Partekatu edukia
Energia eta ingurumena
Gaia: Contaminación acústica proveniente de la actividad de despiece que se desarrolla en un local
Exp: 09/263/M
Nº: 212
Ingurumena
2009ko apirilaren 16an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen bere etxebizitzaren etxabe batean egiten diren zatikatze-lanetatik heldu diren zaratek eragindako enbarazuarengatik. Etxebizitza hori [?] herriko [?] kaleko [?] zenbakian dago.
Interesdunak azaltzen du bere etxebizitzaren etxabeetan zatiketa-areto bat daukan lokal bat badagoela, eta jarduera horrek sortzen dituen zaratak, zatiketa-lanengatikoak nahiz kamioien sarreren eta irteeren (15 inguru egunero) ondoriozkoak, jasanezinak direla bere familiarentzat, eta joan den urtetik sonometria ugari egin dituztela. Horietako batzuen kopia erantsi du, non egiaztatzen baita baimendutako mugak gainditzen direla. Gehitzen du berriki udalak lokaleko jabearen aurkako zehapen espediente bat abiatu duela, irekitzeko behar den udal lizentziarik ez duen jarduera bat baita. Halere, udalak ez omen du ezer egin zaratak direla eta.
Amaieran, eskatzen du udalak bere eskumenak eraginkortasunez bete ditzan, eta lokala itxi dadin ere planteatzen du, gutxienez ere aldi baterako, hain zuzen ere egoera legera ekartzen den bitartean.
2009ko apirilaren 24an, txostena eskatu zitzaion Barañaingo Udalari. Epea iragan zen eskatutako txostena jaso gabe.
2009ko uztailaren 16an, berriz eskatu zitzaion informazioa. Txostenaren bigarren eskari horren erantzunik ere ez zaigu heldu emandako epean.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak 26. artikuluan xedatzen duenez, “botere publiko eta erakunde guztiek laguntza eman behar diote Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari lehentasunez eta presaz haren ikerketa eta ikusketetan”.
Agintari edo funtzionario publiko guztiek erakunde honi laguntzeko duten betebeharra ez da soilik teorikoa; izan ere, hura ez betetzeak ondorio larriak ekar ditzake.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari laguntzeko betebeharra ez betetzeak, informazioa bidatzen arrazoirik gabe atzeratzeak, jarduerak ez justifikatzeak eta, azken batean, erakundeen arteko harremanetan praktika okerra suposatzen duen beste edozein ekintzak beraiekin ekartzen dute parlamentu-erakunde honetaz arintasunez eta eraginkortasunez baliatzeko herritarrek duten eskubidea murriztea, eta antolamendu juridikoa urratzen du.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Barañaingo Udaleko Alkatetzari gogoraraztea legez bete behar duela Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Legeko 24.1 eta 26.1 artikuluetan ezarritakoa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundeari lankidetza eta lehentasunezko laguntza emateari buruzkoa.
Barañaingo Udalari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2009ko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala.
Nabarmentzea Barañaingo Udalak laguntzarik ez emateko jarrera izan duela, 2009ko ekitaldiari buruzko urteko txostenean, Nafarroako Parlamentuan aurkeztu beharrekoan, horixe jasotzearen ondorioetarako, eta halaber, udal hori Administrazio eta Entitate Ez-Kolaboratzaileen Erregistroan –Nafarroako Arartekoaren azaroaren 9ko 43/2007 Ebazpenaz sortutakoa (2007ko azaroko 34. NPAO)– sartzea, eta sartze horren berri ematea erakundearen webgunean, udaleko alkatetza berariaz aipatuz, baldin eta ebazpen honi arrazoiak emanez erantzuten ez badio edo hartan ezarritako irizpidea onartzen ez badu.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia