Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Azaroaren 25eko 207/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 azaroa 25

Herri Lanak eta Zerbitzuak

Gaia: Excluyen de proyecto urbnizador a una calle para posibilitar la apropiación de la misma por parte de un concejal

Exp: 10/573/O

: 207

Herri lanak

AURREKARIAK

  1. 2010eko uztailaren 12an, [...] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Barasoaingo Udalaren aurka, udalaren interesen aurka jarduteagatik.

    Azaltzen du udalak Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako obretarako proiektu batetik kanpo utzi duela ehunka urte egon den kale bat, zeina [?] kaleko bere etxebizitzarako sarbidea baita.

    Azaltzen du kalea urbanizaziotik kanpo uzteko arrazoia eta, horrenbestez, interesdunaren etxebizitza isolatzeko arrazoia dela udaleko kide batek kalearen zati bat bere egin nahi duela.

  2. Kexa horri buruz ebazpen egokia emateko eta jarduteko zein aukera dauzkagun zehazteko, idazki bat igorri nion Barasoaingo Udalera, kexan planteaturiko gaiari buruz informa zezan.

    2010eko abuztuaren 29an, udalari eskatutako txostena jaso genuen. Honakoa dio, hitzez hitz:

    “Bizilagunak azaltzen du udalak Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako obretarako proiektu batetik kanpo utzi duela ehunka urte egon den kale bat, zeina [?] kaleko bere etxebizitzarako sarbidea baita.

    2010eko uztailaren 19ko idazkian –udalak partikularrari jakinarazi zionean– ageri den bezala, ez da udala izan [?] kalea urbanizazio proiektutik kanpo utzi duena; izan ere, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentua izan da inbertsioaren errentagarritasuna txikia dela jo duena, eta hain zuzen ere horregatik utzi da proiektutik kanpo.

    Bizilagun horrek bere kexan azaltzen du, baita ere, kalea urbanizaziotik kanpo uzteko arrazoia eta, horrenbestez, interesdunaren etxebizitza isolatzeko arrazoia dela udaleko kide batek kalearen zati bat bere egin nahi duela. Baieztapen horren aurrean, udalak adierazten du gezurra dela udaleko inongo kidek kale horren zati bat bereganatu nahi duenik”.

  3. Udalaren txostenaren edukia ikusita, bai eta interesdunak bigarren idazki batean adierazitakoa –kexa-idazkiaren edukia zabaltzen du, eta 2010eko uztailaren 27an sartu zen gure erakundean, honakoei idazki bana bidali nien:
    Lehena. Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuari, informa zezan [?] kalearen zati bat Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako zolatze- edo urbanizatze-proiektuko urbanizazio lanetatik kanpo uzteari buruz, zehazki, [?] zenbakira eramaten duen tartean, zeren eta inbertsioaren errentagarritasuna txikia zela aitortu baitzen.

    Bigarrena. Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuari, informazioa eman zezan Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak ebazteko edukitzeari buruz katastro-aldaketa baterako espediente bat, zeinaren bitartez [?] bilatzen baitzen kalearen zati bat ([?] zenbakiaren aurreko tartea) jabetza partikularrekoa izatera pasatuko baitzen.

  4. 2010eko irailaren 29an, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren txostena jaso genuen. Honakoa dio, hitzez hitz:

“Nafarroako Arartekoaren erakundearen idazkian, “[?] kalearen zatei baten” katastro-aldaketa egiteko asmoaren aurrekariak eskatzen dira, halakorik bada, bai eta Lurralde Aberastasunak emandako txostenak ere.

Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuan gaiari buruz kontsulta eginda, erantzuna izan da Nafarroako Arartekoaren ofizioan ematen den informazioarekin ezin dela determinatu adierazitako gaiari buruzko katastro-aldaketa baterako espedientea dagoen ala ez dagoen. Eta, nolanahi ere, ez aurreko urtean, ez aurten ere, ez dago ebazteko dagoen Barasoaingo Udalaren inongo espedienterik.

Halaber, Lurraldea Aberastasunaren Zerbitzuak telefonoz kontsulta egin dio Barasoaingo Udaleko idazkaritzari, eta handik esan digute udal horrek ez duela Lurralde Aberastasunaren Zerbitzura katastroa aldatzeko inongo espedienterik, Nafarroako Arartekoaren erakundearen idazkian aipatzen den xedea duenik.

Hala eta guztiz ere, baldin eta interesdunak Lurraldearen Aberastasunaren Zerbitzuak ebatzi beharreko katastro-aldaketarako espediente baten existentzia ezagutzen badu, eskertuko dizut esatea eskabideak zein espediente zenbaki eta zein data dituen”.

5. 2010eko azaroaren 9an, Toki Administrazioko Departamentuaren txostena jaso genuen. Honakoa dio, hitzez hitz:

“Bere garaian (2009ko otsail-martxoan) bai Barasoaingo Udalak (zolatze-lanak), bai Mairaga-Erdialdea Mankomunitateak (uraren banaketarako eta saneamendurako sareetako obrak) eginiko eskariak, “Barasoaingo Sareak Berritzeko eta Zolatzeko lanen 2. fasea” izeneko inbertsioa 2009-2012 urteetako Toki Inbertsioen Planean sartzeari buruzkoak, ez zuen jasotzen edo biltzen inongo jarduketarik [?] kaleko [?] zenbakiari buruz.

Horrenbestez, nekez eman dakioke inongo baloraziorik kalearen tarte horri. Azpiegituren zerbitzuak “suposatzen du” ezen eskabidean inbertsioaren errentagarritasuna aipatzen denean, egiazki DII koefizientea –banakako azpiegituraren defizita– adierazi nahi dela.

Nolanahi ere, eta gai horretarako laguntza edo erreferentzia gisa balia badaiteke ere, urtarrilaren 19ko 5/2009 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera (2009ko otsailaren 18ko 21. NAOn argitaratu zen eta haren bidez arestian adierazitako 2009-2012 aldirako Toki Inbertsioetarako Planari buruzko urriaren 24ko 16/2008 Foru Legea garatzeko erregelamendua onetsi zen), eta, zehazkiago, 12 a) artikuluan adierazitakoaren arabera, zolatze obra bat “epe laburrean beharrezkotzat jo dadin eta, horrenbestez, DII = 10 koefizientearekin kalifikatu ahal izateko, honako betebeharrak bete behar dira (hitzez hitz): “Eraikinak dauden hiri eremu finkatuetan bide eta plazetarako proiektatutakoak; pertsona edo/eta ibilgailu ugari izan eta zoladurarik ez duten aldeak edo zoladura egoera txarrak dutenak; eremu publikoetan kokaturik dauden eta egoera txarrean dauden euste-hormak, edo eraiki berri diren aldeetakoak, bide publikoen lerrokadurak aldatu badira; egoera txarrean gera daitezkeen lerrokaduran, hornidura- eta saneamendu-sareetako berritze lanen exekuzioaren ondorioz”.,

[?] kaleari DII = 10 kalifikazioa eman izatearen arrazoia eta justifikazioa, planean sartzeko eginiko eskariaren eremu geografikoaren barruan (eta jada aurrez aipatu den bezala, ez zen kale horretako [?] zenbakiari dagokion tartea sartzen), hain zuzen ere zor zaio aurreko lerrokadan jasotako kasuari, alegia kalearen egoera txarrari, hornidura eta saneamendu sareak berritzeko obrak egitearen ondorioz.

Bestalde, eta aztergai dugun kasuari buruzko inguruabarretan sakontzeko, [?] jaunari –toki azpiegituren zerbitzuko plangintzaren eta azterlanen ataleko buruari– ez zitzaion 2010eko maiatz-ekainera arte, alegia, 2009-2012 Toki Inbertsioetarako Planean sartu baino askoz geroagora arte, jakinarazi bizilagun batek udalari eskatua ziola bere etxebizitzarainoko kalea zola zezan, jada obra horiek eraikitzeko proiektua onesteko fasean zegoenean, eta orduan, alkatea bera izan zen argudiatu zuena asmo hori betetzea ezinezkoa izanen zela, eta ezezko horretarako oinarria zen etxebizitza horretara finka pribatu batetik pasatzeko eskubidea zela-eta auzi edo kontentziosoren bat bazegoela.

Horrela, Departamentuak ez du inongo proiektutatik baztertu kexa-egileak aipatzen duen tartea, zeren eta inoiz ere ez baita inongo eskabidetan sartu, eta, nolanahi ere, jabetza pribatutik pasatzeko kontzentziosoren bat egoteak hartan Toki Azpiegituren Planaren bitartez jardutea zaildu edo eragotzi ere eginen lukeelako.

AZTERKETA

  1. Kexa-egileak aurkeztutako idazkiak eta hiru administrazio publikoen txostenak ere aztertu ondoren, eta haien argudioak alderatu ondoren, bi premisa ezarri behar ditugu, egiazkotzat jo behar direnak, dokumentu bidez kontrakoa demostratzen ez den bitartean, eta premisa horietatik abiatu beharra dago, eta haiek dira, izan ere, kexa-espedientearen ebazpenaren oinarria. Honakoak dira premisa horiek:

    Lehenbizikoa. Ez da inongo prozedura administratibo edo judizial izapidetu, ez udalaren aurrean, ez Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Aberastasunaren Zerbitzuaren aurrean eginiko eskabide baten bidez, ondasunaren kalifikazioa juridikoki aldarazteko, hain zuzen ere [?] kaleko zati bat (jabari publikokoa dena) partikular baten titulartasunekoa izan dadin. Horrenbestez, ez dago inongo kontentziosorik udalaren jarduera zaildu edo eragotzi dezakeena, hain zuzen ere [?] kaleko [?] zenbakiko inguruak eta sarbideak zolatzeari dagokionez. Barasoaingo Udalak, izan ere, baldintzapen juridikorik tartekatu gabe, [?] kalea zolatzeko proiektutik kanpo utzi zuen [?] zenbakiari dagokion tartea.

    Bigarrena. Toki Administrazioko Departamentuaren eta Barasoaingo Udalaren txostenen artean dagoen kontraesana dela eta, hain zuzen ere [?] kaleko [?] zenbakiari dagokion kale tartea “Barasoaingo Sareak Berritzeko eta Zolatzeko Proiektutik kanpo uzteko arrazoiari dagokionez –2009-2012 Toki Inbertsioetarako Planaren barruan–, erakunde honek uste du egiantza handiagoa duela, egitateen logikarengatik eta adierazitako argudioen arrazoizkotasunarengatik, kale-tarte hori zolatzeko proiektutik kanpo uzteko arrazoiak Toki Administrazioko Departamentuaren txostenean adierazitakoak izanen direla, zeren eta haren baieztapenak, funtsean, konprobatzeko moduko errealitate faktiko batean oinarritzen baita: kaleko tartea ez zen inongo zolatze-eskabidetan ageri.

  2. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legeko 26.1 artikuluaren arabera, bide publikoen zoladura udal guztiek nahitaez eman beharreko zerbitzu bat da. Zerbitzu hori zuzen emateak exijitzen du obren aurretik behar den programazioa edo plangintza egitea, kasuko herriko hiri lurzoruko bide publikoak behar bezala zolatuta egonen direla ziurtatze aldera. Programazio hori udalek gauzatzen dute, Toki Araubideko Oinarriei buruzko aipatu legeko 4.1 c) artikuluak ematen dien plangintza-ahalmenaren barruan. Eta plangintza-ahalmen horren baliatzea, beste ezer baino lehen, diskrezionala da.

    Hala eta guztiz ere, legeak aginduta, jarduketa diskrezional oro motibatu egin beharko da [Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 54.1 f) artikulua]. Horrenbestez, [?] kaleko zoladura programatzeaz batera eta kasuko obra-proiektua onesteaz batera, berariaz adierazi behar ziren aipatutako bide publikoko [?] zenbakiaren pareko kale-tartearen zoladura proiektutik kanpo uzteko arrazoiak.

    2010eko uztailaren 23an eman zitzaion erantzuna kexa-egileak bere etxearen ondoko tartea proiektutik kanpo uzteko arrazoiak eman zitzan Barasoaingo Udalari egin zion errekerimenduari, baina erantzuna ez zen bat etorri, Toki Administrazioko Departamentuaren txostenetik ondorioztatzen denez, egitateen errealitatearekin. Inguruabar hori berriz ere errepikatu zen udalak erakunde honi igorri zion txostenean.

    Udal erabaki baten motibazio irregular edo akastunak motibazio faltaren balioa dauka, eta hori, berez, hartutako erabakia deuseztatzea justifikatzen duen akats bat izan daiteke eta, gainera, administrazio-jarduera orotan ageri behar den gardentasun-printzipioaren aurkakoa da.

    Azken batez, aztertutako orok adierazten du Barasoaingo Udalak ez duela bete egitateak motibatzeko legez daukan betebeharra, eta gardentasunaren printzipio orokorra urratu du, herritarrekiko bere harremanetan (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 3.5 artikulua).

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Barasoaingo Udalari gogoraraztea legez bere jarduna egokitu behar diola Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 3.5 eta 54.1 f) artikuluetan ezarritakoari.

  2. Kasu zehatz honetan gogorarazpen hau eraginkor bihurtu behar duela, eta Zuzenbidearen arabera behar adina motibatu behar duela [?] kaleko [?] zenbakiari dagokion bide-tartea urbanizazio-lanetatik kanpo uztea, edo, bestela, tarte hori zolatu behar duela. Gomendatzen dugu zolatze-lan horiek egin daitezela, [?] kaleko gainerako zolatzen baldin bada, eta hori egiten ez bada, azalpen objektibo bat eman dadila.

  3. Bi hilabeteko epea ematea Barasoaingo Udalari legezko betebeharren gogorarazpen hau onartu duela jakinaraz dezan, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.

  4. Interesdunari, Barasoaingo Udalari eta Toki Administrazioko Departamentuari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia