Partekatu edukia
Hezkuntza eta Irakaskuntza
Gaia: Deficientes condiciones de Escuela Infantil municipal
Exp: 09/548/E
Nº: 218
Hezkuntza eta irakaskuntza
2009ko abuztuaren 17an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat agertzen du Uharteko Udalaren titularitatekoa den haur eskolako baldintzak direla eta.
Kexa-egilea, zeina [?] kaleko [?] zenbakian bizi baita, aipatzen du bere etxearen ondoan eraikitako ikastetxeak traba handiak eragiten dituela, eta, gainera, bere iritziz, legez kanpokoa dela, baldintza higieniko eta sanitarioei dagokienez.
Aipatzen du bere abokatuaren bitartez eskatu duela ikastetxea irekitzeko lizentzia eskura diezaioten, baina ezezkoa eman diotela. Interesdunak dio halako lizentziarik ez dagoela, dirudienez.
Bere aldetik, Hezkuntza Departamentuak honako txostena eman zuen:
“2008ko abenduaren 20an, hitzarmen bat sinatu zuten Hezkuntza Departamentuak eta Uharteko Udalak. Hitzarmen horrek herrian diren eta udalaren titularitatekoak diren haur eskolen finantziazioa bermatzeko lankidetza ezarri zuen. Honakoak dira eskola horiek: Urrats, 8 unitate dituena, eta San Esteban, 2 unitate dituena. Hitzarmen horrek 2008ko irailaren 1ean hasi eta 2009ko abuztuaren 31 bitarteko indarraldia dauka.
Hitzarmen horren terminoak Hezkuntza kontseilariaren otsailaren 28ko 41/2005 Foru Aginduan eta Hezkuntza kontseilariaren azaroaren 7ko 173/2008 Foru Aginduan ezarritakoaren araberakoak dira. Izan ere, haietan, haur hezkuntzako lehen zikloko haurrentzako udal titulartasuneko ikastetxeen kudeaketa eta ekipamendua finantzatzeko Hezkuntza Departamentuaren eta toki entitateen artean eginen diren hitzarmenen oinarriak ezartzen dira. Aztergai dugun hitzarmenean, familiek ordaindu beharreko tarifei buruzko araua ere aintzat hartzen da.
Hezkuntza Departamentuaren eta toki entitateen arteko lankidetza hitzarmenak izenpetzeko jarraitutako prozeduran soilik eskatzen da toki entitateak ziurtagiria ematea, eremuak eta instalazioak osasun, higiene eta segurtasunaren arloko araudiak ezarritakora egokitzen direla egiaztatzeko. Hori, betiere, hitzarmen berri bat izenpetzen denean. Baina Uharteko Udalaren kasua ez da hori.
Uharteko Udalaren azken ziurtagiria, eremuak eta instalazioak osasun, higiene eta segurtasunaren arloko araudiak ezarritakora egokitzen direla egiaztatzekoa, 2000ko abenduaren 13koa da, atal honetan jasotakoaren arabera.
[?] jaunak Hezkuntza Departamentuan Uharteko udal haurtzaindegia ixteko eskatzeko 2009ko abuztuaren 17an eskabidea aurkeztu zuen, interesdunaren esanetan haurtzaindegi horrek irekitzeko lizentziarik ez duelako eta etxebizitzetatik hurbil egoteagatik enbarazu egiten duelako. Bada, horren ondotik, 2009ko abuztuaren 27an, eta udalak arlo horretan dauzkan eskumenak ezertan ere kendu gabe, Uharteko eskolek osasunaren, higienearen eta segurtasunaren arloko behar diren baldintzak betetzen dituzten egiaztatzeko, Ikasketak Antolatzeko Zerbitzuak udalari eskatu dio ziurtagiri bat igor dezan, Urrats eta San Esteban haur hezkuntzako ikastetxeetako eremuak eta instalazioak osasun, higiene eta segurtasunaren arloko araudiak ezarritakora egokitzen direla egiaztatzeko”.
Bere aldetik, Uharteko Udalak ondoren transkribatu dugun txostena igorri du:
“Uharteko Udaleko Osoko Bilkurak, 2002ko abuztuaren 1ean egindako bilkuran, erabaki zuen Uharten 0 eta 3 urte bitarteko haurrentzako ikastetxe bat eraikitzeko proiektua, eta [?] jaunari enkargatu zion hura zuzentzeko eta koordinatzeko lanak egin zitzan.
Era berean, 2002ko abenduaren 12an, Osoko Bilkurak erabaki zuen proiektuan jasotako obren exekuzioa [?] enpresen aldi baterako batasunari esleitzea.
Onetsi zenetik ugari izan dira hura aurrera ateratzeko bide luzean topatu ditugun oztopoak: izan ere, gaur egun, proiektua idaztea esleitu zitzaion pertsonak eta obren zuzendaritzak ez dituzte oraindik ere obra-ziurtagiriak sinatu, eta ez dute, ezta ere, obren amaierari buruzko ziurtagiririk aurkeztu. 2005eko maiatzaren 4ko data duen harrera-akta ere sinatu gabe daukate.
2005eko otsailaren 25etik maiatzaren 16ra, zenbait obra egin ziren ikastetxean, ia guztiak Osasun Publikoaren Institutuko txosten sanitarioan jasotako determinazioak betetzeko. Izan ere, txosten horretan “gomendagarritzat jotzen da Uharteko haur hezkuntzako ikastetxeko beheko solairuko eremuetako kolorearen ordez txosten honetan aipatzen diren baldintzak betetzen dituen beste kolore bat erabiltzea”. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren txostenean, berriz, honakoa esaten zen: “Osasun Publikoaren Institutuaren ondorio berera iritsi gara; hartan, izan ere, jotzen da ez dela gomendagarria beheko solairuko parametro bertikaletarako eta zoruetarako hautatu den kolorea”.
Gainerako obrak ikastetxeko bizigarritasun baldintzak hobetzeko une hartan egiaztatu zen premiaren araberakoak izan ziren.
2008ko abenduaren 23an, [?] jaunak, udal honetako hirigintza arloko aholkularitzak eskatuta, bere ustez Uharteko Haur Hezkuntzako ikastetxean, arau indardunetan jasotako determinazioak betetzeko, egin beharreko obren zerrenda eta haien balorazioa aurkeztu zuen.
Hala eta guztiz ere, Gobernu Batzarraren 2006ko martxoaren 10eko erabakiaz, jarduera sailkatuaren lizentzia eman zitzaion.
Halaber, eta irekitzeko lizentziarako espedientea izapidetzeari dagokionez, Osasun Publikoaren horri buruzko txosten bat badago, baina egia da ikastetxeak aipatutako lizentzia ez duela.
Alkatetzaren aurtengo uztailaren 30eko Ebazpenaz, udalak honakoa erabaki zuen:
“Errekerimendua egitea Uharten 0 eta 3 urte bitarteko haurrentzako ikastetxe bat eraikitzeko proiektua eta hura zuzentzeko eta koordinatzeko lanak adjudikatu zitzaizkion [?] jaunari, aipatutako proiektua legeztatzeko proiektu bat eta jarduera sailkatuaren proiektu bat egin ditzan, ebazpen hau jakinarazi eta hilabeteko epean”
Adjudikazio-hartzaileari ohartaraztea ezen, adierazitakoa betetzen ez badu, honako urratsak eginen direla:
Horrenbestez, egiaztatuta geratu da adjudikazio-hartzaileak kontratua ez betetzearen aurrean eta esleituta zituen eginkizunak betetzeko erakutsitako erabateko axolagabekeriaren aurrean, udal honek, ahal zuen neurrian, bidezko neurriak hartu izan dituela, ikastetxearen funtzionamendu zuzena bermatzeko. Adjudikazio-hartzailearekin zenbait bilera egin eta haietan egoera birbideratzeko borondatea agertu duen arren, halakorik ez denez gertatu, berriki erabaki da hari goian aipaturiko errekerimendua igortzea, aurreikusi diren neurriak adieraziz.
Kexa aurkeztu zuen bizilagunak nekez ikusiko du bere arazoetarako konponbidea ikastetxeak irekitzeko lizentzia izapideturik eta emanik ez edukitzeagatik, zeren eta eragindako enbarazuak halako ezaugarriak dituen ikastetxe batek sortzen dituenak bai baitira; are gehiago kontuan hartzen bada ikastetxea etxebizitza dagoen eraikinetik hurbil dagoela. Hala eta guztiz ere, jada bere denboran egiaztatu zen bezala, bi eraikinen artean dagoen distantzia, planeamenduak baimendutakoa da, hori guztiz egokia den ala ez den alde batera utzita.
Azkenik, udal honek, ongi dakien arren ikastetxeak irekitzeko lizentziarik gabe diharduela, ongi egiaztaturik geratu den bezala, bere esku dauzkan neurri guztiak hartu ditu egoera honi konponbidea emateko, eta ez du uste ez komenigarria, ez egokia denik hura behin-behinekoz ixtea, horrek une hauetan gurasoei, haurrei eta ikastetxeko kudeatzaileei ekarriko liekeen kate izugarriarengatik.
Hala eta guztiz ere, zure esku geratzen gara, eta aintzat hartuko ditugu, behar den bezala, zure erakundeak egiten dizkigun gomendioak”.
Islatuta geratu den bezala, kexa ikastetxe publiko baten (Uharteko 0-3 urtekoentzako haur eskola) legez kanpoko funtzionamenduarengatik aurkeztu zen. Izan ere, kexa-egilearen arabera, ez ditu behar diren baldintzak betetzen eta bidegabeko enbarazuak eragiten ditu.
Aipatzen den jarduera ingurumena babesteko jarduera sailkatuei buruzko foru legeen menpean dago (gaur egun, Ingurumena babesteko esku-hartzari bu8ruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea, zeinak abenduaren 5eko 16/1989 Foru Legea ordeztu baitu; izan ere, azken hori zen indarra zuena jarduerarako lizentzia izapidetzen hasi zenean).
Beste ezer baino lehen, adierazi beharra dago ezen, jarduerak kexa-egileak eragiten dizkion enbarazu zehatzak gora behera, kexa-egileak eskubidea duela lege indardunak bete daitezen exijitzeko, zeren eta egia baita ekintza publikoa aitortzen deneko arlo materialean –ingurumenaren babesari dagokiona–, herritar orok zilegi duela Administrazioaren aurrean jardutea eta behar diren berrezarpen neurriak har daitezen eskatzea (Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko Foru Legeko 8. artikulua).
Aurrekoa diogu zeren eta Uharteko Udalak igorritako txostenean argudiatzen baita jardueraren erregulartasunak nahiz erregulartasun faltak, alegia, ikastetxeak behar diren lizentziak izateak nahiz ez izateak eraginik ez duela kexa-egileak paira ditzakeen arazo edo enbarazuetan. Litekeena da praktikan horrelaxe izatea, baina bi arrazoirengatik jarri beharra daukagu gogoeta horren aurka: lehenengoa da ezen, aurrerago ikusiko den bezala, behar diren lizentzien izapidetzea dela legegileak aurreikusten duen tresna zuzenbidearen araberako jarduera bat kontrolatzeko, jarduera horrek ingurumenean arrazoizkoa denaz harantzagoko eraginik ez duenean eta hertsiki legez baimendutakoak baino enbarazu handiagoak eragiten ez dituenean; eta bigarrena da, ezen, adierazi dugun bezala herritar orok (are arrazoi handiagoz, kasu honetan bezala, ikastetxearen ondoan bizi den bizilagun baten kasuan) eskubide duela esparru honetako legedia bete dadin exijitzeko.
Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko Foru Legearen aplikazio esparruak bere sorkuntzan, abian jartzean edo gauzatzean ingurumenaren baldintzak aldaraz lezaketen, edo ingurumenari zein pertsonen osasunari eta beren ondasunei kalterik eragin liezaieketen jarduera guztiak hartzen ditu, titulartasun publikokoak nahiz pribatukoak izan (2. artikulua).
Jarduera horien artean dago orain aztertzen ari garena (haur eskola), zeinak, arau indardunen arabera, jarduera sailkatuko udal lizentzia eduki behar baitu.
Esku-hartze administratiboa, zeinaren xedea baita jardueraren ingurumen-eragina kontrolatzea eta bermatzea hura legearen arabera garatzen dela, ondoz ondoko bi udal lizentziaren izapidetzearen bitartez artikulatzen da: jarduera lizentzia eta jarduera irekitzeko lizentzia. Azken hori –ikastetxeak falta duena– funtzionamendurako baldintza bat da legez; hau da, jarduera hasi aurreko betekizun bat da. Haren xedea da egiaztatzea jarduera edo instalazioa bat datozela, egiazki, aurrez (jarduerarako lizentzia emateko orduan) onetsitako proiektuarekin.
Horrenbestez, horixe baldin bada irekitzeko lizentziaren xedea, hura izapidetzea falta bada ondorioztatu beharra daukagu ez dagoela inongo bermerik instalazio zehatz horrek lege indardunak betetzeari dagokionez.
Bada, orain aztergai dugun kasuan, udalak, zeina haur eskolaren titularra baita, ezagutzen ez ditugun arrazoiengatik, ikastetxea ireki zuen irekitzeko lizentzia izapidetu gabe. Jokabide hori zuzenbidearen aurkakoa da nabarmenki. Bada, hain zuzen ere udala baldin bada esparru honetan legezkotasuna zaindu behar duena eta hura herritarrei exijitu behar diena, nekez onar dezakegu berak bere jardueretan legezkotasuna ez betetzea, jarduera horiek ingurumenaren arloko legediaren menpean baitaude berdin-berdin.
Igorritako txostenean, obraren proiektua eta erredakzioa adjudikatu zitzaizkion kontratistarekin izandako arazoak azaltzen dira. Hala eta guztiz ere, ikastetxearen titularraren eta kontratistaren artean egon daitekeen gatazkak ez du inongo eraginik aurrez adierazitako horretan. Administrazioa eta adjudikazio-hartzailea lotzen dituen kontratu-harremanaren arloko behar diren neurriak hartzea ekar dezake horrek, baina inolaz ere ez du justifikatzen jardueraren funtzionamendu irregularra, behar den lizentziarik gabekoa alegia.
Egoera irregularra egiaztaturik, haren ondorioei buruzko gaia planteatu beharrean gaude. Horri dagokionez, kexa-egileak nahi du ikastetxea itxi dadin eta udala, berriz, horren aurka azaltzen da, hirugarrenengan (gurasoak eta ikasleak, nagusiki) eraginen lukeen kalte larria argudiatuta.
Legez kanpoko jardueren funtzionamenduari dagokionez, legegileak exijitzen du berrezarpeneko neurriak har daitezen. Neurri horiek, izan ere, eraginkortasunaren printzipioaren arabera hartu beharko dira. Neurri horiek ez dakarte berekin, nahitaez, jarduera etetea (Administrazioari ahalmena ematen zaio neurri hori erabakitzeko, baina ez da aginduzko neurria). Izan ere, legeztatze espedientea izapidetzeko aukera ere badago, hori bidezkoa bada (Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko Foru Legeko 67. artikulua).
Egiazki, ikastetxea berehala ixteak kalteak eragin diezazkieke haren erabiltzaile diren hirugarrenei (halere, adierazi beharra daukagu, halaber, kalte horiek eragotzi beharko litzaizkiekeela hain zuzen ere jardueraren funtzionamendu irregularra bideratu duenari, hau da, titularrari). Hori dela eta, erakunde honek ezin du neurri hori gomendatu, are gutxiago eskura daukagun informazioa aztertuta, ez dugunean atzematen zerbitzua desegoki ematen ari denik edo zerbitzu horrek beste pertsona batzuei kalte argiak eragiten dizkienik.
Hala eta guztiz ere, ezin dugu onartu, ezta ere, ilegaltasun egoera horrek argudio horixe erabiliz betikotu dadin, zeren eta horixe izanen balitzateke udala arau indardunak betetzetik salbuestea.
Inguruabar horietan, bada, ikastetxe bati buruz ari garenez, arrazoizkoa iruditzen zaigu ikasturte hauxe jartzea denbora-muga gisa, halako moduan non ikasturte honen bukaeran jarduera erregularizatu ez bada, zerbitzua aldi baterako itxiko baita.
Aurrekoa ez da oztopoa bizilagunek ikastetxearen funtzionamenduak eragindako enbarazu zehatzak salatzeko (espedientean atzeman dugu, zenbait kexa izan direla hozkuntza ekipoak eta ke-irteerek eragindako zaratengatik; erakunde honek ez du jakin arazo horrek bere horretan dirauen), eta enbarazu horiek ahal den guztian gutxitzeko behar diren neurriak hartzeko, betiere arau indardunetan ezarritako mailak errespetatze aldera (zehazki, zaratak eta dardarak sortzen dituzten jarduerek bete behar dituzten baldintza teknikoak ezartzen dituen ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretua).
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Uharteko Udalari gomendatzea bere titularitatearen menpeko haur hezkuntzako eskolaren egoera erregulatzeko behar diren neurri guztiak har ditzan, eta, nolanahi ere, zerbitzua heldu den urtean itxi dezan, jarduera legeztatzen ez den bitartean.
Bi hilabeteko epea ematea Uharteko Udalari gomendio hori onartu duela jakinaraz diezaion erakunde honi, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia