Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Azaroaren 4ko 213/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 azaroa 16

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Falta de respuesta a un recurso de alzada

Exp: 09/678/D

: 213

Eskubideen sustapena

AURREKARIAK

  1. 2009ko urriaren 1ean, [?] jaunaren abokatua den [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Iruñeko Udalaren aurka, gora jotzeko errekurtso bati erantzunik ez emateagatik.

    Azaltzen du bere bezeroak izena eman zuela 2008ko abenduan Iruñeko Udaleko udaltzain lanpostuak betetzeko argitaratu zen deialdian, eta hautaproba teorikoen behin-behineko emaitzak argitaratu zirenean, hain zuzen ere hizkuntzari zegozkienak, beste hautagai batzuek aurkeztutako alegazioak baietsi zirela, eta bi galdera deuseztatu zirela. Horren ondorioz, bere bezeroak ez zuen hautaproba gainditu.

    Gehitzen du jarduera horren aurkako gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuten arren (2009ko apirilean), oraindik ere ez dutela erantzunik jaso, eta ebazteko betebeharra nabarmenki urratu dela.

  2. Iruñeko Udalari txostena eskatu ondoren, 2009ko urriaren 30ean iritsi zitzaigun. Hartan adierazten da ez dela ezagutzen gora jotzeko errekurtsoari ez erantzuteko arrazoia, baina bere garaian [?] jaunak aurkeztutako errekurtsoa aztertuta –bertan deialdiko hirugarren hautaprobako 1. eta 21. galderak aipatzen dira, eta aurkeztutako gainerako errekurtsoekin batera bidali zen–, adierazi beharra dagoela ezen oposizioko epaimahaiak, 2009ko apirilaren 2an, erabaki zuela aipatu hautaprobako 2., 21. eta 24. galderak baliogabetzea eta gainerako erreklamazioak ezestea.

AZTERKETA

  1. Kexaren xedea da 2009ko apirilean aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoari ez erantzun izana. Izan ere, kexa aurkezteko datan –2009ko irailaren 30ean, hau da, sei hilabete beranduago–, oraindik ere ez da berariaz ebatzi.
  2. Arau klasiko eta funtsezko bat badago administrazio prozedura erkidean: administrazio publiko orok ebazpen espresa eman behar die interesdunek aurkeztutako eskari eta errekurtso guztiei (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikulua). Arau horren ondorioz, herritar batek, administrazio-jarduera baten aurkako errekurtso bat aurkeztu badu, eskubidea du kasuko prozedura abiaraz dadin, eta errekurtsoaren edukiari buruzko erantzun puntuala jasotzeko.

    Gora jotzeko errekurtso administratiboei dagokienez, aipatutako Administrazio eta Prozedura Legeko 115. artikuluak ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epe bat ezartzen du, hain zuzen ere hiru hilabetekoa.

  3. Aipatu araudiak benetako betebehar bat ezartzen dio administrazioari, interesdunek aurkezturiko eskabideak ebazteko beharrari dagokionez. Betebehar hori herritarrarekiko gizalegezko tratu bat ez ezik, harentzako egiazko berme bat ere bada. Izan ere, hain da nabarmena hori, non Administrazio eta Prozedura Legeak ez baitu administrazioa salbuesten ebazpen espresa ematetik, horretarako epea iragan denean ere (42. eta 43. artikuluak). Horrek aukera ematen du bi ondorio garrantzitsu ateratzeko: lehena, administrazio-isiltasuna ez dela udalari ex lege ezarritako betebehar baten ez betetzearen isla besterik; bigarrena, aurkezturiko gora jotzeko errekurtsoa ebazteko betebeharra edukitzen jarraitzen duela udalak, baita ebazpen espresa emateko finkaturiko epea iragan denean ere.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Iruñeko Udalari gogoraraztea legez beti bete behar dituela Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeko 42. eta 43. artikuluak, eta berariaz ebatzi behar duela kexa-egileak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa.

  2. Iruñeko Udalari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

  3. Interesdunari eta Iruñeko Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia