Partekatu edukia
Energia eta ingurumena
Gaia: molestias ocasionadas por perros
Exp: 07/156/M
Nº: 210
Ingurumena
2009ko uztailaren 20an, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Buñuelgo Udalaren aurka, ezer ere ez egiteagatik ardi-aziendarako estalpe batetik sorturiko zaratek eta kiratsek eragindako enbarazua dela-eta.
Azaltzen zuen txakurrek eragindako zaratek eta granjan dagoen ardi kopuru handiak sortutako kiratsak atseden hartzea eragozten diotela, batez ere uda garaian.
Idazkia jaso ondoren, hura aztertzeari ekin genion, eta egiaztatu genuen kexan aipatzen diren kiratsei buruzko atala jada 08/365/M espedientean aztertu genuela, eta espediente horri amaiera emateko kexa-egileari udalaren jarrera helarazi zitzaiola; izan ere, udalak, guk legezko betebeharren gogorarazpena egin ondoren, ez zuen bere eskubideaz baliatzearen aldeko jarrerarik erakutsi, nahiz eta hori izan erakunde honek uneoro defendatu duen jarrera. Hori dela eta, ez da bidezkoa berriz alderdi hori nabarmentzea, jada udalak erakunde honen ebazpenaren eta Buñuelgo bizilagunek herritar gisa dituzten eskubideak defendatzearen aurkako jarrera agertu baitu.
Besterik da txakurrek sorturiko zaraten gaia. Izan ere, hari buruz 07/156/M espedientea eman genuen, zeina amaitu baitzen Buñuelgo Udaleko alkateak igorritako idazkiarekin. Izan ere, haren bitartez adierazten zuen txakurrekin sorturiko arazoa konponduta zegoela, haiek bizi zireneko finkatik desagertu baitziren, udalaren errekerimendu baten ondorioz. Errekerimenduari, hain zuzen, erakunde honen ebazpena gehitu zitzaion, non udalari gogorarazten baitzitzaion ingurumenaren arloko bere eskumenez eta erantzukizunaz baliatzeko legezko betebeharra zeukala.
Kexatik ondorioztatzen denez txakurrak estalpera itzuli direla eta haiek sorturiko zaratak bere horretan dirauela, kexa berriz irekitzea erabaki dugu.
Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Buñuelgo Udalari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
2009ko urriaren 16an, Buñuelgo alkatearen txostena jaso genuen. Honakoa dio, hitzez hitz:
“Jakitera ematen dizut udal honek, bere eskumenez baliatuta, Foruzaingoaren laguntza eskatu duela, baina interesdunak ez duela nahi izan bere helbidean foruzainek zaraten neurketa bat egin zezaten.
Kexa ebazteko garrantzitsua delakoan, honakoa ohartarazi nahi dugu:
Lehena.- Erakunde horren idatzia ikusita, Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak, 2009ko abuztuaren 11n eginiko bilkuran, erabaki zuen Foruzaingoari eskatzean egiazta eta neur zitzan txakurrek sorturiko zaratak.
Bigarrena.- Foruzaingoak 2009ko irailaren 10ean jaso zuela sonometria egiteko eskaria.
Hirugarrena.- 2009ko irailaren 16an, Foruzaingoak udal agenteen laguntza eskatu zuela irailaren 19an sonometria egiteko.
Laugarrena.- Kexa-egileak, behin udaltzainek jakinarazi ziotenean foruzainak bere etxera joanen zirela sonometria egitera, neurketa horren aurka azaldu zela, zeren eta une hartan granjaren barruan ez baitzegoen ez ardirik, ez txakurrik.
Udalek funtsezko eginkizun bat dute herritarrek ingurumen egokirako eta osasunerako dauzkaten eskubideen babesean. Hala ondorioztatzen da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2.f) eta h) artikuluetan esleitzen zaizkien eskumenetatik –lege hori Ingurumena babesteari eta osasungarritasun publikoaren arloko eskumenei buruzko apirilaren 21eko 11/1999 Legeaz aldatu zen–. Horri gehitu behar zaio lege bereko 84.1 b) artikuluan ezarritakoa –1955eko ekainaren 17ko dekretuaren bidez onetsitako Toki Korporazioetako Zerbitzuen Erregelamenduko 1.1 artikuluarekin lotuta dago hori–. Izan ere, biek ematen dute administratuen jarduera pribatuetan esku hartzeko ahalmena, arestian aipatutako babes juridikoa jaso ahal duten ondasunak edo interesak babeste aldera.
Nafarroako Foru Komunitateko araudiari dagokionez, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeko 34.1.b) artikuluak osasun publikoaren arloko eskumenak esleitzen dizkie udalei, horien artean zarataren nahiz bibrazioen osasun-kontrola.
Udalaren jarduera eza, Auzitegi Goreneko 3. Salaren 2003ko maiatzaren 29ko epaiak dioen bezala, utzikeriaz jokatzea da, Estatuko arauek udalei esleitutako ingurumenaren arloko eskumenei eta erantzukizunei dagokienez.
Organo administratiboen eskumenari ezin zaio uko egin (Administrazio eta Prozedura 30/1992 Legeko 12. artikulua), eta eskumen hori eraginkortasunez eta legea eta zuzenbidea guztiz betez gauzatu beharra dago, Konstituzioaren testuak berak ezarri bezala (Espainiako Konstituzioko 103. artikulua).
Abuztuaren 5ean kexaren edukiaren berri izan ondoren, erakunde honen ebazpenaren bitartez, udalak eraginkortasunez jardun zuen, zeren eta abuztuaren 11n, udal organo eskudunak sonometria eskatzea erabaki baitzuen. Eraginkortasun hori, azken batean, exijitzekoa zitzaion Udalari, ongi ezagutzen baitzuen Foruzaingoak 2007ko otsailaren 27an kexa-egilearen etxean eginiko sonometria, zeinak emaitza gisa eman baitzuen etxebizitzatik sei metrora dagoen granjako txakurren zaunkek ezarritako muga 13,8 dBa-tan eta 11,4 dBa-tan gainditzen zuela (ekainaren 8ko 1357/1989 Foru Dekretuko 24. artikuluaren arabera, arau-hauste bat oso larria da soinu maila 10 dBa baino gehiagorengatik gainditzen duenean).
Tokiko Gobernu Batzarrak Foruzaingoari zaratak neurtzeko eskaria egiteko erabakia hartu zuenetik (abuztuaren 11n) erabaki hori Foruzaingoari egiazki jakinarazten zitzaion arte (irailaren 10ean) hilabete igarotzen uzteagatik gertatu da, kasu honetan, udalaren jarduera eza. Inguruabar hori eraginkortasun printzipioaren aurkako urratze bat da, eta, horrenbestez, ingurumena babesteko funtzio publikoaren urratze bat, Konstituzioko 45.2 artikuluak ezarritakoaren arabera; izan ere, Auzitegi Gorenaren 1990eko azaroaren 7ko epaiari jarraituz, ingurumena lehentasunez babestu beharreko balio bat da. Halaber, Gaztela-Mantxako Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salak 2002ko maiatzaren 21eko epaian azaldu bezala, Auzitegi Gorenak finkaturiko doktrinak, Konstituzio Auzitegiak maiatzaren 24ko 119/2001 epaian berretsitakoak, “erabakiak hartzeko oinarri bat eman nahi du, eta batez ere herritarrek eta botere publikoek ahal den erantzukizun eta eraginkortasun handienarekin jokatzeko kontzientzia berpiztu nahi du, hain zuzen ere ingurumen-gai eta -interesetan planteatzen diren edo plantea daitezkeen auzi eta arazoak direla eta, erkidegoarentzat guztiz funtsezkoak diren balioetan eragina baitute”.
Azken batean, Buñuelgo Udalak ez du erantzukizunez eta eraginkortasunez babestu kexa-egilearen ingurumen egokiaz gozatzeko eskubidea, ez eta bizi-kalitaterako eskubidea ere (Espainiako Konstituzioko 45. artikulua).
Aurreko guztia dela eta
Buñuelgo Udalari gogoraraztea administrazio publikoa den aldetik, objektibotasunez zerbitzatu behar dituela interes orokorrak, eta eraginkortasun printzipioaren arabera jokatu behar duela (Administrazio eta Prozedura Legeko 3.1 artikulua).
Bi hilabeteko epea ematea aipatu udalari legezko betebeharren gogorarazpen hauek onartu dituela jakinaraz dezan, edo, bestela, haiek ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia