Partekatu edukia
Osasuna
Gaia: Disconformidad con la inclusión de un informe médico en el expediente personal e incorrecto trato en materia de protección de datos
Exp: Expediente 09/371/S
Nº: 239
Osasuna
Aurtengo maiatzaren 28an, [?] andreak kexa-idazki bat aurkeztu zuen, Nafarroako Parlamentuan lan egiten duten langileen datuak babesteko sistema bat ez egoteagatik.
Azaltzen du administrari gisa lan egiten duela Nafarroako Parlamentuko Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Zerbitzuan. Kontatzen du nola apirilean, gutxi gorabehera, lan egiten duen zerbitzura iritsi ziren 2005eko langileen espedienteak, zerrenda batekin batera; zerrendan, espediente bakoitzaren numerazioa eta edukia ageri ziren. Zerrenda horren kopia bat egiterakoan, egiaztatu zuen espediente horien artean bere espediente pertsonal bat bazegoela, 2004-2005 urteetan izandako gaixotasun baten ondoriozko bajari zegokiona. Bere buruari buruzko espedientea zenez, aztertu egin zuen, eta aurkitu zuen hartan izapide batzuk ageri zirela, epaitegi mediko batek gaixotasunaren ondoriozko bere baja azter zezan; eta gainera, familiako sendagileak emaniko baja-orri guztiak, bai eta bera aztertu zuen epaitegiak egoerari buruz idatzi zuen irizpen medikoa ere.
Zehazten du irizpen mediko horretan baja eragin zuen gaixotasunaren erreferentziaz gainera, aurrekariak ere ageri direla; horrenbestez, kexa-egilearen ustez, ez litzateke espediente horretan egon beharko. Gehitzen du ez direla behar diren segurtasun neurriak ezarri bere datu pertsonalak babesteko, zeren eta datu horiek gutxienez ere espedienteaz kanpoko hiru pertsonak irakurri ahal izan baitituzte.
Egitate horietan oinarrituta, kexaren arrazoia da Nafarroako Parlamentuko administrazioak ez dituela behar diren neurriak hartu datu pertsonalak babesteko edo haiek suntsitzeko –kasua bazen–; eta administrazio horrek ez duela erakundean lan egiten duten langileen datuak babesteko inongo sistemarik.
Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean erakunde honi emaniko ahalmenez baliatuz jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari eta Nafarroako Parlamentuari idazki bana igorri genien, kexan planteaturiko gaiari buruz informazioa eman zezaten.
Emandako txostenetatik, laburbilduta, honakoa ondoriozta daiteke:
Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak agertu du Nafarroako Parlamentuko legelari nagusiak, 2005eko otsailaren 21ean, txosten bat eskatu ziola Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari, Nafarroako Ezgaitasunak Baloratzeko Epaitegi Medikoak [?] andrea azter zezan, aldi baterako ezgaitasun egoeran urtebete emana baitzuen. Funtzionarioaren gaitasunari edo ezgaitasunari buruzko irizpena eman zezan eskatu zion, beraz. Eskari horrekin batera, baja-orriak eta baja berresteko orriak zetozen.
2005eko maiatzaren 21ean, Nafarroako Parlamentuari Nafarroako Ezgaitasunak Baloratzeko Epaitegi Medikoak emandako jatorrizko txostena igorri zitzaion, zeren eta interesduna Nafarroako Parlamentuko funtzionarioa baitzen.
Azkenik, urriaren 21ean, Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak Laneko Osasun eta Ikerketarako Zerbitzuko zuzendariaren idazki bat jaso zuten, non adierazten baita interesduna ez zela epaitegi medikoarekiko zitara joanen, jada senda-agiria jasota baitzegoen 2005eko abuztuaren 10etik.
Nafarroako Parlamentuak azaltzen du ezen interesdunak Erregistroan 2009ko ekainaren 1ean aurkeztutako idazkian azaldutako egoera jakin bezain laster, lehentasuna eman ziola intimitateko eskubideari eta datu pertsonalen babesari funtzionario publiko orori datxekion dokumentazioa zaintzeko betebeharraren gainetik, eta bere espedientea berarentzat gordetzeko eskabideari baiezkoa eman zaiola. Gainera, adierazten dute ekainaren 8an, legelari nagusiak espediente pertsonaleko irizpen medikoa atera eta suntsitu egin zuela, soilik utzita hura igortzeari buruzko ofizioa eta haren juizio klinikotik eratorritako ondorioa.
Zehazten dute Parlamentuak baduela erakundean lan egiten duten langileen datuak babesteko sistema bat. Parlamentuan jardunean dauden funtzionarioen espediente pertsonal guztiak giltzapean gordetzen ditu haiek kudeatzen eta izapidetzen dituen funtzionarioak. Giltzapean gordetzen dira, halaber, funtzionario bakoitzaren espedientean sartuta ez dauden langile-gaiei buruzko espedienteak. Batzuk eta besteak Parlamentuko artxibora bideratzen direnean, espedienteak giltzapean gordetzen dira artxiboko gordailuan, eta haietara sartzeko eskubidea zerbitzu horretako funtzionarioek dute soilik, betiere lanbide-isiltasunerako betebeharra dutela.
Osasun Departamentuak adierazi du Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak aldi baterako ezgaitasun egoeraren berri izan zuela Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren 476/2005 Ebazpenaren bitartez. Haren bitartez, izan ere, epaitegi medikoaren azterketa ofizioz egitea erabaki zen. Horrenbestez, ez zuen ez jaso, ez izapidetu ez laga bajari buruzko orriak, zeren eta eskuratu ere ez baitzituen egin. 2005eko maiatzaren 3ko lehenengo balorazioan epaitegiko kideek erabaki zuten “ezgaitasun iraunkorrari buruzko balizko proposamena geroratzea, aldi baterako ezgaitasunaren egoera oinarritzen zuen koadro klinikoa ez baitzegoen egonkortuta, eta aukera terapeutikoak agortu gabe zeudelako”. Informazio hori Funtzio Publikoaren zuzendaritza nagusiari igorri zitzaion, behar ziren ondorioetarako. Proposaturiko sei hileko itxaronaldia igaro ondoren, bisita berria ez egitea erabaki zen, zeren eta interesdunak jada senda-agiria bai baitzeukan.
Argitu beharreko gaia da ea behar diren neurriak hartu diren interesdunaren datu pertsonalak babesteko, bai aldi baterako ezgaitasuna izapidetzerakoan bai geroan ere.
Konstituzio Auzitegiak, martxoaren 23ko 70/2009 epaian –RTC 2009/70–, adierazi du Espainiako Konstituzioko 18.1 artikuluan jasotako intimitaterako eskubideak ez duela soilik gizabanakoa babesten hirugarrenek esparru intimoko datuak zilegi ez den moduan lortzetik; izan ere, gizabanakoa babesten du, baita ere, datu horiek baimenik gabe jakitera ematetik, zabaltzetik edo argitara ematetik, bai eta haiek titularraren baimenik gabe erabiltzetik edo ustiatzetik ere. Espainiako Konstituzioko 18.1 artikuluak bai bermatzen du, horrenbestez, bizitza pertsonalaren esparruaren gaineko sekretua; eta, beraz, hirugarrenei, partikularrei edo botere publikoei eragozten die bizitza pribatuaren inguruabarrei buruz erabakitzea.
Gainerakoen ekintzen eta ezagutzaren aurreko esparru bereki eta erreserbatu horren barruan –zeinak Espainiako Konstituzioko 18.1 artikuluan jasotako intimitaterako eskubidea zaintzen baitu–, sartzen da, zalantzarik gabe, pertsona baten osasun fisikoari edo psikikoari buruzko informazioa, osasunari buruzko datuak bizitza pribatuaren elementu bat baitira (Europako Giza Eskubideen Epaitegiaren 2006ko urriaren 10eko epaia). Baieztapen horri Europako Giza Eskubideen Epaitegiaren ohartarazpena gehitu behar zaio; izan ere, hartan ezartzen da ezen, osasunari buruzko informazioaren konfidentzialtasuna errespetatzeko betebeharra kontuan izanda, Konbentzioa osatzen duten estatu guztien sistema juridikoaren funtsezko printzipioa dela eta barneko legediak behar diren bermeak aurreikusi behar dituela Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko 8. artikuluan aurreikusitako bermeen aurka eginiko osasunari buruzko datu pertsonalen komunikazioa edo zabalpena saihesteko.
Pertsona baten osasun fisikoari edo psikikoari buruzko informazioa, azken batean, ez da soilik informazio intimo bat; izan ere, informazio bereziki sentsiblea ere bada ikuspuntu horretatik eta, horrenbestez, bereziki babestu beharrekoa da intimitaterako eskubidea bermatzearen ikuspegitik.
Aurrekoaren ildo beretik, bai Gaixoaren autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoaren alorreko eskubide eta betebeharrei buruzko azaroaren 14ko 41/2002 Legeak, bai Aurretiazko borondateak egiteko eta informazioa eta agiri klinikoak eskuratzeko eskubideei buruzko maiatzaren 6ko 11/2002 Foru Legeak ezartzen dute pertsona orok eskubidea duela bere osasunari buruzko datuen konfidentzialtasuna errespeta dadin. Konfidentzialtasun horrek berekin dakar datu horietara sar daitezkeen pertsonen kopurua mugatua izatea.
Ildo beretik, Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko 31/1995 Legeko laugarren ataleko 22. artikuluak dio informazio mediko pertsonalerako sarbidea langileen osasuna zaintzen duten langile medikoei eta osasun agintariei mugatuko zaiela, eta datu horiek ezin izanen zaizkiela enpresaburuei edo beste pertsona batzuei eman langileak berariazko baimena eman gabe. Aurrekoa gorabehera, enpresaburuari eta prebentzioaren arloan erantzukizunak dituzten pertsonei edo organoei informazioa emanen zaie langileak lanpostuan aritzeko daukan gaitasunari buruz edo babes eta prebentzio neurriak sartzeko edo hobetzeko beharraren gainean eginiko azterketei buruz, prebentzioaren arloko beren egitekoak zuzen gara ditzaten.
Bestalde, Nafarroako Ospitaleko Epaitegi Medikoaren eskumenak Nafarroako Lan Osasunaren Institutuari eskualdatzeari eta ezgaitasun-egoerak ebaluatzeko prozedura arautzeari buruzko urtarrilaren 31ko 27/1994 Foru Dekretuak, 4. artikuluan, ezartzen du Nafarroako Ezgaitasunak Baloratzeko Epaitegi Medikoak irizpen mediko bat eginen duela, zienari lanerako epai klinikoa deituko zaion. Hartan zehaztuko da langilea ohiko lanposturako egokika den ala ez den. [..]. Foru dekretu bereko 5. artikuluan esaten da epaitegi horrek baliaezintasuna deklaratzeko proposamenak eginen dituela, bai eta lanpostuz aldatzeko, lesiorik ez egoteari buruzko adierazpenak egiteko edo lanbide-gaixotasunetan behaketa medikoko aldia luzatzeko proposamenak ere.
Proposamen horiek Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari aurkeztuko zaizkio, edo bestela, Toki Administrazioko zuzenari nagusiari, eta haiek kasuan kasu bidezkoa den ebazpena emanen dute.
Aurrekotik ondorioztatzen da ezgaitasun egoeran dagoen funtzionarioak lan egiten duen administrazioari soilik epaitegi medikoak eginiko proposamena helaraziko zaiola, baina ez diagnosiari buruzko edo osasunari buruzko bestelako daturik. Eta horixe da funtsezko ondorioa.
Interesdunak aurkezturiko dokumentaziotik ondorioztatzen da aldi baterako lan ezgaitasuna izapidetzerakoan, Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak lehenbizi Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari eta gero Parlamentuko administrazioari igorri zizkiela ez soilik interesdunari 2005eko maiatzean eginiko azterketa medikoaren emaitzak, baizik eta baita ere irizpen medikoa, non aurrekariak ez ezik, interesdunak pairatzen zuen gaixotasunaren diagnosia ere ageri baitziren.
Horrenbestez, erakunde honen iritziz, litekeena da Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak interesdunaren eskubideak urratzea, zeren eta baimenik gabe bere osasunari buruzko datuak eman baitzituen.
Azkenik, interesdunak dio parlamentu-administrazioak ez dituela behar diren segurtasun neurriak ezarri bere datu pertsonalak babesteko.
Horri dagokionez, parlamentu-administrazioak igorritako txostenean dio Parlamentuan jardunean dauden funtzionarioen espediente pertsonal guztiak giltzapean gordetzen dituela haiek kudeatzen eta izapidetzen dituen funtzionarioak. Behin artxibora pasatzen direnean, han ere giltzapean edukitzen dira, artxiboko gordailuan, eta haietarako sarbidea dute soilik Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Zerbitzuko funtzionarioek, eta horiek, gainera, lanbide-isiltasunerako betebeharra dute.
Puntu horretara iritsita, eta interesdunaz beste pertsona batzuek interesdunaren datu pertsonalak eskuratzerik izan duten ala ez argitu ez den arren, erakunde honek ezinbestez gogorarazi behar die Nafarroako Parlamentuko administrazio-zerbitzuei Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Legea eta hura garatzen duten arauak beti bete behar dituela, eta behar diren mekanismoak ezarri behar dituela erakunde horretako langileen datuak bermatzeko eta babesteko, hain zuzen ere datu sentsibleen edukira sartzeko bidea izateari buruzko inongo zalantzarik egon ez dadin.
Aurreko guztia dela eta
Osasun Departamentuari gomendatzea ez diezaiola igor dagokion administrazioari Nafarroako Ezgaitasunak Baloratzeko Epaimahai Medikoak eginiko irizpen medikoen edukia, eta nahikoa izan dadila laneko bajaren egokitasunari edo desegokitasunari buruzko agiri administratiboa igortzea, amaierako diagnosiarekin, ez aurrekaririk, ez historia klinikorik jaso gabe.
Nafarroako Parlamentuko administrazio-zerbitzuei gogoraraztea Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa eta hura garatzen duen Erregelamendua –abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuaz onetsia– beti bete behar dituela, eta behar diren tresnak ezarri behar dituela bere langileen datuak babesteko, bereziki datu sentsibleak direnean.
Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari eta Nafarroako Parlamentuko organo eskudunari bi hilabeteko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ea neurri egokirik hartu duten azaldutakoaren ildotik, edo, bestela, hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko. Halaber, horiei ohartarazten diegu hala egiten ez badute Nafarroako Parlamentuan aurkeztu beharreko urteko txostenean jasoko dugula kasua, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia