Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Azaroaren 4ko 196/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 azaroa 04

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Falta de respuesta a petición de recuperación del uso deportivo y de ocio del patio del Colegio José María Iribarren

Exp: 10/645/D

: 196

Eskubideen sustapena

AURREKARIAK

  1. 2010eko abuztuaren 25ean, [?] jaunaren idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkeztu zuen Iruñeko Udalaren aurka, José María Iribarren IPko patioari emandako erabilerari buruzkoa eta auzi hori dela-eta aurkeztu zuen eskabide bati erantzunik eman ez izanari buruzkoa.

    Kexaren idazkian azaltzen zuenez, José María Iribarren IPko patioa kirol- eta aisia-gune gisa erabili da 1988az geroztik, Udalak eta Ermitagañako bizilagunek hala adostuta.

    Adierazten zuenez, 2008an, ospitale eremuko lurpeko aparkalekuko obrak hasi zirenean, Udalak erabaki zuen patioa ibilgailuak aparkatzeko erabiltzea behin-behinekoz, harik eta aparkalekuko obrak bukatu arte.

    Zioenez, ospitale eremuko aparkalekua 2010eko apirilaren 26an inauguratu zen, eta halere patioa doako aparkaleku publiko gisa erabiltzen jarraitzen dute.

    Hori ikusita, kexa-egileak dio eskabide bat erregistratu zuela Iruñeko Udalean 2010eko maiatzaren 24an; hartan, auziari buruzko zenbait gogoeta egin ostean, patioa berriz ere kiroletarako eta aisiarako erabiltzea eskatzen zuen, lehen aipatutako behin-behineko erabilera justifikatzen zuten obrak bukatuta zeudelako eta inguruetan garraio publikoko zenbait geltoki zeudelako.

    Kexa-egileak dio ez diotela bere eskabideari erantzun, eta patioa 134 aparkalekuk betetzen dutela, eta horrenbestez bizilagunek ezin zutela, lehen egiten zuten legez, eremua kirola egiteko eta aisiarako erabili.

  2. Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraikiz, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zitzaion Iruñeko Udalari.

  3. 2010eko irailaren 22an, Iruñeko Udalaren bi txosten jaso genituen erakunde honetan. Lehendabizikoan, Hezkuntza eta Gazteriako Alorrak egindakoan, ondokoa adierazten da:
    1. “José María Iribarren IParen erabilera Nafarroako Gobernuari laga zitzaion 2003an (apirilaren 28ko Osoko Bilkurak onetsitako erabaki bidez), eta espresuki baztertu ziren lagapenetik josteta-patioak, kiroldegia nahiz behar bezala zehazten ziren beste urbanizazio-elementu batzuk. Aipatutako eraikin horretan hiru ikastetxeko egoitzak paratu ziren: helduen hezkuntzako bi eta gizarte-egokitzapeneko bat.
    2. Ez da jasota ageri beste eremu horien erabilera, zehazki eskolako patioa, beste entitate bati edo elkarte bati laga izana, eta Udalaren erabakiaren mende geratu ziren horren erabilera, mantentze-lanak eta garbiketa.
    3. Udalak, bere eskumenak baliatuta, Nafarroako Gobernuak garai bateko ikastetxe horretako instalazioetan abian dituen ikastetxeei galdetuta, Mugikortasun Alorraren bidez erabaki zuen doako aparkaleku publiko gisa erabiltzea garai bateko patioaren zati handi bat, eskola-erabilerarik ez zeukana, inguruan zegoen aparkaleku-premiak arintze aldera.
    4. Egokitzapen hori egitean kirol-erabilerarako prest utzi zen alderdi bat, zehazki areto-futboleko eremu bat eta saskibaloiko saski batzuk, erabilera publikokoak horiek ere.
    5. Udalaren esku dago ospitale eremuko obrak bukatu ostean aparkalekuak hor jarraitzea, ez baitago inon jasota ageri eremu horien erabilera mugatzen edo baldintzatzen duen inolako konpromisorik edo lege-betebeharrik.
    6. Jasota ageri da, ordea, kexaren xede den aparkalekuaren ohiko erabilera, bai egunekoa bai gauekoa; pasadizokoek nahiz bizilagunek erabili ohi dute aparkalekua, bai eta lehen aipatutako ikastetxeetako irakasleek eta ikasleek ere.
    7. Hezkuntza eta Gazteriako Alorrean ez da jasota ageri Arartekoaren txostenean aipatzen den idazki hori aurkeztu denik, eta, hortaz, ezin dugu eskaera horri buruzko informaziorik eman.”

Bigarren txostenean, Mugikortasun Alorrak egindakoan, ondokoa adierazten da:

  1. “José María Iribarren IParen erabilera Nafarroako Gobernuari laga zitzaion 2003an (apirilaren 28ko Osoko Bilkurak onetsitako erabaki bidez), eta espresuki baztertu ziren lagapenetik josteta-patioak, kiroldegia nahiz behar bezala zehazten ziren beste urbanizazio-elementu batzuk. Aipatutako eraikin horretan hiru ikastetxeko egoitzak paratu ziren: helduen hezkuntzako bi eta gizarte-egokitzapeneko bat. Hiru ikastetxe horiek ez dute eskola-patioaren beharrik, funtzionatu ahal izateko.
  2. Ez da jasota ageri beste eremu horien erabilera, zehazki eskolako patioa, beste entitate bati edo elkarte bati laga izana, eta Udalaren erabakiaren mende geratu ziren horren erabilera, mantentze-lanak eta garbiketa. Eremu hori eremu publikotzat hartu zen harrezkero.
  3. Udalak, bere eskumenak baliatuta, Nafarroako Gobernuak garai bateko ikastetxe horretako instalazioetan abian dituen ikastetxeei galdetuta, erabaki zuen doako aparkaleku publiko gisa egokitzea patioaren zati bat, bizilagunek apenas erabiltzen zutena eta eskola-erabilerarik batere ez zuena. Erabaki hori hartu zen ospitaleetako aparkalekua eraikitzeko obrak egin behar zirelako eta bizilagunentzako aisia-eskaintza hobetzeko; izan ere, bizilagunek, lan-orduetan eta aipatu ikastetxe horiek funtzionatzen ari direnean, oso murriztuta dute beren etxebizitzen inguruetan aparkatzeko aukera.
  4. Egokitzapen hori egitean kirol-erabilerarako prest utzi zen alderdi bat, zehazki areto-futboleko eremu bat eta saskibaloiko bi saski, erabilera publikokoak horiek ere. Instalazio horiek aski dira bizilagunen kirol-instalazioen premiei erantzuteko.
  5. Udalaren esku dago aparkalekuak hor jarraitzea, ez baitago inon jasota ageri eremu horien erabilera mugatzen edo baldintzatzen duen inolako konpromisorik edo lege-betebeharrik.
  6. Jasota ageri da, ordea, kexaren xede den aparkalekuaren ohiko erabilera, bai egunekoa bai gauekoa; herritarrek nahiz bizilagunek erabili ohi dute aparkalekua, bai eta lehen aipatutako ikastetxeetako irakasleek eta ikasleek ere.
  7. Kirol-erabilerako eremu horren jarraipena egin da, eta ondorioa da oso gutxi erabiltzen dela.
  8. Eremu horren erabilerari buruzko erabakia hartzeko kontuan hartu da orobat aparkalekutik gertu dagoela Osasun Etxea –aparkaleku-premia handia izatea dakar horrek–, eta, inguruan, lurpeko garajerik ez duten etxebizitza asko daudela.
  9. [?] jaunaren kexa kenduta, ez da beste kexarik aurkeztu aparkalekua egokitzearen ondorioz; lehen adierazi dugunez, aparkaleku hori bizilagunek erabili ohi dute, eta, gaueko ordutegian, 30 ibilgailu inguruk aparkatu ohi dute bertan.
  10. Mugikortasun-politiken barruan sartzen da egoiliarrei aparkatu ahal izateko erraztasunak ematea eta garraio publikoarekin ongi konektatutako disuasio-aparkalekuen eskaintzari eustea. Aparkaleku hori, hirian dauden gainontzekoak bezala, azaldutako bi helburu horiek betetzera dator.
  11. Ospitaleetako aparkaleku berriak –aparkatzeko bi modalitate ditu: abonuak langileentzat, eta txandaka inguruan ibili behar duten herritarrentzat– ospitale eremuaren berezko beharrizanak asetzen ditu, baina ez die zerbitzu zuzena ematen bizilagunei, eta ezin da disuasio-aparkalekutzat hartu.
  12. Kirol-instalazioei ematen ari zaien erabilerak ez du justifikatzen instalazio horiek handitzea, horrek bizilagunen aparkaleku-aukerak kaltetzea badakar.

Zehaztasun handienarekin erantzun ahal izateko, aparkalekuaren nahiz kirol instalazioen erabileraren jarraipena egin genuen, eta horregatik atzeratu da aurkeztutako kexaren erantzuna.”

AZTERKETA

  1. Kexa-egilea Iruñeko Udalaren jokabidearen aurka azaltzen zen bere kexan, espazio publiko bati (José María Iribarren ikastetxeko patioari) emandako erabilerarengatik eta auzi hori dela-eta aurkeztu zuen eskabide bati emantzunik ez emateagatik.
  2. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak Nafarroako administrazio publikoei aurkeztutako eskari eta helegiteak behar diren denboran eta moduan berariaz ebatz daitezen zaintzeko eginkizuna aitortzen dio Arartekoari.

    Antolamendu juridikoak administrazio publikoei ezartze die herritarrek aurkeztutako eskabideak eta eskariak espresuki ebatzi behar dituztela, eta ebazpena araudia indardunak ezarritako epean eman behar dutela. Betebehar hori bat dator herritarrek administrazio egokia jasotzeko duten eskubidearekin, zeina Europar Batasunean jaso baitzen, eta oinarrizko bermea ematen die herritarrei administrazio publikoek jarduten dutenean bete beharreko printzipio konstituzionalei dagokienez.

    Betebehar hori esplizituki jasota dago Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikuluan, zeinak ezartzen baitu ebazpen espresa eman behar dela prozedura guztietan, albo batera utzita prozedura hasteko modua zein izan den, eta hartutako erabakia legeak ezarritako epean jakinarazi behar dela. Halaber, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 318. artikuluak ezartzen duenez, “toki entitateek zuzentzen zaizkien eskari guztiak –haien eskumenekoak direnak– ebatzi eta jakinarazi behar dituzte”, eta, beste epe berariazko bat ez dagoenez gero, hiru hilabeteko epe orokorra ezartzen du.

    Auzi honetan erakunde honek ziur daki interesdunak eskabide bat aurkeztu zuela 2010eko maiatzaren 24an Iruñeko Udaleko erregistroan (30743 erregistro-zenbakia), José María Iribarren ikastetxeko patioa berriz ere kirola egiteko eta aisiarako erabiltzeko eskariarekin.

    Iruñeko Udalak eskari horri buruz zer jarrera duen alde batera utzita, argi dago eskariari erantzun bat zor zitzaiola, lehen aipatuako legediak ezartzen duen legez, bestela herritarraren eskubidea kaltetzen delako. Arestian jasotako txostenen arabera, argi dago Udalak ez zuela bete legeak ezarritako epean ebazteko eta ebazpena jakinarazteko betebeharra, eta, beraz, legezko betebeharren gogorarazpena egin behar diogu.

  3. Auziaren mamiari dagokionez, berriz, erakunde honek onartu besterik ezin du egin Iruñeko Udalak zuhurtziarakotasun-tartea duela legez, erabakitzeko zer erabilera eman aipatutako eremu publiko horri, eta arrazoiak egon daitezkeela konponbide baten edo besteren alde egiteko, denak ere baliodunak baitira legezkotasunaren ikuspuntutik eta bizilagunen nahiz gainontzeko herritarren eskubideei zor zaien errespetuaren ikuspuntutik.

    Halatan, txostenean esaten den moduan, esparru horretan kiroletarako eremu bat eta doako aparkaleku publiko gisa erabiltzeko beste bat daude batera, bizilagunen beharrizanak eta inguruko beste instalazio batzuetako erabiltzaileenak asetzeko. Gerta liteke erabaki hori –erabilera hori mantentzearena– desegokia izatea zenbait herritarren iritziz edo zenbait herritar erabakiarekin bat ez etortzea, baina ez ditu kaltetzen antolamendu juridikoak aitortutako eskubideak; hortaz, ez da bidezkoa erakunde hau baten edo bestearen alde egitea.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Iruñeko Udalari gogoraraztea legez behartua dagoela aurkezten zaizkion eskabide eta eskari guztiei –besteak beste, kexa-egileak aurkeztutakoari– erantzun espresa ematera behar den denboran eta moduan, eta gomendatzea ahalik eta azkarren erantzun diezaion, baldin eta ez badio erantzunik eman, kexa-egileak egindako kexari.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Iruñeko Udalari gomendio hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian jasotzen den moduan.

  3. Interesdunari eta Iruñeko Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia