Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Azaroaren 27ko 219/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 abendua 27

Osasuna

Gaia: Demora en citación para revisión ginecológica

Exp: 10/878/S

: 219

Osasuna

AURREKARIAK

  1. 2010eko azaroaren 18an, [?] andreak aurkeztutako idazkia sartu zen erakunde honetan; haren bidez, azterketa ginegologiko baterako zitazioa berandutzeari buruzko kexa aurkezten zuen.

    Azaltzen zuenez, 2008ko abenduan bere bigarren alaba jaio zen. Alaba jaio eta hogei egunetara, emaginak adierazi zion 2010eko maiatzean egin behar zuela hurrengo azterketa ginekologikoa. Maiatzean harremanetan jarri zen Emakumeari Laguntzeko Zentroarekin, zita noiz izanen zen jakiteko, eta bere zentroan adierazi zioten bost eta sei hilabete inguruko atzerapenarekin ari zirela ematen zitak. Urrian berriro deitu zuen, eta esan zioten ez zegoela zitatuta ez urrirako, ez azarorako ez eta abendurako ere.

    Erantzunarekin ados ez zegoenez, interesdunak kexa bat aurkeztu zuen bezeroen arretarako zerbitzuan. Orain dela gutxi jaso du erantzuna: umetokiko minbiziari aurrea hartzeko azterketak hiru-bost urteko periodikotasunarekin egiten dira.

    Azaltzen zuenez, hiru urte baino gehiago igaro dira, azken azterketa 2007ko maiatzean egin ziotelako, baina, igarotako denbora gorabehera, ez zaio beste azterketa bat egiteko zitaziorik igorri.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraikiz, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Osasun Departamentuari.

  3. Abenduaren 22an, eskatutako txostena jaso zen erakunde honetan. Bertan, honakoa esaten da:

“Bildutako informazioaren arabera, [?] andreari egin beharreko azterketa prebentzio-azterketa bat da eta, horrenbestez, ez dago Bermeen Legean jasota.

Ginekologiako minbiziari aurrea hartzeko kontsultetarako gomendatzen den epea hiru eta bost urte bitartekoa da, non eta ez daraman berekin arrisku-faktore elkarturik.

Betiere, gaixoa oinarrizko osasun-laguntzako bere sendagilearengana joan daiteke, eta hark zuzen baloratuko du ea Ginekologia Zerbitzuak lehentasunezko arreta eman behar dion ala ez.”

AZTERKETA

  1. Azterketa ginekologiko baterako zitazioa berandutzeagatik aurkeztu da kexa. Interesdunak dio 2010eko maiatzerako aurreikusita zegoen hurrengo zitazioaren galdea egin zuenean ahoz adierazi ziotela itxaronzerrenda bat zegoela eta, horrenbestez, ezin izanen ziotela urte horretarako zitaziorik eman (azken azterketa 2007ko maiatzean egin zioten).

    Osasun Departamentuak dio gisa horretako azterketak egiteko gomendatzen den periodikotasuna hiru eta bost urte bitartekoa dela arrisku txikiko emakumeen kasuan, izaera prebentiboa duenez gero. Programaren izaera prebentiboa kontuan hartuta, Departamentuak dio ez dela aplikatzekoa osasun arloko itxaronaldien bermeei buruzko legedia.

  2. Planteatutako auzia lotuta dago Tokoginekologia eta Familia Plangintzako Osasun Prestazioen Antolamendua ezartzen duen irailaren 22ko 259/1997 Foru Dekretuan xedatutakoarekin. Zehazki, Foru Dekretu horretako 3. artikuluak ezartzen ditu bularreko minbiziaren eta umetokiko lepoko minbiziaren diagnosi goiztiarreko programak eta arrisku-taldeak detektatzeko programak.

    Aurreikuspen hori osatzen du, hemen interesatzen zaigunari dagokionez, Umetokiko Minbizia Garaiz Atzemateko Programa ezartzen duen azaroaren 20ko 320/2000 Foru Aginduak. Probak egiteko maiztasunari dagokionez honako hau izanen da jokabidea (2. artikulua):

    1. Arrisku txikiko emakumeak: froga 3 edo 5 urtetik behin eginen da, medikuaren aginduaren arabera.

    2. Arrisku handiko emakumeak: froga hasieran urtean behin eginen da eta emaitza negatiboa bada, hiru urtetik behin.

    3. Susmo klinikoa eta talde erasangarriak: medikuaren aginduen arabera.

Interesdunaren kasuan, azken proba 2007ko maiatzean egin zitzaion, eta eskueran dauden datuen arabera argi omen dago medikuen aginduen arabera hiru urteren buruan egin behar zitzaiola berriz ere. Kexan adierazten denaren arabera esan beharra dago hasiera batean aurreikusita zegoela proba 2010eko maiatzean egitea, eta Administrazioak ez du deus esaten horren aurka.

Hortaz, Osasun Departamentuak igorritako txostenean arrisku txikiko emakumeentzat gomendatzen den maiztasunari buruz adierazitakoa ontzat jo arren (aipatu foru aginduan ezarritakoarekin bat dator), egia da emaginak [?] andreari adierazi ziola proba hiru urteren buruan egin behar zuela.

Ondorioz, bidezkoa da Osasun Departamentuari gomendatzea albait lasterren eman diezaion zita interesdunari, Osasun Administrazioko zerbitzu teknikoek agindutako azterketa ginekologikoa egiteko.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Osasun Departamentuari gomendatzea albait lasterren eman diezaion zita [?] andreari, Osasun Administrazioko zerbitzu teknikoek agindutako azterketa ginekologikoa egiteko.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Osasun Departamentuari gomendio honen onarpenari eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informatzeko, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legeko 34. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako moduan.

  3. [?] andreari eta Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia