Partekatu edukia
Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea
Gaia: Falta de contestación a instania presentada ante el Ayuntamiento
Exp: 09/588/D
Nº: 217
Eskubideak Sustatzea
2009ko irailaren 9an, [?] jaunaren idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertu zuen Esteribarko Udalaren aurka, aurkeztutako eskabide bati erantzunik ez emateagatik.
Azaldu zuen 2008ko azaroaren 13an, Esteribarko Udalari zuzendutako idazki bat aurkeztu zuela Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzako erregistroan.
Denbora luzea iragan den arren, udalak ez dio idazkiari erantzun, eta idazkiaren xedeko espedientea ebatzi gabe dago.
Udal horren erantzuna emateko txostena urriaren 27an sartu zen. Txostenaren eduki luzean, erantzuna ematen zaie interesdunak udalari aurkeztutako idazkiei, bai eta kexaren xedea den gaiari ere. Honakoa da txostenaren testua, oso-osoa:
[?] jaunak, 2008ko martxoaren 14ko eskabidearen bitartez, eskatu zuen 2007ko kontribuzioari zegozkion errekarguak eta kostuak itzultzeko. Ordainagiria, aurreko urteetan bezala, Nafarroako Kutxako honako kontu zenbakian zegoen helbideratua: ...
Urtetan ordainagiriaren igorpena kontu horren bidez egiten zen, edo gutxienez ere horixe zen gure artxiboetan ageri zena, zeren eta Kontribuzioaren 19. sortako koadernoa egiterakoan horixe baitzen Udalak igorpena egiteko erabiltzen zuen zenbakia, eta zenbaki horretan ordainketa inongo arazorik gabe onartzen zen.
Urte hauetan guztietan, ez zaio bankuko helbideratze horri bajarik eman, eta ez zaio udalari beste kontu zenbakirik eman. Bestalde, ez zaio udalari jakitera eman banku-kontua edota hari lotutako helbideratzea deuseztatu direnik, eta, gainera, hara igorritako ordainagiriak ordaindu egiten ziren.
2007ko kontribuzioaren ordainagiria, aldiz, itzuli egin zen, udalaren kudeaketa aurreko urteetako bera izan zen arren.
Ez dugu ezagutzen zein den Nafarroako Kutxaren barne antolamendua kontribuzioko 19. sortako koadernoan igorritako ordainagirien helbideratzea beste kontu baten bitartez ordaintzeari dagokionez, zeren eta ez banku entitateak, ez interesdunak ez baitiote udalari horri buruzko informaziorik eman. Horrenbestez, eta ikusita ohiko praktika zein den, 2008ko martxoaren 26an interesdunari jakinarazi zitzaion ez zela bidezkoa errekargua eta kostuak deuseztatzea, eta 2008ko ekainaren 30eko erantzunaren bitartez martxoan emaniko erantzuna berretsi zen. Azkenik, interesdunari jakinarazi zitzaion ezezkoa emana zitzaiola errekargua eta kostuak itzultzeari eta haren eskabidea artxibatu eginen zela, inongo datu berririk ez zegoelako jada jakinarazitako erabakia aldaraztea justifikatuko zukeenik.
Egozkue jaunak 2009ko martxoaren 14an aurkeztu zuen lehendabiziko erreklamazioa; hartan, honakoa adierazi zuen:
56,23 euroko kargua egina zitzaiola Nafarroako Kutxan daukan kontu edo libretan. Hori guztiz okerra da, zeren eta udalak ez baitzekien banku helbideratzerako ezarritakoa beste konturik bazenik, eta borondatezko ordainketaren epean igorritako ordainagiri bakarra 1991tik baja emanda omen zegoen kontu batera igorri zen. Ordainagiri hori, ordea, itzuli egin zen.
Senide bat izan zen Zubiriko Nafarroako Kutxara joan eta premiamenduzko bidean [?] agentzia exekutiboaren bidez jakinarazitako zorraren zenbatekoa ordaindu zuena. Ondoren, Esteribarko Udalera joan zen [?]ek jakinarazitako zorrari konponbidea emateko, eta eskatu zuen udalak berriz ere 56,23 euroko zenbatekoaren ordainagiria igortzeko. Halakorik ez zen egin, zeren eta udal honetan ohartu baikinen interesdunak dirua ordaindu berria zuela Esteribarko Udalak Nafarroako Kutxan duen banku-kontuan.
Idazki horretan hauxe esaten zen: “Betidanik aipatu ordainagiria banku-kontu berera igorri da eta bertatik ordaindu izan da”. Egitate hori ez zen egia, zeren eta kontu batera igortzen baitzen, baina, gero adierazitakoaren arabera, beste kontu baten bidez ordaintzen zen. (Horixe da, gutxienez, Nafarroako Kutxak emandako ziurtagiritik ondorioztatzen dena).
Honakoa esaten da: “senide bat Nafarroako Kutxara joan zen, eta esan zioten akats bat gertatua zela kontu-zenbakia kontribuzioaren ordainagiria jartzerakoan, eta horrelaxe idatzi zioten paper batean; dokumentu hori senide horrek berak Udaleko langileari eskuratu zion”. Egitate hori ere ez da egia, zeren eta langileari eskuratu zion papera [?]ek jakinarazitako zorraren ESKUDIRUKO ORDAINKETA izan baitzen.
Senideak nahi zuen Esteribarko Udalak ordainagiria kobratzea, eta horretarako kontu-zenbaki bat eman zuen. Baina hain zuzen ere kontu zenbaki berriarekin aurkeztu zuen dokumentua izan zen EGIN BERRIA ZUEN ESKUDIRUKO ORDAINKETARI zegokiona. Eta, horrenbestez, dokumentu hori berraztertu ondoren, erabaki zen [?]ek jakinarazitako zorra berriz ez igortzea, senideak eskatzen zuen bezala.
Orduan jakinarazi zen ordutik aurrera ordainagiria beste kontu-zenbaki batetik helbideratu nahi bazen, kontuan hartu behar zela ordainagirien titular gisa agertzen zen pertsona ez zela jada ordainagiriak sortutako ondasunen jabea, eta hori egiaztatzeko 1988ko eskritura bat (j!) aurkeztu zen, zeinaren bitartez [?]k titularra zeneko katastro-ondasunen % 50 [?] jaunari eta beste % 50a [?] saltzen baitzizkion. [?] notarioaren (7. protokoloa) aurrean 1988ko urtarrilaren 4an eginiko salerosketaren eskritura zen.
Senideak jakinarazi zuen une hartatik aurrera, ordainketak kontu-zenbaki berriaren bidez egin nahi zirela: ... Eta horretarako katastroko bi titular berrien ( [?] jauna eta [?] jauna) ordainketak helbideratu zituen. Eta hurrengoetarako, helbideratzea finkatzeko dokumentua aurkeztu zuen, 2008ko otsailaren 27ko datarekin.
[?] jaunak 2009ko azaroaren 12an beste idazki bat aurkeztu duenez (gogora dezagun 1988an kasuko ondasuna saldu zuela, baina txintxo-txintxo (~?) jarraitu duela kontribuzioa ordaintzen ordutik eta 2006ra arte), jarduteko zein aukera zeuzkan aztertu zuen udalak:
Interesdunak azaldutako gaia da Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzan 2008ko azaroaren 13an aurkeztutako eskabidea, hain zuzen ere Esteribarko Udalari zuzendutakoa, erantzun gabe egotea.
Administrazio prozedura erkidean funtsezkoa da administrazio publiko orok ebazpen espresa eman behar izatea interesdunek eskatutako eskari guztiei (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikulua). Arau horren ondorioz, herritar batek, administrazioari eskabide bat egin badio, eskubidea du kasuko prozedura abiaraz dadin, eta eskabidearen edukiari buruzko erantzun puntuala jasotzeko.
Aipatu arauak benetako betebehar bat ezartzen dio administrazioari, interesdunek aurkezturiko eskabideei ebazteari dagokionez, eta betebehar hori benetako berme bat da herritarrarentzat. Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen legeak ez du administrazioa salbuesten erantzun espresa ematetik, horretarako epea iragan denean ere (43.2 artikulua). Horrek aukera ematen du bi ondorio garrantzitsu ateratzeko: lehena, administrazio-isiltasuna –kasu honetan sortu dena– ez dela administrazioari ex lege ezarritako betebehar baten ez betetzearen isla besterik; bigarrena, administrazioak aurkezturiko eskaria ebazteko betebeharra edukitzen jarraitzen duela, baita ebazpen espresa emateko finkaturiko epea iragan denean ere.
Kexaren xedea den kasuan, Esteribarko Udalak ez dio interesdunak egindako eskabideari erantzun; ez du, ezta ere, eskabide hori onartzeko modukoa ez dela adierazi, eta, azkenik, ez du eskabidea tramitera onartu, aurrerago hura baiesteko nahiz ezesteko edukiari buruzko ebazpen espresa ematearren, behar diren arrazoiekin.
Azken batean, Esteribarko Udalak ez dio idazki horri inolako tramiterik eman, aintzat hartu gabe interesdunak Administrazioari bere eskaerari buruzko erantzun espresa eskatzeko eta erantzun hori lortzeko interes legitimoa eta eskubidea dituela.
Udalaren txostenaren edukiak erantzun antolatu, zehatz eta laburra ematen die [?] jaunak Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzan 2008ko martxoaren 17an, maiatzaren 3an, abuztuaren 18an eta azaroaren 13an aurkeztu zituen eta ondoren udalari igorri zitzaizkion eskabideei.
Erakunde honek, aurreko puntuan adierazitako ildoari jarraituz, uste du txostena ebazpen honetan hitzez hitz transkribatzeak ez duela kentzen Administrazioak haren edukia interesdunari, [?] jaunari, helarazteko duen betebeharra, hain zuzen ere eskabideetako erantzunak jakinarazteko ohiko moldean.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Esteribarko Udalari gogoraraztea Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 42. artikulua betetzeko legezko betebeharra duela eta, horrenbestez, kexa-egileak aurkeztutako eskabideari erantzun behar diola.
Esteribarko Udalari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2009ko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala. Nolanahi ere den, aurkeztutako eskabideari erantzun formala eman beharko dio.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia