Partekatu edukia
Hirigintza eta Etxebizitza
Gaia: Disconformidad con el aumento de la renta de alquiler de vivienda de régimen especial
Exp: 09/675/U
Nº: 211
Etxebizitza
Aurtengo irailaren 28an, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkeztu zuen babes ofizialeko araubide bereziko etxebizitza baten alokairuari dagokion errenta igo egin diotelako. Alokairuko etxebizitza hori berriki eman dio VINSAk.
Azaltzen du joan den irailaren 15ean, kontratu berria sinatu zuela VINSArekin. Kontratu horren xedea zen Sarrigurengo babes ofizialeko etxebizitza bat, araubide berezikoa, errentan hartzea. Finkaturiko errenta hileko 558,83 eurokoa da. Aurreko etxebizitzan, berriz, ziurtatu duten bezala, errenta 339 eurokoa zen.
Kexa-egileak dio errenta hori oso handia dela dauzkaten diru-sarreretarako (pentsiodunak dira eta familia-unitateko kide guztiek aitortutako ezgaitasun bat dute).
Azaltzen du errenta kalkulatzeko 2008ko PFEZaren aitorpena hartu dela kontuan. Halere, errenta hori ez dator bat egun familia unitateak dauzkan diru-sarrerekin, zeren eta senarrak maiatzean utzi baitio daukan menpekotasun-egoerarengatik jasotzen zuen laguntza bat jasotzeari. Errenta hori 448 eurokoa zen, eta gutxi gora-behera bi urtez jaso du.
Ez du ulertzen nola diru-sarrera txikiagoekin, etxebizitza berriaren errenta handiagoa den, are gehiago araubide bereziko etxebizitza bat izaki. Azaltzen duenaren arabera, ezin dio aurre egin exijitzen zaion errenta ordaintzeari, eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari ere laguntza eskatu behar izan dio elikagaiak lortzeko.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari.
2009ko urriaren 15ean, eskatutako txostena sartu zen gure erakundean, eta bertan honakoa azaltzen da:
“Lehenbizi, adierazi beharra dago kexa-egileak jada beste kexa bat aurkeztu zuela [?] jaunarekin batera, 09/557/U espedienteari dagokiona, eta kexa hori ere orain informazioa ematen ari den gaiarekin lotuta dagoela.
Espediente hartan jakinarazi genuen bezala, joan den irailaren 16an, Sarrigurengo [?] etorbidean kokaturiko etxebizitza babestu baten errentamendu-kontratua bisatu zen. Hala eta guztiz ere, orain [?] andreak zure erakundera jo du, esleitutako etxebizitzaren alokairuaren kontzeptuan ordaintzen duen prezioaz kexa egiteko.
Bada, horri buruz informatu beharra dago kexa aurkeztutako [?] jaunari adjudikatu zaion etxebizitza haiek berek aukeratu zutela, zeren eta VINSAk 3 etxebizitza eskaini baitzien (haien ezaugarri nagusiak deskribatzen dituzten fitxa batzuk erantsi dizkizut; besteak beste, honako datuak ageri dira: prezioa, gela kopurua, erkideko gastuak...).
VINSAk jakitera ematen du kexa-egileak ez zuela bisitatu ere egin nahi Barañaingo etorbidean eskaini zitzaion etxebizitza, ikuspuntu ekonomikotik erakargarriena zena (421,52 euro hileko), eta azaldu zuela ez zitzaizkiola gustatzen ez kokapena, ez etxebizitzaren inguruak. Azkenean, eskaini zitzaizkion 3 etxebizitzen artean, errenta handiena zuenaren alde egin zuen, eta datu hori jakin bazekien etxebizitza horren alde egin zuenean. Horri dagokionez, kexa-egileak sinatutako etxebizitza-errentamenduko kontratua erantsi dizut, non ageri baitira bai ordaindu beharreko errenta, bai errentamendu-kontratuan ageri den errentarako diru-laguntzarik lortzeko ezintasuna.
Bestalde, adierazi behar dugu 4/2006 Foru Dekretuaren 60.1 artikuluak ezarritakoari jarraituz, babes ofizialeko araubide bereziko etxebizitzen errentamendurako diru-laguntzak, familiako diru-sarrera ponderatuen arabera lortzen direla. Aipaturiko 4/2006 Foru Dekretuaren 2. eranskinak familiako diru-sarrera ponderatuak lortzeko formula ezartzen du. Haren aldagaietako bat da eskatzaileak aurkeztutako azken errentaren aitorpenean zuen zerga-oinarriko zati orokorra, betiere honakoa kontuan izanda: errentamendu kontratua bisatzeko aurkezten den datan errenta-aitorpenak aurkezteko epea bukatuta dagoen azken kanpaina. Kasu honetan, kontuan hartu zen 2008ko ekitaldian aurkeztutako errenta-aitorpena, zeren eta errentamendu kontratua urte horretako irailean aurkeztu baitzen bisatzeko. Bada, aitorpen horretan, kexa-egilearen familiako diru-sarrerak Ondorio Askotarako Errenta Adierazle Publikoaren (IPREM) 2,32 halako ziren; izan ere, etxebizitza babestua errentan hartzeko diru-laguntza lortzeko gehieneko muga IPREM adierazlearen 1,7 halako da.
Ulertzekoa den bezala, arauari jarraituz zerga-oinarriaren zati orokorrera jotzen da laguntzak aitortzeko moduko diru-sarreren maila egiaztatzeko, zeren eta bertan adierazitako zenbatekoa datu fidagarria eta herritarren gaitasun ekonomikoaren arabera doitutakoa dela jotzen baita. Bestalde, egiazko datu horrek bidea ematen dio laguntzaren hartzaileari kasuko zenbatekoa behar den denborarekin ezagutzeko, eta horrek segurtasun juridiko handiagoa ematen dio”.
Espedientean ageri den dokumentazioaren arabera, atzeman dugu kexa-egileak eta haren familiak orain dela gutxi arte alokairuko araubideko etxebizitza bat izan dutela. Haren hileko errenta, 2009. urteari dagokionez, 339,71 eurokoa zen.
Erakunde honi baloratzea ez dagozkion arrazoi batzuengatik, eta Iruñeko 2. Instrukzio Epaitegiak esku hartu ondoren, VINSAk kexa-egilearen familiari hiru etxebizitza eskaini zizkion, beste errentamendu-kontratu bat izenpetzeko (bat Barañainen zegoen, eta haren errenta 421,52 eurokoa zen; bestea Buztintxurin zegoen, eta 516 euroko errenta zuen; eta azkena Sarrigurenen zegoen, eta 558,84 euroko errenta zegokion).
Aipatutakoetatik azkena izan zen interesdunek hautatu zutena, eta bi aldeek kasuko kontratua izenpetu zuten.
Etxebizitza babestuen errentamenduetarako prezioa Etxebizitzari Babes Publikoa emateari buruzko ekainaren 24ko 8/2004 Foru Legean eta hura garatzeko erregelamendu-arauetan ezarritakoak ezarri zuen.
Etxebizitza gaietarako ekintza babesgarriak eta bizileku eraikinen sustapena arautzen duen urtarrilaren 9ko 4/2006 Foru Dekretuko 18.1 artikuluan honakoa ezarri zen: “Araubide berezia duten babes ofizialeko etxebizitzei alokairurako behin betiko kalifikazioa emanez gero, haien urteko errenta, gehienez ere, honakoa izanen da: errentamendu kontratua egiten den egunean etxebizitzaren eta lotutako eranskinen bigarren eskualdaketarako indarra duen gehieneko salmenta prezioaren ehuneko bost”.
Bigarren eskualdatzeen kasuan salmentarako ezarritako gehieneko prezioa, aurreko arauan aipatutakoa, aipatu foru dekretuko 15.2 artikuluan finkatutakoa da; honakoa, alegia: modulu ponderatua bider 1,2 etxebizitzaren eta lotutako garajearen metro koadro erabilgarri bakoitzeko, eta modulu ponderatua bider 0,48 trastelekuen eta beste eranskinen metro koadro erabilgarri bakoitzeko.
Aurrekoa aplikatuz eta kontuan izanda 2009rako ponderatu gabeko modulua 1.155 euro/m2 dela (Nafarroako Gobernuaren 2008ko abenduaren 15eko Erabakia) eta kontratuaren xede den etxebizitzak 82,98 m2 dituela eta, gainera, 25,27 m2-ko garaje plaza bat eta 9,2 m2-ko trastelekua, finkatutako errenta antolamendu indardunaren araberakoa da, eta haren urteko zenbatekoa txikiagoa da bigarren eskualdatzeetarako ezarritako gehieneko prezioaren ehuneko bosta baino.
Horrenbestez, ez dugu atzeman inongo lege-urratzerik izan denik erreferentziako etxebizitzarako ezarritako errentaren prezioa zehazteko garaian, haren ezaugarriei erreparatuta.
Errenta-hartzaileen diru-sarreren eskasiak determina dezake ez etxebizitzarako ezarritako errentaren zenbatekoa aldatzea, baina bai haren zati batengatik diru-laguntza bat eskuratu ahal izatea.
Horri dagokionez, urtarrilaren 9ko 4/2006 Foru Dekretuko 60. artikuluak babes ofizialeko araubide bereziko etxebizitzen errenta-hartzaileentzako diru-laguntzak arautu zituen. Hala eta guztiz ere, laguntzak eskuratu ahal izateko, familiako diru-sarrera ponderatuak ezin dira izan Ondorio Askotako Errenta Adierazle Publikoaren (IPREM) 1,7 halako baino gehiago.
Foru dekretuak berak, II: eranskinean, diru-sarrera ponderatuen kalkulua aipatzen du, eta erreferentzia gisa hartzen du PFEZaren azken aitorpeneko zerga-oinarria. Hori, berez, ezin da esan arrazoi gabekoa denik.
Kontuan izanda diru-laguntzarik lortzeko eskubiderako kontuan hartzen diren familia-unitatearen diru-sarrera ponderatuek (azken aitorpenari dagozkienak) arauen ezarritako muga gainditzen zutela, ez zen eskubide hori aitortu, eta interesdunak errenta osoa ordaindu beharrean daude.
Azaldutakoa dela eta, orain izenpetutako kontratuaren edukia, etxebizitza berriko errentaren prezioa zehazteari dagokionean eta diru-laguntza lortzeko eskubidea ukatzeari dagokionean (eskubide hori aurreko kontratuaren arabera ere ez zitzaion aitortu), ez da aplikatzekoa den araudian ezarritakoaren aurkakoa.
Hala eta guztiz ere, egia da etxebizitza aldatzearen ondorioz familiak ordaindu beharreko errenta nabarmen handitu dela (% 60 gehiago da), eta inguruabar horri gehi dakioke familiako unitatearen egungo diru-sarrerek behera egin dutela, pertsona fisikoen errentaren gaineko azken aitorpenean islatutakoen aldean.
Espediente honetan, aparteko inguruabarra datza etxebizitza-aldaketa arrazoi egiazki bereziengatik gertatu dela, eta ez interesdunen borondate hutsaren eta berariazkoaren ondorioz (eskaintza-idazkietan “Iruñeko 2. Instrukzio Epaitegiak 2009ko irailaren 2ko idazkian agindutakoa” aipatzen da). Inguruabar horren aurrean, bai iruditzen zaigu arrazoizkoa interesdunei aukera ematea etxebizitza babestu bat eskuratzeko gaur arte izandakoen antzeko inguruabarretan, haren ezaugarri eta exijentzia ekonomikoei dagokienez, betiere aurreko kontratutik heldutakoa baino ordainketa handiagoa saihesteko.
Espedientea ikusita, atzeman dugu interesdunari eskaini zitzaizkion hiru etxebizitzek errenta nabarmenki handiagoa zutela aldaketa gertatu zen unera arte itunduta zeukatena baino; eskainitako etxebizitzetatik errenta txikiena zuenak, berriz, ez zuen interesdunak asetzen, azalera askoz txikiagoa zuelako eta, gainera, igogailurik ez zuelako.
Argi daukagu guk ere interesdunek etxebizitzetako bat onartu zutela, eta haren baldintzak ezagutzen zituztela edo ezagutu behar zituztela, eta kasuko kontratua izenpetu zutela –kontratu horren edukia, gure ustez, ez da legez kanpokoa–. Baina egia da, era berean, eskaintzaren baldintzak direla-eta arestian adierazitakoa. Hori dela eta, gomendagarria iruditzen zaigu modu iragankorrean neurriren bat ezar dadin, familia-unitate horrentzat alokairu berriak dakarren ordainketa handiagoa arintzeko. Erakunde honek iradokitzen du, horretarako, kontratuaren indarraldiaren lehenengo urtean aurretik hitzartutako baldintza ekonomikoak aplika daitezen, hain zuzen ere errentaren zenbatekoari dagokionez.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
VINSAri iradokitzea, modu iragankorrean, kexa-egileak izenpetutako alokairu kontratu berriaren lehenengo urtean aurretik hitzartutako baldintza ekonomikoak aplika ditzan, hain zuzen ere errentaren zenbatekoari dagokionez.
Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen, edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala hori, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia