Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Azaroaren 25eko 208/2010 EBAZPENA, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 azaroa 25

Hirigintza eta Etxebizitza

Gaia: Denuncia construcciones ilegales en suelo no urbanizable en peligro de derrumbe

Exp: 10/664/U

: 208

Urbanismo

AURREKARIAK

  1. 2010eko abuztuaren 30ean, [?] jaunak izenpetutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat azaltzen zuen Leitzako Udalaren aurka eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren aurka, erortzeko arriskuan dauden legez kanpoko eraikuntza batzuen egoera dela eta.

    Azaltzen du behin baino gehiagotan Leitzako alkatetzan salatu duela legez kanpoko hiru eraikinen egoera; eraikin horiek baimen edo lizentziarik gabe eraiki dira [?]ren ondoan nahiz ondoko lurretan, [?] auzoan (1. poligonoko 157 lurzatia). Horietako batzuk herriko bide baten ondoan daude eta egoera tamalgarrian daude. Ibilgailuen nahiz oinezkoen gainean erortzeko egiazko arriskua dago.

    Amaitzeko eskatzen du behar diren neurriak har daitezen haiek eraisteko.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta jarduteko zein aukera dauden zehazteko, eraikinak lurzoru ez-urbanizagarrian baitaude, 2010eko irailaren 3an idazki bana igorri genien Leitzako Udalari eta Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, kexan planteatutako gaiari buruz informa zezaten.
  3. 2010eko urriaren 1ean, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko kontseilariaren txostena jaso genuen. Honakoa dio, hitzez hitz:

    “Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan ez dago jasota inongo salaketarik aurkeztu denik Leitzako 1. poligonoko 157. lurzatiko eraikinei buruz. Departamentu honetako artxiboetan ez da ageri, ezta ere, lurzati horretan inongo jarduerarik egiteko baimenik eskatu denik.

    Hala eta guztiz ere, Nafarroako Arartekoaren idazkia jaso ondoren, departamentu honetako zerbitzu teknikoek, 2010eko irailaren 13an, ikuskapen bisita bat egin zuten toki horretan, eta egiaztatu zuten Leitzako 1. poligonoko 157.l lurzatian hiru eraikin daudela, etxeko korrale gisa erabiltzen direnak eta 40 urte inguru dituztenak, [?] jaunaren (korraleen erabiltzailea) ezkontideak dioenaren arabera. Ez dirudi hori egia denik, eraikinen egoerari erreparatuta.

    Leitzako udal plan indardunaren arabera, eraikina kokatuta dagoen lurzatia oihan lurzoru ez urbanizagarri gisa dago sailkaturik; izan ere, haren babes-araubideak, araudi orokorreko 50. artikuluan aurreikusitakoak, ezartzen du lurzoru kategoria horretan debekatuta dagoela “etxebizitzak, granjak, nekazaritzarako biltegiak eta antzeko eraikinak egitea”. Azaldutakoa dela eta, ondorioztatzen da planeamenduarekin bat ez datozen eraikinak direla, eta ezin direla legeztatu. Azken batean, eraikin horiek antolamenduz kanpokotzat jotako eraikinetarako aurreikusi den araubidearen menpe egon beharko lukete, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 84. eta 207. artikuluei jarraituz.

    Beste maila batean, adierazi beharra dago, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 222. artikuluan aurreikusitako preskripzio epeen arabera, ustez egin diren hirigintza-arauen urraketak preskribitutzat jo ahalko direla, eraikinen antzinatasuna berretsiz gero. Era berean, 35/2002 Foru Legeko 200. eta 201. artikuluetan ezarritakoaren arabera, eraikinak eraiki zireneko data kontuan izanda, amaitutzat eman beharra dagoela departamentuak esku hartzeko daukan lau urteko epea, urratutako hirigintzazko legezkotasuna berrezarri nahi izatekotan.

    Azkenik, adierazi beharra dago 35/2002 Foru Legeko 196. artikuluak ezartzen duela udala bera eskuduna dela eraikin horiek aurri egoeran daudela deklaratzeko, artikulu horretako 2. idatz-zatian ezarritako kasuetan. Horri dagokionez, ez dakigu Leitzako U dalak jarduteko neurririk hartu duen.

  4. Horretarako ezarritako epean Leitzako Udalak txostenik bidali ez duenez, irailaren 8an eta urriaren 19an idazki bana igorri genizkion aipatutako udalari informazioa eskatzeko. Eskari horiei ere ez zaie erantzunik eman, eta, gainera, erantzuna emateko emandako epea luzez iragan da. Hori dela eta, planteatutako gaia erakunde honen eskura dagoen dokumentazioarekin aztertuko dugu, hain zuzen ere kexa-egileak emandakoarekin.

AZTERKETA

  1. Leitzako Udalari dagokionez, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak 26. artikuluan xedatzen duenez, “botere publiko eta erakunde guztiek laguntza eman behar diote Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari lehentasunez eta presaz haren ikerketa eta ikusketetan”.
    Agintari edo funtzionario publiko guztiek erakunde honi laguntzeko duten betebeharra ez da soilik teorikoa; izan ere, hura ez betetzeak ondorio larriak ekar ditzake.

    Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari laguntzeko betebeharra ez betetzeak, informazioa bidatzen arrazoirik gabe atzeratzeak, jarduerak ez justifikatzeak eta, azken batean, erakundeen arteko harremanetan praktika okerra suposatzen duen beste edozein ekintzak beraiekin ekartzen dute parlamentu-erakunde honetaz arintasunez eta eraginkortasunez baliatzeko herritarrek duten eskubidea murriztea, eta antolamendu juridikoa urratzen du.

    Administrazio arloan laguntza emateko betebeharra ez betetzeak dauzkan ondorioei dagokienez, honakoa jasotzen du Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 24.2 artikuluak: “Hasieran eskatutako txostena edo dokumentazioa ez dutela bidaliko edo eskura jarriko esaten badute Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek, edo arduragabekeriaz jarduten badute, Nafarroako Arartekoak uste ahal izanen du bere eginkizunen kontrakoak edo oztopatzekoak direla egintza horiek; hori ezagutarazi eginen du berehalakoan, eta Nafarroako Parlamentuarentzat egindako urteko txostenean edo txosten berezian kalifikazio hori nabarmendu eginen du”.

  2. Leitzako udal plan indardunaren arabera, eraikina kokatuta dagoen lurzatia oihan lurzoru ez urbanizagarri gisa dago sailkaturik; horrenbestez, haren babes-araubidearen menpean dago.

    Bada, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 84. artikuluak honakoa xedatu zuen:

    1. Planeamenduak espresuki zerrenda batean jarri beharko du, lehendik eraikitako eraikin eta instalazioetatik, zein sailkatzen dituen antolamenduz kanpo, planeamenduarekin bat ez datozelako eta haiek eraistea aurreikusi delako.
    2. Aurreko puntuan seinalatzen dena gorabehera, eraikin edo instalazioren bat planeamenduko aurreikuspenekin bat etortzen ez bada eta antolamenduz kanpokotzat sailkatutako eraikinen zerrendan ageri ez bada, udalak espresuki ebatziko du, ofizioz nahiz alderdi batek eskaturik, haren egoera juridikoaz, aldez aurretik interesatuari entzunaldia emanda. Ebazpen horren bidez, kasuko eraikina antolamenduz kanpo deklaratuko da edo, bestela, planeamenduko aurreikuspenak aldatuko dira, behar den prozedura erabiliz.
    3. Planeamenduan berean beste araubiderik xedatzen ez bada, antolamenduz kanpokotzat deklaratutako eraikinetan ez da zilegi izanen finkatzeko, bolumena handitzeko, modernizatzeko edo desjabetzapen balioa igotzeko obrarik egitea; bai, ordea, eraikinaren segurtasunerako eta higienerako behar direnak edo eraikinaren erabilerarako eskatzen diren arauzko beste determinazio batzuk betetzeko behar direnak.

Bestalde, aipatutako foru legeko 196. artikuluak aurri deklarazioa arautzen du, eta honakoa ezartzen du hain zuzen ere:

Eraikuntzaren bat edo eraikuntza-zatiren bat aurri egoeran dagoenean, udalak, ofizioz edo interesaturen batek eskatuta, aurri egoera deklaratuko du eta, jabeari eta bizilagunei entzunaldia eman ondoren, bizilagunen eta hirugarrenen segurtasun fisikoa bermatzeko behar diren neurriak hartuko ditu, planeamenduaren aurreikuspenen arabera, kasua bada.

Horrenbestez, transkribatutako arauen arabera, Leitzako Udalak, udal planeamendua kontsultatu ondoren eta bidezkoak diren txostenak egin ondoren, [?] auzoko [?]ren ondoko eraikinak antolamenduz kanpo daudela deklaratu beharra dauka, eta, are gehiago, haiek eraisteko agindu beharko du, planeamenduan halakorik aurreikusi bada, edo, hala egiten ez badu, haiek aurri egoeran deklaratzeko prozedura abiatu beharko du, ageri duten aurri egoeraren zantzuak direla eta.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Leitzako Udalari gogoraraztea legez beti bete behar duela Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Legeko 24.1 eta 26.1 artikuluetan ezarritakoa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundeari lankidetza eta lehentasunezko laguntza emateari dagokionez, eta hari legezko ohartarazpenak egitea laguntzarik ez ematetik heldu daitezkeen erantzukizunei buruz.

  2. Leitzako Udalari gomendatzea hirigintza txosten bat enkarga dezala, [?] auzoko [?]ren ondoko eraikinen egoera ezagutzeko, hirigintza planeamenduan ezarritakoaren ikuspuntutik. Txosten horren ondorioen arabera, arauei eta hirigintza planeamendu indardunaren arabera jokatu beharko du, eta haiek antolamenduz kanpo daudela deklaratu beharko du edo, bestela, aurri deklarazioaren prozedura abiatu beharko du.

  3. Bi hilabeteko epea ematea Leitzako Udalari gomendio hau eta legezko betebeharren gogorarazpen hau onartu dituela jakinaraz dezan eta horren inguruan zer neurri hartuko dituen jakinaraz dezan, edo, bestela, haiek zergatik ez dituen onartu adieraz dezan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, arestian aipaturiko foru legearen arabera. Hori, halere, ez da oztopoa izanen Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen arabera beste neurri batzuk hartu ahal izateko.

  4. Kexa-egileari eta Leitzako Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Ararteko

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia