Partekatu edukia
Euskara
Gaia: En puesto de información turística del Ayuntamiento de Pamplona, el plazo de la ciudad se encuentra sólo en castellano
Exp: 09/612/C
Nº: 215
Elebitasuna
2009ko irailaren 17an, [?] erakundeko zuzendari [?] jaunaren idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, Iruñeko Udalari buruzko kexa bat aurkezten du.
Azaltzen du uztailaren 1ean, Iruñeko Udaleko plazan jarritako informazio turistikoko postuan, hiriko plano bat eskatu zuela. Ale bat eman zioten, gaztelania hutsez idatzia. Euskaraz ere ba ote zuten galdetu zuen, eta ezetz erantzun zioten.
2009ko urriaren 27an, Toki Ogasun, Merkataritza, Turismo eta Berdintasuneko zinegotzi delegatuak, hirugarren alkateordea denak, eginiko txostena jaso genuen. Honakoa dio, hitzez hitz:
“Iruñeko Udalaren informazio turistikoko gunea, Udal Plazan dagoena, bezeroari arreta ematen profesionalak diren pertsonek artatzen dute. Batez ere ingelesezko eta frantsesezko ezagupenak dituzte, bai eta Europako beste hizkuntza batzuenak ere, eta euskarazko ezagupenak ere badituzte. Uneoro hizkuntza horietan guztietan artatu ahal dituzte hala eskatzen duten pertsonak.
Informazio turistikoko gunetik, turismoko dokumentazioa banatzen da zenbait hizkuntzatan; esate baterako arlokako esku-orriak: Ezagutu Iruña, Sanferminak, Entzierroa, Donejakue Bidea, Gotorlekua eta Harresiak eta Iruñetik paseatu. Eskuorri horiek sei hizkuntzetan daude: gaztelania, euskara, ingelesa, frantsesa, alemana eta italiera.
Era berean, “Iruña, bidean lehena” udako kanpainako programazioa jasotzen duten esku-orriak sei hizkuntzetan argitaratzen dira; haien artean euskara dago. Halaber, uda honetan, Familiako Turismoko Gida bat argitaratu zen bi formatutan: gaztelaniaz eta ingelesez batetik eta gaztelaniaz eta euskaraz bestetik.
Iruñeko kaleen planoa jasotzen duten argitalpenetan erabiltzen dugun irizpide orokorra da kaleen izenak ez itzultzea, planoa interpretatzeko argitasun handiagoa eskaintzeko. Oro har, leku-izenak eta izen bereziak dira, gure ustez itzuli beharko ez liratekeenak. Kaleen gainerako izenei dagokienez, arau orokor gisa normalean izendatzen diren hizkuntzan ematen ditugu, gaztelaniaz izan (Estafeta kalea, adibidez) nahiz euskaraz izan (Iturrama kalea, adibidez).
Turismoko planoaren kasuan, kaleen izendegia alde batera utzita, informazioa nagusiki grafikoa da eta harekin batera agertzen diren testu eskasetan (monumentuen eta intereseko lekuen zerrenda), ahal den toki gutxiena erabiltzen da planoari ahal den toki handiena uzteko. Plano hori sei hizkuntzetan eskura daitezkeen aipatu esku-orrien osagarri ematen denez, eta ahozko arreta zenbait hizkuntzatan (tartan, euskaraz) emateko modua dagoenez, gure ustez informazio gune honetako erabiltzaileek datu guztiak dauzkate hautatzen duten hizkuntzan.
Aztergai dugun kasuan, Administrazioak aitortzen du hiriko turismo-planoan ageri den testu eskasak gaztelania hutsez idatzita daudela.
Udalak erabaki hori justifikatzeko esaten du testuak ahal den toki txikiena hartu behar duela, planoari ahal den toki geniena emateko.
Erakunde honen ustez, udalak gai tekniko horri konponbidea eman diezaioke testuak euskaraz dituzten hiriko planoak eta testuak gaztelaniaz dituzten planoak argitaratuz. Hartara, gainera, herritarrek egiten duten hautua erraztu ahalko luke. Ez du zertan planoak testu elebidunekin argiraratu. Izan ere, horretarako bidea ematen du Iruñeko Udalaren esparruan euskararen erabilerari eta sustapenari buruzko ordenantzako xedapen gehigarriak, honakoa ezartzen baitu: “Ordenantzan “elebitan” edo “bi hizkuntzetan” ageri denean, horrek adierazi nahi du informazioa bi hizkuntzetan emanen dela: gaztelaniaz eta euskaraz. Bainan horrek ez du erran nahi informazioa euskarri edo unitate bakar batean eman behar denik ezinbertzean. Izan ere, idatziak, testuak... nahiz bertzelakoak eta orotarikoak euskarri, formatu, argitalpen edo unitate ezberdin, bereizi edo bananduetan egin ahalko baitira gaztelaniarako eta euskararako”.
Aurreko guztia dela eta
Iruñeko Udalari gogoraraztea euskara erabiltzeari eta sustatzeari buruzko araudian bertan ezarritakoaren arabera jarduteko legezko betebeharra duela.
Bi hilabeteko epea ematea aipatu udalari legezko betebeharren gogorarazpen hauek onartu dituela jakinaraz dezan, edo, bestela, haiek ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia