Partekatu edukia
Justizia
Gaia: Molestias ocasionadas por un club de alterne
Exp: 09/597/I
Nº: 208
Barne arloa
Irailaren 15ean, Badoztaingo zenbait bizilagunek aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat azaltzen zuten herri horretan prostituzio etxe bat jarri delako.
Azaltzen dute jarduera horrek arazo ugari sorrarazten dizkiela bertako bizilagunei: autoen joan-etorriak, haurrei galdetzea kluba non dagoen eta abar. Gehitzen dute gisa horretako jarduera batek drogen kontsumo eta trafiko handiagoak dakartzala; eta litekeena dela horren guztiaren atzean mafia bat egotea. Bestalde, kezkatuta daude klub horretako langileen egoerarengatik, zeren eta beldur baitira esklabo moduan ez ote dauzkaten.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, idazki bana igorri nien Eguesibarko Udalari eta Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari, kexan azaldutako gaiari buruzko informazioa eman ziezadaten.
(Ustezko) jarduerak jarduerarako lizentziarik ba ote duen:
Badoztainen ez dago prostituzio etxearen jarduerarako edo antzeko jardueraren baterako lizentzia duen inongo lokalik.
(Ustezko) jarduera egiten deneko lursailak duen hirigintza-kalifikazioa eta hari atxikitako erabilera:
Eskarian informazioa eskatzen deneko lursaila identifikatuta ageri ez den arren, jakitera eman behar dizut lursail hori Badoztaingo 17. poligonoko 102. katastroko lursaila dela, eta Badoztaingo U.C. 16 hiru lurzoru finkatuko unitatearen barruan dagoela. Argitasun gehiago emateko, unitate horren hirigintza-arau partikularraren kopia erantsi dugu, non hirigintzako kalifikazioa eta balizko erabilerak jasotzen baitira”.
Bere aldetik, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak honako informazioa igorri du:
“Herritarren Segurtasunaren Arloko Prebentziorako eta Herritarren Arretarako Dibisioari txostenak eskatu ondoren, egiaztatu dugu polizia-unitate horrek badakiela, komunikabideetako albisteengatik eta haietan jarritako iragarkiengatik, litekeena dela Badoztainen “txalet” bat egotea non prostituzioa gertatzen baita. Jasotako informazioaren zati bat heldu da komunikabide horiei bertako bizilagunek eginiko baieztapen publikoetatik. Izan ere, bizilagun horiek herri-ekitaldiak antolatu dituzte gaueko ordutegian, aipatutako lokalean ustez gauzatzen den jardueraren aurka egiteko.
Foruzaingoaren jarduerari dagokionez, hertsiki eta guztiz kolaboratu dugu Eguesibarko Udaltzaingoarekin, Badoztain udal horretakoa baita.
Egoera horretan, 2009ko irailaren 4an, Foruzaingoaren unitate bat Badoztain herrira joan zen, gizabanako baten eta bertako bizilagun batzuen balizko liskar bati buruzko abisu bati erantzuteko. Bertara iritsi zenean, eta eztabaidan ari ziren aldeekin elkarrizketa batzuk izan ondoren, bere burua txaleteko titular gisa aurkeztu zuen pertsona identifikatu zen, eta behar ziren egiaztapenak egin ziren. Horren ondoren, demostraturik geratu zen liskarraren arrazoia izan zela txalet horren aurre-aurrean pankarta batzuk jarri zirela prostituzioa salatzeko.
Liskarrean inplikatutako pertsonak adierazi zuen kasuko etxebizitzan, zenbait pertsona bizi zirela elkarrekin. Era berean, ukatu zuen bertan prostituzioa dagoenik, eta ez zuen bere burua lotu nahi izan higiezineko gainerako maizterrek egiten dutenarekin.
Bestalde, eztabaidan parte hartu zuten bizilagunek herrira joandako agenteei jakinarazi zieten txaletean zer gertatzen zen, eta txaletaren inguruetan bezero gehien ikusi ohi ziren orduei buruzko datuak ere eman zizkieten. Halaber, azaldu zuten afariak eta zabalpen publikoko gainerako jarduerak antolatzen hasi zirenetik ia jenderik batere ez zela joaten aipatu txaletera.
Gau hartan bertan, eta asteburu osoan zehar, patruila lanak egin ziren herrian, liskarrik sor ez zedin.
Bestalde, 2009ko irailaren 5ean, herriko bizilagun batzuek eremuan herritarren segurtasunerako patruila lanak egiten ari Foruzaingoaren agente batzuei dei egin zieten. Dei-egileetako batek adierazi zuen herriko argiteria publikoaren hiru sarraila eta partikular baten etxebizitzaren sarraila silikonaz zigilaturik zeudela.
Bizilagunen deklarazioen arabera, susmoa zuten txaleteko jabea izana zela kalte horiek eragin zituena, aurreko gauean harekin eztabaida bat izana baitzuten. Hori dela eta, eta zeuzkaten eskubideei buruzko informazioa eman ondoren, interesdunek adierazi zuten egitate horiek zirela-eta salaketa bat aurkeztuko zutela Polizia Arretarako Bulegoan.
Gainera, bizilagunetako batek jakinarazi zuen irailaren 5ean bertan, txaleteko jabea bere etxetik atera zela pintura spray batekin, eta eraikinaren aurrean zeuden pankartetako bat zirriborratu zuela.
Aipaturiko inguruabarrak eta baldintzak ezagututa, eta adierazitakoak bezalako liskarrak saihesteko, irailaren 5etik ausazko patruila-lanak egiten dira arratsaldeko eta gaueko ordutegian, bereziki ostegunetik igandera, zeren eta bertako bizilagunen arabera egun horietan izaten baita jendearen joan-etorri gehien txaletaren inguruan.
Herritarren segurtasunerako lanak osatzeko, Ikerkuntza Kriminalaren Arloak aipatutako eraikina aztertu zuen, baina gaur arte ez du zigor-erantzukizunen arrastorik aurkitu. Hala eta guztiz ere, Polizia Nazionalaren Kidegoko Atzerritartasunaren Brigadari maizterren egoitza-baimenetan egon zitezkeen irregulartasunen berri eman zitzaien, behar ziren ondorioetarako.”
Apirilaren 21eko 11/1999 Legearen bidez aldatu zen Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 25.2.f) artikuluak udalerriei esleitzen dizkie ingurumena eta hiri-osasungarritasuna babestearen arloko eskumenak. Lege bereko 84.1.b) artikuluak –zeinak lotura baitu 1955eko ekainaren 17ko dekretu baten bitarte onetsitako Toki Korporazioen Zerbitzuen Erregelamenduko 1.1. artikuluarekin– ahalmena ematen die toki korporazioei administratuen jarduera pribatuetan esku hartzeko, juridikoki babestekoak diren ondasun eta interes partikularrak zaintze aldera.
Bestalde, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak, 67.2 artikuluan, jarduera sailkatuaren lizentziarik gabeko jarduera baten berri duen alkateari betebehar bat ezartzen dio: alegia, hari eskatzea egoera erregula dezan. Eta jarduera hori itxi ere egin ahalko du, inguruabarrak direla medio hori gomendagarria denean. Jarduera legeztatzeko modukoa ez denean, berriz, hura itxi egin beharko du. Zehazki, artikulu horretan, honakoa dio:
Jarduera legeztatzerik badago, jardueraren titularri egoera erregularizatzeko aginduko dio, kasuan-kasuan aplikatzekoa den prozeduraren bidez, eta epe bat emanen dio prozedura horri ekiteko, behar bezala justifikatutako kasu berezietan izan ezik, hiru hilabete baino gehiagokoa izanen ez den epea hain zuzen.
Eguesibarko Udalak igorritako txostenean dio gaur egun Badoztainen ez dagoela prostituzio etxearen jarduerarako edo antzeko jardueraren baterako lizentzia duen inongo lokalik. Hala eta guztiz ere, Udaltzaingoak eta segurtasuneko beste kidego batzuk horri buruzko ikerketak egiten ari dira. Halaber, Badoztaingo UC-16 Unitateko 17. artikuluaren kopia erantsi dute, non, lursailaren erabilerarako baldintzen artean, honakoa ageri baita: erabilera nagusiak: etxebizitza-erabilera eta harekin lotutako beste batzuk; onartutako erabilerak: beheko solairuan, merkataritza, zerbitzuak, biltegiak eta artisau erako industria txikiak.
Puntu horretara iritsita, erakunde honek ezinbestez gogorarazi behar dio Eguesibarko Udalari arestian aipaturiko ingurumen arloko eskumenak eraginkortasunez balia ditzala, zeren eta Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen abenduaren 26ko 30/1992 Legeko 12. artikuluan ezarri bezala, organo administratiboen eskumenari ezin baitzaio uko egin, eta eskumen horretaz eraginkortasunez eta legea eta zuzenbidea guztiz betez baliatu beharra baitago, Konstituzioaren testuan bertan ageri den bezala (Espainiako Konstituzioko 103. artikulua).
Hori dela eta, udalaren betebeharra da, bere eskumenez baliatuz eta bere betebeharrak betez, ikertzea ea aipatutako txaletean jardueraren bat garatzen ari ote den aginduzkoa den udal lizentziarik ez duena. Eta hala bada, jarduera hori legeztatzeko modukoa bada, titularrari eskatu beharko dio egoera erregula dezan. Jarduera legeztatzerik ez badago, berriz, hirigintza arrazoiengatik nahiz bestelakoengatik, jarduera hori itxi egin beharko da, haren titularrari entzunaldia eman ondoren.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Eguesibarko Udalari gogoraraztea legediak –eta, zehazkiago, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeko 67.2 artikuluak–ingurumenaren arloan esleitzen dizkion eskumenak eta ardurak betetzeko legezko betebeharra duela.
Bi hilabeteko epea ematea Eguesibarko Udalari iradokizun honen onarpenari eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informatzeko, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legeko 34. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia