Partekatu edukia
Hirigintza eta Etxebizitza
Gaia: Inactividad del Ayuntamiento ante una solicitud reparación de terreno
Exp: 09/677/U
Nº: 216
Hirigintza
2009ko irailaren 30ean, [?] andreak sinatutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Arangurengo Udalaren jarduera ezaren aurka.
Interesdunak azaltzen zuen “Mutiloartea” sektoreko urbanizazioaren exekuzioan lursaila metro bat baino gehiago goratu dela bere etxebizitzarekin muga egiten duen aldean. Agertzen zuen eragiketa horrek ez diola lurrari eusten eta ez duela lursaila finkatzen. Desnibelak, ordea, uholdeak sortzen ditu bere jabetzapeko lurretan, harriak eta lurra arrastatzeaz gainera.
Gehitzen du egoera hori ahoz azaldu izan diela behin baino gehiagotan udal teknikariei. Gainera, 2008ko ekainaren 23an, idatziz eskatu zion udalari goratutako lurra finkatzeko edo hari eusteko beharra, baina ez duela eskari horren erantzunik jaso.
Joan den urriaren 9an, erakunde honek Arangurengo Udaleko alkateari gaiari buruzko informazioa eskatu zion.
Udal horren erantzuna emateko txostena urriaren 27an sartu zen. Alkate jaunak udalari aholku ematen dion arkitekto teknikariaren txostena transkribatzen du. Hauxe dio, hitzez hitz:
[?] andrea kexu da udalak ezer ez duelako egin. Gainera, baieztatzen du lursaila Mutiloartea sektoreko urbanizazio lanekin metro bat baino gehiago goratu dela bere etxebizitzarekin mugakidea den aldean, eta horrekin haren jabetzan uholdeak sortu dituela.
Hark berak dio bere idazkian “bere kezka udal teknikariei behin baino gehiagotan azaldu diela ahoz”.
Egiazki, aldaketa bat egin dugu lurraldearen topografian landa finka bat zena etxebizitzetarako finka bihurtzeko. Horretarako, pendizak aldatu dira; baina lursaileko altuera goratu bada ere –puntu batzuetan hark adierazitako beste–, jatorrizko finka lehenagotik ere harenaren gainetik zegoen, eta gainera lursailak orain dagoena baino sakonera handiagoa zuen. Horrenbestez, euri uren isurketa askoz handiagoa zen lehen orain dena baino; gainera, obran ezponda bat egin da udalaren finkan bertan, kanporako hustubideekin, interesdunaren lursailean kalteak saiheste aldera.
Halaber, behar diren obrak egin dira aztergai dugun urbanizazioan eta lehendik Irulegin zegoenean. Ikus daiteke nola Irulegiko mailan lurgaineko aparkaleku bat egin den eta aztergai dugun lursailaren paraleloan doan espaloi bat ere bai, halako moduan non euri uren isurketa soilik espaloiak, lubetak eta ezpondak sortutakoari dagokio; izan ere, azalera hori nabarmen txikiagoa da urbanizazio lanak hasi aurretik zegoena baino.
Ezponda eta lubeta behar den lur-mugimenduarekin egin dira, eta, noski, udal zerbitzuak arduratuko dira hura mantentzeaz eta garbitzeaz. Nabarmendu beharra dago aipatutako lubetak eta ezpondak aipatutako lursaileko baratze eta lorategi esparru batekin egiten dutela muga, eta ez etxebizitzarekin edo bizitokiarekin; izan ere, azken hori zenbait metro barrurago dago. Nolanahi ere den, lursaileko atzeko aldeari buruz hitz egiten ari gara soil-soilik.
Gehitu beharra dago izenpetzen duen teknikariak eraikuntza prozesuaren jarraipen etengabea egin duela, eta zenbait bilera izan dituela zuzendaritza fakultatiboarekin eta eraikuntza-enpresarekin, haren obretako buruaren bitartez, bai eta [?] andrearekin ere, eta ontzat eman dituela egindako lan guztiak.
Aipatutakoa hobeki ezagutze aldera, argazkien bidezko dokumentazioa erantsi dugu, bai obrak hasi aurrekoari buruzkoa (Espainiako paisaiak, 2003ko maiatzeko 984191. alea) bai egungo egoerari buruzkoa, 2009ko urriaren 21eko datan.
Horrenbestez, Mutiloartea sektoreko lehenengo urbanizazio faseko obrak bukatu zirenetik urtebete baino gehiago iragan denean, ez dugu atzeman [?] andreak aipatutako kalteetako bakarra ere egin denik haren lursailean. Horrenbestez, beharrezkotzat jotzen dut ezen haren baieztapenak justifikatzeko salatzaileak txosten teknikoa aurkez dezan, behar den euskarri dokumentalarekin.
Interesdunak azaldutako gaia da udalak ez diola erantzun 2008ko ekainaren 20an aurkeztutako eskabideari.
Administrazio prozedura erkidean funtsezkoa da administrazio publiko orok ebazpen espresa eman behar izatea interesdunek eskatutako eskari guztiei (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikulua). Arau horren ondorioz, herritar batek, administrazioari eskabide bat egin badio, eskubidea du kasuko prozedura abiaraz dadin, eta eskabidearen edukiari buruzko erantzun puntuala jasotzeko.
Aipatu arauak benetako betebehar bat ezartzen dio administrazioari, interesdunek aurkezturiko eskabideei ebazteari dagokionez, eta betebehar hori benetako berme bat da herritarrarentzat. Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen legeak ez du administrazioa salbuesten erantzun espresa ematetik, horretarako epea iragan denean ere (43.2 artikulua). Horrek aukera ematen du bi ondorio garrantzitsu ateratzeko: lehena, administrazio-isiltasuna –kasu honetan sortu dena– ez dela administrazioari ex lege ezarritako betebehar baten ez betetzearen isla besterik; bigarrena, administrazioak aurkezturiko eskaria ebazteko betebeharra edukitzen jarraitzen duela, baita ebazpen espresa emateko finkaturiko epea iragan denean ere.
Kexaren xedea den kasuan, Arangurengo Udalak ez dio interesdunak egindako eskabideari erantzun; ez du, ezta ere, eskabide hori onartzeko modukoa ez dela adierazi, eta, azkenik, ez du eskabidea tramitera onartu, aurrerago hura baiesteko nahiz ezesteko edukiari buruzko ebazpen espresa ematearren, behar diren arrazoiekin.
Azken batean, Arangurengo Udalak ez dio idazki horri inolako izapiderik eman, aintzat hartu gabe interesdunak Administrazioari bere eskaerari buruzko erantzun espresa eskatzeko eta erantzun hori lortzeko interes legitimoa eta eskubidea dituela.
Udal txostenaren edukiak erantzun antolatu, zehatz eta laburra ematen die [?] andreak 2008ko ekainaren 20ean udalari zuzendu zion eskabidean egindako galderei.
Erakundeak, aurreko puntuan adierazitako ildoari jarraituz, uste du txostena ebazpen honetan hitzez hitz transkribatzeak ez duela kentzen Administrazioak haren edukia interesdunari, [?] andreari, helarazteko duen betebeharra, hain zuzen ere eskabideetako erantzunak jakinarazteko ohiko moldean. [?].
Kexa-idazkian aipatzen da, halaber, kexa-egileari ez zitzaiola jakinarazi Barne Erreformarako Plan Bereziaren aurkako alegazioak aurkezteko aukera zuela. Plan hori 2004ko ekainaren 25eko osoko bilkuran onetsi zen.
Erakunde honek ez du gai hori aztertu nahi, honako arrazoiengatik:
Lehena.- Barne Erreformarako Plan Berezia Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salako Bigarren Sekzioaren 2006ko otsailaren 3ko epaiaren bidez baliogabetu zen.
Bigarrena.- 2004ko erabaki bat aipatzen denez, ezin gara gaiaren sakonean sartu, gure erakundea arautzen duen legeko 21.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz; izan ere, Administrazioaren egitateak gainbegiratzeko daukagun eskumenaz baliatzeko urtebeteko epea ezartzen du gehieneko epe gisa, kexaren xedea diren egitateak jakin zirenetik.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Arangurengo Udalari gogoraraztea Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 42. artikulua beti bete behar duela.
Arangurengo Udalari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2009ko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala. Nolanahi ere den, aurkeztutako eskabideari erantzun formala eman beharko dio.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia