Partekatu edukia
Hirigintza eta Etxebizitza
Gaia: Disconformidad con un requerimiento de obras efectuado por el Ayuntamiento
Exp: Expediente 09/535/U
Nº: 238
Hirigintza
2009ko abuztuaren 1ean, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Desoioko Udalaren aurka, 2009ko otsailaren 17ko errekerimenduarengatik. Izan ere, errekerimendu horren bidez, udalak kexa-egilea premiatzen zuen bere jabetzapekoa den [?] kaleko [?] zenbakiko etxebizitzari erantsita dagoen ardandegia zurkaizteko lanak egiteko.
Azaltzen du bide publikoaren lurraren azpian egindako ardandegian ur filtrazioen eraginez gertaturiko eraisketa batzuen ondorioz, Desoioko Udalak errekerimendu bat egin diola ardandegia zurkaiztu eta sendotu dezan, haren egonkortasuna bermatze aldera, edo bestela hura lurrez berriz bete eta itxi dezan.
Hala eta guztiz ere, kexa-egilearen iritziz filtrazioen eta eraisketen erantzulea udala bera da, saneamendua sartzeko zangak egin eta kaleak gaizki asfaltatu zituelako; izan ere, asfaltoan arrakalak azaltzen dira eta ura arrakala horietatik sartzen da, lurra bustiz. Ur hori ezin da gero baporatu eta pixkanaka jaisten joaten da ardandegiaren sabaiko aurkitu arte. Izan ere, horren ondorioz gertatu dira ardandegiko sabaiaren eraisketak. Interesdunak adierazten du obra horiek egin arte, ardandegian ez zegoela filtrazio edo eraisketen inongo arazorik.
Bukatzeko, premiatzen du eraisketen arrazoiak zehatz daitezen eta alde bakoitzak dauzkan erantzukizunak argi daitezen.
Desoioko La Iglesia kaleko lurraren azpian dagoen ardandegi batean, ur filtrazioen ondorioz, gertaturiko eraisketak direla eta, bide publiko horretan kalte batzuk gertatu ziren. Desoioko Udalak, Estellerriko Etxebizitzak Zaharberritzeko Bulegoak 2009ko otsailaren 17an emandako txosten batean oinarrituta, errekerimendu bat egin zion ardandegi hori dagokion etxebizitzaren jabeari, [?] jaunari alegia, hura zurkaiztu eta sendotu zezan, haren egonkortasuna bermatze aldera, edo, bestela, ardandegiko eraitsitako zatia lurrez berriz bete eta itxi zezan.
2009ko martxoaren 6an, [?] jaunak errekerimendu horren aurkako alegazioak egin zituen, alegatuz ardandegian gertaturikoa heldu dela Udalak saneamendua sartzeko egindako zanga batzuetatik; izan ere, gero kaleak gaizki asfaltatu ziren eta horrek eragin zuen asfaltoan arrakalak agertzea eta ura zirrikituetatik sartzea, lurra bustitzeraino. Ur hori, gero ezin da baporatu eta pixkanaka jaisten joaten da ardandegiaren sabaia aurkitu arte. Izan ere, horren ondorioz gertatu dira ardandegiko sabaiaren eraisketak. Hori dela eta, jotzen du egin beharreko obren gastuak udalak edo mankomunitateak hartu behar dituztela beren gain.
Desoioko Udaleko alkatetzak, Jurramendiko Mankomunitateko zerbitzuek emandako txosten juridiko batean oinarrituta –hartan, laburbilduz, esaten da bide publikoan, lurraren ezpian dauden ardandegien ondorioz, eragindako kalteen konponketa ardandegietako jabeen ardura dela–, aurkeztutako alegazioak ezetsi zituen, 2009ko maiatzaren 26ko idazki baten bitartez.
2009ko ekainaren 26an, [?] jaunak berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu zuen. Alkatetzak, 2009ko uztailaren 28an, hura ezetsi egin zuen.
Azkenean, [?] jaunak, 2009ko irailaren 15ean, ardandegiaren amaierako zatia, eraisketak gertutakoa, ixteko eskatutako hirigintza lizentzia eskuratu zuen.
[?] jaunak baieztatzen du bera ez dela ardandegiaren zati baten eraisketaren arduraduna. Horren alde argudiatzen du ardandegiak 200 urte baino gehiago dituela eta soilik herriko kaleak egokitzeko obren ondorioz gertatu dela gaur arte sekula izan ez den kaltea. Uste du bere ardandegia, eta herriko beste batzuk, narriatu egin direla saneamendua sartzeko zangak egitearen eta kaleak asfaltatzeko lanen ondorioz. Bere ustez, asfaltoa gaizki egina dago eta pitzatu egin da. Hori dela eta, ura zirrikituetatik sartzen da eta lurra bustitzen du. Pilatutako ura ezin da baporatu, eta pixkanaka jaisten joaten da ardandegiko sabaira iritsi arte. Horren ondorioz gangako lehenengo lur geruza erori da, dagoen hezetasunaren ondorioz finkotasuna galdu baitu. Are gehiago, interesdunak dio arazo hori udalari planteatu zitzaiola jada 2007ko martxoaren 13an (horren kopia gehitzen du, udal erregistroaren sarrerarekin), baina sekula ere ez zuela idazki horren erantzunik jaso udalaren aldetik. Azaltzen du, era berean, Estellerriko Etxebizitzak Zaharberritzeko Bulegoko teknikariek txostena eman zutela ardandegiaren barrenera sartu gabe ere. Hori dela eta, nekez egin zezaketen inguruabar guztien balorazioa.
Horretan guztian oinarrituta, ez du onartzen ardandegiko amaierako zatia ixteko gastu guztiak bere gain hartzea, uste baitu hondoratzearen benetako arduradunak Jurramendiko Mankomunitatea eta Desoioko Udala direla. Bere ustez, entitate horiek dira ardandegiaren zati bat ixteko gastua bere gain hartu behar dutenak.
Bere aldetik, Desoioko Udalak, Estellerriko Etxebizitzak Zaharberritzeko Bulegoaren txosten teknikoan eta Jurramendiko Mankomunitatearen txosten juridikoan oinarrituta, uste du ardandegiaren eraisketa partziala arrazoien multzo bati zor zaiola; honakoak, besteak beste: ardandegia terreno naturalean zuzenean zulatuz egiteko modua, ardandegiko gangaren deskarga-arku naturala osatzen duen terrenoaren sendotasun eta lodiera falta eta iragan den negua bereziki euritsua gertatu izatea. Azken batean, hondoratzearen arrazoia ardandegiaren egiturari berari egozten dio. Kaltearen arduradun kexa-egilea egiteko eta hari ardandegiaren zati bat ixteko gastuak ordainarazteko, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 117. artikuluan ere oinarritzen da, bertan honakoa ezartzen baita: “Entitate lokalen ondasun eta eskubideak beren esku dituzten pertsona natural edo juridiko guztiak horiek zaindu, kontserbatu eta arrazionalki ustiatzera behartuta daude, iruzurra edo arduragabekeria ematen denean kalte eta galerei buruz erantzun beharko dutelarik haien aitzinean”.
Aldeen egitateak eta jarrerak azalduta, bidezkoa da adieraztea, hasteko, bere garaian ardandegiaren hondoratze partziala eragin zituen inguruabar faktikoak une hauetan egiaztatzen ezinezkoak direla erakunde honentzat.
Nolanahi ere, adierazi beharra dago, era berean, bi aldeek ardandegiaren hondoratze partzialaren arrazoiak zehazteko erabili dituzten argudio teknikoak, bi kasuetan ere, onargarriak eta aintzat hartzeko modukoak direla, zeren eta, printzipioz, bai arrazoi batzuk bai besteak berdin-berdin izan zitezkeelako ardandegia partzialki hondoratzearen zergatia.
Hala eta guztiz ere, espedientea eta emandako txostenak poliki aztertu ondoren, bai egiaztatu du erakunde honek ez Desoioko udalak ez Jurramendiko Mankomunitateak ez dutela poliki aztertu eta baloratu [?] jaunak erabilitako arrazoiak, haiek, oinarriekin, onartzeko nahiz errefusatzeko. Are gehiago, guzti-guztiak aditzera ematen du Desoioko Udalak, Etxebizitzak Zaharberritzeko txostenean hasiera batean emandako irizpide teknikoetan oinarrituta, saihestu egin dituela eta, besterik gabe, ez dituela aintzat hartu jabeak erabilitako argudioak edo irizpide teknikoa. Gauza bera esan daiteke Jurramendiko Mankomunitatearen zerbitzuek emandako txosten juridikoa idatzi duten legelariei buruz, zeren eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 117. artikulua aipatu besterik ez baitute egiten, baina egiten ez dutena da aztertu ea ondasunaren babesaz eta zaintzaz arduratu behar zuen pertsonak (gure kasuan, kexa-egilea) arduragabekeriaz jokatu ote zuen ondasun hori (kasu honetan, bide publikoaren lurraren azpian dagoen ardandegia) babestu eta zaintzeko garaian. Izan ere, premisa hori beharrezkoa eta ezinbestekoa da, artikulu horren arabera, gertaturiko narriatzearen erantzukizuna hari egozteko.
Laburbilduz, Desoioko Udalak ez ditu berariaz indargabetu kexa-egileak aurkezturiko arrazoiak, eta horrek esan nahi du haiek behar bezala aztertzeko eta baloratzeko duen eskubidea urratu egin dela, hain zuzen ere, haiek aztertu eta baloratu behar baitziren berariazko erantzuna eta erantzun arrazoitua eman aurretik.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Desoioko Udalari gomendatzea ezen, egitea egokitzat jotzen dituen txosten eta peritu-lan teknikoak egin ondoren, aztertu eta balora ditzan kexa-egileak bere erantzukizunik eza eta ardandegiaren zati bat ixteko obrak ordaindu behar ez izatea oinarritzeko aldarrikatu dituen arrazoiak, haiei erantzun berariazkoa eta nahikoa emanez.
Bi hilabeteko epea ematea Desoioko Udalari gomendio honen onarpenari eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informatzeko, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legeko 34. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia