Partekatu edukia
Energia eta ingurumena
Gaia: Ruidos producidos, de noche, por jovenes de la localidad al jugar en el frontón
Exp: 09/428/M
Nº: 209
Ingurumena
2009ko ekainaren 22an, [?] jaunak eta [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuten Cortesko Udalaren aurka, zaratak direla medio herritarrei eragindako enbarazua dela-eta ezer ez egiteagatik.
Azaltzen dute eremu ireki batean, “[?]” deitutakoan, herriko gazteak baloiarekin jokatzen aritzen direla, baita gaueko 12ak arte ere. Sortzen dituzten zaratek herritarren –besteak beste, kexa-egileen– atsedena eragozten dute.
Futbolean aritzerakoan sorturiko zaratak direla eta, ez dute atseden hartzerik, eta hori eragina izaten ari da interesdunen osasunarengan (sendagileak horri buruz eginiko ziurtagiria erantsi dute).
Adierazten dute Cortesen beste kirol instalazio batzuk badaudela, baina “[?]” deitutakoak ez bezala, irekitzeko eta ixteko ordutegia dutela.
Azkenik, eskatzen dute pilotalekua erabiltzeko ordutegi bat ezar dadin, gazteen josteta-jarduera bateragarria izan dadin pilotalekuaren ondoan bizi direnek atsedenerako eta osasunerako duten eskubidearekin.
Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Cortesko Udalari idazki bat igorri genion, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezan.
2009ko urriaren 21ean, alkatearen txostena jaso genuen. Honakoa dio, hitzez hitz:
“[?] jaunak, arestian aipatutako [?] jaunaren eta [?] andrearen semeak, udal honetara jo zuen, eta eskatu zuen pilotalekuan hesiak jartzeko eta jokoan aritzeko ordutegi bat proposatzeko.
Aurrerago, 2009ko otsailaren 26an, beste idazki bat aurkeztu zuen, aurrekoaren ildo beretik; 2009ko martxoaren 12an, berriz, jakinarazi zitzaion ez dagoela aurreikusita pilotalekua hesiekin ixtea, ez eta jokoan aritzeko ordutegirik ezartzea ere, idazkian bertan adierazitako arrazoiengatik (idazkiaren kopia erantsi da).
Aurrerago, udaleko Herritarren Segurtasunerako eta Trafikorako Batzordea bildu zen, eta hark erabaki zuen pilotaleku horretan kartel batzuk jartzea, bertako erabiltzaileek eguneko atseden-orduak errespeta zitzaten. (Jarritako kartelen argazkiak erantsi ditugu).
Dakigunaren arabera, kartelak jarri zirenetik, atsedenerako ordutegia errespetatzen da, eta zaindu eginen da errespetatzen jarraituko dela, pilotalekua erabiltzen dutenek ahal den enbarazu txikiena eragin dezaten.
Jakinarazten dizugu, halaber, [?] kaleko pilotalekua, erreklamazioaren xedea dena, irekia dela eta kale horretan egon dela betidanik, eta inguruan bizi diren bizilagunek sekula ere ez dutela erreklamaziorik aurkeztu, eta erreklamazio-egilearen familia bera ere betidanik bizi izan dela inguru horretan”.
Auzitegi Konstituzionalak ere argi eta garbi esan du zaratek urratu egiten dituztela intimitaterako, osotasun fisikorako eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubide oinarrizkoak –119/2001 zenbakiko epaia, besteak beste–, eta ezarri du ezen partikular batek arlo honetan beste bati sortutako lesioak Konstituzioaren babesa eragin dezakeela baldin eta administrazio eskudunak ez badu behar bezala jardun (culpa in vigilando).
Gehiegizko zaratek, nahiz eta legezko jarduerek sortuak izan, legezko izateari uzten diote maila jakin batzuk gainditzen dituztenean, eta kanpoko eraso asaldatzaile bihurtzen dira, eta kaltetuak ez du haiek pairatzeko betebeharrik. Immisio horiek oso kaltegarriak dira pertsonari bere etxebizitzan eragiten diotenean, eta etxeko intimitaterako oinarrizko eskubidearen aurkako eraso bat dira (Konstituzio Auzitegiaren 431/2003 epaia).
Udalek funtsezko eginkizun bat dute herritarren eskubide horien babesean. Hala ondorioztatzen da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2.f) eta h) artikuluetan esleitzen zaizkien eskumenetatik –lege hori Ingurumena babesteari eta osasungarritasun publikoaren arloko eskumenei buruzko apirilaren 21eko 11/1999 Legeaz aldatu zen–. Horri gehitu behar zaio lege bereko 84.1 b) artikuluan ezarritakoa –1955eko ekainaren 17ko dekretuaren bidez onetsitako Toki Korporazioetako Zerbitzuen Erregelamenduko 1.1 artikuluarekin lotuta dago hori–. Izan ere, biek ematen dute administratuen jarduera pribatuetan esku hartzeko ahalmena, arestian aipatutako babes juridikoa jasotzen ahal duten ondasunak edo interesak babeste aldera.
Nafarroako Foru Komunitateko araudiari dagokionez, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeko 34.1.b) artikuluak osasun publikoaren arloko eskumenak esleitzen dizkie udalei, horien artean zarataren nahiz bibrazioen osasun-kontrola.
Udalaren jarduera eza, Auzitegi Goreneko 3. Salaren 2003ko maiatzaren 29ko epaiak dioen bezala, utzikeriaz jokatzea da, Estatuko arauek udalei esleitutako ingurumenaren arloko eskumenei eta erantzukizunei dagokienez.
Organo administratiboen eskumenari ezin zaio uko egin (Administrazio eta Prozedura 30/1992 Legeko 12. artikulua), eta eskumen hori eraginkortasunez eta legea eta zuzenbidea guztiz betez gauzatu beharra dago, Konstituzioaren testuak berak ezarri bezala (Espainiako Konstituzioko 103. artikulua).
Aurreko guztia dela eta
Cortesko Udalari gogoraraztea legediak ingurumenaren arloan esleitzen dizkion eskumenak eta ardurak betetzeko legezko betebeharra duela.
Bi hilabeteko epea ematea aipatu udalari legezko betebeharren gogorarazpen hauek onartu dituela jakinaraz dezan, edo, bestela, haiek ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia