Partekatu edukia
Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea
Gaia: Departamento del Gobierno y Ayuntamiento no contestan a instancias presentadas sobre abonos por ocupación temporal de fincas
Exp: 10/703/D
Nº: 197
Eskubideen sustapena
2010eko irailaren 13an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuaren eta Agoizko Udalaren aurka, aurkeztutako eskabideei ez erantzuteagatik.
Azaltzen zuenez, Toki Administrazioko Departamentuari buruzko atalari dagokionez, 2009ko martxoaren 31n idazki bat aurkeztu zuen (2009/149122 erregistro-zenbakia), zeinaren bidez eskatu baitzuen ordain zekion lau lurzati aldi baterako okupatzeagatik zegokion zenbatekoa, eta lehenago ordaindu zitzaizkion zenbatekoak zehatz eta xeheka zitezen.
Urtebete baino gehiago iragan ostea, ez zuen erantzunik behar bezala jaso.
Azaltzen zuenez, Agoizko Udalari dagokionez, 2009ko martxoaren 31n idazki bat aurkeztu zuen, zeinaren bidez eskatu baitzuen ordain zekion lau lurzati aldi baterako okupatzeagatik zegokion zenbatekoa, eta lehenago ordaindu zitzaizkion zenbatekoak zehatz eta xeheka zitezen.
Orobat zioen 2009ko azaroaren 10ean idazki bat igorri zuela Udalera, zeinaren bidez eskatu baitzuen lau lurzati aldi baterako okupatzeagatik bigarren urtean zegozkion zenbatekoak, bai eta berandutze-interesak ere, ordain zekizkion.
Hurrenez hurren 17 eta 10 hilabete baino gehiago iragan ostean, ez du erantzunik jaso.
2010eko irailaren 22an, Toki Administrazioko Departamentuaren txostena jaso genuen. Honakoa dio, hitzez hitz:
“[?] jauna Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetara etorri zen 2009ko urtarrilean, eta han adierazi zitzaion komenigarria izanen zela erreklamazio bat idatziz egitea, Departamentu honek beharrezkoak ziren jarduketak egin ahal izan zitzan. Aldi berean, egin beharreko zuzemenak egin ziren gertakariak argitze aldera; halatan, Departamentua harremanetan jarri zen Agoizko Udalarekin, hura baitzen desjabetzearen onuraduna eta, hortaz, desjabetzapenari buruzko auzi teknikoak nahiz mamiari buruzkoak argitzeko eskumena zuena, eta harremanetan jarri zen orobat [?] abokatu-bulegoarekin, desjabetzapen-espediente honen kudeaketarako laguntza teknikoaz haiek arduratzen baitziren.
Departamentuko erregistroan 2009ko martxoaren 31n sartu zen [?] jaunak sinatutako idazki bat –[?] jauna orain interesduna denaren aita da,”Goi presioko ur-hornidura Agoizko, Longidako, Urraulbeitiko eta Irunberriko udaletan, 1. eta 2. faseak” izeneko proiektuak ukitutako lau finken erregistro-titularra–; idazkian azaltzen zuenez, Agoizko Udalak zenbateko batzuk ordaindu dizkio aipatutako proiektu hori dela-eta, eta berak eskatzen duena da bankuko sarrera horien kontzeptuak azal diezazkioten, kontzeptu horiek xeheka daitezen eta ukitutako lau lurzatiak aldi baterako okupatzeagatik dagokion zenbatekoa ordain dakion.
Eskabidearen xede den gaiari buruz Departamentu honek egiaz zer egin dezakeen aztertu ondoren, 2009ko urriaren 31n erabaki zen ofizio bat igortzea Nafarroako Desjabetzapenetarako Mahaiko idazkariari; izan ere, Nafarroako Desjabetzapenetarako Mahaiari dagokio ezartzea bidezko prezioaren arabera berandutze-interesengatik ordaindu beharreko zenbatekoak, eta zenbateko horiek desjabetzapenaren onuradunak ordaindu behar ditu (kasu honetan, Agoizko Udalak, Urraulbeitiko eta Irunberriko udalekin batera, proiektuaren interes publikoa edo soziala ordezkatzen duten entitateak baitira). Ofizio horretan eskatzen zitzaion Mahaiak txostena egin zezan, jakiteko ea bidezkoa zen aldi baterako okupazioari buruzko zenbateko bat ezartzea eta orobat informa zezan [?] jaunak banku-sarrera bidez jaso dituen zenbatekoei dagozkien kontzeptuei buruz.
2009ko abenduaren 24an Nafarroako Desjabetzapenetarako Mahaiaren erantzuna jaso zen; hartan zehazten denez, aldi baterako okupazioaren kontzeptua aurretiaz islatu beharra dago kasuko administrazioak abiarazitako espedienteko kasuan kasuko dokumentuan, hau da, Agoizko Udalak osatutako Udalen Borondatezko Elkarteak abiarazitakoan.
2010eko urtarrilaren 13an Mahaiaren aipatu erantzunaren kopia eman zitzaion [?] jaunari. Halaber, balia ditzakeen ekintzei buruz informatu zitzaion, besteak beste ondokoak: aipatu zenbatekoak Agoizko Udalari erreklamatzea edo doako errekurtsoa jartzea Nafarroako Administrazio Auzitegian.
Adierazi behar dizut ezen [?] jauna denik eta arretarik handienarekin artatua izan dela Departamentu honetara jo izan duen guztietan, eta uneoro eman zaiola tratu zuzen eta adeitsua, espedienteari buruzko informazio osoa eman zaiola, hark eskatutako kopiak eman zaizkiola eta kasuko teknikari juridikoak nahiz idazkari tekniko nagusiak egin diotela harrera.
Bukatzeko adierazi behar dizut ezen interesdunak erreklamatzen dituen zenbatekoak ez datozela zehaztuta ez bere jabetzako finak okupatu aurreko aktetan –2004ko martxoaren 29an egin ziren akta horiek– ez Nafarroako Desjabetzapenetarako Mahaiaren 2006ko azaroaren 22ko akordioan ere, non desjabetzapen horren bidezko prezioa ezarri baitzen eta zeinak asmatu izanaren eta egiazkotasunaren iuris tantum presuntzioa baitu; presuntzio hori ez da hautsi, akordioa irmo bilakatu baitzen haren aurkako errekurtsorik jarri ez zenean.
2010eko urriaren 7an, Agoizko Udalaren txostena jaso zen; hartan adierazten denez, “aurkeztutako kexaren aurrekari izan zen Nafarroako Administrazio Auzitegian jarritako gora jotzeko errekurtso bat, zeinaren bidez interesdunaren arabera erantzun gabe gelditu ziren idazkiak ebatzi baitziren: bigarren urtez aldi baterako okupatzea lurrak eta berandutze-interesak”.
Udalaren txostenean orobat adierazten da Nafarroako Administrazio Auzitegiak aztertuak dituela kexan adierazten diren alderdi guztiak, Udalaren alde ebatzi zirenak 2010eko ekainaren 11ko 5353 Ebazpenaren bidez.
Udalaren txostenak bukatzeko dio ez dagoela kexarako ziorik, Nafarroako Administrazio Auzitegiak ebatzi zuen legez.
Lehena. Desjabetzapen-agenteak dira desjabetzapenaren onuradun diren udalen elkarte bat –Agoizko Udala da haien buru– eta Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentua, administrazio-izapidean lagun egiten baitu.
Bigarrena. 2004ko martxoaren 29an, Murelu-Longidako 13. poligonoko 125., 126., 130. eta 173. lurzatiak okupatu aurreko aktak egin ziren, eta ondoko espediente zenbakiak dagozkie hurrenez hurren: L-28, L-29, L-33 eta L-71. Aktetan finka horietako bakoitza “azkar okupatzeak eragindako kalteen” balorazioa egiten da, eta, hurrenez hurren, ondoko zenbatekoak dagozkie finka horietako bakoitzari: 754’50 euro, 26’70 euro, 271’65 euro eta 422’40 euro. Desjabetutako titularraren bankuko kontuan egin zen ordainketa, eta aktetan beretan ageri dira horien zenbaki-aipamenak.
408’01 euro 125. lurzatiari –L-28 espedientea–, kutxatila baterako lursaila desjabetzeagatik, akueduktuaren lurpeko zortasunarengatik eta ukipen-sariarengatik.
191’88 euro 173. lurzatiari –L-71 espedientea–, akueduktuaren lurpeko zortasunarengatik eta ukipen-sariarengatik.
Hiru balioespen horietatik heldu den zenbatekoa 2007ko abenduaren 21ean ordaindu zitzaion kexa-egileari.
Desjabetzapenetarako Mahaiaren 2006ko azaroaren 22ko erabakitik, arestian aipatu dugunetik, laugarren arrazoibide juridikoa nabarmendu behar dugu, ondokoa baitio: “aldi baterako okupazioarengatiko kalte-ordainari dagokionez, desjabetzapenaren espedientean jasota ageri den legez, okupatu aurreko akta egin zen unean berean ordaindu zitzaizkion aldi baterako okupazioak eragindako kalteak”; zazpigarren oinarri juridikoan, berriz, ondokoa esaten da: “behin eta berriz emandako jurisprudentziaren arabera (Auzitegi Gorenaren 1993ko uztailaren 17ko eta 1995eko ekainaren 17ko epaiak), balioespena zehaztean berandutze-interesak zenbatzearen ondorioetarako, okupazioa egiaz egin den egunaren biharamunetik aitzina ezarriko da “dies a quo” (Nahitaezko Desjabetzapenei buruzko Legeko 52.8 artikulua), harik eta balioespena egiaz ordaindu edo esleitzen den arte; horrenbestez, atzeraeraginarekin kitatuko da ordainketa egiaz atzeratzen baldin bada edo balioespena Mahaiaren ebazpen bidez edo epai judizial baten bidez aldatzen baldin bada.
Hiru erabaki horietako bakoitzaren epaian, berriz, balioespenaren azken zenbatekoa ezarri ostean esaten da “... zenbatekoari horren legezko interesa gehitu beharko zaio, epai honen oinarrien azken zatian adierazitakoarekin bat.”
Laugarrena. 2007ko azaroaren 13an, Nafarroako Desjabetzapenetarako Mahaiak erabaki zuen 125. lurzatiaren balioespenari –L-28 espedientea– 1.122’79 euro gehitu behar zitzaizkiola, 130. lurzatiaren balioespenari –L-33 espedientea– 717’27 euro gehitu behar zitzaizkiola, eta 173. lurzatiaren balioespenari –L-71 espedientea–, azkenik, 2.318’07 euro, “gainontzeko finka-zatiak galdutako balioarengatik”, espediente horien dokumentazioan ez baitzen agerian jarri ukipen hori.
Hiru balioespen horietatik heldu den zenbatekoa 2008ko irailaren 15ean ordaindu zitzaion kexa-egileari transferentzia bidez.
Bosgarrena. Kexa-egileak 2009ko martxoaren 31n eskatu zion Agoizko Udalari zehatz zitzan Udalak ordaindutako zenbatekoak: zeintzuk dagozkie interesei?, interesak kalkulatzearen ondorioetarako, zein izan ziren hasierako eta amaierako datak?, zer ehunekoren arabera kalkulatu dira interesak?). Kexa-egileak ez du horren berri, eta Agoizko Udalak dio 2009ko irailaren 14an posta ziurtatu bidez igorri ziola kexa-egileari txosten teknikoa, desjabetze-lanak egin zituen laguntza teknikoak prestatu zuena.
Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuari dagokionez, haren txostena ikusita, erakunde honek uste du haren jokabidea laudagarria izan dela; izan ere, herritarraren alde esku hartu du, kexa-egilearen alde kasu honetan, eta araudiak eskatzen duena eta arrazoizkoa dena baino gehiago egin du.
Kritikatzeko moduko alderdi bakarra da 2009ko martxoaren 31n aurkeztutako eskabideari erantzun idatzirik eman ez izana eta jakinarazi ez izana.
Administrazio prozedura erkidean funtsezkoa baita administrazio publiko orok ebazpen espresa eman behar izatea interesdunek eskatutako eskari guztiei (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikulua). Arau horren ondorioz, herritar batek, Administrazioari eskabide bat egin badio, eskubidea du kasuko prozedura abiaraz dadin, eta eskabidearen edukiari buruzko erantzun puntuala jasotzeko.
Aipatu arauak benetako betebehar bat ezartzen dio Administrazioari, interesdunek aurkezturiko eskabideei ebazteari dagokionez, eta betebehar hori benetako berme bat da herritarrarentzat.
Kexaren xede den kasu honetan, Toki Administrazioko Departamentuak ez zuen bere erabakia jakinarazi; egia da, aldiz, ahozko erantzuna eman ziola eta kexa-egilearen aldeko zuzemenak egin zituela beste erakunde batzuetan, aurkeztutako eskabideari zegokionez.
Azken batean, Toki Administrazioko Departamentuak ez zuen ase interesdunak Administrazioari bere eskaerari buruzko erantzun espresa eskatzeko eta erantzun hori lortzeko duen eskubidea.
Departamentuaren txostenak erantzun zehatza ematen dio erakunde honek igorritako idazkiari, bai eta interesdunak 2009ko martxoaren 31n aurkeztutako eskabideari ere.
Erakunde honek, aurreko puntuan adierazitako ildoari jarraituz, uste du txostena ebazpen honetan hitzez hitz transkribatzeak ez duela kentzen Administrazioak haren edukia interesdunari helarazteko duen betebeharra, hain zuzen ere eskabideetako erantzunak jakinarazteko ohiko moldean.
Lehena. Aldi baterako okupazioarengatiko kalte-ordainari dagokionez, Nafarroako Desjabetzapenetarako Mahaiak auzi horri buruzko ebazpena eman zuen 2006ko azaroaren 22ko erabakiaren bidez –ebazpena 2007ko maiatzaren 23an jakinarazi zitzaion interesdunari–, zehazki laugarren oinarri juridikoaren bidez, zeina txosten honetako “aurrekarien” 3.3 atalean jaso baita. Ez zen erabakiaren aurkako errekurtsorik jarri.
Erakunde hau arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 21.1 artikuluak urtebeteko epea ezartzen du, kexaren xede diren gertakarien berri izan zenetik aitzina, Nafarroako Arartekoak administrazio jardulearen gaineko ikuskapen-eskumena balia dezan. Kasu honetan, hain zuzen ere, hori gertatzen da; izan ere, interesdunak gertakarien berri izan zuzenetik –2007ko maiatzaren 23an jakinarazi zitzaion Nafarroako Desjabetzapenetarako Mahaiaren erabakia– kexa aurkeztu zuen arte urtebete baino gehiago igaro da. Hortaz, erakunde hau ezin da aldi baterako okupazioarengatiko kalte-ordainaren auzia aztertzen hasi.
Bigarrena. Agoizko Udalak kexa-egileari emandako informaziotik ezin da ondorioztatu zor zaizkion interesak osorik ordaindu zaizkion ala ez; alegia, Udalak 2007ko abenduaren 21ean ordaindu edo kitatutako balioespenek eragindako interesak eta “gainontzeko finka-zatiak galdutako balioarengatik” heldu zirenak, toki entitateak 2008ko irailaren 15ean ordaindu edo kitatutakoak.
Agoizko Udalak, kexa-egilearekiko harremanean, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 3.5 artikuluak ezartzen duen gardentasun-printzipioarekin bat jardun behar du. Printzipio horrek berekin dakar herritarrari behar adinako zehaztasunez eta argitasunez erantzun behar zaiola, ulertzeko modua izaterainoko zehaztasunez eta argitasunez. Orain arte ez da halakorik egin, nahiz eta ondoko galderei erantzutea baizik ez duen eskatu: ordaindutako zenbatekoetarik zenbat dagokie interesei? interesak kalkulatzearen ondorioetarako, zein izan ziren hasierako eta amaierako datak?, zer ehunekoren arabera kalkulatu dira interesak?
Horrenbestez, Agoizko Udalari gomendatu behar diogu kexa-egilearen eskaria ase dezan eta erantzun argi eta zehatza eman diezaien ondoko galderei, kexa-egilearen bidezko interesari eragiten diotelako: interesak kalkulatzearen ondorioetarako, zein izan ziren hasierako eta amaierako datak?, zer ehunekoren arabera kalkulatu dira interesak?
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,
Toki Administrazioko Departamentuari gogoraraztea legez behartuta dagoela Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikuluan xedatutakoa betetzera, eta, horrenbestez, legez behartuta dagoela interesdunek aurkeztutako eskabideei erantzuna ematera. Hartara, kexa-egileak aurkeztutako eskabideari erantzuteko gomendioa egiten diogu.
Agoizko Udalari gomendatzea kexa-egilearen ondoko galderei erantzun argi eta zehatza eman diezaien, herritar horren bidezko interesari eta eskubideei eragiten dietelako: interesak kalkulatzearen ondorioetarako, zein izan ziren hasierako eta amaierako datak?, zer ehunekoren arabera kalkulatu dira interesak?
Bi hilabeteko epea ematea Toki Administrazioko Departamentuari eta Agoizko Udalari legezko betebeharren gogorarazpen honen onarpenari eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informatzeko, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzaten. Halaber, ohartarazten diet hala egiten ez badute Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, legeak ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia