Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Azaroaren 5eko 219/2009 EBAZPENA, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, Behatokiko zuzendari [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 azaroa 16

Euskara

Gaia: En recepción del Palacio del Condestable no se le atendió en euskera

Exp: 09/613/C

: 219

Elebitasuna

AURREKARIAK

  1. 2009ko irailaren 17an, Behatokiko zuzendari [?] jaunaren idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, Iruñeko Udalari buruzko kexa bat aurkezten du.

    Azaldutakoaren arabera, maiatzaren 14an Kondestablearen Jauregiko harrera-lekuan zegoen langileak ezin izan zion euskaraz artatu.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Iruñeko Udalari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
  3. 2009ko urriaren 28an, Toki Ogasun, Merkataritza, Turismo eta Berdintasuneko zinegotzi delegatuak, hirugarren alkateordea denak, eginiko txostena jaso genuen. Honakoa dio, hitzez hitz:

    “Euskarari buruzko udal ordenantzaren 7. artikuluak honakoa dio: “Administraziora ahoz euskaraz zuzentzen zaizkion herritarrei hizkuntza horretan emanen zaie arreta. Udalak neurri egokiak hartuko ditu helburu hori erdiesteko”.

    Horri dagokionez, esan beharra daukat Civivoxek helburu gisa duela ekipamendu horietan ahozko arreta euskaraz ematea, eta Iruñeko Udala hori lortzeko lanean ari dela.”

AZTERKETA

  1. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak honako helburu hauek eransten ditu “funtsezko” gisa (1. artikulua), eta, horrenbestez, Nafarroako botere eta administrazio publiko guztiek ziurtatu beharreko helburu gisa: a) herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea, eta hori betetzeko tresnak zehaztea; b) Nafarroan euskara biziberritu eta gara dadin zaintzea, euskararen erabilera sustatzeko zer neurri hartu behar diren adierazita.

  2. Euskara Nafarroako hizkuntza berekietako bat da. Hala ezarrita dago 18/1986 Foru Legeko 2. artikuluan. Artikulu horretan, halaber, foru legearen beraren ezinbesteko helburutzat jotzen da (1.2.a artikulua) herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestu eta eginkor bihurtzea, bai eta eskubide horretaz baliatu ahal izateko tresnak zehaztea ere.
  3. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko 17. artikuluak aitortzen du eskualde mistoko herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dutela Nafarroako administrazio publikoei zuzentzeko. Horrenbestez, herritar guztiek, legez, eskubidea dute ahoz euskara erabiltzeko Iruñeko Udalaren menpe dagoen Kondestablearen Jauregiko harrera-lekuan, zeina eskualde mistoan baitago, eta Administrazioak eskubide hori nahitaez ezagutu behar du.

    Arreta ematen duen funtzionarioak edo enplegatuak hizkuntza horretan ez baldin badaki, Administrazioak ezinbestez itzultzaile bat eduki beharko du ahozko harreman horretan laguntzeko. Ezin baitio herritarrari eskubide duena ukatu, euskaraz hitz egitea erabaki badu, zeren eta horrekin abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko 1., 2. eta 3. artikuluetan xedatua urratuko bailuke.

  4. Iruñeko Udalak, bere burua antolatzeko daukan ahalmenaz baliatuta, erabakitzeko tarte zabal bat dauka, aplikatu beharreko bideei eta baliabide osagarriei dagokienez, herritarrak udal dermioan dauden zerbitzuetan hitzezko harremanetan euskara erabiltzeko duen eskubidea eraginkorra izan dadin. Baliabide materialak eta giza baliabideak jartzea Administrazioak erabaki beharreko kontu bat da, baina, edonola ere, herritarrek nahi dutenean euskara erabiltzeko eskubidea eraginkorra izan dadin bermatzeko behar adinakoak eta egokiak izan beharko dute.

    Kasu honetan, herritarrak euskaraz hitz egin nahi izan zuen Kondestablearen Jauregiko harrera-lekuan, eta komunikazio hori ezin izan zen hizkuntza horretan gauzatu. Horrenbestez, herritarraren eskubidea urratu zen. Urraketa hori gertaturik, legezko betebeharren gogorarazpena egin beharrean gaude, bidezkoa baita.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Iruñeko Udalari gogoraraztea bere legezko betebeharra eraginkor egin behar duela, hain zuzen ere herritar guztiek euskara erabili ahal izan dezaten Iruñeko Udalaren egoitzetan.

  2. Bi hilabeteko epea ematea udalari legezko betebeharren gogorarazpen hori onartu duela jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.

  3. Kexa-egileari eta Iruñeko Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia