Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Azaroaren 25eko 205/2010 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2010 azaroa 25

Enplegu publikorako sarbidea

Gaia: Pérdida de plaza con destino definitivo en Secundaria por información errónea de la Administración

Exp: 10/752/F

: 205

Funtzio publikoa

AURREKARIAK

  1. 2010eko irailaren 30ean, [?] jaunak izenpetutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Hezkuntza Departamentuaren aurka, ezezkoa emateagatik irakaskuntzaren arloko lanpostu batzuk betetzeko prozedura batetik heldutako jabetza-hartzea aitortzeari.

    Honakoa azaltzen zuen kexa-idazkian, zehazki:

    “Errioxan egiten dut lan, lehen hezkuntzako irakasle gisa, behin betiko destinoarekin. Orain dela bi urte (2008an) Nafarroan aurkeztu nintzen bigarren hezkuntzara sartzeko hautaprobetara, eta gainditu egin nituen. Azkeneko lekualdatze-lehiaketan, behin betiko destinoa Mendabiako DBHIan eman zidaten. Nik bigarren hezkuntzan eszedentzia eskatu nahi izan nuen nazio mailako lekualdatze lehiaketan parte hartzeko, hain zuzen ere lehen hezkuntzako nire lanpostutik bigarren hezkuntzako lanpostua lortzeko Errioxan.

    Horraino, dena normala izan zen. Arazoa etorri zen Iruñeko Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuan galdetu nuenean zein urrats egin behar nituen. Idatziz eskatu nien azaltzeko nola egin behar nuen Mendabiakok lanpostuaren jabetza-hartzea gero bertan eszedentzia eskatu ahal izateko. Erantzun ez zidatenez, eta 2009ko abuztua iritsia zenez, telefonoz deitu nuen, eta adierazi zidaten eszedentzia eskatu nahi banuen lehenbailehen egin behar nuela, zeren eta 15 eguneko denboraz eskatu behar baitzen, eta horrela, gainera, erraztasunak emanen nizkiola lanpostua destinoaren zain zeuden irakasleei eskaini ahal izateko. Galdetu nien ea lanpostuaren jabetza hartzeko Mendabiako institutura ala Iruñera joan behar nuen, eta erantzun zidaten ez nuela zertan egin (nik bietatik edozeinetara joateko inongo arazorik ez nuen).

    Eszedentzia eman ondoren, esan zidaten beste erkidego batera joan nahi banuen lekualdatze-lehiaketa bidez, behin betiko destinoa eman behar zidatela berriz ere, zeren eta Mendabian “EZ BAINUEN LANPOSTUAREN JABETZA HARTUA”. Gero jakin dut Errioxan, jabetza hartzen den une berean eszedentzia eska daitekeela Hezkuntza Departamentuaren bulegoetan bertan.

    Ondoren, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu nuen 2010eko urtarrilean, eta tematu ondoren, joan den astean, Hezkuntzako legelariarekin hitz egin ahal izan nuen, eta esan zidan aurkako bi txosten daudela nire kasuan.

    Hori dela eta, nabarmena da okerreko informazioa ematean funtzionarioak egin zuen huts batengatik, Errioxara etortzeko aukera galduko dudala, bai eta, agian, noizbait bigarren hezkuntzan jarduteko aukera ere, oposizioa gainditzea lortu ondoren.

    Ezin dut demostratu telefonoz esan zidatena, baina uste dut iragan dudan guztia iragan ondoren ez nuela alferrik galduko oposizio bat, lanpostuaren jabetza hartzera Iruñera nahiz Mendabiara ez joateagatik.”

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat eskatu zion Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari, gaiari buruzko argibideak eman zitzan.
  3. 2010eko urriaren 25ean, Hezkuntza Departamentuaren txostena sartu zen erakunde honetan, eta bertan, honakoa azaltzen da:

    “Nafarroako Arartekoak Hezkuntza Departamentuari zuzendutako idazkiari dagokionez, hain zuzen ere [?] jaunak aurkeztutako idazkiaren harira –10/752/F espedientea, bigarren hezkuntzako bere irakasle lanpostuaren jabetza hartzeari buruzko ziurtagiria emateko eskaria ez onartzeari buruzkoa–, Idazkaritza Tekniko Orokorrak kontseilari honi eskuratutako txostenari jarraituz, honakoa jakinarazi behar dizut:

    Lehena. [?] jaunak irakasle lanpostu alortu zuen bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko deialdian, Geografia eta Historia espezialitatean, gaztelaniaz. Deialdia Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 28ko 2752/2007 Ebazpenaren bitartez onetsi zen. Oposizio horretara Errioxan Maisu-maistren Kidegoan zeukan lanpostu batetik aurkeztu zen interesduna.

    Bigarrena. Giza Baliabideen Zerbitzukok zuzendariaren abenduaren 4ko 3316/2008 Ebazpenaren bitartez deitutako lekualdatze-lehiaketan parte hartu zuen, derrigorrezkoa baitzen. Lehiaketa horretan, behin betiko destinoa Mendabiako “Joaquín Romera” DBHIan eman zitzaion.

    Hirugarrena. 2009ko abuztuaren 18an, borondatezko eszedentzia lortzeko eskari bat aurkeztu zuen, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuko 26.1 a) artikuluan ezarritakoaren babesean, irailaren 1etik aurrerako eraginekin, zeren eta beste administrazio batean ari baita lanean.

    Laugarrena. Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren irailaren 2ko 1781/2009 Ebazpenaren bitartez, borondatezko eszedentziako egoeran deklaratu zen, besta administrazio publiko batera lanean aritzera joateko, hain zuzen ere Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuko Testu Bategineko 26. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako baldintzetan. Testu bategin hori abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bitartez onetsi zen. Ezarri zen egoera horrek 2009ko irailaren 1etik aurrera izanen zuela eragina.

    Bosgarrena. 2009ko urriaren 10ean aurkeztutako idazkiaren bitartez, [?] jaunak eskatu zuen behin betiko destinoaz –2008-2009 ikasturteko lekualdatze-lehiaketan lortutakoa, Mendabiako DBHIan– jabetza hartu izateari buruzko ziurtagiria bidaltzeko.

    Seigarrena. Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren urtarrilaren 11ko 7/2010 Ebazpenaren bitartez, aurkeztutako eskaria ezetsi zen, interesdunak behin betiko destinoaren jabetza hartu ez zuelako; izan ere, borondatezko eszedentzian egon arren, behin betiko destinoaren jabetza hartzeko betebeharra zeukan, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko kudeaketa-esparruan.

    Zazpigarren. Ebazpen horren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu du. Errekurtso hori izapidetzen ari da eta Nafarroako Gobernukok Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak ebatzi beharra dauka.

    Zortzigarrena. Halaber, kexa bat aurkezten du Giza Baliabideen Zerbitzuaren jokabidearengatik, zeren eta ulertzen baitu informazio okerra eman diola eta adierazi behar ziola egiazki lanpostuaren jabetza hartu behar zuela.

    Eman omen zitzaion informazio horren harira, Giza Baliabideen Zerbitzuari kontsulta egin diogu, eta hartatik adierazi digute informazio zuzena eman izan zaiola, elkarrizketa batean baino gehiagotan. Besterik da ez dela ontzat eman interesdunak eskatzen zuen konponbidea, zeren eta nahi baitzuen lanpostuaren jabetza ez hartzea baina jasota geratzea bere behin betiko destinoan jabetza hartuta zegoela, hartara eszedentzia-egoeran agertzeko Nafarroako behin betiko destino batetik.

    Kasu horretarako dagoen konponbide bakarra eskaini zaiona da hain zuzen ere, zeren eta interesdunak ez baitu galdu nahi orain Errioxan daukan maisu-lanpostua eta aldi berean eszedentzian egon nahi baitu bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoan, azken lanpostu horren jabetza hartu gabe. Eta, horrenbestez, borondatezko eszedentzia egoeran dago 2009ko irailaren 1etik eta lehen hezkuntzako kidegoan jatorriz duen lanpostua betetzen ari da. Interesdunaren beste asmo hori –alegia, ez soilik bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoan eszedentzian egotea, baizik eta Nafarroan behin betiko destinoko lanpostu batean eszedentzian egotea, ustez hartatik bere garaian bigarren hezkuntzako lanpostu baterako lekualdatze-lehiaketan aurkeztu ahal izateko– ezin da bete, aukera gisa jasota ez dagoelako eta iruzur bat suposatuko lukeelako, alegia, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren kudeaketa-esparruan behin betiko destinoa izateko betebeharra dela-eta iruzur egitea.

    Betebehar hori jada deialdiko hamaseigarren oinarrian adierazita dator (hamahirugarren oinarria aipatzen da, oker), non esaten baita hautapen prozesua gainditzen duten izangaiek nahitaez beren lehenengo behin betiko destinoa lortu beharko dutela Hezkuntza Departamentuaren kudeaketa-esparruan. Bestalde, lekualdatze-lehiaketarako deialdian bertan jasota dago.

    Oker dago [?] jauna esaten duenean ez zitzaiola ezer ere kostatzen lanpostuaren jabetza hartzea zegokion institutuan bertan edo Iruñean, Departamentuan, eta horrela konponbidea emanen zitzaiola bere egoerari, zeuzkan asmoak bete ahal izateko; izan ere, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren kudeaketa-esparruan behin betiko destinoa lortzeko jabetza-hartzeak berekin ekarri baitzukeen jatorriko lanpostuan eszedentzia eskatu behar izatea, destino berrian egiazki jabetza hartzea eta eskatzea, hori egin zezakeen unean, eszedentzia bat eman zekiola bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoan, lehen hezkuntzako kidegoko jatorrizko lanpostura itzuli ahal izateko, Errioxan exijitzen diren baldintzen arabera”.

AZTERKETA

  1. Beste ezer baino lehen, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 24.2 artikuluak erakunde honi emaniko eginkizunaz baliatuta, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari gogoraraztea, legez, ahal bezain arin ebatzi behar duela herritarrak 2010eko urtarrilean aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa, eta hartzen duen erabakia jakinarazi egin behar diola.

    Betebehar hori heldu da Herri Administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritakotik, eta lotuta dago herritarrek beren gaien administrazio egokirako duten legezko eskubidearekin, zeinak bere baitan hartzen baitu legez ezarritako epean ebazpen espresa eskuratzeko eskubidea.

    Gora jotzeko errekurtsoak ebazteko eta hartutako erabakia jakinarazteko ezarrita dagoen epea hiru hilabetekoa da. Horrenbestez, nahitaez ondorioztatu beharra dago kasu honetan ez dela epe hori bete, eta behar den legezko betebeharren gogorarazpena egin behar zaie bai Hezkuntza Departamentuari, bai Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari, aurkapen prozeduraren izapidetzean eta ebazpenean esku hartzen duten organoak baitira.

  2. Kexa-egilea bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoan sartu zen Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 28ko 2752/2007 Ebazpenaz onetsitako deialdiaren bitartez, eta lanpostuak betetzeko prozedura batean parte hartu ondoren, derrigorrezkoa baitzen hori, lekualdatze-lehiaketa bidez –administrazio-organo berak egin zuen deialdia, abenduaren 4ko 3316/2008 Ebazpenaz–, behin betiko lanpostu bat esleitu zitzaion Mendabiako “Joaquín Romera” DBHIan.

    2009/2010 ikasturtea hasi baino egun batzuk lehenago –hasiera horretan hartu behar zuen behin betiko lanpostua– interesdunak Errioxako autonomia erkidegoko Maisuen Kidegoko lanpostu bat zuela, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari eskatu zion borondatezko eszedentziako egoeran deklara zezala, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuko Testu Bategineko 26.1 a) artikuluaren babesean, eta 2009ko irailaren 1etik aurrerako eraginekin, beste administrazio batean lanean aritzeagatik.

    Eskari horren ondotik, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren irailaren 2ko 1781/2009 Ebazpena etorri zen. Izan ere, haren bitartez kexa-egilearen borondatezko eszedentziaren egoera deklaratu zen, arestian aipatutako datatik aurrera eragina izatekoa, eta aipatzen den bezala “beste administrazio publiko batera lanean aritzera joateko” (ulertzen da beste administrazio publiko batean ari dela lanean, zeren eta horixe baitzen gertatzen zena, eta ez eskabidean aipatu dena).

    Eszedentzia eman ondoren, eta interesdunak jabetza-hartzeari buruzko egiaztagiri bat eman ziezaioten eskatu ondoren, asmo hori ezesteko ebazpena eman zen; izan ere, Hezkuntza Departamentuak ulertu zuen behin betiko destinoaren jabetza-hartzea ez zela gertatu.

  3. Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuko Testu Bategineko 26.1 a) artikuluko lehen lerrokadan –haren babesean eskatu eta aitortu baitzen borondatezko eszedentziarako eskubidea– xedatzen da hura, funtzionarioak eskatuta, deklaratuko dela “Zerbitzuak ematen hasten bada beste administrazio publiko batean edo langilearena ez den beste administrazio baten menpekoa den eta berezko nortasun juridikoa duen entitate batean, bai eta jabetza hartzeko unean beste administrazio publikoa batean zerbitzuak ematen ari baldin bada”.

    Borondatezko eszedentziarako eskubidea, azken tarteki horretan egituratutakoa, abiatzen da, horrenbestez, lehendik jabetza-hartzea dakarren lanpostu-hornikuntzarako prozedura bat egotetik, bai eta hura eta jabetza-hartzea gertatu behar den administrazio publikoaz beste batean ezarritako zerbitzu bat betearaztea aldi berean gertatzetik ere. Halako kasu batean, zerbitzu-harreman horrek jarraitutasuna izan ahal dezan, Langileen Estatutuak ezartzen du borondatezko eszedentzia deklaratuko dela; izan ere, funtzionario interesduna egoera administratibo horretan dago, bide horretatik, hain zuzen ere jabetza-hartzearen egunetik beretik.

    Administrazio publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren arau horrek jabetza-hartzearen unea aipatzearen arrazoia, haren 9. artikuluan ezarritakoaren arabera, argia dela dirudi, zeren eta hura –jabetza-hartzea– baita funtzionarioaren eta administrazio publikoaren arteko zerbitzu harremana bururaino eramaten duena. Eta estatu-harreman horren esparruan, jada bururaino eramandakoan, sortzen da hura osatzen duten betebeharren eta eskubideen multzoa; horien artean, izan ere, borondatezko eszedentziarena dago, legez aurreikusitako kasuetan. Hain zuzen ere interesdunak sartzen deneko administrazioan jabetza hartzen duelako, aitortzen zaio borondatezko eszedentziarako eskubidea duela.

  4. Aipatutako arauaren norainokoari buruzko aurreko gogoetetatik abiatuta, baldin eta Hezkuntza Departamentuak deklaratu bazuen kexa-egilea borondatezko eszedentziako egoeran zegoela, Estatutuko aipatutako artikulua aplikatuz, 2009ko irailaren 1etik aurrerako eraginekin (data hartan, ulertzen dugu jabetza-hartzea aurreikusten zela eta Mendabiako Institutuan zerbitzuak ematen hasiko zela, bertan esleitu baitzitzaion behin betiko destinoa), ezinbestez ondorioztatu beharra dago data horretan jabetza hartua zuela.

    Gure ustez, bidezkoa ez dena da aipatutako arauaren babesean borondatezko eszedentzia ematea, hau da, beste administrazio publiko batean zerbitzuak ematen egoteagatik “jabetza hartzeko unean”, 2009ko irailaren 1etik aurrerako eraginekin, eta aldi berean jabetza-hartzea ukatzea, zeren eta, arrazoitutakoaren ondorioz, azken hori ezinbesteko baldintza baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eszedentziarako eskubidea edukitzeko.

    Borondatezko eszedentziarako eskubidearen aitorpena eta jabetza-hartzea disoziatzea, Administrazioak emaniko txostenetik ondorioztatzen denez, eta, bereziki, haren zortzigarren oinarritik (“egiazki jabetza hartzea” aipatzen da), dirudienez, heldu da jabetza-hartzea beste destino batean zerbitzuak ematen aritzearekin identifikatzetik. Horixe jabetza-hartzearen ohiko ondorioa eta ondorio arrunta bada ere, ez da kontzepzio hori Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuko 26.1 a) artikuluan ageri dena; izan ere, haren helburua da ahalbidea ematea jatorrizko administrazioan lanean geratu ahal izateko, funtzionarioaren borondatezko eszedentziaren egoera deklaratuz, destinokoan zerbitzuak ematen jardun behar izan gabe.

  5. Bestalde, egia bada ere interesdunak parte hartu zuen deialdiko hamabigarren oinarrian –karrerako funtzionarioak izendatzea–, horixe baita Administrazioaren txostenean aipatzen dena, xedatzen dela prozesua gainditzen duten izangaiek beren lehenengo behin betiko destinoa Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren kudeaketa-esparruan eskuratu behar dutela, erakunde honek ez du atzematen aurreikuspen hori orain arte adierazitakoaren aurka dagoenik.

    Interesdunak bere lehenengo behin betiko destinoa Hezkuntza Departamentuaren kudeaketa-esparruko bigarren hezkuntzako irakasleen kidegoan eskuratu zuen, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 4ko 3316/2008 Ebazpenaren bitartez. Besterik da ezen, lanpostuan lanean hasteko data iritsita, lanean haste hori ez gauzatzea, zeren eta, funtzionario baten zerbitzu-ematean eragina izan dezakeen gorabeheretako baten ondorioz, legezko arrazoi bat bai baitzegoen hori justifikatzeko eta jarduneko zerbitzuaz bestelako egoera administratibo bat determinatzeko. Bada, erakunde honek ez du atzematen inongo lege-iruzurrik dagoenik behin betiko destinoa eskuratzeko betebeharrari dagokionez.

  6. Horrenbestez, interesdunari behin betiko destinoa esleituta eta borondatezko eszedentziaren egoera deklaratuta, aipatutako araua aplikatuz, interesduna beste administrazio batean egoteagatik jabetza hartzeko unean, ezinbestez gomendatu behar dugu aitor dadila azken hori, jabetza-hartzea, gertatu egin zela eszedentziaren hasierako eraginak esleitzen zaizkion data berean.

    Aurrekoarekin ez da aurre-juzkurik egiten aitorpen horretatik, jabetza-hartzearen aitorpenetik, ondorioztatu behar diren eraginei buruz, irakaskuntzaren esparruko beste lanpostu batzuk betetzeko prozeduretan parte hartzeko aukerari dagokionez; izan ere, haiek araupetzen dituzten arauetan ezarritakoari begiratu beharko zaio.

Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gogoraraztea legez arintasunez izapidetu eta ebatzi behar dituztela herritarrek aurkeztutako errekurtsoak, eta, bereziki, haiei gomendatzea ahal den bezain laster ekin diezaiola kexa-egileak aurkeztutakoa ebazteari.

     

  2. Aipatutako departamentuei gomendatzea behar diren neurriak har ditzatela kexa-egileari aitortzeko auzitan jarri den jabetza-hartzea, borondatezko eszedentziak eragina hartu zuen lehenengo egunaren datarekin (2009ko irailaren 1a).

     

  3. Bi hilabeteko epea ematea Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari ebazpen hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.

     

  4. Interesdunari eta Hezkuntza Departamentuari eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia