Errege Dekretuaz eman zitzaion testuaren arabera), ez da eperik ezartzen eskaria ebatzi eta interesdunari jakinarazteko. Horrenbestez, Herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42.3 artikuluan ezarritako hiru hilabeteko epe orokorra aplikatu beharko da.

    Hiru hilabeteko epe horretan (alta eskaria udalaren erregistroan sartzen denetik kontatzen hasita) –entzunaldiaren izapiderako behar den aldia deskontatuta, kasua bada (gutxienez ere 10 egun eta gehienez ere 15, 30/1992 Legeko 84. artikuluaren arabera)–, udaleko organo eskudunak bere kabuz eginen ditu ebazpena emateko behar diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko instrukzio egintzak (30/1992 Legeko 78. artikulua).

    Udalak eskaria baiesteko edo ezesteko ebazpena hiru hilabeteko epean jakinarazten ez badu, isiltasun positiboa aplikatuko da, eta herritarra, ondorio guztietarako, udal horretan erroldatuta geratuko da (30/1992 Legeko 43. artikulua). Isiltasun positiboa aplikatuta, erroldatzeko eskaria aurkeztu duten herritarrak erroldatutzat eman behar dira. Hori, halere, ez da oztopoa izanen toki entitateari dagozkion egintzetarako; izan ere, errolda errealitatearekin bat ez badator, ofizioz baja-espedienteak izapidetu ahalko baititu.

    Amaitzeko, nabarmendu beharra dago aipatu erregelamenduko 54.2 artikuluaren arabera, emantzipatu gabeko adingabeek eta ezgaitutako adindunek haien ahala edo zaintza duten gurasoen auzotasun bera izanen dutela, edo bestela haien legezko ordezkarien auzotasun bera, salbu eta idatzizko baimena badute beste udal batean bizitzeko.

  4. Azaldutako araubide juridikoa kexaren xede den Ziritzako alkatetzaren ebazpenari aplikatuz gero, berehala ondorioztatzen da, inongo zailtasunik gabe, ez direla baliozkoak elkartearen zentroa bizitoki gisa adierazita erroldatzeko eskabidea behar bezala beteta aurkeztu zuten hiru eskatzaileen erroldatzeari ezezkoa emateko erabilitako arrazoiak (eskarian ez adieraztea zein den lortu nahi den erroldatzearen kausa edo arrazoia, ez eta zenbat denborarako eskatzen den ere), eta ez dutela inolaz ere justifikatzen erroldatzeari ezezkoa ematea. Azken batean, udal erroldan alta emateko eskariari ezezkoa emateko ebazpenean erabiltzen den justifikazioa ez da zuzenbidezkoa, zeren eta Ziritzako alkatetzak faltan botatzen duen informazioak inongo garrantzirik ez baitu udal erroldan alta emateko.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Ziritzako Udalari gogoraraztea aipatutako araudiaren arabera jokatzeko legezko betebeharra duela, eta berehala erroldatu behar dituela behar zen dokumentazio aurkeztuta erroldatzeko eskaria 2009ko martxoaren 3an egin eta 2009ko ekainaren 3ko alkatetzaren ebazpenaz ezezkoa jaso zuten herritarrak.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Ziritzako Udalari ebazpen hau onartu duela eta hura dela-eta zer urrats egin behar dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.

  3. Kexa-egileari eta Ziritzako Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia